Pootle, itzulpenetan lagun

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

2005az geroztik unibertsitateko ikasleen artean software librearen garapena sustatzeko mundu mailan antolatzen den programa da Google Summer of Code. 2008ko edizioan, besteak beste Julen Ruiz Aizpuru EHUko informatikariari jakinarazi zioten Google Summer of Code-n parte hartzeko aukeratu zuela. Gogotsu eta pozez gainezka jaso zuen berria.
Pootle, itzulpenetan lagun
2009/03/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: N. Rementeria)

Google Summer of Code programan, alde batetik, software libreko proiektuek, eta, bestetik, ikasleek parte hartzen dute. Google-k dirua jartzen du, noski. Programaren bitartez, software librearen inguruko proiektua arrakastaz garatu duen ikasle bakoitzari 4.500 dolarreko saria ematen dio.

Software libreko proiektuen artean, itzulpenak egiteko Pootle sistema hautatu zuen Julen Ruiz Aizpuruk. Pootle erabiliz, programen itzulpenak web bidez eta talde-lana uztartuz egin daitezke. Horrek ez du esan nahi softwareak automatikoki osatzen duenik itzulpena, baina bai itzultzaileari laguntzen dion ingurunea dela.

Horretarako, batetik, egiaztapen edo check batzuk ditu, itzulpenean egiten diren akatsak detektatzeko. Adibidez, jatorrizko testuaren bukaeran puntu bat badago, eta puntu hori jartzea ahazten bazaio erabiltzaileari, Pootle-k puntu hori falta dela abisatzen dio. Era berean, terminologiaren inguruko laguntza eskaintzen du. Esaterako, erabiltzailea web-nabigatzaile bat itzultzen ari denean, weben inguruko terminologia karga dezake, eta, itzultzen ari den bitartean, uneko itzulpen-unitatearekin erlazionatutako hitzak agertuko zaizkio.

Bestalde, zenbait hizkuntzak karaktere nahiko bereziak erabiltzen dituzte, eta karaktere horiek ez daude teklatuan. Pootle-k zuzenean karaktere horietan saguarekin klik egiteko aukerak eskaintzen ditu.

Fitxategiak hizkuntzatan eta proiektutan antolatzen ditu Pootle-k; hizkuntza batek hainbat proiektu izan ditzake, eta proiektu bat hainbat hizkuntzatara egon daiteke esleitua. Fitxategiak editatzeko interfaze sinple eta erabilerraza du, eta, web bidezko tresna bat denez, edozein lekutatik har daiteke parte itzulpen-prozesuan.

-

Hobekuntzak

Hala ere, dena ez da gozoa Pootle-ren baitan, eta badira hobetu beharreko hainbat alderdi eta gehitzea mereziko luketen beste zenbait ezaugarri. Horiek guztiak aztertu ditu, hain zuzen ere, Julen Ruiz Aizpuru EHUko informatikariak Google Summer of Code-n.

Proiektuaren helburua izan da software librea eta lokalizazioa ardatz hartuta Pootle izeneko tresna librean hobekuntzak egitea. Horren barruan, helburu garbi bat izan du: erabiltzailearen esperientzia hobetzea. Horretarako, zenbait hobekuntza proposatu ditu. Batetik, iturburu-hizkuntza alternatiboa gehitu du. Izan ere, itzulpen gehienak ingelesa jatorrizko hizkuntza moduan hartuta egiten dira, eta zenbaitetan jendea ez da itzulpenak egitera animatzen ingelesez ongi ez dakielako. Besteetan, terminologiarekin lotutako zalantzak tarteko, beste hizkuntza batean itzulpena nola egin den ikustea lagungarria da. Izan ere, askotan, programetako mezuetan eta menuetan file, edit, view ... eta horien moduko hitzak azaltzen dira, eta view hitzaren kasuan gertatzen den bezala, ingelesezko hitza soilik izanda, ez dakigu zehatz-mehatz izena edo aditza den, alegia, zer forma den, eta ikusi edo ikuspegi gisa itzuli behar den. Iturburu-hizkuntza alternatiboa gehituta, arazo horiek leundu egiten dira.

Bestalde, zuzenean itzulpen-fitxategian idatzi ordez, gomendioak egiteko aukera dago Pootle-n. Gomendio horiek proiektuaren arduradunek onartu edo baztertzen dituzte. Baina aurretik beste itzultzaile batek ere gomendioa egin badu, zer? Alferrikako lana saihestearren, itzultzaileei gomendioak ikusteko aukera eman die informatikari gipuzkoarrak.

Halaber, bilaketa-funtzioan zenbait hobekuntza txertatu ditu. Egungo bilatzailea nahiko sinplea da, eta ohikoak diren kontzeptuak bilatu nahi izanez gero, hala nola Firefox, emaitza eskasak lortzen dira. Hobekuntza horrek bilaketaren eremua zehaztu ahal izatea ekarriko du, eta pentsatzekoa da emaitzak bistaratzeko moduan ere aldaketak izango direla.

Web bidez itzulpenak egiteko sistema da Pootle.

Azkenik, open-tran integratu du. Dagoeneko eginda dauden itzulpen ugari biltzen dituen webgune bat da open-tran. Itzulpen-memoria erraldoi moduko bat, alegia. Itzulpen-unitate batean, hitz esanguratsuak terminologia lokalean bilatzen dira, ondoren erlazionatutako hitz-zerrenda bat bistaratzeko. Open-tran integratuta, emaitzak zerbitzu horretatik eskuratuko dira.

Hobekuntza horiek guztiak egin zituen Julen Ruiz Aizpuru informatikariak, iazko Google Summer of Code programan eta, bide batez, karrera-amaierako proiektua lantzeko baliogarri izan zituen. Pootle-ren azken bertsioan txertatuta daude aldaketa horiek guztiak (http://librezale.org:8080/).

Julen Ruiz Aizpuru: "Ikaragarria da zuk zeuk egindako lan bat mundu guztiaren eskura dagoela ikustea"
Nola animatu zinen Google Summer of Code-n aurkeztera?
Batez ere, software librearen motibazioarengatik. Ikaragarria da zuk zeuk egindako lan bat mundu guztiaren eskura dagoela ikustea. Niri, behintzat, poz ikaragarria ematen dit horrek.
Nolakoa izaten da hautaketa-prozesua?
Prozesua nahiko luzea izaten da; martxoa inguruan hasi eta irailean amaitzen da. Lehenik eta behin, Software Libreko proiektuen arduradunek euren hautagaitzak aurkezten dituzte, eta Google-k aukeraketa egiten du. Horren ostean, ikasleen txanda da. Proiektuen beharren arabera, ideiak, proposamenak, hobekuntzak eta abar aurkezten dituzte ikasleek. Alegia, ikasleek, gustuko proiektuak identifikatu, eta proiektu-proposamenak idazten dituzte, eta Google-ra bidaltzen dira. Google-ren eta software-proiektuaren arduradunen artean hautatzen dituzte ikasleak. Jarraian, ikasle bakoitzari tutore bat esleitzen zaio. Iazko edizioan ni neu izan nintzen hautagaietako bat, eta oso pozik jaso nuen berria. Indiako tutore bat esleitu zidaten, eta hark lagundu zidan gutxi gorabehera lana eta proposamenak nondik nora bideratu erabakitzen.
(Argazkia: N. Rementeria)
Jarraian, hiru hilabeteko epea ematen dute egindako proposamenak gauzatzeko, eta, horretarako, 500 dolar ematen dituzte, motibazio gisa edo. Proiektua garatu ahala, bi ebaluaketa izaten dira. Lehena uztailaren erdialdean izaten da, eta, lanak itxura ona duela ikusten badute, aurrera jarraitzeko baimena ematen dute. Proiektuak ez baditu eskatutako gutxieneko baldintzak betetzen, programatik kanporatzen dute. Bigarren ebaluaketa, berriz, abuztu erdialdean edo bukaera aldean izaten da. Hori gaindituz gero, 4.500 dolarreko ordainsaria jasotzen da.
Nik, hasieran, Pootle-rentzako zenbait hobekuntza proposatu nituen. Bukaeran, ez nituen horiek guztiak bete. Izan ere, lanarekin aurrera egin ahala, helburuak aldatu egin ziren. Hala ere, nolabaiteko malgutasunez jokatzen dute, betiere hobekuntzak tarteko direnean.
Zaila al da hautatuetako bat izatea? Ikasle asko aurkeztu al zineten?
Oraingo honetan inoiz baino jende gehiago aurkeztu da; mundu osoko gutxi gorabehera 7.100 ikasle, eta horietatik 1.125 hautatu dituzte, ni barne. Egia esan, 2005az geroztik, aurkezten den jende-kopurua nahiz proiektu-kopurua ikaragarri handitzen joan da urtetik urtera. Programa horren lehenengo edizioan gutxi gorabehera 200 ikaslek hartu zuten parte, pentsa!
(Argazkia: N. Rementeria)
Hautatutako proiektu-kopurua ere gorantz doa. Iaz 136 proiektu onartu bazituzten ere, azken edizio honetan 174 proiektuk jaso dute Google-ren oniritzia.
Nolako esperientzia izan da?
Esperientzia oso polita da. Ikaslea baldin bazara eta software librean lan egiteak motibatzen bazaitu, aukera ona da. Gainera, niri, batetik, udan lan moduko bat izateko, eta, bestetik, karrera-amaierako proiektua garatzeko balio izan dit. Dena den, ordu asko sartzen dira. Alde horretatik, esfortzu handia da, eta, beraz, ezinbestekoa da gustuko izatea egiten ari zaren hori.
Segur aski izango duzu bitxikeriaren bat kontatzeko.
Lagunek zertan ari naizen galdetzen didatenean, Google hitza aditu orduko hasten dira zurrumurruak. "Julen Google-n lanean hasi dela..." eta abar; okerragoak ere iritsi izan zaizkit "NASAko ez dakit zer..." eta abar. Ni neu saiatzen naiz lagunartean, familian eta abarretan azaltzen software librearen inguruko proiektu baten inguruan nabilela lanean, eta lan hori ondo eginez gero Google-k ordaindu egingo didala. Baina...
Kortabitarte Egiguren, Irati
3
251
2009
3
033
Softwarea
Artikulua
41
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila