Od gaixotasunen intzidentzia normala 1989an

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Sanitate eta Kontsumorako Ministraritzaren Asteroko Buletin Epidemiologikoaren arabera, 1989an obligazioz deklaratu beharreko gaixotasunen (ODS) kopurua intzidentzia normala bezala kontsidera daitekeenaren barruan mantendu zen. Hiru izan ziren normaltasunaren muga gainditu zuten gaixotasunak: pneumonia, barizela eta parotiditisa, hain zuzen.

Hesteetako infekzioak

Hesteetako eritasun infekziosoen taldean ez da, iazko zifrekin konparatuz, aldaketa nabarmenik; finkotasuna baizik. Sukar tifoideo eta paratifoideoen kasuan ordea, egon da gorakada txikiren bat (% 6,02 batezbeste) Komunitate Autonomo gehientsuenetan. Salbuespena Kantabria izan zen (% 75eko beherakada). Disenteria ere, 1987an eta 1988an nabarmenki beherantz, zertxobait igo zen 1989an (% 6,65); Estremaduran bereziki. Janariengatiko toxiinfekzioak, bestalde, ez zuten inolako aldaketarik erakutsi 1988arekiko, eta urte osoko kasuak 44.954 izan ziren.

Arnas infekzioak

Urtean zehar deklaratutako arnas infekzio akutuen kopurua 14.055.850ekoa izan zen, 1988ko zifrekiko % 5eko beherakada adierazten duelarik. Gripeari dagokionez, deklaratutako kasuak (3.544.299) iazkoak baino % 23 gutxiago izan ziren. Pneumoni kasuak gorantz joan dira 1988 urteraino, baina 1989an % 12,47ko beherakada jasan dute. Gauza bera gertatzen zaio tuberkulosiari; 1987tik aurrera beherantz egiten ari bait da.

Gaixotasun exantematikoak

1989a urte epidemikoa izan zen elgorriarentzat: ia 33.000 kasu deklaratu ziren. Dena den, aurreko urte epidemikoan, 1986an, deklarazioa askoz ere altuagoa izan zen (220.109 kasu). Nahiz eta errubeolak beherantz egin, 2.972 kasu gehiago deklaratu ziren 1988an baino. Barizela gora doa, urtetik urtera, 70.eko hamarkadaz gero eta 1989. urtean 512.426 kasu izatera iritsi zen, eskarlatinak hirugarren urtez jarraian behera egin zuen bitartean.

Zoonosiak

ODG hauetatik, sukar exantematiko mediterraniarrak soilik jasan zuen gorakadatxo bat 1989an (iaz baino 98 kasu gehiago); Balearetan, Gaztela-Mantxan, Estremaduran eta Errioxan batipat. Karbunkoa (137 kasu), bruzelosia (4.217) eta hidafidosia (620 kasu) beherantz doaz; ez oso nabarmen, baina bai joera mantentzeko moduan.

Transmisio sexualeko eraitasunak (TSE)

Pentsa zitekeenaren kontra, Buletinak dioenez zenbait TSEk (sifiliak eta infekzio gonokozikoak, esate baterako) joera nabarmenki beherakorra dute azken bosturtekoan. 1989. urteko kasuak (1.809 eta 18.348 hurrenez hurren) beherakada horren erakusgarri dira. Melilla da sifili-tasaren gorakada izan duen bakarra.

Bestelakoak

Deklaratutako infekzio meningokozikoaren 1.636 kasuak 1988ko zifrak baino gorago daude, baina bosturtekoaren hasieran erregistraturiko tasen azpitik mantentzen dira hala ere.

Epidemiologi Zentru Nazionalaren arabera, hepatitisaren deklarazioek beheranzko joera dute 1986az gero, eta zentzu horretan 1989an deklaratutako 23.051 kasuek % 8,79ko beherakada adierazten dute 1988koekiko.

Gauza beretsua gertatzen da sukar erreumatikoarekin (3.533 kasu 1989. urtean); Asturias-en izan ezik komunitate autonomo guztietan jaitsi bait da (% -15,57). Parotiditisarentzat eta kukutxeztularentzat urte epidemikoa izaki, 1989an 80.527 kasu eta 33.212 kasu deklaratu ziren hurrenez hurren.

Intzidentzia baxuko ODGen artean, difteri kasu bakar bat ere deklaratu gabe joan zen urtea. Baina epidemiologoen eritziz ez da gaixotasun hori eliminatua izan denik pentsatu behar; ezta gutxiagorik ere. Aipatzekoa da, bestetik, jaioberrien oftalmia eta erdiberriaroko sepsiaren kasuak asko jaitsi direla, eta trakoma-kasurik ez dela deklaratu. Tetano-kasuak (itxuraz behar baino gutxiago deklaratzen da) 56 gehiago izan ziren. Hiru kolera-kasu bakarrik deklaratu ziren: bat Salamankan deklaratua (eta Turkiatik ekarria) eta beste bi Sevillan, bertan sortuak.

Bukatzeko, 1989an errabia, tifus exantematikoa, zorriek eragindako sukar atzerakaria, pestea eta sukar horia desagertutzat eman zirela (betirako ote?) aipatu behar da.

ITURRIA:
Obligazioz deklaratu beharreko gaixotasunak. Epidemiologi Zentru Nazionala. Erabilitako populazioa: Sanitate eta Kontsumo Ministraritzan kalkulatutako proiekzioak.

*Kasu bat Mauritaniatik inportatua izan zen.
(Oharra: Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra).
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila