Pilularik ez minbiziarentzat

“Orain arte egin dena laborategietan egin da eta arratoiekin bakarrik esperimentatu da, eta arratoiak ez dira gizakiak. Oraindik ikusteke dago, beraz, produktua benetan hain sinplea eta eraginkorra den.½

Pilulez eta laborategietako ikerketa-alorraz ezer gutxi daki Jesus Mari Karrerak; minbiziaz, ordea, bai badaki. Izan ere, Ospital Onkologikoan 22 urte daramatza lanean eta denbora horretan denetarik ezagutzeko aukera izan du oriotar honek. Premiarik larriena bertan izanik, pentsa zitekeen mirakuluzko botika-koktelaren berriak Onkologikoa moduko tokietan sortuko zuela zalapartarik. Jesus Mari Karrerak dioenez, ordea, errealitatea oso bestelakoa izan da, “sarri-askotan ateratzen baitira antzeko berriak”.

Angiogenesiaren inguruko ikerketa hauek aspalditik ezagutzen baitira, eta teoriak badu bere logika. Tumoreak, garatzen hasten denean, elikagaiak eskuratu behar ditu eta hori bi eratara egiten du: batetik, sendotuz eta areagotuz; bestetik, zain berriak sortuz.

Jesus Mari Karrerak dioenez, prenbentzio-lanak du garrantzi handiena minbiziaren aurrean.
B. Kortabarria

Angiogenesiaren oinarrian bigarrena dago, hau da, zain berriak sortzeko gaitasuna eragoztea da bere egitekoa. Atera berri diren produktuek angiostatina eta endostatina, biak sometostatinaren azpi-produktuak, itxuraz badute zain berriak sortzeko gaitasuna eragozteko ahalmena. Jesus Mari Karrerak, hala ere, zuhurtasun handiz irakurri du berria.

“Tumoreei erasotzeko bide desberdinei jarraitu zaie orain arte: kirurgiari (tumoreak ebakiz), erradioterapiari (gune jakin bateko zelula txarren hazkundea oztopatuz) eta kimioterapiari (zelula txarren hazkundea oztopatuz). Usuenak diren bide horiei laguntzeko, beste batzuen artean, hormonoterapia eta inmunoterapia leudeke. Eta hauek dira orain arte onartu eta egiaztatu diren bideak.

Angiogenesiak tumoreak desagertarazteko benetako gaitasuna balu, gutxienez bi abantaila ekarriko lituzke: ez legoke ebakuntzarik, ezta toxikaziorik ere”.

Dena den, oriotarraren ustez, berria benetakoa izatetik urrun samar dago oraindik.

“Beno, kontuan hartu behar da orain arte egin dena laborategietan baino ez dela egin, eta alde horretatik farmako esperimentalak direla. Gainera, orain arte arratoietan bakarrik erabili da, eta arratoiak ez dira gizakiak. Produktua benetan hain sinplea eta hain eraginkorra den edo ez ikusteke dago oraindik”.

Jesus Mari Karrerak ez du ikerketa irakurri, egunkarietan agertu dena bakarrik ezagutzen du; eta irakurritakoak ez dio sinesgarritasun handiegirik ematen.

“Sinpleegia iruditzen zait. 10 arratoiri eragin handiko produktu hori sartu diote, beste 10i suero fisiologikoa (ura gatzarekin); ez zaio gaitzari maila berean erasotu, eta teknikoki hori ez da serioa. Gainera, lagin-kopurua txikia da oso, 10 arratoi oso gutxi dira. Ez da aipatzen zein tumore-mota sartu zaien arratoi horiei, ezta zenbateraino desagertu zaien ere,… eta ezin da jakin gizakiengan zein eragin izango duen”.

Zoritxarrez —berak dioen bezala— mesfidantzaz begiratzen dio Jesus Mari Karrerak berriari eta zuhurtasunez jokatzea gomendatzen du.

“Hainbeste jende sufritzen ari denean, eta esan dena egia den edo ez ikusteko oraindik urte asko behar direnean, albistea horrela ematea ez da etikoa. Itxaron beharra dago eta horrelako berriak zuhurtasunez hartzea komeni da. Ikerketak, berez, ez dirudi lekuz kanpo dagoenik, baina oraindik zalantza gehiegi daude horrela bat-batean botatzeko. Zoritxarrez ez dut uste epe motzera lan barik geratuko garenik, tumoreetaz ez dakiguna dakiguna baino gehiago delako. Azken 10 urteetan hasi dira zelularen egitura zehatzetara iristen, lehen urratsak ematen. Minbizia gaitz gogorra da, zaila eta konplikatua, gehiegizkoa bat-batean ateratako bi botikekin konpontzeko. Garrantzitsua da tumorea sortzen denerako tratamendua izatea, baina garrantzitsuagoa da gaixotasuna bera desagertaraztea prebentzioan lan eginez”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila