SAREka kalitate-eredua

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hezkuntza Sailak abian jarri duen egitasmoa da SAREka kalitate-eredua. Eredu hori erabateko kalitatean oinarritzen da eta, horren bidez, Lanbide Heziketako ikastetxeak kalitate-sistemak ezartzera bultzatu nahi dira. Sistema horien artean, kalitatea erakundeen eta pertsonen etengabeko hobekuntza bezala ulertzen da.

Baina kalitatearen kontzeptu hori berria da. Hasieran kalitatea produktuen kontrolarekin lotzen zen.

Produktuak zehaztapenak betetzen zituen edo ez begiratzen zen eta produktu akastunak bezeroengana ez iristea zen garrantzitsuena. Kalitatearen lehenengo ideia hura aldatu egin zen denbora gutxian: kalitatea ziurtatzea zen. Produktu akastunak ez egiteko eta produkzioa segurtatzeko egin beharreko urratsak definitzen ziren kalitatean. Azkenik, hirugarren pausoa eman eta erabateko kalitatearen kontzeptura iritsi gara.

G. Andonegi

Eta kontzeptu berri horrek kalitatearen filosofia erakunde edo ikastetxeen jarduera guztietara hedatzea proposatzen du. Izan ere, prozesu eta jarduera guztietan etengabeko hobekuntza aplikatu behar da.

Kalitatearen ezarpen hori egiteko, ordea, hiru pauso nagusi aurreikusten ditu ereduak: irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren diseinua, ziurtapen-sistemaren oinarrizko prozesuen ezarpena eta, hirugarrenik, erabateko kalitatea eskuratzeko falta diren prozesuen ezarpena. Hain zuzen ere, hirugarren fase hori amaituta eta ziurtapen-sistema sendotuta, EFQM ereduaz autoebaluazioa egin daiteke. Autoebaluazioaren emaitza 400 punturen gainetik badago, kanpo-ikuskaritza baten bidez Zilarrezko Qa lortzeko bidea egina dago.

Baina, dakigunez, Zilarrezko Qa ez da kalitateari lotutako ziurtagiri bakarra, ezta kalitatearen eredu bakarra ere. Horren adibide dira kalitatearen ezarpenean ikastetxeek lortu dituzten ziurtagiriak: ISO 9000 duten 32 ikastetxe daude, EFQM sistemako Zilarrezko Qa duten 6 eta ISO 14001 duen ikastetxe bat. Bikaintasunaren EFQM eredua erabateko kalitatearen Europako erreferentzia da, eta bere barne hartzen ditu ISO 9000 bezalako kudeaketa-mailako estandarizazioak.

Ingurumenaren kudeaketa eta ISO 14001

Bada Lanbide Heziketako zikloen artean goi-mailako heziketa-ziklo berri bat: ingurumen-kudeaketa. 1997-1998 ikasturtean Txindoki-Alkartasuna BHI institutuan jarri zen abian ziklo hori eta, horrela, aurrea hartu zioten handik gutxira enpresen beharra izango zenari. Izan ere, egun enpresa asko buru-belarri ari dira kalitate-sistemak ezarri eta dagozkien ziurtagiriak lortzeko ahaleginetan. Ondorioz, sistema horiek ezartzeko pertsona espezializatuen beharra sortu da eta, noski, ikasketak ere egokitu egin behar izan dira.

Txindoki-alkartasuna BHI

Hori egin zuen, hain zuzen ere, Txindoki-Alkartasuna Institutuak. Geroz eta garrantzi handiagoa duen ingurumen kudeaketako eskaintza plazaratu zuen, eta ez hori bakarrik: ikasleek ingurumenaren kudeaketa zer zen gertu-gertutik ezagut zezaten, sistema bera institutuan ezarri zen. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan ISO 14001 ziurtagiria lortu zuen lehenengo ikastetxea izatea lortu zuen, 2002an hain zuzen ere.

Ordutik hona, Ihoberekin batera, ingurumena kudeatzeko sistema ezartzeko gidaliburu bat garatu dute eta, orain, gainontzeko ikastetxeen eredu bezala partehartzen dute ISO taldeetan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila