Pinu-beldarra deritzon intsektu txiki hau eta suteak dira gure Administrazioak azken hamarkadetan bultzatutako pinu-hazkuntzak dituen bi etsai handienak. Pinudietako lepidoptero honen beldarra aski ezaguna da pinu-azikulak jan eta defoliazio handiak sortzen dituelako.
Thaumetopoea pityocampa, prozesionari edo pinu-beldarra, lepidoptero gautar mediterranearra da, Europako erdialderaino heltzen bada ere. Tximeletak, 31-39 mm-ko hegal-zabalera dauka, kolore gris edo zuriska ageri duelarik. Emea, abdomenaren muturrean urre-koloreko ezkatak dituelako bereizten da, eta arra, orrazi-itxurako antena lodiak dituelako.
Udan, uztail/abuztuko gauetan, tximeletak lurpetik gainazalera ateratzen dira kopetaldean kokatutako “canthus” izeneko konkorraz lagunduta. Kanpora irten ondoren, hegalak zabaldu eta hegaz abiatzen dira ugalkide bila. Esan beharra dago tximeletak bizi direneko egunetan ez dutela jaten. Izan ere, ez baitute tronpa edo barailarik.
Tximeleta emeak, feromona sexualak jariatzen dituen guruin abdominala kanporatzen du arrak erakartzeko, eta bikoteak elkartu eta kopulatu ondoren, arra hil egiten da. Emea berriz, pixka bat gehiago biziko da, pinu baten hostoetan kolore txuri-gorrixkako 120-300 arrautza jarriko dituelarik.
Handik 30-40 egunera, taldekide diren beldarrak jaioko dira, segidan pinu-orratzez elikatzen hasiko direlarik. Jaiotzetik tximeleta bihurtu arte, beldar hauek bost garapen fase edo estadio ezberdinetatik pasatuko dira, eta bakoitzean kanpoko kutikula edo estalkia aldatu beharko dute tamainaz handiagotu ahal izateko. Bigarren estadiotik aurrera, beldarrak ile hori eta laranja-kolorez osatutako sistema erresumingarria garatzen dute defentsarako, inguratuz gero pertsonen begi, larruazal eta arnasbidean erreakzioa sor dezaketelarik.
Beldar-kolonia garatzeko, hogei gradu zentigraduko tenperatura da egokiena, eta babestu, atseden hartu, eta tenperatura-aldaketak konpentsatzeko, beldarren habia zuri ezagun horiek egiten dituzte. Dena den, -15 ¾C inguruko tenperaturaz hotzez hil daitezke, eta 32 ¾C-tik gorako beroek ere kolonia suntsitu egiten dute.
Beldarrak habiatik atera eta pinutik pinura jatera abiatzen direnean errenkadan edo prozesioan ibiltzen direnez, prozesionari izenez ezagutzen dira. Prozesioko beldarrak, habiara itzultzeko bidea izango den zetazko hari bat sortu eta lurrean itsasten dute, eta hari hori kentzen bada, prozesioak noraezean segituko du, agian beldarrak hil arte.
Beldarrek, negu guztia pasatuko dute pinu-azikulak jaten, eta martxo alderako, tximeleta bihurtzeko prest egongo dira. Martxoaren erdialdera edo apirilean azkeneko prozesioa izango da eta beldarrak gustuko tokira heltzen direnean, pilatu eta denak batera mugituz lurperatu egingo dira. Lurpean direlarik, beldar bakoitza banandu eta krisalida bihurtuko da.
Krisalida garatzeko, hiru hilabete eta bost urte bitarteko denboraldia pasa daiteke, tartean diapausa delakoa izaten delarik.
Diapausa izeneko garai honetan ez da garapenik izaten, eta hori oso sistema garrantzitsua izaten da tximeleten kanporatzea udako tenperatura egokiena heldu arte gerta ez dadin. Beste batzuetan, pinudi batean defoliazio handia eragin dutenean, beldarrak lurperatu eta diapausa-fase honetan urte batzuetan egoten dira, pinudiari indarberritzeko denbora eman eta koloniaren garapenerako janaria segurtatu egiten delarik.
Lehenengo eta behin, esan beharra dago beldarrek jandako pinu-azikulengatik pinuak nekez hiltzen direla. Gertatzen dena honakoa da: batetik pinuaren produkzioa jaitsi egiten dela (fotosintesiarako berriro ere hostoak garatu behar dituelako) eta bestetik, beldarren eraginez ahuldutako pinua beste izurrite batzuei aurre egiteko ahulago egoten dela. Beraz, beldarrek defoliatu eta ahuldutako pinuak ez du erresistentziarik izango zulatzaile edo antzeko beste intsektu batzuen kontra, eta pinua errazago ihartuko da.
Beldarren aurkako tratamendu kimikoa berriz, diru asko kostatzen da, eta ondorioz, pinu-hazkuntzen errentagarritasuna jaitsi egiten da. Euskal Herriko Komunitate Autonomoan koniferoek 200.000 hektarea baino gehiago estaltzen dituztela eta ugariena beldarraren hain gustukoa den Pinus radiata espeziea dela kontutan hartuta, beldar-izurritearen tratamendu kimikoan milioika pezeta gastatzen dira. Izan ere, hektarea bakoitzeko tratamendu kimikoaren kostua 2.500 pezeta ingurukoa baita.
Azkenik, esan beharra dago Euskal Herriko mendiak pinudietan beldar-izurritea gerta dadin egokiak direla (tenperatura epelak eta pinudi-dentsitate handia dagoelako). Gure mendietako espezie bakarreko pinudiak ez dira baso mistoak bezain erresistenteak beldar-izurriteei kontra egiteko. Izan ere baso mistoetan, intsektuak kaltetu ezin ditzakeen zuhaitzak traba mekanikoak dira, harrapakari eta bizkarroiak ezberdinagoak eta ugariagoak dira eta baso monoespezifikoetan elikagai homogenoaren ugaritasunak aukera bikaina eskaintzen die beldarrei izurrite bihurtzeko.
Beldar-populazioak infestazio-maila baxuetan mantentzeko zenbait metodo dago. Hona hemen ezagunenak:
Tratamendu kimikoak
Gaur egun talde nagusi bi daude: garapenaren inhibitzaileak eta intsektizida mikrobiologikoak.
Habiak moztea eta deuseztatzea
Hauxe da pinu-beldarraren aurkako borroka klasikoa. Erraza da pinudi gazteetan, eta basozainei hau gomendatzen zaie. Habiak, abendutik aurrera banan-banan guraize luze batzuekin moztu eta erre egingo dira, eta lanak beldarra udaberrian lurperatu baino lehen amaitu beharko dira.
Beldarren ile erresumingarriak direla eta, lana betaurrekoez, eskularruez eta haizeak atzetik jotzen duelarik egitea gomendatzen da.
Tiroka ere habiak moztu daitezke zuhaitz handiagoetan, baina garestia izateaz gain adar asko txikitzen da.
Feromonazko tranpak
1981.ean pinu-beldar emearen feromona sexualaren sintesia lortu eta ondoren arrak harrapatzeko tranpa asmatu zen. Tranpa hauek, izurritea kontrolatzeko baino gehiago izurritea zein mailatan dagoen ikusteko erabiltzen dira, eta ekainaren erdialdetik aurrera pinu-adarretan tranpak jarriz, emaitza onak lortzen dira arrak harrapatuz.
Tranpa hauen funtzionamendua oso sinplea da: plastikozko poltsa batean arrak erakartzeko feromona jartzen da, eta hauek goian kokatutako zirrikitu batetik sartzen dira emearen bila, gero ateratzen asmatzen ez dutelarik. Hauetako tranpa batzu jarriz, tximeletak lurpetik noiz eta zenbat ateratzen diren jakin dezakegu, ondoren beste kontrol-teknika batzuk erabiltzearren.
Borroka biologikoa
Beldarren ile erresumingarriak direla eta, jan dezakeen etsai edo harraparirik ez duela pentsa liteke. Baina beldar, krisalida eta arrautzen gaixotasunak eta bizkarroiak izan, badira, eta harrapariak ere bai. Azken hauetako garrantzitsuenak kukua, argi-oilarra, kaskabeltzak eta inurri gorriak dira.
Saguzarrak bestalde, lurpetik ateratzen diren tximeleten etsai handiak dira. Guzti hauek, beraz, pinu-beldarraren eta beste izurriteen aurkako borrokan laguntza ezin hobea eskaintzen digute. Gure aldetik, habiatarako kutxak jar ditzakegu pinudian, kaskabeltz eta beste intsektujale gehiago edukitzearren. Kutxa berdinetan goialdean sare metalikoa jarriz, tximeleten etsai bikain diren saguzarrak ere eduki ditzakegu.
Formica generoko inurri gorriek ere, izurrite askori borroka egiten diote, beren lurraldea erabat garbituz, eta inurritegiak ezarrita emaitza onak eduki daitezke.
Izurritea ez da inoiz bapatean sortzen. Hasieran, isolaturik dauden pinuek eta basoaren ertzekoek habiaren bat izango dute. Pixkanaka, baso guztian habiak agertzen joango dira eta bi-lau urtean, pinudi-ertzeko zuhaitz batzuk defoliaturik agertuko dira. Azkenean, 6-8 urtean defoliazioa erabatekoa izan daiteke.
Beraz, gauza onena guraizeak hartu eta lehenengo habia horiek deuseztatzea da. Feromonazko tranpa eta intsektiboroen laguntzarekin batera, izurritea kontrola daiteke. Hasieran kontrolatzen ez badugu ordea, pinudi osoa beldarrez bete daiteke, defoliazioa eragingo duelarik. Hori gertatzen ari dela tratamendu kimikoa erabil daiteke, baina infestazio-maila oso handia denean, bazkarik gabe gelditu eta beldarrak gosez hilko dira edo garai hobea etorri zain lurperatu egingo dira. Horregatik, pozoia erabiltzeak ez du gehiegi laguntzen, beste harrapariak ere urritu egingo ditugulako, eta diapausa ondoren pinudiak babesik izango ez duelako.
Ikusi dugunez, pinudiak pixka bat zaindu egin behar dira horrelako izurriteek kaltetu ez ditzaten, eta hasieratik ekinda, erraz manten daitezke beldarrak arriskurik ez duten mailetan.
Ekin lehenbailehen!