Siouxak, magia eta igelak

Txintxurreta Agirre, Arantxa

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Belarria lurrari itsatsi; egon; zutitu; besoa bularraren parera igo, eta, erakuslea luze-luze eginda duela, "handik" labur eta hotza esan du ile luzedun batek. Hori da niretzat sioux indiar bat. Hollywoodeko film-egileren baten asmakizuna da seguruena; badakit. Baina posible al da, bada, lurretik zerbait komunikatzea?
Siouxak, magia eta igelak
2007/01/01 | Txintxurreta Agirre, Arantxa | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: A. Txintxurreta)

Barne-belarriko sakuluari esker dira gai bibrazioak sentitzeko. Eta inguruan norbaitek lurra ukitzen badu, segituan igarriko diote. Berdin dio isil-isil hurbiltzen bazara, haiek igarri egingo dizute. Izan ere, lurra joz sortzen diren mugimendu sismikoak dira haien komunikatzeko moduetako bat. Igelak dira; ez siouxak.

Dena den, komunikatzeko igelek duten modurik ohikoena guk erabiltzen dugunaren antzekoa da: airearen bitartez transmititzen diren uhinen bidezkoa. Guk entzuten ditugun frekuentziak erabiltzen dituzte... gehienetan.

Izan ere, oraintsu aurkitu dituzte ultrasoinuetan komunikatzeko gai diren igelak! Uraren eta lehorraren artean harrapatuta geratu ziren anfibio zaharrek harritu egiten gaituzte oraindik ere.

Film posible bat

2000. urteko uda; Txina. Ilargiaren argia apenas iristen da arrokak argitzera, hain da basoa itxia. Linternak buruan, gizon-talde bat bidea eginez aurrera doa. Gizon hauek ez ditu ingurunearen edertasunak erakarri; talde hau animalia txiki marroi batek erakarri du, Amolops tormotus deituriko igelak. Haren kantua grabatu nahian tresneria guztia hartuta sartu dira oihanera. Baina ez da igel arren korurik inon entzuten. Etsita daude. Entzuten dira uraren soinua --zarata, hain da fuertea-- eta basoko piztien orroak; txori batzuen kantuak ere bai. Igelik ez.

Piztiak isiltzen doaz, pitinka-pitinka. Gaua aurrera doa. Piztiak isiltzen ari dira, baina, bitxia da, txoritxoak ez dira isiltzen. Gizonak aspertuta daude. Igelik ezean, zuhaitzetara begira hasi dira, txoritxo horien bila. Ezustekoa. Hots hori ez dator zuhaitzetatik, lurretik baizik! Igelak dira, eta Amolops tormotus -a da, gainera!

Hasi dira grabatzen. Kantu harrigarria du: aldakuntza ugarikoa da eta ultrasoinuetara iristen dela dirudi. Baina ez da posible, biologiako liburuek diote anfibioak ez direla gai horrelakorik egiteko.

Bi urte geroago leku berera itzuli da gizon-taldea. Oraingoan, Hans-Ulrich Schnitzler alemaniarra doa haiekin. Ultrasoinuak grabatzen aditua da, saguzarrekin egiten du lan batik bat. Nola konbentzitu zuten Txinara joateko? Hauxe da gizonetako batek kontatu zidana: "Galdetu nion: mikrofonoa gora begira jarri beharrean, lurrera zuzenduta jar dezakezu? Erantzun zidan baietz. Orduan esan nion: etorri nahi duzu Txinara? Erantzun zidan: bai, ez naiz inoiz izan eta".

Eta baieztatu egin zuen susmoa: igel horiek ultrasoinuan egin dezakete korroka, eta oso frekuentzia altuetan, gainera; egin kontu, Schnitzlerren aparailua ez da gai horren maiztasun handiak neurtzeko!

Hurrengo espedizio batek (2005ean) erakutsi zuen, oso frekuentzia altuetan kantatzeaz gain, frekuentzia horietan komunikatu egiten zirela, hau da, ez zirela hots soilak, ultrasoinuetan egiten zituztenak: grabatutakoa bozgorailu batez zabaltzean, igelek erantzun egiten zuten.

Txan igela

(Argazkia: A. Txintxurreta)

Txan igela deitzen diot nik. Amolops tormotus da latinez, eta uhar ahur igela euskaraz (ez da txan-txa). Baina Txan igela deitzen diot nik: batetik, Txinakoa delako, eta dirudienez, Txinako abizen arruntenetako bat Txan da, gurean Agirre izatea bezala (bide batez, nire bigarren abizena); bestetik, magotik baduelako zerbait; bestela, esan, nola egiten du igel batek txoria dela pentsarazteko? Eta nola lortzen du beste igelek entzutea guk ezer entzuten ez dugunean?

Igel gehienek tonua igoz egiten dute korroka; tonua jaitsiz ere bai. Baina Txan igelak tonuak igo eta jaitsi egiten ditu hark nahi bezala, eta, ondorioz, txoritxo baten kantu alaia ematen du (barka nazate magoek, sekretua esateagatik!). Korroka egiteko, bi pare aho-zaku ditu, pare bat aho azpian eta beste parea alboetara. Horiei esker, harmonika ugari dituzten melodiak abes ditzake. Ugaztunetan eta hegaztietan arrunta da hori, baina igeletan ez zen horrelakorik ezagutzen, eta horregatik da ulertzekoa izan zuten nahastura.

Orain arte deskribatutako hori, alegia, Montserrat Caballeren eta txoritxoen arteko zerbait diren korroka horiek, zuk eta nik entzuteko moduko frekuentziatan egiten ditu, baina, batzuetan, korroka desagerrarazi egiten du, edo hori da, behintzat, guri iruditzen zaiguna: frekuentzia altuetara korroka eginez, gizakiaren belarriari ihes egiten dioten soinuak igortzen ditu, hau da, gure belarrietatik desagertu egiten dira kantuak.

Soinu horiek jasotzeko belarri bereziak ditu igel honek: gainerako igelek ez bezala, barruan du tinpanoa eta oso-oso mehea da. Gardena da, hain da mehea. Tinpano horri jarraituz iritsi ziren Txinara, atzerago aipatutako gizonak aitortu zuen moduan: "tinpano berezia zutela bagenekien, eta zergatiaren bila joan ginen Txinara".

Antzekotasunak

Komunikazioari dagokionez, igelen antzeko izatea zaila dela ikusi dugu: komunikatzeko modu desberdinei esker --sismikoa zein ultrasoinu bidezkoa--, soinuaren frekuentzia-tarte handiak erabiltzen dituzte.

Siouxek komunikatzeko lurra erabili edo ez, ingurunera ongi moldatuta bizi ziren, igel hauek bezalaxe. Hala ere, erreserbetan bizitzera bultzatu zituzten. Ondoren, hitzarmena urratuz, indiarren lurretan sartu zen Carter jenerala. Sioux ugari hil zen. Hori ez da Hollywoodeko film-egileak asmatutakoa. Espero dezagun horretan indiarren antzik ez izatea igelek!

-
SOINUA belarriek detektatzeko moduko airearen presioaren edozein aldaketa da. Bibratzen duen edozerk sortzen du. Airez transmititzen da. Segundo batean presioak duen aldaketa-kopuruari frekuentzia deritzo eta hertzetan neurtzen da. Gizaki heldu batek 20 eta 20.000 Hz bitartean entzun dezake.
ULTRASOINU 20.000 hertzetik goragoko soinuei deritze. Saguzarrek eta izurdeek komunikatzeko erabiltzen dituzte, baita non dauden eta inguruan zer duten jakiteko ere (ekolokazioa). Matxinsaltoek eta kilkerrek ere erabiltzen dituzte. Gizakiak, berriz, ekografiak egiteko, zaintiratuak sendatzeko, harri bitxiak garbitzeko... erabiltzen ditu.
BELARRIAK soinua jaso, eta tinpanoa gurutzatuz, erdiko belarrira heltzen da; eta handik barne-belarrira. Han, soinua nerbio-bulkada bihurtzen da, eta zerebrora bidaltzen. A. tormotus arraren tinpanoa entzumen-hodi baten bukaeran dago babesturik. Igel gehienek tinpanoa kanpoaldean dute, eta ez dute hodiaren beharrik.
Galdeketa protagonistari
Ez siouxei ez Txan igelari; galdeketa Txinara joan zen ikertzaile-talde hartako Peter Narins doktoreari egin diogu, Hans-Ulrich Schnitzler Txinara joatera gonbidatu zuen hari. Izen handiko ikertzailea, Cornellgo (AEB) Unibertsitatean ingeniaritza elektrikoa ikasi zuen; doktorea da Neurobiologian eta Portaeran. Irakaslea eta irratizalea da; hainbat musika-tresna jotzen du. Komunikazioa eta soinuak dira haren pasioa, eta pasioz komunikatzen du dakien guztia. Aranzadi Zientzi Elkarteak urrian antolatutako Euskal Herriko lehen herpetologia-kongresuan izan zen.
Zergatik da interesgarria Txinan bizi den igel txiki bat ikertzea?
Ikerketa hau egiteko dirua NAGeko (AEBko osasunaren erakundeko) buruak ematen digu. Eta hari galdera egin zioten: zergatik ipintzen duzu dirua horrelako ikerketa bat egiteko? Eta hark erantzun zuen: animaliek komunikatzeko duten moduak lagun dezake ulertzen guk komunikatzeko dugun modua. Gainera, bada beste gauza bat. 25 urte daramatzat lagun batekin lanean, eta lagun horrek proiektu bat bukatu berri du: gizakiarentzat audiofono bat sortu du. Beste edozein audiofono baino hobea da. Oso direkziozkoa da. Adibidez, audiofonoduna jendez betetako festa batean badago, eta norbaitek zuzenean hitz egiten badio, audiofonoa gai da pertsona horrek esaten duena jasotzeko eta gainerako hotsak baztertzeko. Hemendik urte pare batera aterako dute merkatura. Ongi entzuten ez duen jendearentzat hobekuntza bikaina izango da. Igelek soinuak nola lokalizatzen dituzten aztertuta garatu dute aparailua. Amolops -ak soinuak nondik datozen jakiteko duen gaitasuna ikaragarria da. Hori egiteko erabiltzen duen mekanismoa interesatzen zaigu guri.
Anfibioak, orain, ultrasoinuetan komunikatzeko gai dira. Zer esan nahi du horrek?
Peters Narins, herpetologia-kongresuan.
(Argazkia: A. Txintxurreta)
Igelek estrategia hori aukeratu badute, esan nahi du agian animalia gehiagok ere aukeratu dutela modu bera. Eta Txinan aurkitu dugu dagoeneko, ultrasoinuetan komunikatzen den txori bat. Eta, Txinatik bueltan, Alemaniako lagunak eta gu, norbera bere herrietan, inguruko txoriak eta animalia arruntak grabatzen hasi ginen. Eta aurkitu dugu hainbat txori eta hainbat igel direla gai ultrasoinuetan komunikatzeko. Zergatik ez genuen lehenago horrelakorik aurkitu? Ez zitzaigulako inoiz bururatu hori ikertzea. Beraz, gure zentzumenen mugetatik kanpo oso mundu interesgarria dago. Garrantzitsua da jakiteko nola eboluzionatu zuten animalien arteko komunikazioak eta gure artekoak.
Zergatik erabiltzen ditu ultrasoinuak?
Tau Hua Creekeko ur jauziek zarata handia ateratzen dute; are handiagoa euriteen ondoren. Elkarrekin hitz egiteko garrasi egin behar izaten genuen batzuetan. Pentsa daiteke zarata hori saihesteko erabiltzen dituztela ultrasoinuak. Badakigu habitat berean animalia gehiago ere badaudela ultrasoinuan komunikatzen direnak --saguzarrak, intsektuak--; baina, badakigu habitat horretan bertan ultrasoinuetan komunikatzen ez denik ere badagoela. Hau da, hainbat modu daude inguruneko zaratari aurre egiteko. Espezie batzuek frekuentzia igotzea aukeratu dute, eta beste batzuek ez. Ez dago konponbide bakar bat.
Korroka arrek egiten dute. Zer dakizue Amolops -aren emeari buruz?
Oraindik ez dakigu ezer emeei buruz. Ikusi ditugu, eta ez dute arrek duten belarri-mota. Gehiago jakiteko lanean jarraitu behar dugu, ordea. Horregatik, aurten Txinara itzuliko gara; bosgarren aldia izango da.
Soinuak Interneten
Madrilen Europako fonotekarik garrantzitsuenetariko bat dago ( www.fonozoo.com ). Fonoteka horretan ez daude Vivaldi, Queen edo Laboa. Hegaztiak, ugaztunak, intsektuak, arrainak eta, bereziki, anfibioak daude. Haien soinuak jasotzeaz, biltzeaz eta gordetzeaz Rafael Márquez biologoa arduratzen da.
Ultrasoinuetan komunikatzen den igel bat aurkitu izanak eragiten al du zuen lan egiteko moduan?
Ezarrita zeuden arauen eta ikasitako guztiaren haustura eta erronka da aurkikuntza hori. Praktikan ez digu aldatuko lan egiteko modua, espezieen % 99k gure entzumen-ahalmenaren tartean egiten dituztelako soinuak. Hala ere, igel horren habitataren antzeko lekuetan ultrasoinuetarako materiala erabili beharko da. Material garestiagoa, mugatuagoa eta erabiltzeko zailagoa da.
Rafael Márquez biologoa, Madrilgo fonotekaren arduraduna.
(Argazkia: A. Txintxurreta)
Zeinek entzun nahi izaten ditu bildumako animaliak?
Printzipioz, bilduma zientifikoa erabiltzaile zientifikoari zuzenduta dago. Espezieak identifikatzeko erabiltzen dituzte gehienek. Espezie askorentzat, kantua haien sinadura bezalakoa da; emeek kantuak entzun eta erabakitzen dute beren espeziekoa den ala ez.
Geroz eta zientzialari gehiagok erabiltzen du bilduma animalien jarraipenak egiteko. Jakinez gero ingurune natural batean zein kantu dagoen, inguru horren inbentario akustikoa egin daiteke. Ehizan ala ikusketetan oinarritutakoa baino inbentario askoz merkeagoa da, eta ez da hain erasokorra. Grabazio hutsak informazio ugari ematen du.
Bestalde, merkatu komertzialago bat ere badago: komunikabideak. Bilduma ez dago haiei zuzenduta, baina soinuetan oinarritutako eszena-girotzeak ere egiten dira.
Txintxurreta Agirre, Arantxa
3
227
2007
1
035
Biologia; Zoologia
Artikulua
44
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila