Sator arrunta, zizareen malura

FITXA TEKNIKOA Sator arrunta

Nork espero zezakeen gure lo-kuluxka lurpetik atera zen gauza arlote harekin bukatzea? Guk ez behintzat, menditik itzuli eta lizar haren azpian etzan ginenean. Baina erdilo geundela, lurraren kontra geneukan belarriaren parean, tarteka... ”trat, trat..., trat, trat, ”soinuak entzuten hasi ginen. Hasieran harritu egin ginen baina 15 minutu beranduago, kolpeka eta goraka mugitzen zen lur-pilak argi erakusten zigun zer gertatzen ari zen azpi hartan.

Satorrak, lurrazpian bizitzeko moldapen ebolutibo harrigarriak dituzten animaliak ditugu. Ugaztun txiki hauek, orden primitibo batean sailkaturik egon arren, lurpean bizitzeko espezializazio-maila harrigarria dute, “induskailu” bikainak direlarik. Euskal Herrian bi espezie aurki ditzakegu: mendebaldean soilik agertzen den sator itsua ( Talpa occidentalis ), mutur eta hanketako kolorea argixeagoa izateagatik ezberdin daitekeena, eta handiagoa den sator arrunta ( Talpa europaea ), inguru hauetan ugariagoa.

Sator arrunta kanpoan ikustea zaila den arren, zuloak eta kanpora ateratako lur-pilak aurkitzea erraza da.

Sator arrunta animalia berezia dugu, zalantzarik gabe. 11-16 cm-ko soina, zilindrikoa eta ikaragarri sendoa da. Kaskezurrak 33-37 mm bitarteko luzera du eta animalion pisua 60 130 g bitartekoa izan ohi da. Aurrealdean, ia leporik gabeko buru zabala, eta honen puntan tronpa-itxurako mutur mugikorra beha daitezke. Atzealdean berriz, 2-4 cm-ko buztan iletsua du.

Bizimodu hipogeoak zentzu-organo bereziak eskatzen ditu. Honela, ukimena eta usaimena oso garatuak ditu, ehizerako ezinbestekoak direlarik. Animalia bitxi honek ez du belarririk ageri eta begirik ere ez; lehenek traba egingo liokete tuneletan gora eta behera ibiltzeko, eta bigarrenak erabateko iluntasunean, ez dira beharrezkoak. Entzumena eta nolabaiteko ikusmena baditu noski, baina zulo auditiboak ile-tartean gorderik daude, eta begiak endekatuak eta ilez estalirik ditu.

Ugaztun bitxi honen hanketaz beste hainbeste esan genezake. Eskuak, pala industzaile indartsuak dira. Hondeamakina edo induskailu baten palaren antzekoak oso. Gorputzetik zuzen ateratzen dira ia besorik gabe eta aldeetara orientaturik daude lurra saihetsetara eta atzealdera botatzeko. Zabal-zabalak dira eta azkazal luzez hornituak daude Atzekoak berriz, oso txikiak dira eta aurrekoek bezala, 5 behatz dituzte.

Ilea berriz, motz-motza, trinkoa eta belusaren antzekoa da, ikaragarri goxoa. Kolorez beltza, edo beltz hauskara. Larru honi esker, aurrera zein atzera egin dezake sator galeria hestuetan.

Arra eta emea nahikoa antzekoak dira eta araldia eta kumatze-garaitik kanpo ez da oso erraza hauek bereiztea. Lurraldekorrak dira, eta batez ere bi ar topatuz gero, borroka eta liskarrak egon daitezke.

Zuloetan ibiltzeko morfologia berezia du: gorputz zilindrikoa, esku industzaileak eta ile motza, besteak beste.

Animaliaren ohizko bizilekuak belar-soro, baso, baratz, lorategi eta antzekoak dira. Dirudienez, paisaia edota landaretza ez baino, lur-mota da satorraren agerpena baldintzatzen duena. Nolanahi ere, eta tunelak eraiki beharraren ondorioz, ez ditu gogoko lur arrokatsuak, loiez betetakoak, aretsuak, edota oso trinkoak direnak.

Satorra ehiztari aparta dugu eta behar energetiko handiak dituenez, jo eta ke aritzen da egunero zuloetan gora eta behera ehizan. Premia metabolikoak asetzeko, satorrak bere pisua adina intsektu, larba... eta batez ere zizare harrapatu behar du egunero. Ehizan, bere muturreko bibrisak edo ile sentikorrak erabiltzen ditu ehizakiak detektatzeko eta letagin zorrotzak, hauek ziztu batean hiltzeko. Baliteke lurpean urte-sasoi aldaketak hainbeste ez nabaritzea baina satorrak hibernatzen ez duenez, bada ez bada, gela bat janez bete dezake. Honen barruan noski, zizareak gordetzen ditu eta gainera, bizirik eta fresko manten daitezen, aurrealdeko punta jaten die. Era honetan zizare gizagajoak bizirik eta ihes egin ezinik geratzen dira, satorrak behar dituenerako.

Uda eta udazkena ez dira garai aproposenak zizareak topatzeko, lehorretik ihesi, sakonean egoten baitira hauek. Horregatik, jan-eskuragarritasuna txikiagoa izango da satorrarentzat eta urte-sasoi hauetan ez da kumatuko. Parekatzea beraz negua eta maiatza bitartean gertatzen da. Tarte honetan kumaldi bat edo bi izan ditzakete eta 4 asteko ernaldiaren ondoren, emea 2-7 kumez erditzen da. Kumeak ile gabeak eta itsuak dira jaiotzerakoan eta 3 aste behar dituzte begiak irekitzeko, 5 ugatzak uzteko, eta zertxobait gehiago kume bakoitzak bere bideari ekiteko. Heldutasun sexuala urte batekin heltzen zaie eta biziraupena 3-4 urtekoa da.

Trebetasun izugarriz, satorrak zizare ugari harrapatzen du egunero.

Ikustea zaila den arren, ehiztari bikain hau detektatzea ikaragarri erraza da. Egiten dituen galerietako lurra gehienetan kanpora ateratzen du “sator-pilak” agerian utziz. Hauei begira, barruko galeria-sistema konplexua nolakoa den soma dezakegu. Galeria arrunt batek, 40-50 m inguru ditu eta badira 150 metrokoak ere. Lurpean eta tunelez komunikaturik habia, logela eta despentsa ere egon daitezke. Zuloen tamainak, sator, satain, arratoi eta beste animalia-espezie batzuen galeriak ezberdintzen lagun dezake. Sator arruntaren zuloak, ia biribilak eta 4 cm inguruko diametrokoak dira. Zulo eta lur-pila hauek direla eta, nekazariek ez dute gehiegi maite izaten satorra.

Banaketari dagokionez, Europa kontinental osoan aurki genezake, Eskandinavian, Irlandan eta Islandian ezik. Ez da halaber agertzen Hego Europako irla eta lurralde batzuetan, eta Iberiar penintsulan ipar-ekialdea soilik betetzen du.

Euskal Herrian arrunta da oso eskualde hezean eta eskasagoa hegoaldean. Azken honetan leku fresko eta hezeenetan ageri da. Altuerak ez du eragin handirik eta itsas mailatik 2.000 metroraino topa dezakegu.

Espeziea: Talpa europaea
Familia: talpidoak
Ordena: intsektiboroak
Klasea: ugaztunak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila