Poliomielitisa: desagertarazi nahi den eritasuna

170 urte lehenago aurkitutako txerto bati esker Osasunerako Munduko Erakundearen (OMEren) gidaritzapean eta nazioarteko lankidetzari esker baztanga eta nafarreria 11 urtean desagertaraztea lortu zen.

Azken bi urteotan mendebaldeko hemisferioan ez da agertu poliomielitisak erasandako gaixorik, eta beste lurraldeei dagokienez, gero eta eremu urriagoetan izaten da. Orain dela gutxi OMEn txertoez arduratzen den H.F. Hull-ek eta laguntzaileek Lancet aldizkarian argitaratutako lan batean, poliomielitisa erabat ezkutarazteko asmoak zertan diren agertzen dituzte eta lan honetan labur azalduko dizkizuet.

1985etik 1992ra bitartean urtebeteko aurrei ATAzko hiru dosi emanda lortu den inmunitate progresioa.

Erradikaziorako oinarri epidemiologikoak

Poliobirusek eragindako infekzio gehienak sintomarik gabekoak izaten dira eta % 1 baino gutxiagotan paralisia agertzen da. Beste eritasun batzuekin nahas daitekeenez, diagnostiko fidagarria lortzeko bide bakarra laborategian eginkaietako birusa atzematea da.

Batipat ume txikietan agertzen den gaixotasuna dugu; kasuen % 70-90 3 urtetik beherakoetan. Urtaroekin zerikusia du eta kasu gehienak udako hilabete bero eta hezeetan izaten dira. Bere inkubazio-denbora 4-35 egunekoa da eta eginkaiak/ahoa bidetik kutsatzen da. Gizakia ez den beste animaliengan ez da birusa agertzen, baina ingurunean 3 hilabetez iraun dezake.

Poliotxertoak

1955ean Salk-en poliotxerto inaktibatua (PTI) sortu zuten eta 1961ean Sabin-en ahozko txerto ahuldua (ATA). Bakoitzak bere abantailak ditu eta biak erabiltzen dira, baina zalantzazkoa da PTIrekin garapen bideko lurraldeetan kutsaketa galaraziko litzatekeenik.

ATAk infekzio naturalaren antza dauka eta liseri-aparatuan inmunitatea sortzen du eta gainera eginkaiak/ahoa bidetik beste pertsonetara ere pasa daiteke. Hala ere, 2.500.000 dosiko kasu batean agertzen den konplikazio bat badu, zeina txertoari lotutako poliomielitisa den.

Herri industrializatuetan ATAzko bizpahiru dosirekin inmunizazio-maila altuak lortzen dira. Lurralde tropikaletan berriz, % 70 eta % 90 bitarteko inmunizazioak izaten dira.

Birusaren transmisioa hobeto galarazten duelako, hartzen erraza eta merkea delako, ATA da OMEk erradikatzeko asmoz aukeratu duen txertoa.

Erradikaziorako estrategiak

Ohizko inmunizazioa

1974an OMEk Inmunizazio-programa bat abiarazi zuenetik, estatu gehienak lotu zaizkio. 1990ean munduan jaiotako haurren % 80k polio, difteria, pertusis, tetano, elgorri eta tuberkulosiaren aurkako oinarrizko inmunizazioa lortu dute. Polioaren birusaren hedapena asko murriztu da eta erradikatzea posible da beste neurri batzuen laguntzaz. Ohizko inmunizazioa erradikaziorako nahikoa ez dela frogatu da, % 90etik gorako inmunizazioa lortu duten estatu batzuetan polioak erasandako kasuak agertu direlako. Arrisku handiena oker edo batere inmunizatugabeko taldeetan dago. Gutxiengo etnikoak, inmigrante ilegalak, gizatalde ibiltariak, jaio eta erregistratu gabeko umeak eta inmunizazioaren aurkako talde erlijiosoak dira arriskutsuenak.

Inmunizaziorako egun nazionalak (IEN)

Lurralde endemikoetan beharrezkoak izango dira zenbait urtez. OMEren aholkua honakoa da: egun horietan 5 urtetik beherako umeek lehendik hartutakoa kontutan hartu gabe ATA txertoaren bi dosi har ditzatela. Txertaketa astebeteko bi epetan egingo da, bi epe horien artean 4-8 asteko tartea utziz. Kanpaina hauek urtaro lehor eta hotzetan egitea komeni da, garraiorako erraztasuna dagoenean eta polioaz kutsatzea zailagoa denean.

Berriz agertutako kasuetarako inmunizazioa

Polioak erasandako gaixoa agertzeak inguruko gizataldean inmunizazio-maila eskasa dagoela adierazten du. Ordurako beste ume batzuk ere kutsatuta egon badaitezke ere, OMEren aholkua inguruan dauden 5 urtetik beherako ume guztiei txertoaren dosi bat ematea da, aurretik hartutako dosiak kontutan hartu gabe. Esandakoa zenbaterainoko eremuan egin behar den erabakitzeko bertako epidemiologia eta eskura dauden bitartekoak kontutan hartuko dira.

Garbiketarako inmunizazioa

IEN kanpainak eginda ere inmunizazio kaxkarrarekin gelditzen diren lekuak ere badira, eta polio kasuak hauetan izaten dira. Umeak osasun-etxeetara eramatea lortzen ez denez, zenbait pertsona prestatzen dira txertoa nola eman behar duten irakatsi eta etxez etxe txertaketak egiteko. OMEren aburuz 5 urtetik beherako ume guztiei hilabeteko tartearekin bi dosi eman behar zaizkie urtaro lehorrak aprobetxatuz.

Polioaren maila 1978tik 1992ra bitartean.

Zaintzeko estrategiak

OMEren arabera “ paralisi flakzidoa duen edozeinek, Guillain-Barré sindromea barne, polioa izan dezake; 5 urtetik beherako umeengan tartean beste arrazoirik ez bada eta poliotzat diagnostikatutako edozein kasu adin guztietan ”. Herrialde bakoitzak bideak zehaztuta eduki behar ditu kasu hauen berri emateko eta egin beharrekoak azkar egiteko: paralisia hasi denetik 7 egun baino lehen aztertzeko, eginkaien laginak 14 egun baino lehen biltzeko eta aztertzeko, eta 60 eguneko jarraipen zehatza egiteko.

Gaur egungo egoera eta 2000 urterako asmoak

Txertoak aurkitu aurretik polioaren bidezko paralisiaren 600.000 kasu agertzen ziren urteko mundu zabalean. Geroztik beherapena etengabea izan da: 15.406 kasu 1992an, hau da, 1988an baino % 52 gutxiago, baina 1991n baino % 8 gehiago. Hala ere, zaintzeko gune asko ez dira tajuzkoak eta 1992an 140.000 kasu inguru izango zirela uste da. Irudiko mapetan agertzen dira 1988ko eta 1992ko polio-kasuen munduko banaketa.

Mendebaldeko hemisferioan azken kasua 1991ean agertu zen Perun. Hegoameriketan oso eraginkorra izan zen garbiketarako inmunizazio kanpaina; batez ere Kolonbian eta Perun. Europan 169 kasu izan ziren 1992an (hauetako 68 inmunizazio-kanpainari muzin egin zion Nederlandeko komunitate erlijioso batean). Afrikan egoera arras ezberdina dute estatu batzuetan eta besteetan. Asian oraindik asko dago egiteko.

Polioa erradikatzeko programak 10 urteko epean 1.000 milioi dolarreko kostua edukiko du eta estatu askok ezin diote dagokion parteari aurre egin. Herrialde garatuek onartu beharra daukate erradikazioa beren onerako ere badela. Dirua behar da langileei soldatak ordaintzeko, irakaskuntzarako, komunikazioetarako, ikerketarako eta laborategi sare bat sortu eta mantentzeko, baina gastuaren % 80tik gora txertoaren 10.000 milioi dosiak ekoizteko beharko da. OMEk eta UNICEFek lantegiak sortu nahi dituzte 14 herrialdetan txertoa bertan ekoiztu eta banatzeko.

Txertoen erdia edo heren bat zenbait arrazoi direla medio alferrik galtzen dela uste da: dosi anitzeko txerto-anpuluak inmunizazio-kanpainen ondoren bukatu gabe botatzen direlako eta 37 °C baino tenperatura altuagoetan txertoak eraginkortasuna gal dezakeelako. 45 °C-tan 7 egunez egonkorra izango litzatekeen txertoa ikertzen ari dira.

Erradikaziorako oztopo dira gerrateak, giza istiluak eta aldaketa ekonomiko eta sozialak ere. Gerran zeuden zenbait lurraldeetan –El Salvadorren adibidez– tregua izenpetu zen txertatze-kanpainak egiteko.

Mundu guztiak bat egiten baldin badu, posible izango da polioa eta ondorioz ager daitekeen paralisia desagertaraztea, eta ondorioz gaur egun bere aurkako txertaketa kanpainetan xahutzen den dirutza beste osasun-zereginetara bideratzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila