Paridoak. Gure basoetako biztale txikiak

Euskal Herrian, paridae familia bost espeziek osatzen dute: Kaskabeltz handiak, pinu-kaskabeltzak, kaskabeltz txikiak, amilotx urdinak eta amilotx mottodunak. Beraien artean, kaskabeltz handia da ezagunena eta ugariena gure herrialdean.
Mendian eta herri barruan ikus dezakezu kaskabeltz handia; batzuetan gizaki artean bizi bait da.
J.R. Aihartza

Hegazti-familia honetakoak intsektu-arrautzez, larbez, linfez eta intsektuez elikatzen dira. Baserri eta oihaneko intsektu-izurriaren aurka laguntzen digute eta haziak eta fruitu batzuk ere jaten dituzte.

Paridoen familiakoak bai baso hostoerorkorretan eta bai konifero-basoetan ikus ditzakegu.

Euskal Herrian, paridae familia bost espeziek osatzen dute: Kaskabeltz handiak ( Parus major ), pinu-kaskabeltzak ( Parus ater ), kaskabeltz txikiak ( Parus palustris ), amilotx urdinak ( Parus caeruelus ) eta amilotx mottodunak ( Parus cristatus ).

Beraien artean, kaskabeltz handia ( Parus major 13 cm ) da ezagunena eta ugariena gure herrialdean. Bere burua eta lepoa beltz distiratsuak dira. Masailak, aitzitik, zuriak ditu. Samatik hanketaraino daukaten zerrenda beltzagatik bereizten dira arra eta emea. Arren zerrenda emeena baino bizi eta zabalagoa da. Gazteak berriz, ezin dira bereizi. Sabela horia, sorbalda oliba-berdea eta isatsa grisa eta zuria edukitzea dira kaskabeltz handiaren gainerako ezaugarriak.

Kaskabeltz handia da, hegazti-familia honetan, ezagunena eta ugariena gure herrialdean.
J.R. Aihartza

Bai mendian, bai herri barruan ikus dezakezu hegazti hau; batzuetan gizaki artean bizi bait da. Gure zuhaitz edo hormetako edozein zulotan erruten du, urtero goroldioz, belarrez, ilez, lumaz egiten duen habian. Arrautza asko erruten du (8-13, baina 20 ere izan daitezke). Zuriak dira, orban txiki gorriekin.

13-14 egunez luzatzen den txitaldian zehar, emeak arrautzak berotu bitartean arrak elikatzen du. Jaio eta hiru aste geroago, kumeek habiatik alde egingo dute eta batera segituko dute bi edo lau aste geroago independentzia lortu arte. Elikagaiak, %80 intsektuak eta beren larbak dira (pinu-beldarra adibidez) eta gainerakoan hazietan eta fruta helduetara sartu diren har edo eulien arrautzak jaten ditu. Batzuetan, janariaren eta eguraldiaren arabera, bi txitaldi egin ditzake. Europa osoan, Asian eta Afrikako iparraldean erruten du. Gure lurraldeetan, geldikorra da.

Pinu-kaskabeltzak burua beltza du eta masailak zuriak. Baina, garondoan duen orban zuria da ondo bereizteko garrantzitsuena.
J.R. Aihartza

Pinu-kaskabeltza ( Parus ater , 11,5 cm.), familiako beste guztiak bezala, baso hostoerorkorretan eta batez ere konifero-basoetan aurki daiteke.

Burua beltza du eta masailak zuriak. Baina, garondoan duen orban zuria da ondo bereizteko garrantzitsuena. Emea eta arra ia berdinak dira. Kumeak, aldiz, lumaje makalagoa du helduak baino.

Oro har, zuhaitzetako zuloetan egiten du habia. Martxoan habia non jarri bilatzen hasten da emea. Maiatzaren hasieran, emeak 7-10 arrautza erruten ditu 14-18 egunez. Kumeak zuriak dira mutur batean bilduta egon ohi diren puntuz. Kumeek 16-19 egun egin ondoren alde egingo dute habiatik. Parus ater -ak funtsean intsektuz elikatzen dira: koleoptero eta berauen larbez, dipteroez, lepidopteroen arrautza eta larbez, eta abarrez. Haziak (koniferoenak) eta basoko fruituak ere jaten ditu.

Pinu-kaskabeltza, familiako beste guztiak bezala, baso hostoerorkorretan eta batez ere konifero-basoetan aurki daiteke.
J. R. Aihartza

Gure artean urte osoan egoten denez, geldikorra da. Beste parido batzuk bezala, umaldian ezik taldekoia da. Bestalde Afrikako iparmendebaldean, Asiako ekialdean eta ia Europa osoan aurki daiteke.

Kaskabeltz txikia ( Parus palustris 11,5 cm.), nahiz eta baso hostoerorkorra nahiago izan, konifero-basoetan ere aurki daiteke. Burua beltza eta masailak zuriak ditu. Bizkarraldea, grisa da. Hala ere, pinu-kaskabeltzengandik garondoko orban zuririk ez daukalako bereizten da.

Zuhaitz-zulogunetan egiten du habia kaskabeltz txikiak.
J. C. Muñoz

Zuhaitz-zulogunetan egiten du habia. Normalean apirilaren amaieran arrautza asko (7-9) ipin ditzake. Arrautzak zuriak eta distiratsuak dira. Emeak 13-17 egunez erruten ditu eta kumeen gainean 10 egun gehiagotan egongo da. Hiru aste igaro ondoren habia utzi eta astebete geroago independentzia lortuko dute.

Nahiz udan, nahiz neguan beste paridoekin talde mistoak egin ohi ditu, baina normalean ez da hain elkarkoia eta bere umatze-leku barruan egoten da.

Burua beltza, masailak zuriak eta bizkarraldea grisa ditu kaskabeltz txikiak.
A. Galarza

Kaskabeltz txikia Europa epeleko espezie ezagunena da. Atlantiar Ozeanotik Ural mendietaraino eta Asian, Kaukasotik Japoniaraino dago. Euskal Herri osoan aurki daiteke, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ezik.

Amilotx urdinak ( Parus caeruleus ), 11-12 cm-ko taila du. Kontutan hartu behar da aurpegi zurian begietan zehar mozorro bezalako zerrenda daramala. Eztarri aldea ere beltza da. Gainetik lumaje berde-urdintsua du eta azpitik paparo aldea horia eta sabela zuriska.

Batzuetan amilotx urdina konifero-basoetan aurkitu arren, normalean baso hostoerorkorretan bizi da. Beste paridoek bezala, apirilaren azken egunetan zuhaitz-zulogunetan, hormetan, ugalketarako kaxetan eta horrelako lekuetan egiten du habia. Umaldian 7-9 arrautza izango ditu eta batzuetan 15 izateraino helduko da (eme bik habia berean erruten dutenean). Inkubazioa emeak egiten du gutxi gorabehera 14 egunetan zehar, habian 16-22 egunez egoten den arren. Bestalde, elikagai asko ditu. Intsektu asko ere asko jaten ditu. Zuhaitzetako adar, orri eta azaletan zehar ibiltzen da landare-zorriak eta beldarrak bilatuz. Udazken-neguetan hazi eta fruitu desberdinak mokokatzen ditu. Parus caeruleus Europa osoan ugaltzen da, Eskandinaviako iparraldean eta Islandian salbu.

Elikagai asko ditu amilotx urdinak. Intsektu asko ere asko jaten ditu.
Diaz

Amilotx mottodunak ( Parus cristatus ), 11,5 cm-ko luzera du. Bere berezitasunik garrantzitsuena, izena ematen dion motto beltza eta zuria edukitzea da. Parus cristatus funtsean koniferoetako espeziea da, baina harizti, gaztainadi eta urkidietan ere topa daiteke. Izakeraz konfidantza handikoa denez, erraza da bere etengabeko ibileretan ikustea.

Amilotx mottodunaren berezitasunik garrantzitsuena, izena ematen dion motto beltza eta zuria edukitzea da.
J.R. Aihartza

Urtero, umatze-leku berera abiatzen da. Normalean zuhaitz iharren zuloetan egiten du habia. Udaberrian, 5-8 arrautza zuri ipintzen ditu. 13-14 egunez emeak arrautzak erruten dituen bitartean, arrak elikatzen du. Kumeak, eklosio ondoren 6-7 egunez egongo dira habian eta hiru aste igarota alde egingo dute habiatik.

Hegazti txiki honek, beste paridoek bezala, lan garrantzitsua egiten du gure basoetako intsektu-izurriari aurka egiteko. Intsektujalea da eta batez ere pinu-beldarrez elikatzen da. Geldikorra den arren, udazken-neguetan basoetatik irten egiten da. Neguan, beste hegazti txikiekin (erregetxoekin, gerri-txoriekin) elkartzen da janaria basoetan bilatzeko.

Amilotx mottodunak, beste paridoek bezala, lan garrantzitsua egiten du gure basoetako intsektu-izurriari aurka egiteko.
J.R. Aihartza

Amilotx mottoduna ia Europa osoan bizi da: Iberiar Penintsulatik Ural mendietaraino eta Mediterraniotik Eskandinaviaraino. Italian ez dago eta Britainia Haundian Eskozian soilik aurki daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila