PVCari buruzko eztabaida gizartean

XX. menderarte plastikorik gabe bizi izan da gizakia, baina mende honetako erdialdeaz geroztik gauzak asko aldatu dira. Honela, Mendebaldeko gizartearentzat plastikoa oso asmakuntza garrantzitsua izan da. Gaur egun, gizakiak erabiltzen dituen gauzakietatik heren bat gutxienez plastikoz eginak daude. Eta plastikoen artean PVCaren industriak indar handia hartu du azkeneko urteetan. Alabaina PVCaren inguruan eztabaida ugari sortu da Greenpeacek poluitzailea dela esan zuenetik. Bestalde, plastikoa ekoizten duen industriak kontrakoa dio eta kaltegarria ez dela defendatzen du. Plastiko hau ekoizteko kloroa behar da eta gehienen ustez kloroa da eztabaidaren gakoa.

Poli(binil kloruro)a (PVC) asko ekoizten eta erabiltzen den plastikoa dugu. Eraikuntzan erabiltzen da nagusiki, leihoen markoak, hodiak, hormak, pertsianak eta kableen estaldurak egiteko. Osasun-produktuak (eskularruak, botilak...), jostailuak, enbalajeak eta edari-ontziak egiteko ere erabiltzen da. Ekoizterako orduan, bere osagaien % 43 petrolioa da, beste zatia azido klorhidrikoa delarik. Eta hona hemen eztabaida nagusien abiapuntua: Erabiltzen den kloro hau kaltegarria al da? Ekoizpena, erabilera eta materialaren amaiera (errausketa, birziklapena) egokiak al dira? Poluitzailea al da PVCa ?

Bi iritzi kontrajarri aurkitu ditugu galdera hauen aurrean, industriarena bata eta talde ekologistena bestea.

Industria lasai, itxuraz

Jose Maria Sala, ANAIPeko (Espainiako Plastiko Enpresarien Konfederazioko) PVCaren taldeko bozeramailea, Donostian izan zen duela gutxi hitzaldi bat emateko. Kimika Fakultateak gonbidaturik etorri zen Salak poli(binil kloruro)aren defentsa sutsua egin zuen. “Azkeneko bi urteetan egin diren 16 ikerketa puntakoenak ondorio berdinetara iritsi dira: PVCa ez da poluitzailea.

Italian Maltoni doktoreak 1.200 animaliarekin egin zuen lan beira eta PVCa aztertuz; 1995eko uztailean Herbehereetan egin zen ikerketa oso fidagarria izan zen; American Society elkarteak errausketari buruz egindako ikerketa ere garrantzitsua izan da eta honek PVCa ez dela kaltegarria baieztatu du; Suedian, egin ziren presioen eraginez, 1995ean debekatu egin zen, baina aurten, egindako ikerketa baten ondorioz, parlamentuak ekoizteko debekua altxatu egin du; Espainian MOPTMAk COVITECMA enpresa kontratatu zuen urtebetez ikerketa bat burutzeko. Ikerketa guztiek PVCa poluitzailea ez dela diote. Ez dago, beraz, larritzeko motiborik”.

Salaren ustez PVCa oso iraunkorra da, ez-sukoia, balioanitza, % 100 birzikla daiteke, produktu ugari egiteko balio du eta ez du kalterik sortzen. Berak dioenez PVCak gizarteari abantaila ugari ekarri dizkio, baldintza onak eskaintzen dituelako ikuspegi logistiko batetik. Bestalde, Europan gehien ekoizten den plastikoa da PVCa. Jakina da Alemaniak ingurugiroarekiko duen begirunea handia dela eta Europako lehen kontsumitzailea da. Bere atzetik Italia eta Frantzia doaz.

Industriaren arabera, Suitzan soilik debekatzen da PVCzko ontziak erabiltzea, baina oso errausketa-planta zaharkituak dituztenez birziklatzeko zailtasun handiak dituztelako da hori eta ez PVCa poluitzailea delako. Salak ingurugiroaren alde daudela dio eta asko poztuko lirateke goi-mailako ikerketa zientifiko gehiago egingo balira.

Edozein materialen balio osoa aztertzean, nolako bizitza-zikloa duen ikusi behar da; lehengaiak ateratzea, garraioa, fabrikazioa, erabilera, transformazioa, desagerketa eta birziklapena nola eta zein ondoriorekin egiten den aztertzea oso garrantzitsua da. ANAIPekoek diote PVCa nahiko maila onean dagoela, baina oraindik ez daude datuak bere osotasunean.

Talde ekologisten boikota

Greenpeace-k dioenez PVCa poluitzailea da. Talde ekologista honek poli(binil kloruro)aren arriskuaz ohartarazi du eta kanpainak egin ditu plastiko-mota honen aurka. Beste talde batzuk (Eki, Ezker Batua-Berdeak...) ere plastikoaren aurka azaldu dira.

Oso bizitza-ziklo txarra duela diote ekologistek, dioxinak eta ftalatoak ekoizten dituela. Plastiko honen itxura garbia eta higienikoa da, baina Greenpeace-ren arabera “kimika-industriak gure etxeetan sartzen duen produktu toxikoen koktel bat da”. Hasieratik amaieraraino, ekoizpenetik deusezteraino, transformazioan edo erabileran, PVCak ingurugiroa eta gure osasuna arriskuan jartzen dituela dio talde ekologistak: “PVCa kloroarekin egiten da eta gas hau oso toxikoa da. Kloroa substantzia organikoekin nahastean konposatu organokloratuak osatzen dira.

PVCa ekoiztean substantzia organokloratu toxikoen milaka tona sortzen dira, eta hauek atmosferan uztean edo ibaietara eta itsasoetara botatzean ondorio larriak agertzen dira. Dioxinek, ftalataoek eta beste konposatu batzuek inguruko biztanleen osasuna kaltetu eta ingurugiroa pozoitzen dute. Poli(binil kloruro)a garraiatzea ere oso arriskutsua da, sutea gertatuz gero PVCak azido klorhidrikoa eta dioxinak emititzen baititu. PVCaren hondakinak errausketa-plantetan erretzen direnean arazo berdinaren aurrean aurkitzen gara”.

Eraikuntzan plastiko hau erabiliena da, duen kostu txikia dela eta. Baina Greenpeace-ren ustez prezio horietan ez dute sartzen PVCak ingurugiroari egiten dion kaltea. Alternatiba modura beste material batzuk proposatzen dituzte. Irudimena eta diseinua erabiliz, tokian tokiko produktu naturalagoak erabili behar direla diote ekologistek.

Europako herrialde batzuetan berdeek PVCaren erabilera murriztea lortu dute. Dena dela, Europako Batasunak ez du oraindik neurri legalik hartu plastiko honen aurka. Greenpeace taldearen datuek azaltzen dutenez, Alemania, Danimarka, Luxenburgo, Suedia eta Herbehereetako 300 hiri baino gehiagotan PVCaren erabilera murrizten ari dira. Ura ontziratzen jarduten duten enpresa nagusiak ere, hala nola Evian, Perrier eta Vittel, PVCa baztertzen ari dira.

Birziklapena

XX. mendearen amaiera honetan birziklapena puntako gaia da maila guztietan. PVCa birziklatzea zaila eta garestia dela esan izan da. Baina, ANAIPeko arduradunen ustez, PVCaren % 100 birzikla daiteke eta prozesua merkea eta erraza da. Hauts zuri bihurtzen da, formulazio ezberdinak erabiltzen direlarik produktu bakoitza egiterakoan .

Jose Maria Sala, ANAIP (Espainiako Plastiko Enpresarien Konfederazioa)eko PVCaren taldeko bozeramailea, Donostian izan zen duela gutxi hitzaldi bat emateko. Kimika Fakultateak gonbidaturik etorri zen Salak poli(binil kloruro)aren defentsa sutsua egin zuen.

Plastikoari dagokionez, kontuan izan behar da ontzi asko erabiltzen dugula egunero. Paperak eta beirak, ostera, tradizio handiagoa dute birziklapenean, baina badirudi PVCa gero eta gehiago birziklatzen ari dela. Material birziklatuarekin jertseak, poltsak, botilak, kable-estaldurak, zapaten zolak, altzariak eta beste hainbat produktu egin daitezke. Gipuzkoako BERZIK enpresak, hala ere, plastiko honen birziklapena konplikatua dela dio. PVCa birrindu, garbitu eta zentrifugatu egin behar da eta hauts bihurtzeko mikronizadore bat behar da. Horretaz gain, birziklatzeko planta bereizi bat behar du ez baita beste plastikoekin bateragarria.

Europako Batasunean 1994ko abenduan onartu zen arau bat, materialik baztertzen ez duena. Estatu bakoitzaren gain geratu da finantzaketa, baina bost urteko eperako helburuak finkatu dira: pisuan plastikoen % 50-65 jasotzea, % 25-45 birziklatzea eta materialen % 15, gutxienez, berreskuratzea. Espainian materialen % 6 birziklatzen da eta % 15era iristea espero dute bost urteren buruan. Horretarako, dagoeneko Frantzian erabiltzen ari diren puntu berdearen sistema erabiliko da denbora gutxi barru: ontziak 30 pezeta balio baldin badu, 31 pezetatan saltzen da eta pezeta hori birziklapenaz arduratuko den enpresari emango zaio; enpresa horrek gestionatuko du birziklapena, baina hondakinak biltzeko ardura udalek izango dute. Hau guztia martxan jartzeko lege-proiektu bat onartu beharko da.

Portzentaia Pisua (kg) Ontziak Plastikoak % 25,8155.779,51.115.635PE HD% 16,7136.113722.288PVCa% 5,612.103242.060PETa% 3,57.563,5151.288 Tetra Brik % 1941.0621.642.480 Metalak % 15,8134.534,5707.140Latorria% 15,633.712674.240Aluminioa% 0,38822,532.900Guztira bildutakoa% 60,79131.3833.465.255Berreskuratu eta eskatu ez dena% 39,2184.742____ Guztira % 100 216.125 ____Saiolan enpresak Beasain, Ordizia, Lazkao eta Olabarrian (guztira 27.000 biztanle) jasotako materialen datuak, 1995eko urritik 1997ko urtarrilera.

Euskal Herrian zer?

Hego Euskal Herrian PVCa ekoizten duten bi enpresa daude: Barakaldoko Compañía Española de Petróleos eta Hernaniko Elf Atochem. Baina plastiko honen hondakinak ez dira hemen birziklatzen; Bartzelonara bidaltzen dira han birzikla dezaten.

Gipuzkoan plastikoak birziklatzeko sistema bat martxan jarri da eta Espainiako legeari aurrea hartu nahi zaio. Iruñean ere mugitzen hasi dira eta hirugarren edukiontzia jarri da leku batzuetan. Baina gainerako herrialdeetan plastikoa ez da birziklatzen.

1996ko urrian Greenpeace-k Europako PVCrik gabeko hirien zerrenda bat eman zuen. Udal bakoitzak bere arauak ditu baina ebazpen orokor batek helburu konkretua du: eraikuntzan, bulego-ekipamenduetan, ontzietan eta enbalajeetan PVCaren erabilera debekatzea.

Sasieta Mankomunitateko hondakinekin (Beasain, Ordizia, Lazkao eta Olabarria) bi enpresa ari dira lanean. Alde batetik, SAIOLANek sorturiko BERZIK enpresak materialak jaso (3. edukiontziaren bitartez), banatu eta sailkatu egiten ditu. Eta bestetik, REMAPLAST enpresak plastikoak birziklatzen ditu.

Baina azken honetako gerenteak, Jose Manuel Fernandezek, dioenez, PVCa ez dute birziklatzen beste plastikoekin bateragarria ez delako. Gaur egun, Gipuzkoan ez dago hondakin nahikoa PVCa birziklatzeko planta bakar bat egiteko eta, ondorioz, Bartzelonara bidaltzen da. REMAPLASTeko gerenteak uste du PVCa, ontzietan bereziki, desagertzen joango dela. “Merkatuak gero eta gutxiago onartzen du poli(binil kloruro)a. Etorkizuneko plastikoa poli(etilen tereftalato)a, PETa, da: % 100 birziklagarria da, ez du toxinarik sortzen eta errausketarako ona da”. Astero hiru tona hondakin iristen dira fabrikara eta % 75 birziklatzen dute.

BERZIK enpresako Felix Ezkurrak ere baieztatzen duenez, PETa eta polietilenoa errentagarriagoak dira PVCa baino. “PVCaren bizitza-zikloa okerragoa da eta behin prozesua bukatu ondoren ez du dirurik ematen”. Dena dela, badirudi beste plastikoen birziklapenak etorkizuna duela Euskal Herrian. Aurtengo azken hilabeteetarako hiru metro kubikoko 200-300 edukiontzi jarriko dira Donostian. Honela, 2001. urterako Gipuzkoan plastikozko ontzien % 17 jasoko direla uste da. Beste probintzietan ere antzeko sistemak martxan jarriko direla nahi izatekoa da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila