Osasun-Hezkuntza Eskolan. Gaur egungo egoera EAEn eta etorkizuneko proiektua Europan

Osasun-Hezkuntza Eskolan. Gaur egungo egoera EAEn eta etorkizuneko proiektua Europan

Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) aspalditik duen funtzioetako bat, eskolan haurren osasuna bultzatzea da. 1986an, OME eta UNICEFek argitaratu zuten txosten batean (Helping a billion children to learn about health), osasunaren ikasketari buruzko nazioarteko kontsulta baten emaitzak laburbiltzen ziren.

Eskolako osasun-hezkuntza programatzerakoan, osasunaren kontzeptuen artean ondokoa kontutan izan behar dugu: osasunak, geroz eta era autonomoago, solidarioago eta gozoagoan bizitzea izan behar du.

Ikuspegi honek, honako ondoriora eramaten gaitu: osasuna ez da inola ere zientzilari eta medikuen betebeharra soil-soilik; ez baita besterik gabe, arazo zientifiko hutsa, ezta eritasun eza bakarrik ere. Osasunaren defentsa eta sustapenean era guztietako teknikoek hartu behar dute parte eta denek eman behar dituzte beren ezagutza bereziak; baina, batez ere, osasuna bakoitzaren eta komunitatearen erantzukizuna da. Osasunaren lehen erantzulea norbera da eta arazo pertsonalak konpontzeko gure ezagutza urriegia denean, orduan bakarrik jo behar dugu teknikariengana.

Osasunaren, eskola-emaitzen, bizi-kalitatearen eta emankortasun ekonomikoaren artean badago lotura. Osasun-egoera egokia, lortzera bideraturiko ezagutzak, balioak, konpetentziak eta ohiturak eskainiz, haurrei bizitza osasuntsua eman eta komunitatean gertatuko diren osasunaren alorreko aldaketen protagonista izateko beharrezko bideak irekiko zaizkie.

Duela gutxi eginiko ikerketek argi agertu eta baieztatu dute osasunaren, eskola asistentziaren eta emaitzen artean dagoen lotura estua.

Euskal Autonomi Elkartean, Eskola-Osasunaz legeari esker, jarri da lehenengo aldiz Eskola Publiko, Ikastola eta Eskola Pribatuetan Osasun Eskolarra izeneko programa (7/1982 ekainaren 30eko Legea) martxan.

"Jaurlaritzak, osasuna bere osotasunean ikusiz bere ekintzapideak aurrehartzearen eta sustapenaren aldetik egiteratzeko asmoa du. Nolakoz eta zenbatekoz, eskola-ikasleek osatzen dute herritarren zatirik handienetakoa.

Eskola-osasunari buruzko Legeak osasunaren alde aritzeko lanabes eraginkor bat izan nahi du, osasun hori bere zabalenean ikusita, eta horretan osasun-ikerketaz funtsezko gertatzen dira, sikopedagogiaren edo osasunbide-hezkuntzaren alorretakoez ahaztu gabe, nolanahi ere.

Lege honetan agertzen diren ekintzapideak honako hauek dira:

  1. Eskola-ikasleen, ikastegietako irakasle eta irakasleez bestekoen aldian-aldiango osasun-ikerketak.
  2. Eskola-ikasleen arauzkontrako jokabideez ohartzea eta horiekiko arreta.
  3. Osasun-hezkuntzaren programak.
  4. Janariekiko osasunbideak eta eskola-jangeletako elikadura zaingoa.
  5. Eskola alorrean zabal daitezkeen gaitzekiko aurre hartzezko ekintzak.
  6. Ikastetxeko eta instalazioen osasunbide eta osasunketaren aldeetikako egoerari bere onean eustea eta hobetzea."

Osasun Eskolarreko ekipoak urte hartan bertan osatu ziren hiru lurraldeetan, eta ekipoak iristen ez ziren herrietan mediku eta erizain titularren laguntza ere izan zuten lan guzti hau aurrera eramaterakoan.

Osasun Sailaren nahiak garbi agertzen dira. 1988an Eusko Jaurlaritzako argitalpen zerbitzuak kaleratutako Osasun Hezkuntza liburuaren hitzaurrean garaiko osasun Sailburuak, Jose Manuel Freire Campo-k, agiri hau eguneroko heziketa-eginkizunean oinarrizko laguntza gisa hartzeko eta guztiontzako osasunaren helburua lortzeko, behar den norbere nahiz besteen kolaborazio eta errespontsabilitateaz hitz egiten du, eta gehitzen du, lankidetza hau ez dela eraginkorra izango, baldin eta adin guztietarako, baina batez ere pertsona eratzen ari den adinerako, hau da, eskola-adinerako, beharrezkoa den osasun-heziketarako programa bat abian jartzen ez badugu.

Legean aipaturiko eginkizunetatik hirugarren puntua batik bat, hau da Osasun Hezkuntzarako Programak, aldatuz eta ia desagertuz joan dira urteak pasatu ahala. Zoritxarrez, gure inguruan, eskolan osasun-hezkuntzaren errealitatea, ideala izatetik oso urrun dago. Badaude salbuespen bezala HIESarena bezalako azpiprograma batzuk. Baina orokorrean, eskolako osasun-programen helburu eta zereginetan, osasunerako hezteak oso leku gutxi izaten du eskolan; programa hauek osasun-arazo zehatz batzuen prebentzioa izaten dute helburu eta osasun-moduko profesionalen taldeek soilik garaturikoak izaten dira. Modu honetan familia eta hezkuntza-moduko profesionalek, oso gutxi hartzen dute parte programaren diseinu eta praktikan.

Programa hauek gero eta gutxiago azaltzen dira Osasun Eskolarraz hitz egiterakoan. Desagertu izanaren arrazoiak hiru izan daitezke: lehenengoa, osasun-zentruetara pasatu direla Eskola-Osasunaz Legean agertzen ziren konpetentzia batzuk; programa honetarako prestatu ziren ekipoak piskanaka-piskanaka desagertzen joan direlako bigarrena; eta hirugarrena, oraindik ez delako osasunerako hezkuntza programatzerakoan Hezkuntza Sailaren eta Osasun Sailaren konpetentziak zeintzuk diren edo eta zeintzuk izan behar duten argitu.

Osasun-hezkuntzaren atzerakada hauek beste Herrialdeetan ere sumatu dira. Hori dela eta 1991eko azaroan OME, UNICEF eta UNESCOk kontsulta bat burutu zuten denen artean, eskola-ingurunean osasunerako erabateko heziketaren edukiak eta herrialdeek berau abian jartzeko hartu beharreko neurriak zehazteko.

OMEren gaur egungo ikuspuntutik guztiontzako osasunaren ezarpenean eskolako osasun-programak lanabes erabakiorra dira. 1995ean OMEk proposaturiko osasunerako mundu-mailako ekimenak eta herri, herrialde, nahiz mundu-mailako osasun-heziketa eta -sustapenerako ekintzak mobilizatu eta berrindartzea du helburu.

OMEek eta beste erakunde batzuek, (ONUk eta beste hainbatek) dituzten programak eta ekintzak batzea da helburua; osasun-eskolak abian jartzea besteak beste.

Ekimen honen arabera eskola osasuntsuak ondokoa eskaini beharko luke:

  • Behar adina espaziorekin inguru osasuntsua, lan-baldintza egokiak eta klima psikosozial positiboa.
  • Osasunerako heziketaren ekintza osagarriak, osasun-arazoei buruz dauden eskaeren artean enfasia jarriz.
  • Eskola-osasunerako zerbitzuak, lehentasunezko osasun-arazoen erantzukizuna izan, hauek zaindu, txikiagotu eta aurrea hartzeko.
  • Erakundeez kanpoko proiektuak eskoletan eta komunikabideetan osasuna hobetzeko.
  • Nutrizio- eta elikadura-programak, pertsonek elikagai osasuntsuak lortu, ezagutu eta prestatzen laguntzeko.
  • Kirol-ekintzak, ekintza fisikoak eta aisialdikoak norbanako nahiz giza taldearen garapena lortzera zuzenduak.
  • Aholku eta gizarte-laguntzarako zerbitzuak ikasleentzat, hauen familientzat eta baita eskolako langileentzat ere.
  • Osasunaren sustapenerako ekintzak eskolako langileei zuzenduak.

Ekimen honek Europan bezalako osasun-eskola sarea garatzea izango du helburu; eta gure kasuan, Espainiar estatua izango da laguntza-zentruak identifikatu eta esperientzia honetan parte hartzeko eskola-kopuru garrantzitsua aukeratuko duena.

Desiragarria litzateke esperientzia honetan Euskal Autonomi Elkarteko herrialde bakoitzeko eskola batek gutxienez parte hartzea. Esperientzia amaitu eta ebaluatu ondoren, Euskal Autonomi Elkarteko ahalik eta eskola gehienetan txertatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila