Osteoporosiari aurre egiteko

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

50 urtetik gorako emakumeen % 35ek osteoporosia jasaten dute gurea bezalako gizarte batean. Eta, zifra hori garrantzitsua izanik ere, asaldura hori ez da beti behar bezala tratatzen, hiru pazientetik batek bakarrik jasotzen baitu terapia egokia. Gaur egun, hala ere, hezurraren deskaltzifikazioari aurre egiteko farmakoek eta kirurgia miniinbaditzailean agertutako azken teknikak konponbide ona ematen diote oraindik ere sendaezintzat hartzen den osteoporosiari.
Hezurreko Ikerketen eta Mineralen Metalismoaren Espainiako Elkartearen (SEIOMM) datuen arabera, 50 urtetik gorako emakumeen % 35ek osteoporosia izaten du.

Osteoporosia gaixotasun kronikoa da, baina gaur egun, zorionez, posible da gaitza geratu eta moteltzea, eta baita hezurrek berriro dentsitatea berreskuratzea ere, medikazio egokiarekin. Beraz, tratamenduarekin, hezurren kalitatea hobetzeaz gainera, hausturak eta ezintasuna jasateko arriskua ere nabarmen hobetzen da.

Hezurrak eta Mineralen Metalismoa ikertzeko Espainiako Elkartearen (SEIOMM) datuen arabera, 50 urtetik gorako emakumeen % 35ek osteoporosia izaten du, eta zifra hori izugarri igotzen da 70 urteko emakumezkoetan (% 52 izateraino). Espainia osoan, bi milioi eta erdi emakumek dute gaitza, SEIOMM elkartearen arabera.

Zergatik gertatzen da?

Hezurrek 30-35 urterekin lortzen dute dentsitaterik handiena. Une horretatik aurrera, masa galtzen hasten dira, deskaltzifikazio-prozesuaren eraginez. Gorputzak hezurren eduki minerala erregulatu eta kontrolatu ezin duenean osteoporosia agertzen da, eta hezurrak hauskorrago bihurtzen dira.

Emakumeek hezur-masa gutxiago dute gizonezkoek baino (% 10-25 gutxiago). Diferentzia fisiologiko horretaz gain, menopausiaren etorrera ere oso une delikatua da hezurrentzat, estrogenoek behera egiten dutenean hezurraren dentsitatea gutxitu egiten baita. Adituen kalkuluek diotenez, menopausia izan eta handik bost urtera emakumeak bere hezur-masaren % 15 gal dezake. Horregatik da osteoporosia askoz ere usuagoa emakumezkoetan gizonezkoetan baino.

Zer sintoma ditu eta zer arrisku?

Osteoroposiak, artrosiak edo artritisak ez bezala, ez du minik ematen. Isilean eboluzionatzen duen gaitza da, eta sarritan hezur-haustura bat gertatu ondoren detektatzen da. Itxura batean haustura hori gertatzeko arazorik ez zegoenez, medikua azterketa bereziak egiten hasten da, eta hezurraren dentsitatea asko jaitsi dela ikusten du. Horrexegatik, menopausian sartzen diren emakumeei dentsitometria izeneko proba berezi bat egitea komeni da, haien hezurrak zer-nolako egoeran dauden jakiteko.

Hausturarik usuenak aldaka eta ornoetakoak dira, baina gorputzeko beste edozein hezurretan ere gerta daitezke.

Hausturarik usuenak aldaka eta ornoetakoak dira, baina gorputzeko beste edozein hezurretan ere gerta daitezke. Gure artean, urtero, 33.000 aldakako haustura gertatzen dira, adibidez, osteoporosiarekin lotuak, Novartis laborategiak kaleratu berri duen txostenaren arabera. Gainera, esan beharra dago aldakako hausturak direla osteoporosiaren nazioarteko adierazle nagusia, hiru arrazoirengatik: hezurraren dentsitate mineral baxuarekin zuzenean erlazionatuak daudelako, horiek konpontzea diru asko kostatzen delako eta haustura horiexek direlako ezintasunik handiena eragiten dutenak.

Puntu honen garrantzia ikusteko, esan daiteke Espainian 50 urtetik gorako lau emakumetik batek hezur-haustura bat jasateko arriskua duela osteoporosiaren eraginez; 80 urtetik gorako hiru emakumetik batek aldakako haustura bat jasango du, eta, emakume guztiak batera hartuta, aldakako haustura bat izateko arriskua (inolako kolperik edo traumatismorik gabe, osteoporosiaren eraginez bakarrik) % 14koa da.

Tratamendua: botikak eta kirurgia

Osteoporosia diagnostikatzen den unetik beretik trata daiteke. Tratamenduaren helburua bikoitza da: batetik, hezur-galera geratzea eta, bestetik, ahal den neurrian, hezurra bere onera etortzea.

Botikak

Hezur-masaren galera murrizten dute, eta, horrez gain, bizkarrezurrean eta aldakan hezurraren dentsitatea gehitzen dute. Hala, hausturen arriskua % 50 gutxitzen da. Talde honetan daude bifosfonatoak.

Bestetik, ingelesez SERMS esaten zaienak daude, estrogenoaren hartzailearen molekula selektiboak. Botika hauek (raloxifenoa da ezagunena) gorputz osoko hezurren dentsitate minerala gehitzen dute, % 2 hain zuzen ere. Ahotik hartzen dira, egunean behin. Edonola ere, tratamendu hau espezialista batek gidatzea komeni da, ez baita arriskurik gabea, menopausiaren tratamenduarekin gertatzen den bezalaxe.

Gure artean, urtero, 33.000 aldakako haustura gertatzen dira osteoporosiarekin lotuta.

Azkenik, kaltzitonina izeneko hormona batek hezurraren suntsitze-prozesua gutxitu eta moteltzen du. Kaltzitonina hori spray bidez ematen da sudurretik, edo baita azalpetik ere.

Kirurgia miniinbiditzailea

Osteoporosiaren eraginez orno bat hausten denean, tratamendu ohikoena hilabetetan pazienteari kortse bat jartzea izaten da, egonean-egonean ornoaren zati hautsiak solda daitezen. Baina askotan haustura horiekin min handia izaten dutenez, kirurgiako teknika bat asmatu da berriki, arrakasta osoz egiten dena, batez ere ohiko tratamendu medikoekin mina jasangaitza den kasuetan.

Hautsitako ornoaren albo banatan ziztada bat ematen da, eta kontrol erradiologikoaren laguntzarekin puzteko gai den baloi bat sartzen da, ornoari lehen zuen altuera ematen diona. Horrela sortutako espazio ’berri’ horretan ziztada-orratz beraren bidez zementu berezi bat injektatzen da, eta inolako presiorik gabe zementu horrek ornoa solidotzen laguntzen du.

Kirurgia hori anestesia osoarekin egiten da, eta egun bakarreko ospitaleratzea eskatzen du. Kirurgiari esker pazienteak ez dauka kortserik erabili beharrik, ezta analgesikorik erabiltzeko premiarik ere. Kasurik gehienetan (% 90 inguru) mina berehala arintzen da, eta ornoak izandako deformazioa ere konpontzen da; hala, zifosia edo bizkarrezurraren okerdura saihesten da.


Osteoporosiari aurrea hartzeko

    Har itzazu, egunero, kaltziotan aberatsak diren produktuak (esnea, jogurta, gazta, karduak, espinakak, apioa, zerbak) eta baita D bitamina dutenak ere (arrain urdina, arrautzak, etab.).
    Egizu fruta eta berduratan aberatsa den dieta.
    Paseatu, 30-50 minutu egunean. Baztertu sedentarismoa eta egin arriskurik gabeko kirolak: igeriketa, gimnastika, etab.
    Eguzkia hartu, 30 minutuz egunero.
    Lotarako, koltxoia sendoa izan dadila; burkoa, berriz, baxua.
    Ahal dela, baztertu eserleku bigunak (besaulki eta sofak).
    Ez altxa pisu astunik.
    Erorketen arriskua saihesteko, kendu itzazu oztopoak eta trabak etxean; oinetakoak ere egokiak izan daitezela, zola onekoak, ez labaintzeko.
    Kontuz alkoholarekin eta tabakoarekin. Murriztu kafearen, kola-edarien edo txokolatearen kontsumoa.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila