Aerovision Vehiculos Aereos S.L. enpresa berriki sortu da, eta gidaririk gabeko eta kostu txikiko plataforma hegalariak diseinatu, ekoitzi eta merkaturatzen ditu. Aerovisionen lehen produktua FULMAR plataforma hegalaria izan da. FULMAR sistemaren osagai nagusiak hauek dira: gidaririk gabeko hegalari txiki bat, aireratzen lagunduko duen sistema bat eta lurrean ezartzen den kontrol-estazio bat.
Duela hilabete batzuk, enpresa gipuzkoarrak arrakastaz gauzatu zuen gidaririk gabeko FULMAR hegazkinaren erakustaldia Caceresen. Espainian lehenengo aldiz, arrakastatsua izan zen mota horretako hegaldi bat.
Ordu eta erdi iraun zuen hegaldi automatikoan, 160 km baino gehiagoko ibilbidea egin zuen, eta lurraren hainbat irudi jaso zituen, erakustaldi hartara hurbildu ziren pertsonen eskaerei erantzunez. Hegazkina katapulta batetik aireratu zuten, eta ondoren sare batean jaso zuten. Hegaldiaren helburua zen aztertzea hegazkina egokia den edo ez baso-suteen jarraipenean eta kontrolean laguntza-sistema gisa erabiltzeko.
Hain zuzen ere, enpresaren asmoa da hegazkin hori aireko monitorizazio- eta zaintza-aplikazioetan erabiltzea, hala nola suteei aurrea hartzeko, trafikoa monitorizatzeko, azterketa atmosferikoa eta poluitzaile kimikoen detekzioa egiteko, arrantza-tokien azterketa egiteko, azpiegitura handietako ingurua zaintzeko eta abarretarako. Horretarako, hegazkinak tripode bat du instalatuta, eta tripode horretan hainbat kamera jar daitezke. Oinarrizko ereduak eguneko argia erabiltzen duen kamera arrunt bat soilik darama, baina, maiz, argi infragorria erabiltzen duen kamera osagarri bat ere ezartzen zaio.
Kameren seinaleak denbora errealean jaso daitezke kontrol-estazioan irrati-uhinen bidez. Kontrol-estazio horretatik, halaber, hegazkinaren barruan dagoen kameraren mugimenduak eta zoomak kontrola daitezke. Kamera hori egonkorra da; nahiz eta hegazkina mugitu, geldi mantentzen da, eta irudi geldiak eskaintzen ditu. Gainera, irrati-uhinen bidez agindua eman eta agindutako tokira begiratzen du, edonon dagoela ere.
Erakustaldian 160 km egin bazituen ere, gidaririk gabeko plataforma hegalari txiki horrek 800 km egin ditzake 8 orduan, programatutako hegaldi autonomoan, GPS nabigazio-sistemaren bidez. Hori bai, gehienez ere 50 km aldendu daiteke kontrol-estaziotik. Kontsumo txikiko sistema da eta autonomia handia du. Gainera, oso azkar nahiz oso motel egin dezake hegan, hegazkinaren diseinu-egiturari esker; hau da, abiadura-tarte handian hegan egin lezake. Horrez gainera, oso denbora gutxian altuera handi samarra hartzeko gai da, eta horrek aukera ematen dio bidean aurkitzen duen edozein oztopo, besteak beste mendi-tontorrak, arazorik gabe gainditzeko. Hegazkinaren aireratzea, ibilbidea eta lurreratzea automatikoak dira. Alegia, kontrol-estaziotik programatu daitezke. Maneiatzeko erraza da FULMAR sistema.
Hegazkinaren diseinua eta maneiua aztertu ondoren, ezin aipatu gabe utzi haren egituraren arintasuna. Paperezko hegazkinek baino 'zertxobait' gehiago pisatzen du, bai, baina benetako hegazkinekin alderatuta deus ez. Hegazkinak gehienez 20 kg izan ditzake aireratzean, eta horietatik 8 kg har ditzakete erregaiak eta kamerek. Zalantzarik gabe, hegazkinaren egitura bera oso arina da, beraz. Arintasun hori lortzeko, hegazkina nagusiki material konpositez egina dago, hala nola karbono-zuntzez eta kevlarrez (besteak beste, balen aurkako txalekoetan erabiltzen den materiala). Arinak izateaz gain, material horiek oso gogorrak dira; gainera, hegazkinak istripurik izanez gero, ez du eztanda egiten.
Lehenengo erakustaldi hartan ez zen istripurik ez bestelako ezustekorik gertatu. Ondorioz, ikertzaileen ustean, etorkizunean orain arteko baliabide garestiagoen, hala nola helikopteroen nahiz hegazkinen, osagarri, eta zenbait kasutan ordezko izan liteke FULMAR sistema, besteak beste, suteen jarraipena egiteko.