Historian zehar, betidanik izan da dietetikarekiko eta oro har, elikadurarekiko kezka. Esate baterako, Sokrates filosofoak horrela zioen bere idatzi batean “Kontu egiezu goserik gabe jan ditzakezun janariei eta egarririk gabe edan ditzakezun edariei”. Bestalde, Hipokrates eta Galena bezalako jakintsuek zenbait elikagaien ahalmena osasunarekin erlazionatu bazuten ere, gai hauei buruzko ikerketa zientifikoa ez zen XVIII. mendera arte hasi.
1780. urtean Lavoisier ikerlari frantsesak janariek giza gorputzari ematen dioten energiari buruzko lehen ikerketak egin zituen; zelula barnean gertatzen diren arnasketa- eta erreketa-prozesuak antzekoak direla frogatu zuen, bidenabar. 1900. urtean Blumek oinarrizko aminoazidoei buruz hitz egin zuen lehen aldiz, eta horiek proteinen osagai garrantzitsuak zirela agertu zuen. Horiexek izan ziren beraz, elikaduraren azterketa zientifikoa abiarazi zuten aurkikuntzak eta gerora egindako saioekin batera, elikaduraren osagaiak, behar kalorikoak eta behar nutritiboak hobeto ezagutzea lortu da.
Baina ikerketak aurrera darrai. Azken urteotan makina bat gai aztertu da sakonki eta informazio ugari jaso da; alabaina, gai asko geratzen da oraindik aztertzeke. Hobeto ezagutzen dugu elikaduraren prozesua, baina oraindik jatearen inguruko errito, mito eta sinbolo asko dago; gaur egun ere, zaila da esames horietatik at geratzea eta horiek guztiak nabarmen azaltzen dira sasoi honetan. Esate baterako, argaldu nahi badugu fruta jan behar dela, ogiak gizendu egiten duela... Mila aldiz entzun dugu hori eta edonoren ahotan, gainera. Ba ote du horrek guztiak inongo oinarri zientifikorik?
Oinarrizko iharduera izanik, gizakiok gabezi garrantzitsuak ditugu elikaduraren aurrean, eta horietako bat funtsezkoa dela uste dugu: elikadurarekiko heziketa, ohitura egokiak, bizi-kalitatea hobetzen lagunduko diguten azturak falta zaizkio gure gizarteari.
Ahal dugun neurrian, gabezi horiek emendatzen ahaleginduko gara. Dietetikari eta elikadurari buruzko oinarri zientifikoei gainbegiratuko diegu lehenik, eta ondoren, norberak bere etxean hain usu aipatzen baino nekez betetzen den oreka lor dezan aholku orokorrak ere emango ditugu aurrerantzean orrialde honetan.