Paleolitoari buruzko kontaeretan, gizonak izan dira protagonista nagusi eta ia bakar. Haurrak, emakumeak, adinekoak edo gaixoak ez dira aipatu, ez bada aztarna oso nabarmenen bat aurkitu dutelako. Azken urteotan, ordea, metodologia eta ikuspegi berriek agerian jarri dute isildutako kide horiek ere parte hartzen zutela taldeko jardueretan. Adibidez, orduko haurrek, gaurkoek bezala, tresnak lantzen ikasten zutela eta margotu egiten zutela baieztatu dute Francesca Romagnoli eta Verónica Fernández Navarro arkeologoek.
Paleolitoa gizateriaren historiaren aldi luzeena da. “Homo generoko lehen espeziea azaltzen denean hasten dela esaten dugu, hau da, duela 2,5 milioi urte”, azaldu du Francesca Romagnolik, Historiaurrean eta Kuaternarioan doktorea da, eta ikertzailea eta irakaslea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. “Jakina, denbora-tarte horretan era askotako taldeak bizi izan ziren, askotariko kultura, antolamendu, portaera eta teknologiekin. Hala ere, denek dute elementu bat berdina, eta da komunitate guztiak ehiztari-biltzaileak eta nomadak zirela”.
Eta, noski, komunitate horiek haurrak izaten zituzten beti. Romagnolik ohartarazi duenez, ez da erraza, ordea, haiek ikertzea, bi arrazoirengatik: “Batetik, ikusgaitasun arkeologikoa dago: zenbat eta atzerago egin denboran, orduan eta zailagoa da hezurrak aurkitzea, eta are zailagoa haurrenak badira, errazago desegiten baitira. Horrez gain, zailagoa da objektuak norekin erlazionatzen diren jakitea. Eta, bestetik, ikertzaileon alborapena edo isuria dago. Paleolitoari buruzko kontaera gaur egun boterearekin lotzen ditugun aztarnetan oinarritu da batez ere. Hortaz, haurrekin lotutako objektuak eta jarduerak ez dira ikertzaileen interesekoak izan”.
Interes gabezia horren ondorioz, duela gutxira arte ikertzaileek ez dituzte halakoak ikusgai egiteko galderak egin, metodoak garatu, eta aztarnak bilatu. “Mendebaldeko ikertzaileez ari naiz: gizona, hezkuntza-maila altukoa, zuria, eta europarra edo estatubatuarra”, zehaztu du Romagnolik.
Hori gainditzeko lanean ari direnen artean, Past Women sare kolaboratiboaren aitzindaritza aipatu du, eta taldearen diziplinartekotasuna eta askotarikotasuna azpimarratu du, arkeologian eta historiaurrean ez ezik, hezkuntzan, museologian, dibulgazioan, ilustrazioan eta bestelako arlotan dabiltzan adituak batzen baititu. “Halako taldeei esker, gizateriaren iragana kontatzeko modua aldatzen ari da, eta horren barruan haurtzaroa sartzen da”.
Romagnolik batez ere teknologia ikertzen du, eta, haren esanean, harrizko tresnak beti aztertu izan dira ikuspegi teknoekonomikotik: “Hau da, nora joaten diren lehengaiaren bila, eta horrek erakusten digu zer lurraldetan mugitzen ziren; zer lehengai hautatzen dituzten eta zergatik; nola lantzen duten lehengaia, zer egiteko; erraminta horiek nola garraiatzen eta zertarako eta noiz erabiltzen dituzten; non baztertzen dituzten... Baina bada oinarrizko beste alderdi bat: nola transmititzen den ezagutza hori; nola irakasten den eta nola ikasten den. Eta hor haurrek funtsezko rola jokatzen dute”.
Hala, hainbat tresna, erreminta eta prozesu produktibo identifikatu dituzte, eta “argi eta garbi”, ikusi dute tresna horien egileek ez zituztela behar bezain ondo menderatzen eskuen mugimenduak eta koordinazioa, ez eta lan horren aurretik egin beharreko ariketa mentala ere.
Romagnoliren arabera, ustez haurrek egindako tresnarik zaharrenak —ezagutzen direnak— duela 400 mila urtekoak dira, gutxi gorabehera. “Aztarnategiak Qesem izena du, Israelen dago, eta kobazulo bat da. Gizakiak 200 mila urtez bizi izan dira han, 400-200 mila artean, eta erdialdean sua zuten. Haren inguruan egiten zituzten jarduerak, eta inguru horretatik kanpo, kobazuloaren sarreratik gertu, harrizko tresnen nukleoak daude, hau da, xaflak lortzeko erabiltzen ziren gaiak. Eta nabarmena da nukleo horiei kolpeka aritu zirenek ez zutela arrastorik ere”.
Akatsak ikusita, eta beste elementu batzuk kontuan harturik, ikertzaileek ondorioztatu dute helduek egiten zutena imitatzen zuten haurrak direla kolpe haien egileak. “Hain zuzen, jolasaren zati garrantzitsuenetako bat imitazioa da”, gogorarazi du Romagnolik. Horrez gain, kobazuloaren erdiko gune batean, badaude beste nukleo batzuk, lehenik badakien norbaitek landutakoak, eta gero ikasleek erabilitakoak, eta guztiz baliatu baino lehen baztertutakoak. “Horrek iradokitzen du bazegoela interakzioa adituen eta ikasleen artean, eta ikasketa-prozesua nolabait antolatuta zutela”.
Horiek horrela, uste du ondoriozta daitekeela haurrak funtsezkotzat zituztela ezagutza transmititzeko eta kultura iraunarazteko, belaunaldiz belaunaldi. “Are gehiago: garrantzitsuak dira berrikuntza teknologikorako. Izan ere, saiakera-akatsa prozesuaren bidez ikastean, aldaketak sartzen dituzte, eta gerta liteke, noizik eta behin, onerako izatea”.
Gaineratu du jolasa, garapen kognitiborako ez ezik, beharrezkoa dela trebezia sozialak eskuratzeko primateetan, bai eta gure espeziean ere. Eta baieztatu du leku esanguratsua zuela jolasak taldearen dinamika sozialaren barruan. “Hortaz, haurrak aztergai interesgarria dira, ez bakarrik hor zeudelako, baizik eta taldearen parte zirelako. Haiek ezagutzea, beraz, funtsezkoa da gizarte haiek ulertzeko”. Horrekin lotuta, aipagarriak iruditzen zaizkio artearen egiletzari buruz egiten ari diren ikerketak, orain arte, alborapenen ondorioz, gizonei egotzi izan baitzaizkie.
Hain zuzen ere, horixe da Verónica Fernández Navarroren ikergaia. Fernández artearen historian graduatua da eta historiaurrean eta arkeologian espezializatua. Kantabriako Unibertsitatean ari da egiten doktoretza, eta izatez, bere taldearen asmoa ez zen berariaz haurrak ikertzea. “Eskuen arrastoak ikertu nahi genituen, teknologia berriak erabilita, eta alborapenak eta aurreiritziak alde batera utzita. Hori egiteko metodorik onena aurkitu nahi genuen, emaitza ahalik eta objektiboenak lortzeko, eta orduan jaso genuen ezustekoa: haur asko agertu ziren!”
Goi Paleolitoko esku-margoak ohikoak dira hainbat kobazulotan. Haien artean, aerografiaz egindako eskuen negatiboak daude: eskua horman jartzen zuten, eta, margoa putz eginda, eskuaren ingurua margotzen zuten. Eskua kentzean, haren irudia geratzen zen horman. Gaur arte iraun duten irudi horien egileak nor ziren eta eskuak norenak ziren jakin nahi dute orain ikertzaileek.
“Horretarako, kobazuloetako eskuen 3Dko eredu fotogrametrikoak sortu genituen: Kantabriako Castillo, Garma, eta Fuente del Salín kobazuloetakoak, bai eta Maltraviesokoak (Cáceres) eta Fuente del Truchokoak (Huesca) ere. Eta, bestalde, lagin esperimental bat sortu genuen, Goi Paleolitoan erabiltzen zuten sistema bera erabilita. Hau da, boluntarioek eskuen negatiboak sortu zituzten, eta, badakizkigunez haien sexua eta adina, alderaketak egin ditzakegu”, azaldu du. Saio esperimentalak Zubiburu koban egin zituzten, IIIPC/Before Art eta Lekeitioko udalaren arteko hitzarmen bati esker.
Haren esanean, ekarpenik handiena da metodo bat lortu dutela emaitzak objektiboak direla bermatzeko. “Orain arte, zuzenean neurtzen zen kobazuloan, flexometro baten bidez, esaterako; edo bi dimentsioko ereduekin egiten zen lana, baina, arrokak bolumena duenez, kamera non jartzen duzun, aldatu egiten da ikuspegia. Hortaz, 3Dko ereduekin lan egiteak hobekuntza nabarmena dakar”.
Ez da hori hobekuntza bakarra; zuzenketak ere egin dituzte Fernándezek eta kideek: “Horrez gain, orain arte ez zen zuzentzen irudiaren eta eskuaren neurrien arteko aldea. Izan ere, eskuen negatiboetan, horman geratzen den irudia eskua bera baino pixka bat handiagoa da; positiboetan, berriz, pixka bat txikiagoa. Zuzenketa hori sartu dugu. Bai eta nondik putz egiten den ere: eskuinetik ala ezkerretik putz egin, hatz batzuk edo besteak deformatzen dira. Hori guztia ondo ikusten da esperimentazioaren bidez. Horrenbestez, egindako zuzenketek datuen objektibazio esanguratsua ekarri dutelakoan nago”.
Francesca Romagnolik bezala, Fernándezek garrantzi handia eman dio diziplinen arteko elkarlanari: “Nire zuzendarikidea, adibidez, antropologoa da, heriotzaren antropologia ikertzen du; lanean ari gara biologoekin eta giza eboluzioko adituekin... Eta metodologia bera ere ez da labar-artearen berariazkoa; orain arte biologian eta eboluzioan erabili da, eta artean lehen pausoak ematen ari da. Azkenean, guztien ekarpenekin joan gara hobetzen metodologia, pixkana-pixkana”.
Metodologia horren bidez haurrek ere margotzen zutela baieztatzeak iraganeko irudikapenak berritzea dakar. “Irudikapenetan, haurrak, azaltzen direnetan ere, egonean daude, eserita edo besoetan. Guk, ordea, haurrak ere taldeko subjektu aktiboak zirela frogatu dugu. Eta gauza bera gertatzen ari da emakumeekin, adinekoekin...”
Bestalde, Fernándezen ustez, Qesemeko harri-nukleoekin ikusi zuten bezala, haurren eskuak helduenekin batera agertzeak iradokitzen du, nolabait, informazio- eta ezagutza-transmisioa zegoela helduetatik haurretara. “Baita identitatearen transmisioa ere. Gainera, eskuetako batzuk hain dira txikiak ezinezkoa baita haur hark putz egiten jakitea. Alegia, norbaitek putz egin behar zuen, eta, hala ere, haurraren eskua agertzen bada, esan nahi du haientzat garrantzitsua zela. Ez zen soilik margotzea, baita parte hartzea ere”.
Fernándezek bereziki du gustuko Fuente del Salíneko panel bat: “Haur baten eskua dago erdian, eta, inguruan, helduen eskuak daude. Ustez, familia baten irudikapena da”. Ez dute aukerarik izan zuzenean datatzeko, margo gorriz eginda daudelako (minerala), eta, karbono-14arekin datatzeko, materia organikoa behar da. Baina han bertan dagoen suaren arrastoak aintzat hartuta, duela 22.340 urtekoak izan daitezke, seguru asko garai berekoak izango baitira.
Eskuen margoetan ez ezik, beste adierazpen batzuetan ere haurrek parte hartzen zutela ikusi dute; esaterako, buztinetan hatzez egindako irudi linealetan (finger flutings edo macarronis), edo zoruan utzitako oinatzetan. “Denak iradokitzen du haurrak han zeudela, eta ez zirela pasiboak, baizik eta eguneroko jardueretan parte hartzen zutela”, berretsi du Fernándezek.
Aurrerantzean, metodologian sakontzen jarraituko dute. “Funtsezkoa da eskuak ondo karakterizatzea. Orain artikulu bat bidali dugu, azalduz nola aldatzen diren formaz eta neurriz gizonezkoen eta emakumezkoen eskuak, bizitzaren garai bakoitzean, erreferentziazko datu-base sendo bat izan dadin. Eta, gero, sexuari helduko diogu, galdera mitikoari erantzun nahian, alegia, posible ote den esku baten iruditik pertsonaren sexua ondorioztatzea, eta zenbateko ziurtasunarekin”.
Berez, gaur egungo pertsonen eskuekin ari dira garatzen metodoa, baina helburua iragana hobeto ezagutzea da, alborapenak alde batera utzita, eta zorroztasun metodologikoz, protagonista guztiak aintzat hartzeko, baita haurrak ere.
Elhuyarrek garatutako teknologia