Dakizuenez, komunikaziotako sateliteak erabiltzen direla badira urte batzuk. Hasiera batetan transmisoreak oso potentzia txikikoak zirenez gero, sateliteak beheko orbitatan (10.000 Km) kokatu behar ziren, Lurrean harrera-maila egokia izan zedin.
Bestalde, orbita honetan mantentzeko, satelitearen abiadura tangentzialak lurraren biraketa-abiadura baino dezentez handiagoa izan behar du, eta beraz, sateliteak lurrarekiko desplazamendu bat izanik, komunikazio iraunkorra lortzeko satelite batzuk erabili behar ziren. Satelite bat izkutatzen zenean, hargailua, punteriazko mekanismo baten bidez, hurrengoari zuzentzen zitzaion.
Urteak pasa eta teknika aurreratuz zihoan heinean, potentzia handiagoko transmisoreak garatu dira eta hauen bidez oraingo telekomunikazio-sateliteak orbita geldikorretan koka daitezke (Lurretik 36.000 Km-ra).
Orbita hauetan mantentzeko behar den abiadura tangentzialak Lurraren biraketa-abiaduraren balio bera duenez gero, satelitea geldirik dago Lurrarekiko. Honela, satelite bakar bat nahikoa da egun osoan zehar hargailu bat argitzeko.
Satelite geogeldikorrak, nazio arteko trafiko telefonikoa bideratzeko eta telebistako loturak ezartzeko erabiliak izan dira. Lotura hauetan erabilitako hargailuak, profesional-mailakoak eta oso garestiak dira: satelite igortzailearen transmisorea potentzia txikikoa delako bereziki.
Hala ere, 1977.ean Munduko Irrati-Batzar Administratiboa (MIBA-77 edo WARC-77, World Administrative Radio Conference) ospatu zenean, potentzia handiko sateliteak erabiliz, kostu txikiko hargailuen bidez programen harrera erraztuko duen irrati-hedapen eta telebistako zerbitzu baten oinarriak ezarri ziren.
Sateliteak erabiltzeko arrazoi nagusi batzuk badaude. Lurreko oraingo telebista-sareak, 1961.go Stokholm-eko akordioaren maiztasun-banaketan oinarriturik daude. Maiztasun-banaketa honek partaide bakoitzari estatu-mailako hiru edo lau programa bakarrik baimentzen dizkio, eta teknikoki beste eskualdeko programaren bat ezartzeko aukera ematen du.
Programa-kopuru handiagoa eskaini ahal izateko, beste transmisio-bide baten premia dago eta une honetan, estatu-mailako telebista-banaketarako, satelitea da egokiena.
Satelitearen bidez zona handiak erregularki estaltzen dira eta gainera itzalik eta isladapenik gabe. Satelitea estatu-mailako eta nazioarteko programak zabaltzeko erabiltzeak, sare lurtarrak eskualde- edo herrialde-programentzako geldituko direla suposatzen du.
Gaur egun munduan bi egoera nahikoa ezberdin daude. Batzuek 4 Ghz-eko banda erabiltzen dute eta besteek 11 Ghz-ekoa. Orain har daitezkeen satelite guztiak komunikaziokoak dira eta ez daude telehedapenerako zerbitzua betetzeko pentsatuta. Beraz haien igorketak jasotzeko behar diren hargailuak, oraindik garesti samarrak dira.
E.E.B.B.etan, 3,7 Ghz-etik 4'2 Ghz-erainoko hargailuen merkatu zabala garatu da. Izan ere nazio honetan ez da irratihedapenerako zerbitzu berezirik ezarri. Har daitekeen telebistako kanal-kopuru handia (125 kanal 5 satelite ezberdinetatik), kabletiko telebanaketa-konpainien arteko behe-potentziako sateliteen bidezko loturetatik dator.
Europan 4 Ghz-eko bandan GHORIZON satelite sobietarraren bi kanal har daitezke 3 m diametroko antena baten bidez. Banda honetan eta INTELSAT V satelitetik, Marokko-ko telebista ere, frantsesez eta arabieraz, 4'5 m-ko antenaz har daiteke eta baita amerikarren Europako Aidezko Indarrentzako programa ere; baina hau, 6 m-ko antena erabiliz.
Hala ere gaur egungo programa-eskaintzarik interesgarriena 11 Ghz-eko bandan kokatzen da (10'9-tik 11'7-ra) eta 1983.go Ekainean Europako Agentzia Espazialak (ESA) jaurtikitako ECS-1 (EUTELSAT-1) satelitetik datorkigu. Satelite hau potentzia txikikoa izan arren, (zentru igorleei telebistako programak banatzeko pentsatuta zegoelako hasieran) gero 9 "transponder" irratihedapenerako egokitu zitzaizkion. Euskal Herrian programa hauek 1'8 m diametroko antenaz har daitezke. 11 Ghz-eko bandan, INTELSAT V sateliteak 3 programa ere igortzen ditu.
Satelite hauek ikusleen hargailuetara, bai indibidualetara bai kolektiboetara, zuzenki igortzeko pentsatuta daude, eta beraz, komunikazio eta banaketakoek baino ehun aldiz potentzia handiagoa dute. Honen ondorioz metro bat diametroko antena parabolikoak erabil daitezke eta hargailuaren espezifikazioak zabalagoak izan daitezkenez gero, ekipo osoaren prezioa asko merkatzen da, banaketako sateliteentzako hargailuenarekin konparatuz.
Irratihedapen zuzeneko banda 12 Ghz-ekoa da; 11'7 Ghz-etik 12'5 Ghz-erainokoa zehatzago esan. Banda honen zabalera beraz, 800 Mhz-ekoa da eta berrogei kanal sartzen dira bertan. M.I.B.A. 77-an estatu bakoitzari 5 kanal asignatu zitzaizkion eta baita posizio orbital bat ere. Banaketako sateliteak PAL edo SECAM sistema erabiltzen duten bitartean, Z.I.eko sateliteek, MAC (Multiplexed Analogic Components; Multiplexatutako Osagai Analogikoak) bideo-arau berria erabiliko dute seguru aski. Arau honek bideozko irudiaren kalitatea asko hobetzen du; kolorea bereziki, PAL sistemarenarekin konparaturik, eta gainera fideltasun handiko 8 edo 4 soinu-kanalen transmisioa egiteko aukera ematen du.
1990.a baino lehen, bost estatuk satelite bana jaurtikitzeko asmoa dute. TDF-1 satelite frantsesaren jaurtiketa zenbait aldiz atzeratua izan da, baina aurtengo ekainerako orbitan edukitzea espero dute frantsesek. Halaber Luxenburg-ek 16 transponderreko satelitea orbitan jartzeko asmoa azaldu du. Nahiz eta berak 5 kanal bakarrik erabili ahal izan, gainontzeko hamaika beste edozein estaturi aloka liezazkioke.
Bestalde, Espainiak ez du inongo asmorik satelitea jaurtikitzeko, zeren beste estatu batena alokatzea egokiagoa iruditzen bait zaio.
3. irudian ikusten duzuenez, hargailuak bi parte nagusi ditu: kanpoko unitatea (teilatuan dagoena) eta barrukoa. Kanpoko unitatea, antena parabolikoa eta bihurgailuaz osatuta dago. Bihurgailua antenaren fokuan muntatuta dago eta bere zeregina zera da: 11'7 Ghz-etik 12'5 Ghz-erainoko maiztasun-banda 950 Mhz-etik 1750 Mhz-erainoko bandara jaistea. Hau, antenatik barruko unitatera doan kable ardazkidean maiztasun altuek atenuazio handiak dituztelako egiten da honela. Posizio orbital ezberdinetan kokatuta dauden bi sateliteren programak hartzeko, bi antena behar direla esan beharra dago, bakoitzak bere bihurgailua eta komeni den orientazioa izanik.
Barruko unitatean hartutako seinalea, demodulatu egiten da, eta une honetan bi aukera daude. Instalazioa indibiduala baldin bada eta telebistak bideozko sarrera badauka, barruko unitatea eta telebista-hargailua zuzenki konekta daitezke. Baina instalazioa kolektiboa bada, birmodulagailuak ezarri behar dia (bat kanal bakoitzeko) seinaleak UHF-ko kanaletara pasa daitezen eta antena kolektiboaren banaketa-sistema erabiltzea posible izan dadin.
Hurrengo urteetan Z.I. sateliteen jaurtiketak ugalduko dira; estatu-mailako irratihedapen-zerbitzuak estaltzeko batez ere.
Oharrak:
"Transponder"a: maiztasun batetan hartzen duen seinalea beste batetan igortzen du, zubiaren funtzioa betetzen duelarik.
1 Ghz = 1.000 Mhz = 1.000.000 Khz