LOHAFEX esperimentuaren helburua da itsasoa burdinez aberasteak zer eragin duen ikertzea. Izan ere, ikertzaile batzuek proposatu dutenez, klima-aldaketari aurre egiteko irtenbideetako bat izan daiteke.
Ikertzaileen hipotesia hau da: itsasoa burdinez aberastuz gero, fitoplanktona ugaritu egiten da. Fitoplanktonak, haztean, karbono dioxidoa hartu eta materia organiko bihurtzen du. Bestalde, uretako karbono dioxidoa atmosferakoarekin orekan dagoenez, fitoplanktonak karbono dioxidoa hartu ahala, atmosferakoa itsasora igarotzen da. Hala, atmosferan dagoen karbono dioxido kontzentrazioa gutxitu egiten da. Horrenbestez, prozesua bultzatzea klima-aldaketari aurre egiteko baliagarria izan daitekeela uste dute.
Ikertzaile askoren iritziz, ordea, itsasoa ongarritzea ez da irtenbide egokia. Iritzi hori du, esaterako, AZTI-Tecnaliako Xabier Irigoien biologoak. Irigoienek urteak daramatza planktona eta klimak planktonean duen eragina ikertzen, eta, hain juxtu, Antartika inguruan, LOHAFEX esperimentua egiten ari diren lekuan bertan, ere ibilia da lanean.
Irigoienek azaldu digunez, hipotesia HNLC ( high-nutrient, low-chlorophyll ) fenomenoan oinarritzen da. Hain zuzen, itsasoko zenbait lekutan, Antartida aldean esaterako, nahiko makronutriente egon arren, oso fitoplankton gutxi hazten da. Horren arrazoia da mikronutrienteren bat falta dela.
Mikronutriente hori burdina izan daiteke, edo beste bat. Esaterako, Mediterraneoan ikusten da ibaien irteeran algak neurriz kanpo ugaritzen direla, ibaietara isurtzen den fosforoaren eraginez. Nekazaritzako ongarriak eta hirietan eta industrian erabiltzen diren detergenteak dira fosforo horren jatorria.
Edozein modutara, Irigoienen esanean, "fitoplanktona ugaritzeak ez du halabeharrez ekartzen uretako karbono dioxidoa gutxitzea". Horretarako, bi gauzak gertatu behar dute; batetik, fitoplanktonak uretako karbono dioxidoa hartu behar du, eta, hori bai, ugaritzen denean, gertatzen da hori. Horrez gain, baina, fitoplanktonak hondoratu egin behar du. Adibidez, mikroorganismoek edo itsas animaliek fitoplanktona jaten badute, karbono dioxidoa berriro askatu egiten da itsas azalean.
"Jadanik Antartidan eta Galapagoetan egin dituzten ikerketa berdintsuetan ikusi da hazten den fitoplanktonetik hondoratzen den proportzioa oso txikia dela", dio Irigoienek. "Gainera, proportzio hori asko aldatzen da leku batetik bestera".
Argitaratu den azken ikerketak horixe bera erakusten du. Southamptongo Ozeanografia Zentroak CROZEX esperimentuaren emaitzen berri eman du Nature aldizkarian, eta ondorioa hau da: itsasoratutako burdina-unitate bakoitzeko, 200 metro baino gehiago hondoratu den karbono-kantitatea Kerguelen eremuan egindako esperimentuan baino 80 aldiz txikiagoa da.
Esperimentua 2004-2005ean egin zuten, Crozet uharteetan, Hegoafrikatik 2.000 kilometrora, hego-ekialdera. Hori baino lehen, handik hurbil dagoen Kerguelen eremuan egin zuten beste proba bat, eta, han jasotako emaitzak ikusita, pentsatu zuten metodoak balio zezakeela atmosferako karbono dioxidoa gutxitzeko, neurri batean. Neurri txikian, egia esan. Hain zuzen, ikerketa hartan eta beste batzuetan oinarrituz egindako kalkuluen arabera, urte batean giza jardueren ondorioz atmosferara isuritako karbono dioxidoaren % 30 kentzeko Hego-ekialdeko ozeano osoa baino 10 aldiz handiagoko eremua tratatu beharko litzateke.
CROZEX esperimentuaren emaitzak aintzat hartuta, ordea, are nabariagoa da metodoaren eraginkortasunik eza: planetako ozeano guztiak ongarrituta ere, ia ez litzateke eragina antzemango atmosferako karbono dioxido kantitatean.
CROZEX esperimentuaren emaitzak jakin baino lehenago ere, azken hamabost urteetan egindakoetan ondorio garbirik atera ez zutenez, era horretako esperimentuak etetea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeak iaz. Dibertsitate Biologikoko Hitzarmenaren bileran hartu zuten erabakia, eta 191 herrialdek sinatu zuten. Bi ziren esperimentuak eteteko arrazoi nagusiak: batetik, ez dakitela kliman eragin onuragarririk izango dutenik, eta, bestetik, kaltegarriak izan daitezkeela.
Irigoien bat dator uste horrekin. Azaldu digunez, hondoratzen den fitoplankton-proportzioa faktore askoren mende dago, hala nola hazten den espeziearen mende; izan ere, hondoratzeko handiak izan behar dute (diatomeoak, adibidez), ez ditu beste inork jan behar (eta askotan kontrakoa gertatzen da), eta korronteen dinamikak hondoratzen lagundu behar du.
Irigoienek beste alde bat ere aipatu du: "Ez da bakarrik ez dakigula zenbat hondoratuko den; gainera, arriskua hartzen da". Fitoplanktona ugaritzen denean, espezie batzuk beste batzuk baino errazago hazten dira; hortaz, espezieen arteko oreka hautsi egiten da, eta baita kate trofikoa ere. Gerta daiteke, gainera, fitoplankton toxikoa nagusitzea.
Hori guztia kontuan hartuta, Irigoienek ez du uste itsasoa ongarritzea irtenbide egokia denik. Horrekin negozioa egin nahi duten enpresak ez ditu begi onez ikusten, "atmosferatik karbono dioxidoa kentzen dutela saltzen baitute, jakin gabe zenbat kentzen duten, ezin baita neurtu". Irigoienen ustez, hori lortzeko hobeak dira beste metodo batzuk, adibidez, basoak landatzea: "horrela, gutxienez, kendutako karbono dioxidoa neur daiteke; ordaintzen duenak badaki zertarako ordaintzen duen".
Hala eta guztiz ere, Nazio Batuen Erakundearen erabakiaren aurka, eta Alemania Dibertsitate Biologikoko Hitzarmenaren sinatzaileetako bat den arren, LOHAFEX esperimentukoek aurrera eraman zuten beren egitasmoa. Hala, 20 tona burdin sulfato bota zituzten ozeanora, Argentinaren eta Antartikako penintsularen artean. Orain, horren ondorioak aztertzen ari dira: zenbat fitoplankton hazten den, zer espezie, zer eragin duen horrek ekosisteman, zenbat hondoratzen den... Alegia, orain arte egin diren beste ikerketetan aztertu dituzten alderdi bertsuak. Agian oso bestelako emaitzak jasotzea espero dute.