Otsoa, urtetik urtera ugariagoa

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Otsoaren populazioa handitzen ari da. Hain zuzen ere, normalean ikusten ez zen tokietan ikusi dute azkenaldian. Horrek esan nahi du gizakiaren jarrera aldatu egin dela; otsoak garai batean baino mehatxu txikiagoa du, eta duela urte asko utzitako lurraldeetara itzultzen hasi da. Zer da hori, berri ona ala txarra?

Ez da denbora asko Europa otsoz josita zegoela. Duela ehun bat urte, ia edozein basotan izaten zen otsoa, gauez uluka eta egunez ezkutuan. Gizakiak errespetua eta mirespena sentitu izan du beti otsoarekiko. Baina jan ere egin behar da, eta otsoak abereak hiltzen ditu. Ez dago zalantza-izpirik: otsoa lehiakidea da.

Urte askoan ohikoa izan da otsoak harrapatzen zituenari saria ematea. Eta, sariaz gain, ospe handia eskuratzen zuen ehiztariak. Horregatik erakusten zituzten harrapatutako otsoak herrietan; piztia beldurgarria zen, eta, askotan, zakur basatiekin batera egiten zuen ehiza. Hil egin behar zen. Eta hil egin zuten, ia desagerrarazi arte. Iberiar Penintsulan, ale batzuek iraun zuten bizirik, Zamora inguruko mendietan eta Galizian. Errusia aldean ere iraun zuten. Baina, oro har, Europa osotik desagertu zen otsoa.

1970eko hamarkadan, bi faktorek indar handia hartu zuten. Alde batetik, pentsaera ekologikoa zabaldu zen, eta, bestetik, jendea herrietatik atera eta hirira joan zen bizitzera. Landa-eremuak jendez hustu ziren, eta, hirietan, otsoa kontserbatu behar dela onartzen hasi zen. Otsoa babesteko neurriak jarri ziren martxan, eta egoera erabat aldatu zen; gizakiak eragindako presioa gutxituta, lurralde asko kolonizatzeko aukera sortu zitzaion otsoari. Gaur egun, 2.000 ale baino gehiago daude Penintsulan, Europako populaziorik handiena. Baina non daude otso horiek?

Menditik behera

Otsoaren moldatze-ahalmen handiak ahalbidetu du populazioaren gorakada. Izan ere, espezie honek osasuntsua ez den ekosistema batean iraun dezake; otsoa zabortegietan topatzen duena janda ere bizi daiteke. Horregatik, hainbat adituk zalantzan jarri dute estepan bizi direnak benetan 'naturalak' ote diren. Baina, eztabaidak eztabaida, horrek lagundu egin dio otsoari ugaritzen: ia edozein habitatetan bizitzera moldatzen da.

Otsoaren gaur egungo egoerak, haren moldatze-ahalmenaz gain, beste ezaugarri bat ere nabarmendu du: uste orokorra da otsoa berez mendian edo basoan bizi dela, baina uste hori ez da zuzena; estepan, basoan, kostaldean, mendi baxuetan zein altuetan, toki hotzetan, toki beroetan… ia inguru guztiak dira aproposak otsoarentzako.

Egia da gizakiaren presioarengatik mendietan isolatuta geratu zirela populazioak, gizakiak 'hartutako' guneak bailaretan daudelako; baina, uzten bazaio, edozein tokitan bizi daiteke otsoa.

Gaur egun, paradoxa bat sortu da otsoaren bizilekuaren inguruan: animalia basati gehien dituen lurraldeetan, hau da, naturalki bizitzeko aproposenetan, ez du aurrera egiten. Eta arrazoia da toki horietan egiten duela presio gehien gizakiak, abereak aske izateko ere aproposak direlako lurralde horiek.

Hain zuzen ere, gutxi gorabehera maiatzetik urrira, ohikoa da abereak mendian aske uztea. Horrela izaten dituzte askotan behiak Aralarren, Urbasan edo Pirinioetako hainbat tokitan, adibidez. Jakina, animaliak ez dira zaindu behar etsai naturalik ez badute. Eta, otsoa ez bada (edo hartza), zein animaliak harrapatzen ditu behi osasuntsuak? Beraz, toki horietan jartzen dizkie traba gehien otsoei gizakiak.

Horren adibide garbia zezen suharra hazteko larreena da. Zezenketetarako ganadua oso garestia da, eta, beraz, asko zaintzen da; ondorioz, nahiz eta Iberiar Penintsulan ugaritzen ari den, otsoak ez du arrakastarik izan Salamancatik hegoalderako lurraldeetan, eta Extremaduran desagertzeko zorian dago.

Otsoaren menua

Argi dago egoera zaila duela otsoak animalia basatiak jateko. Edo, behintzat, animalia basati handiak jateko. Oreinak, orkatzak basurdeak eta antzeko animaliak gizakiak otsotik gehien babesten dituen lurraldeetan egoten dira. Baina otsoak beste hainbat habitatetara moldatzeko ahalmen handia du, eta horrek esan nahi du, besteak beste, janari-mota asko sar ditzakeela bere dietan.

Adibide ona da zereal-estepako otsoen populazioa. Zer jaten dute? Estepan animalia handi basati gutxi dago; noizean behin basurdeak aurkitzen ditu otsoak, baina ez da oreinik egoten, ez basahuntzik, ezta mendietan dauden beste hainbat espezie ere. Baina inguru horietan badago ganadua; ardiak, behiak eta abar. Esan bezala, otsoaren populazioa zabaltzen ari da toki horietan, eta, beraz, logikoa da pentsatzea estepan ganaduz elikatzen dela.

Hori baieztatzeko, otsoaren dieta aztertu zuten iberiar zereal-estepan Juan Carlos Blanco biologoaren taldekoek; horretarako, alde batetik, gorotzak jaso eta analizatu egin zituzten, eta, bestetik, inguruko artzainekin hitz egin zuten. Espero bezala, gorotzetan ganaduaren arrastoak azaltzen ziren. Untxiak, basurdeak, eperrak eta beste espezie basati batzuk ere azaldu ziren, baina dietaren oinarria ganadua zen. Hala ere, gehienetan, artzainek ez zuten galdutako aleen berri ematen. Ez zen otsoaren ehizaren arrastorik inguruetan.

Zer ari zen gertatzen? Erantzuna erraza zen: otsoa sarraskijalea da, hau da, hildako ganadua jaten zuen gehienetan, ez harrapatutakoa. Hori baieztatzeko, irrati-transmisoreak erabili zituzten ikertzaileek otsoen segimendua egiteko. Otsoek, gauean zehar, hildako ganadua bilatzen zuten, eta gehienbat hori jaten zuten.

Otsoa eta artzakurra

Estepako eta beste hainbat tokitako artzainek ez dute arazorik izaten otsoarekin. Noski, artzakurrak erabili behar dituzte, eta ganadua zaindu. Izan ere, adituen arabera, otsoarekin batera bizitzeko, gauetan ganadua bildu eta artzakurrak erabili, besterik ez da egin behar. Noizean behin behi bat edo ardi-pare bat hilko du, baina ez da benetako arazoa izango.

Arazo handiena, beraz, artzainarentzat da: ganaduarekin egon behar du galdu nahi ez badu. Eta toki askotan galdu egin da ohitura hori. Toki horietan da zaila otsoarekin batera bizitzea. Besteak beste, horregatik ez da arrakastaz sartu Araban otsoa. Artzain arabarrak ez dira ganaduarekin egoten.

Hortik dator galdera. Bizi nahi dugu otsoarekin? Edo nahikoa dugu otsoa zenbait tokitan, gugandik urrun, egotea? Elkarrekin bizitzeko, ahalegin handia egin beharko genuke; besteak beste, artzainen bizimodua egokitu. Ez dezagun ahatz espezie liluragarria dela eta kontserbatzea merezi duela. Ez dezagun ahatz artzainaren ogibidea dela ganadua, eta, beraz, haren interesa babestea oso garrantzitsua dela.

Nola zenbatzen dira otso-populazioak?

Adituen ustez, 2.000 otso baino gehiago daude Iberiar Penintsulan. Nola jakin dezakete hori? Ez da erraza; otsoak zenbatu beharrean, taldeak zenbatzen dituzte. Ez da ahaztu behar taldea otsoaren oinarrizko egitura soziala dela. Batez beste, hamar bat otsok osatzen dute taldea. Eta, beraz, talde bakoitzean batez beste zenbat otso dauden jakinda, populazioa zenbatekoa den jakin daiteke. Kumeak daudenean, taldeak ez ditu bidaia luzeak egiten. Maiatzean jaiotzen dira, baina lehen bi hilabeteetan zuloan egoten dira; horregatik, zenbaketak uztailean hasten dira eta irailean amaitu.


Otsoa Euskal Herrian

1988an sartu zen otsoa Araban, eta, biologoen datuen arabera, bi urte geroago izan zuten lehen kumaldia. Dena dela, probintziaren mendebaldean geratu dira, eta ez dute Euskal Herria 'kolonizatu'. Nonbait, traba gehiegi topatzen du otsoak aurrera egiteko. Arrazoiak asko izan daitezke: giza populazioa oso handia dela hain esparru txikian, abeltzainekin sortutako arazoak, eta abar. Hori dela eta, Euskal Herrian otsoak izan duen bilakaera ez da Penintsulan izan duenaren parekoa. Hala ere, Araban ez da galdu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila