Preziatua eta bizitzeko ezinbestekoa. Horixe da odola. Gure gorputzak behar-beharrezkoa du egoki funtzionatzeko. Oxigenoaren, elikagaien eta hondakinen garraiatzaile eraginkorra da. Eta beste hamaika funtzio ere betetzen ditu: besteak beste, gorputza infekzioetatik babesten du, eta tenperaturaren erregulazioaren arduraduna da.
Horretaz guztiaz jabetu bezain pronto hasi zen, nolabait, odolaren ordezkoa aurkitzeko lasterketa. Transfusioetarako nahi beste odol garbi izatea da helburua.
Oraingoz, odolaren eta haren osagaien hornikuntza emaile boluntarioen esku izaten da. Bizitza ugari salbatu dira haiei esker, ezbairik gabe. Baina, emaile-kopurua beheraka doa egunez egun, eta eskaria, berriz, goraka.
Montserrat Lozano eta Nerea Caminos Donostia Ospitaleko Hematologia zerbitzuetako medikuek esan duten bezala, "odol-emateen egungo egoerak bereizgarri zehatzak ditu: eskariaren hazkuntza etengabea, emateen beherakada eta transfusioetan segurtasuna bermatzeko exijitzen diren neurrien kostuaren etengabeko igoera --agente patogeno potentzialak detektatzeko gero eta teknologia sofistikatuagoak erabili behar baitira-- ".
Segurtasunari dagokionez, aurrerapen handiak egin dira, eta odol-talde ezberdinen arteko bateragarritasun-kontuak, koagulazioak zein bakterioen kutsadurak gero eta kontrolatuago dituzte sendagileek. Baina gaitzen bat kutsatzeko edo transfusioaren ondorengo erreakzioak pairatzeko arriskuren bat beti dago.
Beste desabantailarik ere badute, gainera, transfusio homologoek (hartzen den odola beste pertsona batek emandakoa denean). Esate baterako, batzuetan emandako odola eskuratzeko zailtasunak daude, odol hori azkar hondatzen da, eta, emaileei esker lortzen bada ere, odola garestia da. Odol-poltsak balio duena eta odol hori segurua dela ziurtatzeko egiten diren analisiak kontuan izanda, odol-unitate baten prezioa 100 eurotik gorakoa da.
Horiek hala, Lozanok argi du odolaren ordezko bat aurkitzea "interes estrategiko handikoa" litzatekeela. "Odol artifiziala larrialdietako transfusio-beharrei erantzuteko gai izango litzateke; baita transfusio bereziak behar diren egoerei aurre egiteko ere --talde arraroen kasuetan, adibidez--".
Odolaren ordezko idealak ezaugarri jakin batzuk bete beharko lituzke. Eta erronka ez da makala, gero. Eskaria asetzeko behar den kantitatea lortzeaz harago, besteak beste, odol guztiz segurua sortu behar da. Eta, gainera, odol merkeagoa, luzeago iraungo duena eta hartzaile ororentzako balioko duena nahi da. Izan ere, odol unibertsal baten hornikuntzak proba gutxiago egin beharra ekarriko luke, larrialdietako prozesuak arinduz.
Egun, tamalez, ez dago ezaugarri horiek denak betetzen dituen ordezkorik, nahiz eta azken 20 urteotan bilioi bat libera inbertitu diren sektorean; AEBko armadarena da inbertsio nagusienetako bat. Baina oraindik ez da onartu odolaren ordezko artifizialik komertzialki erabiltzeko. Lorpenik izan bada ere, odolaren ordezkoen hartzaileek bihotzekoak izateko arrisku handiagoa dutela iradoki dute hainbat ikerlanek.
Zientzialarien egungo asmoak xumeagoak direla esan liteke. Odola eta haren funtzionamendua bere osotasunean imitatu ezin dutenez, odolaren egiteko nagusia, oxigenoa garraiatzea, beteko luketen ordezkoak bilatzea dute lehentasun. Globulu gorrien egitekoa ez ezik, adibidez, plaketena ere ordezkatzen ahalegindu dira (plaketa-hondakin liofilizatuak edo partikula itsaskorrak baliatuz).
Oxigeno-eramaileekin, bi ikerkuntza-ildo nagusi zabaldu dira: perfluorokarbonoan oinarritutako ordezkoak eta hemoglobinaren deribatuak oinarri dituztenak.
Fluor- eta karbono-atomoz osatutako konposatuen izen generikoa da perfluorokarbonoa (PFC). Arnasketa likidoa deritzanean erabiltzen da, gainazal-tentsio egokia duelako biriken egiturari eusteko, eta fluorra oso egokia delako oxigenoa eta karbono dioxidoa garraiatzeko eta odolarekin trukatzeko. Makina baten xiringek biriketako azken albeoloraino bidaltzen dute oxigenodun perfluorokarbonoa. Han, oxigenoa odolean askatzen da, eta odoleko karbono dioxidoa jasotzen da, arnasketa arrunta balitz bezala. Ondoren, makinak atera egiten du perfluorokarbono gehiena, eta berriro egiten du prozesua. Makinak berak kentzen dio karbono dioxidoa ateratako likidoari, eta oxigenoa gehitzen dio.
Birikak likidoz beteta daudenez, saihestu egiten dira ohiko arnasketa artifizialaren presio-arazoak, birikek estres gutxiago jasaten dute, eta errazago arnasten dute. Oro har, sintetikoak izanik, ez dute infekzio-arriskurik, eta kantitate handian ekoitz daitezke. Albo-ondorioak eragiten dituzte, baina (sukarra, toxikotasuna biriketan...).
Bestalde, oxigeno gehiago garraia dezaketen hemoglobina (Hb) sintetikoen bila aspalditik ari dira laborategian, baina nahi bezalako emaitzak ezin erdietsita jarraitzen dute.
Gorputzaren oxigeno-eramaile naturala da Hb, globulu gorrien osagai nagusia. Pigmentu gorria da, eta berak ematen dio kolorea odolari.
Baina globulu gorrietatik kanpo, arazoak ematen ditu hemoglobinak: ez du oxigenoa hain ondo garraiatzen, odol-jarioan nahastean nahiko erraz desegiten da, eta bere osagaiek kalte egiten diete giltzurrunei (bihotzari ere bai, batzuetan). Horregatik, ikertzaileek hemoglobina egonkortzea bilatzen dute, toxikotasuna saihesteko, eta eraldaketa kimikora jotzen dute. Zenbait estrategiarekin ari dira lanean: hemoglobina kapsulatua (liposomez inguratua), giza Hb birkonbinatua, animalia transgenikoetatik lortutakoa...
Egun arteko produkturik arrakastatsuena Hemopure izenekoa da (AEBko Biopurek ekoiztua); 2001ean onartu zuten haren erabilera, baina Hego Afrikan soilik. Beste gehienak baztertuta daude, edo fase esperimentalean. "Ahalegin handiak egin dira hemoglobinaren ordezko sintetikoak lortzeko, baina oraindik ez dituzte saio klinikoak arrakastaz gainditu. Emaitzak ez dira oso itxaropentsuak", azaldu du Caminosek.
Alternatiba gisa beste bide batzuetatik ere jo behar izan da: "zelula ama hematopoietiko helduak edo enbrioien zelula amak erabiliz zelula gorriak lortu nahi dira. Momentuz ez dute heldutasun tekniko nahikoa alternatiba funtzional bezala definitzeko, baina bide oparoa izan dezakete".
Zelula amak odoleko zelula bihurtzeko ikerlanak abian zeuden orain 10 urte ere. AEBn, adibidez, Wisconsin-Madison Unibertsitatean 2001ean ekin zioten halako proiektu bati. Enbrioien zelula amak hezur-muinarekin eta hazkunde-eragileekin batera jarri zituzten, eta zelula amak odol-zelula bihurtzea lortu. Lehenbizi, zelula amek zelula hematopoietikoak eman zituzten, odoleko eta hezur-muineko zelulen aitzindariak. Eta zelula hematopoietiko haiek globulu gorriak, globulu zuriak eta plaketak eman zituzten gero.
DARPA ere (defentsarako proiektu aurreratuak ikertzeko Pentagonoak duen agentzia) horretan dabil uneotan. Zilbor-heste bateko zelula amekin 20 odol-unitate (8-10 litro) lortzeko gai direla dio. Lortutako lehen odol-laginak bidali ditu jada FDAra (AEBko Elikagaien eta Sendagaien Administraziora). Hark onetsi beharko du proiektua, aurrera egingo badu.
Enbrioiekin egiten diren ikerlanen aurkarien kritikarik ere ez da falta izan urteotan, eta ikusi beharko da gerora zertan geratzen diren saiakera hauek guztiak. Oraingoz, baina, badirudi itxaropenak bide horretan jarrita daudela.