Sidereus nuncius izarretako albistaria

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Ilargia ez da perfektua. Horretaz jabetu zen lehenengoa Galileo Galilei izan zen. Eta, Sidereus nuncius liburuaren bitartez, berri hori dibulgatzen saiatu zen. Horregatik, askorentzat hura izan zen zientziaren historiaren lehen dibulgazio-liburua. orain, Sidereus nuncius horren lehen edizioaren ale bat ikusgai dago Iruñeko Planetarioan, Galileoren beste zenbait objektu ere ikus daitezkeen erakusketa batean. Eta, erakusketa horrekin batera, liburuaren hainbat itzulpen ere aurkeztu dituzte, tartean Elhuyar Fundazioaren bitartez euskaratutakoa.
Sidereus nuncius izarretako albistaria
2010/04/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Iruñeko planetarioa)

"Dibulgazio-liburu perfektua izateko, gauza bakarra falta du: latinez ez izatea" dio Ramón Núñez, Sidereus nuncius en jatorrizko edizioko ale bat erakusten duen erakusketaren komisarioak. "Beste liburu guztiak herriaren hizkuntzan idatzi zituen, garai hartako italieratzat har daitekeen hizkuntzan".

Perfektua izan ala ez, liburu ausarta da, inondik ere. Galileok teleskopio bidezko behaketan izandako lehen ezustekoen berri ematen du. Ilargiaren mendien berri ematen du, bai eta begi hutsez ikusten ez diren izar askoren berri ere; eta, bukatzeko, Jupiterren lau sateliteren berri ere bai. "Albiste oso garrantzitsu bat ematen du" dio Núñezek. "Albiste hori da unibertsoari buruz XVII. mendearen hasieran geneukan ideia, Aristotelesen ideia, ez zela zuzena".

Berez, ikerketa-oharren multzo bat zen liburua. "Galileok egunero sei ordu ematen zituen betaurrekotik begira, eta, bukatutakoan, ikusitakoa oharretan jasotzen zuen. 1609ko azaroan hasi zen, eta martxoaren 2rako bukatua zuen lana. Tartean, 16 eguneko atsedena hartu zuen; hau da, zerua lainotuta zegoela eta ezin ikus zezakeen ezer", esaten du Ibon Plazaolak. Berak egin du euskarazko itzulpena, Elhuyar Fundazioarien enkarguz, eta ederki ezagutzen du garai hartako historia.

Galileok lan hori bildu, eta izarretako albistari batean argitaratu zuen ( sidereus nuncius batean). Dena den, liburuaren izenburua ez dira bi hitz horiek bakarrik. Garaiko ohiturari jarraituta, egilea, edukia eta zeinen omenez idatzita dagoen zehazten ditu izenburuak. Azken xehetasun hori oso garrantzitsua da. Izan ere, liburua argitaratzeko prest zuela, Galileok berak ez zekien zeinen omenez idatzi behar zuen: Medici familiako Kosme II.a dukearen omenez edo familia osoaren omenez. "Izenburua gerorako utzita inprimatzen hasi zen liburua, eta aholkua eskatu zuen" dio Núñezek. "Azkenean, Jupiterren sateliteei Medicitar astroak deitzea erabaki zuen, izena egokiagoa zelakoan, eta liburu osoa inprimatu zuen". Hala ere, historiak estali egin du Medici izena, eta guk galileotar sateliteak deitzen diegu astro haiei.

Ibon Plazaola: "Galileoren latina ez da batere erretorikoa"
Elhuyar Fundazioaren enkarguz, Sidereus nuncius liburua euskaratu du Ibon Plazaolak, latinetik zuzenean. Itzulpena Iruñeko Zientzia Komunikazioaren kongresuan aurkeztu dute.
Liburu historikoa dela esaten dugu. Liburu guztiak dira historikoak.
Bai. Ez da ulertu behar historiko hitza kortse moduan. Liburua garrantzitsua izan zelako da historikoa. Hainbat behaketaren berri eman zuen liburu horretan Galileok, tramankulu berri edo berri usteko bati esker egindako behaketen berri, hain zuzen.
Teleskopioa...
Teleskopioa deitzen diogu, baina Galileok artean ez zekien esku artean zuen hura teleskopioa zenik, teleskopio hitza geroxeago asmatu baitzuten. Hori oso bitxia da; testua itzultzen ari nintzela, horrek eman dit buruko minik handienetako bat: berak darabilen hitza euskaraz nola eman, ez baitzitekeen teleskopio hitza erabili (anakronismoa da).
Zure aukera betaurreko izan da.
Ibon Plazaola Bakun enpresako itzultzailea. Arg.: Ainhoa Iribar.
Bai. Hark ere latinez halaxe darabil: perspiculum. Inguruko hizkuntzetan ere halaxe itzultzen dute: lunette frantsesez, anteojo gaztelaniaz, spyglasses ingelesez,... Eta euskaraz ere hala behar zuen. Jupiterren sateliteen izenak ere --Ganimedes, Io, Europa eta Kalisto-- gerokoak dira. Galileok Medicitar astroak esan zien.
XVII. mendeko latina eta "gaurkoa" berdinak dira?
Ez, bistan da, ez dira berdinak. Hizkuntza hila da; hala diote. Gaur egun, oker ez banago, latinez ondo hitz egiteko gai diren bakarrak Galileo kondenatu zutenak dira, Vatikanoko kardinalak eta halakoak. Beraz, gaur egun, latina edo greziera klasikoa ikasten direnean, testuetako latina edo greziera ikasten dira. XVII. mendeko latinari neolatina deitzen zaio; hainbat moldaketa morfosintaktiko eta abar izan ziren hor. Orduan, latinaren barruan dagoen beste latin bat da; Galileok zerabilen latina ez da inondik inora nik dakidana. Baina ni gauza naiz latin hura ulertzeko eta itzultzeko.
Testu zaila da?
Esaldi luzeak eta erretorikoak dira. Hala ere, Galileoren estiloa oso da argia eta diafanoa. Haren latina ez da batere erretorikoa. Oso latin dotorea darabil, baina ez da batere "alanbikatua".
Nola sortu zitzaizun liburu garrantzitsu hau itzultzeko aukera?
Menturaz gertatzen dira gauza gehienak; zorion handienak ematen dutenak ere bai. Nik itzulpen honi ekin nion enkargu bat egin zigutelako. Nik Bakun itzulpen-enpresan egiten dut lan, eta itzulpen-enpresari Elhuyar Fundazioak galdetu zion ba ote zegoen "eroren" bat latinetik euskarara itzultzeko gai zena, eta Bakun enpresan bazen ero bat: ni neu. Eta Galileoren obra ezagutzen nuen eta garaia ere bai. Garaia eta garaiko latina izugarri estimatzen ditut. Beraz, halaxe gertatu ziren gauzak. Eta oso gustura egin dut.
Roa Zubia, Guillermo
3
263
2010
4
014
Historia; Astronomia; Bibliografia
Artikulua
16
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila