Horixe, JetFlash memoria aurrerapen teknologikoaren azkenetako bitxikeria da. Teknologiaren modan egotea gustuko duten horien azken gutizia. Bai, izan ere, kutxa metaliko baten itxura duen memoria horretan, ordenagailuko datuak, argazkiak, soinu-artxiboak eta nahi hainbat fitxategi gorde daitezke.
Eta zer du horrek bereizgarririk? Gauza asko; lehenik eta behin estetika. Teknologia etengabe berritzen ari den honetan, nork erabiltzen du orain disketerik? Inork ez. Laster, dokumentuak lanetik etxera eta etxetik lanera eraman behar direnetan, kaxatxo metalikoan gordeko dira, JetFlash memorian.
Hain zuzen ere, estetikarekin oso lotuta dagoen seinale da memoria hori erostean lepotik zintzilikatzeko kordela ere ematen dutela gehienek. Horrela, azken aurrerapena denen bistan lepotik zintzilik dir-dir eginez eraman dezake erabiltzaileak.
JetFlash memoriak tapa bat izaten du, eta hura kentzean konektore bat agertzen da. USB konektorea da, eta haren bidez komunikatzen dira ordenagailuarekin. Gainera, konektore hori erabilita, memoriak ordenagailutik bertatik hartzen du argindarra, ez du entxuferik edo pilarik behar.
Ondoren, konektatu eta erabili, benetako “plug play” baten moduan jokatu behar da. Adibidez, diskete bat sartzen dugunean ordenagailuak A hizkiaz izendatzen du memorian; kasu honetan ere, JetFlash memoriari libre duen hizki baten izena emango dio ordenagailuak. Gero, guk nahi ditugun artxiboak hartu eta hizki horretan gorde ditzakegu; noski, datuak gordetzeko edukiera handiagoa du JetFlash memoriak.
Hori egiten ari garen bitartean, argitxo bat piztuko da, prozesua martxan dagoela adierazteko. Bitarte horretan garrantzitsua da komunikazioa ez etetea, bestela datuak galdu egin daitezke. Amaitutakoan, tapa itxi eta nahi den tokira eraman dezakegu memoria. Jakina, lepokoa gustuko ez dutenek poltsikoan ere eraman dezakete kaxatxoa.
Informazioa babesteko sistema bat du, gainera, kaxa metalikoak. Botoi baten posizioa aldatzea nahikoa da horretarako, eta, hala, aurrez gordetako datuak babesten dira. Eta, ziurtasuna areagotu nahi den kasuetan, softwarearen bidez pasahitza jartzeko aukera ere badago.
Gainera, ez da beharrezkoa memoria osoari pasahitza jartzea. Memoria zatikatu egin daiteke, eta, hala, memoriaren atal batean datu publikoak gorde eta bestean pasahitza jarri eta datu pribatuak sar daitezke. Banaketa horiek, gainera, nahi den unean alda daitezke; hala ere, kontuan izan behar da aurrez gordeta zeuden datuak ezabatu egingo direla, memoriaren antolamendu berria egin behar baita.
Baina ezaugarri nabarmenetako bat tamaina da; oso txikiak dira guztiak. Handienak soilik 9 cm luze eta 2 cm pasa zabal dira. Hala ere, txikitasun horretan datu-andana gorde daiteke. 32 MB, 64 MB, 128 MB, 256 MB, 512 MB, 1 GB, 2 GB eta 4 GBko edukiera duten JetFlash memoriak daude.
4 GBkoa orain dela gutxi merkaturatu dute, hain zuzen ere.
Eta, nola ez, iraupena. JetFlash memorian sartutako datuak 10 urtean gordetzen dira, eta milioi bat aldiz ezaba eta graba daitezke. Beraz, aukera izugarriak eskaintzen ditu.
Bada beste aukerarik ere. JetFlashM izeneko memoriek, informazioa gordetzeko aukeraz gain, musika entzuteko modua eskaintzen dute. Izan ere, modelo horietan MP3 artxiboak gorde daitezke, eta zuzenean aurikularrak konektatuta entzun. Ez hori bakarrik, grabatzeko mikrofono bat ere badute.
Kasu horretan, ordea, pila bat beharrezkoa da musika entzuteko. Pila bakarrarekin 12 ordutan MP3 artxiboak entzuteko autonomia du memoriak, eta nahi den abestia behin eta berriz entzuteko, eta atzera eta aurrera egiteko aukera ere ematen du, besteak beste.
Beraz, CD-irakurlearen azken egunak ere gerturatzen ari direla dirudi. Izan ere, JetFlash memoria askoz txikiagoa da, modernoagoa, politagoa eta praktikoagoa. Hitz batean, etorkizunerako prestatua dago. Eta gu?