Numerologia (IV)

Zortzi zenbakia

Esanahi unibertsalak: Arrakasta materialaren zenbakia da zortzia. Bi zenbakiaz bi aldiz zatitu daiteke eta, beraz, oreka laukoitza du; horregatik, gainera, justiziaren zenbakitzat hartu izan da. Solidoa eta osoa adierazten ditu. Denboraren zikloak lau urtaro, bi ekinozio eta bi solstizio ditu. Kristauentzat etorkizuneko bizitza adierazten du eta grekoek zenbaki guztiahalduna zela uste zuten. Birsortzearen zenbakia ere bada zortzia eta zeruaren eta Lurraren esferen batasuna zela uste da. Horrez gain, ordena lurtarraren (karratua) eta kanpoko ordenaren (zirkulua) artean dagoen indarraren zenbakia ere bada. Gainera, indarren orekarekin, botere desberdinen orekarekin eta infinituarekin ere lotzen da. Izaera bikoitza du eta batzuetan endakatzea adierazten badu ere, besteetan birsortzearekin lotuta agertzen da. Musikako proportzioen oinarria denez, harmonia unibertsala ere deitu izan zaio.

Sinboloak: Saturno, Demetrio, justizia eta Libra.

Ikurra: karratu bikoitza

Esanahi pertsonalak: Borrokaren, gogortasunaren eta materialismoaren zenbakia da. Zortzi zenbakidunentzat ez dago tartekorik: arrakasta itzela lor dezakete edo bestela, porrot ikaragarria. Oro har, sutsuak, gogotsuak eta ikuste zabalekoak izaten dira, ezaugarri horiek bere helburuak lortzeko irrika eta bultzada ematen dizkietelarik. Ez da zorioneko zenbakia eta, ondorioz, zortzi zenbakidunek maiz jasaten dituzte galerak eta irainak. Munduak ez dituela ulertzen uste izaten dute eta bakartiak dira oso. Hala ere, ezaugarri horiek lanaren gainean aplikatzen dituztenean, botere-postuetara irits daitezke. Zuhurrak, moldagarriak, egosgogorrak eta izaera gogorrekoak dira.

Zortzi zenbakidun negatiboak gupidagabeak, setatiak eta eskrupulorik gabeak izan daitezke; batzuek harroak dirudite, baina zenbait kasutan patuaren jostailu hutsak direla pentsa daiteke.

Etorkizunari loturik, aurrerako urratsak emateko garaia adierazten du, baina lan egiteko eta erantzukizunak onartzeko prest daudenentzat soilik. Zeloak zortzi zenbakidunen galbidea izan daitezke eta etengabe eskatzen dute fideltasuna. Halaber, maitasuna adierazteko zailtasunak izaten dituzte, baina benetan maite dutenean, leialak eta lagunkoiak dira. Eztabaida erabat arrunta da zortzi zenbakidunentzat; emozioen muturretan aurkituko ditugu beti, batzuetan zakarrak eta axolagabeak eta besteetan, berriz, onberak eta atseginak. Arestian esan bezala, tartekorik ez dago zortzi zenbakidunentzat.

Hitz gakoak:
Positiboentzat: materialista, gogorra, egosgogorra, eszentrikoa eta ahaleginean kontzentratzeko gai.
Negatiboak: setatia, gupidagabea, eskrupulorik gabea, harroa, errudun-sentsazioa eta zorigaiztoa.

Bederatzi zenbakia

Esanahi unibertsalak: Hebraitarren zenbakikuntza-sistemak ez dio letrarik egokitzen zenbaki honi, bukaeraren kontzeptuarekin lotuta zegoelako. Hebraitarren ustez, Jainkoa soilik izan daiteke osoa. Triaden triada da eta, hortaz, botere handiko zenbakia da, ezkutuarekin lotua. Maila korporalaren, intelektualaren eta izpiritualaren egoerari egokitzen zaio; halaber, zenbaki bakun handiena da eta besteen ezaugarriak biltzen ditu. Horrela, hiru zenbakiaren indar sortzailea areagotzen du eta osotasuna adierazten du.Beste zenbaki batez biderkatuta, emaitzaren zifren batura bederatzi da (9 x 26 = 234; 2 + 3 + 4 = 9) eta horrek norberekeriarako joera isladatzen du.

Burutzapen mentalen eta izpiritualen arteko erpina da zenbaki ar hau, baita kontzientziaren eta psikismoarena ere. Bederatziak bizitzaren zikloaren inguruko zortzi urratsak eta zentro elastikoa adierazten ditu. Bederatzi musa daude, haurdunaldiaren bederatzi hilabeteekin lotuta. Materiaren ezaugarria da eta, materia bezala, aldatzen bada ez da inoiz desagertzen.

Sinboloak: Martitz, Helios-en bederatzi zaldi zuri hegadunak eta Eskorpio.

Ikurrak: Makila eta mundua.

Esanahi pertsonalak: Bederatzi zenbakiaren eraginpean daudenak ausartak eta desinteresatuak dira eta burutzapen intelektual edota izpiritual handiak lortzeko gai dira. Bere arriskurik handiena odola berotzea da, hitzez zein ekintzez. Martitzen eraginpean, bederatzi zenbakidunek borrokarako joera izango dute eta inoiz gailurrerako bidean abiatzen badira, etsai asko aurkituko dute bidean. Saiatuak, irudikorrak eta trebetasun mental handikoak dira. Arteetarako joera ere izan dezakete.

Bederatzi zenbakidun negatiboek pentsatu baino lehen hitz egiten dute; karitate gutxikoak dira eta engainatzeko arazorik ez dute izaten. Edozein kritikak sutan jartzen ditu bederatzi zenbakidun negatiboak; oro har, harroak, burugogorrak eta astunak dira.

Etorkizunarekin lotuta, ziklo bat amaitu dela eta berriari ekin behar zaiola adierazten du zenbaki honek. Harremanetan, ordea, amaiera adierazten du. Borrokak eta liskarrak bizitzaren zati garrantzitsu dira. Edozein eskuhartzearen kontrakoak dira, bai lagunena zein familiena. Fidagarriak, leialak eta moldagarriak ere izan daitezke. Maitasuna behar beharrezkoa dute eta irrigarri izateraino bilatzen dute.

Hitz gakoak:
Positiboak: gizaldekoa, odolberoa, zorionekoa eta izpirituala.
Negatiboak: tranpatia, oso odolberoa, harroa eta egozentrikoa.

Zero zenbakia

Ezereza, nihilismoa, baliogabetasuna, ez izatea adierazten ditu zero zenbakiak. Kreazioa baino lehen zegoena, hutsa. Bere osagaiak elementu negatiboen baliokideak diren lauak: ezereza, inon ere ez, infinitua eta iluntasuna. Ikustezintasuna ere adierazten du.

Nork bere buruari kalte egiteko prozesuaren baliokidea da eta heriotzaren sinboloa ere izaten da. Mailakatutako eskalaren abiapuntua da eta horren arabera kalkulatzen dira kantitate positiboak eta negatiboak. Hortik, denbora kronometratuaren hasiera eta jaiotzaren unea izatea.

Bat zenbakiarekin batera, existentziaren eta ez izatearen arteko leizea adierazten du. Infinituarekin loturik dago, existentziaren balio infinituaren sinboloa da ez izatearekin alderatzen denean.

Osotasun aurrekontzientearen zirkulua. Ourobus sugea, buztana ahoan duena, gauza guztiak bere barruan hartuz, inguratuz. Sistema itxia.

Bere sinboloak lemniskatoa, infinituaren ikurra matematikan eta ikasketa ezkutuen infinitua, betierekotasuna.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.