Numerologia (eta VI)

Zenbakien azterketa ez da egin historian zehar Matematikaren ikuspuntutik soilik. Alde erlijioso-filosofikoak ere maiz eraman du gizakia zenbakiak eta bere erlazioak aztertzera. Horren adibidea dugu Pitagoras: bere sinismenean zenbakiak gauza guztien oinarri ziren; beste adibide bat Kabala (Kabalah, Qabalah, Cabbala edo Cabala) dugu: hebraitarrek zenbaki bana egokitzen zieten letrei eta gero, hitz eta esaldi bakoitzari zegozkion zenbakiak kalkulatu egiten zituzten, emaitzaren arabera ondorioak ateratzeko. Ikuspuntu erlijioso-filosofikotik atera diren ideiek historiako garai guztietan iraun dute bizirik.

Erdi Aroan, erlijio ofizialaren ondo-ondoan, erlijio ezkutu bat (edo batzuk) garatu zen (edo ziren). Iniziatuak, tenplarioak, kabala, harginak, Finis Terrae, Santiago-bidea... Hitz horiek guztiak dira ezkutuko erlijio horren lekuko. Finis Terrae-rako bidean, edo Santiago-bidean, edo lurraren azken muturreraino ei zihoan bidean erraz aurki genezake zenbakien azterketa erlijioso-filosofikoaren adibide garrantzitsuren bat. J. G. Atienza-ren “La Ruta Sagrada” izeneko liburuan, Fromistako San Martin eliza erromanikoaren azpian dauden zenbakiei eta beren esanahiari buruz lerro hauen gainean dagoena irakur daiteke.

Fromistako San Martin elizaren barnealdea.

Azalpen horren ondoren, lehenengo hamabi zenbakiak zerrendatzen ditu atzetik aurrera, eraikinaren atal desberdinekin lotuz. Hona hemen hamabi zenbaki horien esanahia eta eraikinean duten isladaren zehaztasunak, nola ez, J. G. Atienzaren laguntzaz.

12 MAGNITUDEA: Ez da oinarrizko egitura kosmikoaren eskeman bakarrik aurkezten, baita unitatearekin batuta ere, hau da 13 bezala edo bere anizkoitzen bidez. 52 kapitelek (13 x 4) munduaren historia ezkutuaren eta gizakiak, Heriotzaren eta ondorengo Berpizkundearen bidez, Ezagumenduranzko prozesuan eman beharko dituen urrats zehatzen eskema sinbolikoa ematen dute. Kanpoaldeko beste 26 kapitel (13 x 2) 13 leihoen alboan daude, zeinetatik argia eremu sakratuan barneratzen den.

11 MAGNITUDEA madarikatua eta bekatutsua dela diosku. Bestalde, osatu gabea da gizakiaren ikuspuntutik (10) eta ikuspuntu kosmikotik (12). Ez dugu 11 zenbakia San Martin elizan aurkituko.

10 ZIFRA: Osotasunaren zenbakia da; Kabalaren arabera, jainkozko jarioaren zenbakia, IO-Isis delakoaren seinalea eta Jainkoaren izenaren lehen letra hebraitarren alfabeto sakratuan. San Martinen 10 dira tenpluaren barruan dauden aldeetako zutabe-bitarteak eta horretan zehar fededunak absideko leihoetatik sartzen den argirantz aurreratu behar du. 10 zenbakiak bidea seinalatzen du; albo-nabeek estaltzen dute bidea absidearen koroara iritsi arte.

San Martin elizak dituen 315 modiloietako bat.

9 ZENBAKIA osotasunaren (10) berehalakotasunera daraman jakintza gorenaren zifratzat hartu izan dela esaten zaigu. Eta aurrerago, San Martinen 9 zenbakia tenpluaren gailurretan, 9 teilatuetan, hau da, 3 dorreetan eta linternan, 3 absideetan, 2 gurutzeriaren besoetan eta 1 nabe nagusian. Puntu honetan, Atienzak azpimarratzen digu teilatuak, Jakituria bezala, ezin daitezkeela azpitik osorik ikus eta gainerako posizio batetik soilik ikus daitezkeela bere osotasunean.

8 ZENBAKIA linternaren aldeetan, absideetara pasatzeko dauden zortzi kapiteletan eta tenpluaren nabeak banatzen dituzten harroinetan dagoela irakur dezakegu. Beste esanahien artean, 8a infinituaren bertikaltasuna (8 – ) dela eta 8ak lau elementuak eta beren proiekzio kosmikoa adierazten dituela esaten digu.

Abside eta linternako teilatuak, modiloiek apaintzen dutelarik.

7 ZENBAKIA: Karratuaren (lurtarraren) eta triangeluaren (zerurantz altxatzen den mendiaren) batasuna da eta fededunarengana absideko 7 leihoetatik iristen da. ZAIN letra, alfabeto hebraitarraren zazpigarrena, Argiaren ikur kabalistikoa da, baita hartzeko gai den giza begiaren adierazpena ere. Zazpi dira zorionbide islamiarraren estadioak eta zazpi dira San Martinen barneko eta kanpoko mailak ere. Barnean, esaterako, oinarriak, zutabeak, kapitelak eta beheak, zeharkako arkuteriak, goiko kapitelak, gangetako arkuteriak eta linternaren kupula daude.

6 ZENBAKIAren propietate aritmetikoak aipatzen ditu liburuak —1 + 2 + 3 = 1 x 2 x 3 = 6—; hori zela eta, matematikariak, teologoak eta okultistak bat etorri ziren magnitude bereziki esanguratsua zela esaterakoan. Martinez de Pasqually-k Intentzio, Borondate eta Hitz kontzeptuen batura deitu zion; Euklidesek zenbaki perfektua (zatitzaileen baturaren berdina) eta S. Ambrosio-k harmonia perfektuaren sinboloa dela zioten; kabalistek seigarren sefira, TIFERET, edertasuna, adierazten zuela uste zutelarik. Liburu sakratuetan Edertasuna eta harmonia Kreazio egunak 6 izatean isladatzen dira. Horrek baieztatzen du 6 direla, Jainkotasunaren ulerkuntza erdiesteko, Ezagumenduak iragan behar dituen estadioak.

Eliza barneko 52 kapiteletako bat.

San Martin elizan 6 dira, hain zuzen ere, sartaldeko atetik absideraino tenpluaren zutabe-bitarteak, Eguzkia sartzen den unetik Sortze Sakratura 6 etapatan zehar ibili behar den bide iniziatikoaren ideia baieztatuz. Berezitasun batek egiaztatzen du egitura horren intentzioa: iparreko eta hegoko ateak, tenplu kristauetan irteera-ateak direnak, bigarren eta hirugarren zutabe-bitarteetan kokaturik daude, hurrenez hurren, jarraitzailea aipatu estadioetan dagoenean, kontestu monastikoetan botoak, heziketa iniziatikotik irteteko aukera sinbolizatuz, hurrengoetan egin ezin izango duena.

5 ZENBAKIAren eskema pentagrama da. Pentagrama gizakiaren ikurra da, baina magiaren munduan, Akerraren ikur diaboliko bihur daiteke. Arkitekturan, Erdi Aroaren lehenengo urteetako tenplu kristau ugarien oinarrizko eskema izan zen. Are gehiago, Moessel arkitektoaren arabera, basilika kristauaren proiekzio ezkutua egituratzen den txantiloia da. Fromistan pentagrama zehatz-mehatz agertzen da: goiko erpina kupula erdiko absidetik banatzen duen mugan eta behekoa dorreen ardatzen oinetan.

4 ZENBAKIA da edozein eraikinetan argiroen agertzen dena 4 aldeak, alegia. Mundutarraren adierazpen gisa, ohizko 4 elementuak, lau puntu kardinalak; horren arabera eraikitzen da egitura sakratua, absidea sortaldean duelarik.

Absidetako 7 leihoak
ezker-eskuineko alboetakoak ez dira ikusten

3 ZENBAKIA esentzialki kosmikoa eta sakratua da, jainkozko Hirutasunaren betetasuna eta bere izatearen distira adierazten baititu. Halaber, tridimentsionalitatearen kintaesentzia haragitzen du eta horren gainean gizakia bere baldintzetatik altxa daiteke eboluziozko hurrengo estadioa erdiesteko. Hartzen duen itxura, Y, aldi berean YOD hebraitarra, alfabeto sakratuaren 10. letra, eta GAMMA grekoa, GHIMEL, segida kabalistikoaren 3. soinua, da. Esanahi bikoitzak, txorien lengoaiaren itzaletatik, Jainkoa Gizakiaren aurrean BAT eta osoa (10) eta TRINA bezala aurkezten dela testifikatzen du: iniziazioaren bidez soilik uler daitekeen misterio garrantzitsua —baina leku guztietan era askotan adierazita dagoena— identifikatuz, aldi berean, Unibertsoa ulertzeko dugun era (hiru dimentsiokoa), ageriko Denboraren zentzua —iragana, BETIEREKO PRESENTEA eta etorkizuna— eta Trimurti dibinoa, zeinean eite bat sortzailea, beste bat berreroslea eta hirugarrena iniziatikoa baitira: ezagumendu-iturria, kabalak hirugarren sefirarekin identifikatzen duen jakituria goren horren jatorria, BINA Adimenarekin, alegia. Fromistan, Hirutasun hori erdiko absidearen 3 leihoetan, tenpluaren 3 sarreretan, 3 nabeetan ageri da, baina, batik bat, linterna eta bi dorreen konjuntzioan, tenpluaren 3 gailurrak osatuz. Baina, horien barne ditugu BITASUNA —2 zenbakia— eta BATASUNA, beren elementuak bildurik edo banaturik ikusten ditugun: bi dorre zilindriko berdinak, lirain eta femenino, eta linterna oktogonal bat ia bere altuerakoa, eraikin-multzoaren gune bakarti eta nagusia, multzoaren koroa —KETER— eta multzo horrek sakratutik duen guztiaren esentzia, xede nabarmena izaki zentzu sakon bat ematea zenbaki eta zifrari, berehalako erakusgarri diren heinean matematika sakratu batenak, zeina, maila jakin batzuetan, infinitutasun kosmikoari zentzua emateko gai den disziplina bakarra baita.

Horra hor, eraikin bakar batean, Fromistako San Martin elizan, aurki daitezkeen ezkutuko esanahiak; adibide hori, gainera, ez da bakarra zenbakien esanahi ezkutua bilatu nahi duenarentzat. Bestalde, Santiago-bidea egin nahi dutenei gomendatzen diet liburua, bidearen beste ikuspuntu bat ezagutzeko aproposa da eta.

Fromistako San Martin eliza erromanikoan dauden zenbakiei buruz idatzita dagoena

“Gonbidatzen dut horretarako prest dagoena tenplua suhartasunik gabe so egitera eta gero, esan dezala ez dela, apika, bere bizitza osoan ikusi duen eraikin orekatuena, sendoena, etereoena eta erosoena!

Ez dagoela eraikita gizakiaren, bere eskemen eta itxaropenen neurri doi eta zehatzean; munduaz duen berezko kontzepzioaren, filosofo alemanek Weltanschauung deitu zuten kontzepzio horren, proportzio doi eta zentzudunean eta kosmo intuituarena ez den edozein egituratatik urrun.

Hala ere, zera azalduko dut: San Martin, erudizioaren eta ikerketa estetikoaren kontzepzio historiko-kulturaletatik haraindi, edozein gizabanakok bere geneetan daraman eskema existentzialei egokitzen zaie, zeinak, egitura ukigarri eta nabarian materializatzerakoan, berarekin identifikarazi gaituzten eta gure buruaren, gure berehalako errealitateen eta Unibertsoaren eskema handiei buruz dugun ideia intuituaren parte izatera pasatzen duten.

Nabaritasun hori onartzen lagunduko duten zioetan pentsatuz, uste dut esentziala eraikin osoari darion oreka perfektua dela. Zifran oinarritutako eta egitura osoan ezin hobeki dosifikatutako oreka, tenplua dodekalogo bihurtuz, bisitariak ikusi ez, baina antzematen duen eta, antzeman baino, gogoan sartzen zaiola sumatzen duen eta, etenik gabe, jada identifikatutako egituraren parte izatera pasarazten duen dodekalogoa. Begira dezagun, bestela, bera oso-osorik hartuta. Eta ardura gaitezen zenbatzen eta atzetik aurrera neurtzen zenbakiaren lehenengo iturrietarako, erromesaldi berri batean bezala.”

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila