1988.eko azaroaren 15eko goizeko hiruretan sobietarrek Buran transbordadore espaziala jaurti zuten. Gauean zehar, Baikonur zentru espazialeko langileek jaurtigailuaren erregaiandelak astiro eta arreta bereziz bete zituzten. Hamar kilometroko erradioan motore-ibilgailuak zirkulatzea debekatu egin zen.
Goizeko hirurak puntuan zirenean Energia jaurtigailuaren motoreak piztu egin ziren. Jaurtigailuak lehenengo urrats moduan, 740 tonako bulkada duten lau kohete daramatza. Lau metroko altuera duten kohete hauek kerosenoz eta oxigeno likidoz elikatuta daude eta izugarrizko errendimendua dute
Lurrutzi aurretik eta jaurtiketa-plataforma bertan Energiaren hidrogenozko lau motoreak piztu ziren. Motore hauek jaurtigailuaren bigarren urratsa dira. Hauetako bakoitzak 140 tonako bulkada ematen dio jaurtigailuari atmosferan.
Guztira 3.550 tonako bulkadak bultzatzen zuelarik, Energia-Buran bikotearen 2.400 tonek gora egin zuten aurora borealak estalitako Baikonur-eko zerurantz. Astiro, segundoko 4.7 m igo zituelarik, plataforma atzean laga zuen. 150 segundo pasatu ondoren abiadura 150 km/s-koa zen eta lehenengo urratseko lau koheteak libratu egin ziren.
Koheteok bi muturretan daramatzaten jausgailuei esker astiro erortzen hasi ziren eta lurzorutik metro batera zeudenean, sentsoreek erretrokohetetxoak martxan jarri zituzten lurrartzea emeki egin zedin. Horrela, koheteak ia kalterik gabe berreskuratzen dira eta berriro erabiliak izateko moduan daude. Iparramerikarren transbordadorearen kasuan, koheteak itsasora erotzen dira eta ur gaziaren korrosioaren ondorioz konpondu egin behar izaten dira berriro erabili baino lehen. Challenger aren istripua lehen urratseko koheteetan izandako matxura baten ondorio izan zenez, transbordadore iparramerikarraren azkeneko hegaldietan kohete propultsatzaile urragabeak erabili dituzte.
Orbitan dagoenean Buran ek beste edozein satelitek bezala jokatzen du. Goizeko 3h 47’etan lortu zuen 250 km-ko altuera eta orduan transbordadorearen motoreak piztu egin ziren orbita egokia lortzeko.
Buranen lehenengo misio honek bazuen orain arte beste misio guztiek izan ez duten oso ezaugarri garrantzitsua: misioa guztiz automatikoa zelarik, espaziuntziaren lurrartze automatikoa Lurrean lehenengo aldiz burutu behar zen. Helburua ez zen halamodukoa, zeren eta Lurraren azalean Buran ek 4.500 m-ko luzera duen lurrartze-pista identifikatu eta bertan pausatu behar bait zuen.
Lan hori egiteko sobietarrek sistema zibernetiko aurreratua erabili behar izan dute.
Lurrartzea arazorik gabe burutu zen goizeko 6 h 25’etan, aurrikusitako denborarekiko segundo bateko atzerapena izan zuelarik. Azkeneko minututan, bi Mig 25 abioik lagundu zioten Buran i jaitsieran eta lurrartze-operazioa erraztu egin zioten nabigazio-datuak emanez.
Buran
ek 300 km/h-ko abiaduraz ukitu zuen lurzorua, baina 75 m 2 -ko hiru jausgailuri esker oso azkar txikitu zen abidura. Hau 50 km/h-koa izan zenean, jausgailuak automatikoki askatu egin ziren. Lurrartzea akatsik gabekoa izan zen.
Buran
sobietarren lorpen handia izan denik ez du inork ukatzen. Hala ere, merezi duen ala ez galdetzen duten batzuk badaude. Izan ere sobietarren transbordadoreen jaurtiketa oso garestia izan bait da (iparramerikarren kasuan ere gauza bera gertatzen da). Esaten denez, sobietarrek gaur egun dauzkaten jaurtigailu arruntez Buran ek egin ditzakeen lan berdinak egin ditzakete eta askoz kostu txikiagoarekin gainera (iparramerikarrak ez daude egoera berdinean, beren jaurtigailuak démodè daudelako).
Buran
transbordadorearen garapena 10 mila milioi dolar kostatu da eta hamar urte behar izan dituzte horretarako. Kostua izugarria izan denik ezin uka. Gainera, Buran en jaurtiketa bakoitzaren kostua 80 milioi dolarrekoa da, hots, Soiuz jaurtigailuaren jaurtiketa kostua baino 24 bider handiagoa.
Prestigioa omen da transbordadore sobietarraren atzean dagoena; sobietarrak iparramerikarrek egiten dutena egiteko gai direla erakustea alegia.
Dena den prestigio-arazo hau oso garestia aterako zaie sobietarrei, bost bat transbordadore egiteko asmoa omen dutelako.
Moskuko Ikerketa Espazialerako Institutuko zuzendari ohiaren, Roald Sagdeev-en hitzek egoki deskribatzen dute egoera:
“ Orbitan karga bat jartzea askoz merkeago eta errazagoa da edozien jaurtigailu klasikorekin. Buran en lehen hegaldi automatikoa lorpen teknologiko adierazgarria da...Joan egin da eta etorri egin da, baina hegaldiak interes zientifikorik ez du izan. Nere eritziz, iparramerikarrek transbordadoreekin izan duten esperientziak untzi hauen etorkizuna iluna dela erakusten du. Iparramerikarrek eta guk lan horrek penarik ez duela merezi badakigu”
Buranen lana |
Glavkosmos sobietar agentzia espazialeko bozeramaileen arabera, Buran en lanik nagusiena orbitan dauden objektuak lurrera ekartzea izango da. Buran eta bere ahizpak ez dira sateliteak eta materiala espazioan jartzeko erabiliko, baina bai sateliteen konponketa-lanetan. Bestalde, Buranek Mir-2 belaunaldi berriko estazio espazialetan akoplatzeko modua izango du. Beraz, bertara materiala eta pertsonala eramateko erabil daitekeela pentsa liteke, baina hori egingo denik ez da uste. Tripularientzat Buran, Soiuz TM baino erosogoa da, baina azken hauek askoz merkeagoak dira nahiz eta Lurrera 500 kg material bakarrik ekarri ahal izan.
Estazio espazialak hornitzeko, espazioan egiturak eraikitzeko behar den materiala garraiatzeko eta antzeko beste zereginetarako sobietarrek seriez eginiko untzi pilotatu eta automatiko probatuak eta fidagarriak (oso merkeak gainera) dituzte. Jaurtigailu-sorta zabala dute bestalde: Kosmos jaurtigailua 0,45 tona orbita baxuan jartzeko, Tsiklon jaurtigailua 4 tonarako, Vostok jaurtigailua 4,7 tonarako, Soiuz jaurtigailua 7 tonarako, Molnila jaurtigailua 1,5 tona orbita geoegonkorrean jartzeko, Proton jaurtigailua 20 tonarako eta Energia 100 tonarako. Eta ondorioz, zeregin horietan jaurtigailu hauek erabiltzeak dirudi egokiena.
Gorago esan dugunez, Buran transbordadorearen jaurtiketaren kostua Soiuz arena baino 24 bider handiagoa da. Biek kostu horrekin orbitan jar dezaketen karga konparatzen badugu, ondorioak garbiak dira: Soiuz jaurtigailua erabiliz, kostu berdinagatik 5,6 bider karga gehiago jar liteke orbitan.
Batzuen eritziz militar sobietarrak dira transbordadorearen programaren alde interes berezia dutenak. Datu bat besterik ez da, baina Buran proiektuaren esperimentazio-programen burua Alexander Maksimov generala da. Militarismoa eta gorago aipatu dugun prestigioa nahastea bestalde, ez litzateke oso harrigarria izango, historian zehar hori maiz gertatu delako. Abisu modukoa egon liteke programaren atzean, iparramerikarrek galaxietako gerra garatzen baduzue, gu ez gara atzean geldituko eta transbordadorea egin dugun legez hura ere egingo dugu.
Dena den, eta bukatzeko, sobietarrek espazio-teknologiaren puntan daudela frogatu dute berriro ere.