Torricellik esan zuen bezala, “aire-itsaso baten hondoan bizi gara” eta edozein arrazoirengatik bat-batean mila aldiz arinagoak izatea eta airea baino pisu txikiagoa edukitzea lortuko bagenu, nahitaez aire-itsaso horren gainazalera atera beharko genuke. Kilometro batzuk gora egingo genuke airearen dentsitatea eta gurea berdindu arte. Orduan, mendi eta haranetatik aske bizitzeko gure amets hori amildu eta erori egingo litzateke, karta-gaztelua jausten den moduan: grabitatearen kateetatik askatu ondoren, izan ere, beste indar batzuen menpe eroriko ginateke, hots, korronte atmosferikoen menpe.
Antzeko egoera azaldu zigun Wells idazle ospetsuak bere zientzi fikzioko ipuin batean. Honek balio izango digu kontatu nahi dizuguna hobeto azaltzeko. Ipuinaren gaia ondokoa da: gizon gizen-gizen batek kiloak edonola galdu nahi zituen eta, dirudienez, kontalariak bazuen horretarako formula miragarria. Lodikoteak errezeta eskatu zion eta, luze gabe, botika hartzeari ekin zion. Halako batean, kontalaria lodikotearen etxe aurretik pasa zen eta bisita egitea otu zitzaion; atea jo eta gertaera benetan harrigarriak ikusi zituen. Halaxe azaldu zuen ikusitakoa Wellsek.
Atea jo eta denbora luzera zabaldu zen. Giltza zerrailaren barruan biratzen entzun nuen eta geroxeago Pyecraft-en (lodikotearen izena horixe baitzen) ahotsa aditu nuen ondokoa esaten: – Aurrera ! Atearen tiragailuari eragin eta ireki egin nuen atea. Nik, normala denez, Pyecraft ikustea espero nuen, baina... han ez zegoen inor! Gela erabat hankaz gora zegoen: platerak, handiak nahiz txikiak, liburu eta idazteko tresnekin nahasturik zeuden; aulki batzuk lurretik botata, baina Pyecraft ez zegoen! – Hemen nago! Itxi atea! —esan zuen bere ahotsak—. Eta orduan aurkitu nuen: goiko erlaitzean bertan zegoen, atearen ondoan, bazterrean, baten batek sabaiaren kontra itsatsi izan balu bezala. Bere aurpegia goibel-goibel zegoen eta izua islatzen zuen. – Zerbait lasaitzen bada, Pyecraft, seko erori eta kokota apurtuko zaizu! —esan nuen nik—. Horrelako gimnasia ez da zure adin eta gorpuzkerarako. Baina, nola arraio zaude horra lotuta? Aldiune horretan ez zegoela lotuta eta han goian gasez betetako puxika baten antzera flotatzen ari zela ohartu nintzen. Pyecraftek sabaiatik askatzeko eta hormatik arrastaka nigana hurbiltzeko ahaleginak egin zituen. Koadro baten markoari heldu zion, baina lasaitzen hasi eta berriro igo zen sabairantz. Goia jo zuen eta orduan bere gorputzeko kanpoalde osoa kareaz zikinduta zuela ikusi nuen. Arreta handiagoz oraingoan, berriro tximiniaren bidez jaisten saiatu zen. – Botika hori gogorregia da —marmara esan zuen—. Nire pisu ia osoa galdu dut. Orduan ikusi nuen den-dena argi eta garbi. – Pyecraft ! —esan nion—. Zuk argaltzeko botika bat behar zenuen, baina beti zure pisuari buruz hitz egiten ari zinenez... Zaude pixka batean eta lagunduko zaitut. Eta gizagaixoaren eskutik tira eginez, beherantz ekarri nuen. Gelatik dantzan hasi zen nonbait eutsi nahian. Benetan bitxia zen hura! Haize handia dabilen egun batean bela bati eutsi nahi izan banio bezala sentitu nintzen. – Mahai hori —esan zuen Pyecraftek, horrenbeste dantzaz nekatuta— oso gogorra da eta pisu handia du. Bere azpian sartzea lortuko bagenu.... Horixe egin nuen, baina han ere globo gatibu baten antzera mugitzen zen. Ez zen geldirik egoten, ezta aldiune bat ere. – Gauza bat argi dago —esan nion orduan— ez duzu kalera irten behar, gero eta gorago joatea nahi ez baduzu. Egoera berrira egokitu behar zuela eta sabaitik eskuez lagunduta ibiltzera erraz ohituko zela adierazi nion. – Ezin dut lorik egin, ordea —kexatu zen bera. Koltxoi samur batez somierrean lotu zitekeela esan nion, xigola batzuen bidez arropak, maindireak eta mantak koltxoian iltzatuko genituela. Eskailera bat jarri genuen gelan eta janariak liburutegiaren gainean ipini. Nahi zuen guztietan lurrera jaisteko sistema bat ere asmatu genuen. Apalategi baten goiko apalean Entziklopedia Britanikoa jarri genuen. Lodikoteak berehala ale pare bat hartu zuen eta, horiek eskuan zituela, beheraino etorri zen. Bi egun egin nituen bere etxean, mailua eta gibeleta eskuan, tramankulu berezi batzuk eginez: txirrinari hedu ahal izateko kablea eta antzekoak. Halako batean, tximiniaren ondoan eserita nengoelarik bera bere txoko kuttunean, erlaitzaren ondoan, alfonbra turko bat sabaian iltzatzen ari zen bitartean, ideia bat etorri zitzaidan burura: – Aizu, Peycraft! —ohiu egin nuen—. Hau guztia alferrikakoa da! Jar ezazu zure arropetan berunezko forru bat eta kitto! Pyecraftek ia negar egin zuen pozaren pozaz. – Berunezko xafla batzuk erosi eta jantzien barruan josi itzazu —esan nion—. Berunezko zola duten oinetakoak erabili; eraman ezazu eskuan berunezko maleta bat eta aurrera! Hemen gatibu egoteari amaiera jarriko diozu, kanpora irten ahal izango duzu! Eta gainera, ez duzu naufragioekiko beldurrik izango batere, inoiz gertatuko balitzaizu horrelakorik, berun-puxkak askatu eta hegan atera ahal izango duzu onik! |
Orain arte azaldutako guztiak fisikaren legeekin bat datorrela dirudi. Hala ere, ipuinaren zenbait pasartetan gure desadostasuna azaldu behar dugu. Eta hauxe da ados ez egotearen arrazoi nagusia: lodikoteak bere pisu guztia galduko balu ere, ez litzateke airetik altxatuko.
Halaxe da, izan ere, Arkimedesen printzipioaren arabera. Pyecraft igoko litzateke sabairaino bere arropa guztien pisua eta poltsikoetan zuenarena bere gorputza biribilak desplazatzen duen airearen bolumenarena baino txikiagoa balitz. Giza gorputzak mugiarazten duen airearen pisua zein den kalkulatzea ez da batere zaila; gure pisua bolumen bereko ur-masaren antzekoa dela baino ez dugu gogoratu behar. Har dezagun, esate erraz baterako, 60 kiloko lagun bat eta, beraz, bere bolumenari dagokion urak pisu bera izango du. Alabaina, gu inguratzen gaituen airearen dentsitatea urarena baino 770 aldiz arinagoa da; beraz, gorputzak desplazatzen duen airearen pisua 80 gramokoa da, gutxi gora-behera.
Horregatik, nahiz eta Pyecraften pisua 100 kilokoa izan, desplazatzen duen airearen pisua 130 gramokoa izango litzateke gehienez ere. Pyecraften jantzien eta ordulariaren zein poltsikoetan zituen gauza guztien pisua 130 gramo baino handiagoa ez al zen izango? Horixe baietz. Beraz, lodikoteak lurrean segituko luke eta, egoera oso egonkorra izango ez bazen ere, ez litzateke sabairaino igoko “puxika gatibuaren” antzera.
Hegan egin ahal izateko, erabat biluzik egon beharko luke. Jantzita egonez gero, ordea, globo saltokari batera lotuta dagoen panpinaren antzera jokatuko luke; esfortzu txiki batez edo jauzi xinple batez izugarrizko altuera hartuko luke eta gero, haizerik ibiliko ez balitz, noski, poliki-poliki jaisten hasiko litzateke. Beraz, Wells zalantzarik gabe saritu eta txalotu behar badugu, bere literatur bertuteengatik da, inolaz ere ez fisikari buruz erakutsi zigunagatik.