Orkatza, oihanetako printzea

FITXA TEKNIKOA Orkatza

Urte-mordoska pasatu da herrian, Leitzan, orkatza lehenengoz ikusi genuenetik. Sasi artean boteka segundo gutxitan ihes egin zuen arren, denok ezagutu genuen animalia bikain hura. Hala ere, menditik jaitsi eta lagunei kontatu genienean, askok ez ziguten sinetsi ere egin nahi izan. Izan ere, “txantxangorria izanen huen” eta antzeko adarjotzeak entzun behar izan genituen. Gaur egun, ordea, inguru hauetan arrunta da eta inor gutxik jarriko luke zalantzan orkatza ikusi izana.

Sastrakadiak, larrez tartekaturiko basoak eta zuhaizti gazteak dira orkatzaren bizileku kuttunenak.

Azken aldi honetan orkatzena ezezik, oreinen eta basurdeen gorakada ere nabarmena izan dugu. Orkatzaren kasuan, duela 50 urte inguru oso eskasa zen Euskal Herrian, Irati inguruko basoetan besterik ez zen gelditzen. Azken 20 urteotan, ordea, eta ondoren aipatuko ditugun arrazoiak direla medio, egoera zeharo aldatu da. Batetik, nekazal inguru batzuetan herriak hustu egin dira eta honekin batera, abere-kopurua ere gutxiagotu egin da eta inguru batzu oihan bihurtu dira. Bestetik, ehiza-presioa gutxiagotu egin da, espezie honen ehiza urte-mordoska batez debekaturik egon baita eta, gaur egun ere, modu jasangarrian egiten da. Azkenik, etsai-eskasia ere aipatu behar dugu, ugaztun handiek ez dutelako gaur egun inguru hauetan otso, hartz edo katamotzen ia inolako presiorik.

Horiek horrela, orkatza garai bateko lurraldeak birkolonizatzen ari da eta, gizakiaren laguntzaz, berri batzuk betetzen ere bai. Honen lekuko dira animalia honen birpopulazioak egin berri diren Leitzaran, Oiz, Pagoeta, Aralar, Lokiz, edota Urdaibai. Ez dugu ahaztu behar, gainera, Iberiar penintsulako zein Frantziako zenbait eskualdetan animalia hau zabaltzen ari dela eta Euskal Herrira ere, norabide desberdinetatik berez sartzen ari dela; hala nola, Landetatik Iparraldera; ekialdetik Pirinio aldera, edota mendebaldetik (Demanda, Urbion eta Camerostik) Araba, Bizkaia eta Nafarrora. Orkatzen populazioak osasun-egoera onean daudela ikusi ondoren, ekin diezaiogun orain animalia hau gehixeago ezagutzeari.

Orkatza ( Capreolus capreolus ) Europako zerbido txikiena dugu. Inguruotan 15-25 kilo inguruko pisua har dezake eta itxuraz, hankaluzeak dituena, fina, eta liraina da oso. Arrak buruan hiru puntako adar txiki dotoreak ageri ditu eta urtero azaro aldera erortzen zaizkio, laster berritu eta apirila edo maiatza alderako prest edukitzeko. Adarrak defentsarako, emea erakartzeko eta araldian minik hartu gabe indarrak neurtu ahal izateko tresnak dira.

Ugaztun honen larrua gorriska izaten da udan eta grisagoa eta sendoagoa neguan. Mutur aldean, “bibote” beltzak ageri ditu eta kokots zuria. Ipurdian, halaber, orban zuriska du eta hauxe da, hain zuzen ere, basoaren ilunpean ihesi doanean bereizten duena.

Animalia eder honen atzealde zuria benetan deigarria gertatzen da.

Esan bezala, ugaztun hau basoei loturik agertzen da eta, batez ere, sastraka ugari dituzten baso eta larre inguruetan bizi da. Baso hostogalkorretan zein mistoetan aurki daiteke eta erraz moldatzen da bizileku desberdinetara. Ura egotea ezinbestekoa du eta azken urteetako lehorteak direla eta, Iberiar penintsulako hegoaldeko populazioek okerrera egin dute.

Izaerari dagokionez, ipurtarin hutsa da, zuhurra eta iheskorra. Entzumen eta usaimen finari esker, guk ikusi aurretik ziztu batean ezkutatzen da. Etsairen bat sumatzen duenean, gainera, zaunkaka has daiteke espeziekideak ohartarazi eta etsaiari detektatua izan dela adierazteko.

Bestalde, animalia lurraldekoi eta sedentarioa da. 40 hektarea inguruko lurraldea izan ohi du, baina neurri hau dentsitatearen eta bizilekuaren arabera alda daiteke. Argibide gisa, Nafarroako orkatz-lekuetako batezbesteko populazioa 100 hektareako 0,67 alekoa da eta kopururik handiena dagoen lekuetan, 100 hektareako 3,7 orkatz daude. Dentsitate hauek Europako eskualde askotan daudenetatik nahiko urrun gelditzen dira, han 100 hektareako 10-20 alekoa ez baita arraroa. Hemengo dentsitateak txikiagoak izatearen arrazoien artean, furtibismoa eta beste belarjaleekin (oreinekin, ardiekin, etab.) duten konpetentzia aipa ditzakegu. Nahiz eta, esan bezala, lurraldekoia izan, urtean zehar portaera desberdina izaten du.

Normalki emeak kumeekin batera ibiltzen dira eta arrek bizimodu bakartia izaten dute. Neguan, berriz, talde txikiak osatzen dituzte, baina udaberri aldera arrak zein emeak lurraldekoi bihurtzen dira. Arrek adarrez zuhaitz gazteak markatzen dituzte eta zorrotz zaintzen dute bere lurraldea. Emeek, berriz, lurralde handiagoa izaten dute eta ez dira hain zorrotzak izaten espeziekideak uxatzeko orduan.

Azken urte hauetan, orkatza gero eta ugariagoa da Euskal Herrian.

Elikadurari dagokionez, orkatza landare-dibertsitate handia eskatzen duen belarjalea da. Egunean zehar 3-4 kilo jaten ditu, beti ere landare eta kimu elikagarrienak aukeratuz. Ungulatu txikien hestea laburra izaki, irensten duten bazkari ez diote etekin handirik ateratzen ahal; hori dela eta, landareen zatirik elikagarrienak (kimuak...) bilatzen dituzte eta egunean zehar otordu ugari egin behar izaten dituzte. Negu gorrian, besterik ez dagoenean, zuhaitz-azal, sasi eta abarrekin konformatu behar izaten du, baina iharduera dezente murrizten du energi beharrak ere murrizteko.

Udarekin batera amodioen garaia etortzen da eta tenore honetan, arren arteko borroka ugari egoten da. Eme-dentsitate alturik ez badago behintzat, arrak eme bakarra hartuko du. Gorteiua luzea izan ohi da; arra emearen atzetik lasterka ibiltzen da honek estaltzen uzten dion arte. Ondoren, atzeratutako ernaldia egoten da: ernaldutako obulua zenbait hilabetez umetokian egoten da garatu gabe, erditzea maiatzean edo ekainean, garai aproposenean alegia, eman dadin. Eme bakoitza, orban zuriz jantzitako bi kumez erditzen da gehienetan. Hauen edoskitzaroak hiru bat hilabete irauten du eta 9-12 hilabeteren buruan, amarengandik banandu egingo dira.

Munduan duen banaketari dagokionean, orkatza Europan eta Asiako iparraldean barrena aurkitzen da. Beste ugaztun-espezie batzuekin gertatzen den legez, animalia honen pisua iparralderantz eta ekialderantz egin ahala handiagoa da; Siberian, adibidez, 50 kiloko orkatzak aurki omen daitezke, alajaina!

Espeziea: Capreolus capreolus
Familia: zerbidoak
Ordena: artiodaktiloak
Klasea: ugaztunak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila