Non da Ternuako bakailaoa?

Nork ez du entzun Ternua eta euskal arrantzaleei buruzko historiarik? Zein garaitan bertaratu ziren euskal arrantzaleak? Noiz utzi zioten bertan bakailaoa arrantzatzeari? Eta egun, non arrantzatzen da hain preziatua bihurtu den altxorra? Galdera hauek eta beste zenbait mamitzea izango da gure “bakailao-ibilbidearen” jomuga. Lehenengo geldialdia Ternuako edozein portutan egingo dugu, gero Ipar Atlantikotik barrena ekialdera igaroko gara, Norvegia eta Svalbard aldera hain zuzen ere. Gure bidaia Euskal Herriko edozein txokotako mahai baten inguruan, platerkada bat bakailaoarekin gozatuz amaituko da. Baina hasi aurretik egin dezagun historia pixka bat.

Historialari batzuen ustez, bakailao-arrantzaren lehen arrastoak 1000. urtekoak dira, jada garai haietan bikingoek bakailaoa arrantzatzen baitzuten Eskandinaviako kostaldean. Luzaro gabe, euskal arrantzaleak Bizkaiko golkoa utzi eta Europako uretan bakailaoari jarraituz murgildu ziren, Kantauri Itsasoan ez baitzen, arrantzatu ahal izateko kopuruetan behintzat, bizi bakailaoa. Nahiz eta bakailao-arrantzan aitzindari ez izan, autore batzuen aburuz, beraiek garatu zuten bakailaoa gazitzeko teknika eta honek, ustekabean, abantaila ugari eragin zuen. Batetik, arraina luzaroan hondatu gabe mantentzea ahalbidetu zuen eta horrela bidaia luzeetako elikagai aproposa bihurtu zen. Urruneko itsaso eta lur ezezagunak gure bihurtzeko bide izan zen bakailao gazitua eta, horrela, euskal ontziak Ipar Atlantikoko ur hotzetan arrantza-leku berriak bilatzeari ekin zioten.

Bestalde, espainiar zein atzerri merkatura hedatzeko aukera eskaini zuen. Kristautasunak ere bultzatu zuen bakailao gazituaren garrantzia; garizuman ostiraletan haragia jateko debekuak bakailaoa bihurtu baitzuen dieta betetzeko osagarririk nagusiena.

Bikoteko arraste-arrantza

Bikoteko arrantza, izenak dioen bezala, bi ontziren artean burutzen da. Ontzi bakoitzak bere galtzerdi-itxurako arraste-sarea du. Bietako baten sarea da lehenik uretara botatzen dena. Arrantza-ontzi batek sareari mutur batetik heltzen dio eta besteak beste muturretik, hondotik herrestan eramanez. Ondoren, sarea jasotzeari ekiten diote eta berehala bigarren sarea botatzen dute uretara. Horrela behin eta berriro egunean hainbat arrantza-saio eginez.



Ezin ahaztu balearen arrantzak eta bakailaoak duten lotura. Balea arrantza urrutiko eremuetara hedatzea epe luzean hondatuko ez zen elikagaiak ahalbidetu zuen, bakailao gazituak alegia. Honela, baleei jarraituz, gero eta urrunago abiatu ziren lur eta inguru ezezagunak aurkituz, Labrador eta Ternua hain zuzen ere. Baleak ur hotz horietara jan bila bertaratzen ziren uda-partean eta horien atzetik euskal arrantzaleak. Bertan lehorreko kanpamentuetan ematen zuten uda balea-arrantzan. Balea-ugaritasunaz gain, bakailaoa ere oso ugaria zela konturatu ziren eta azken hau arrantzatzeari ekin zioten.

Honela, ternuar bihurtu ziren euskaldunak. Gerora, bi herrien arteko erlazioa estua izan da eta Ternuan oraindik ugariak diren euskal toponimoak hori gogorarazten digute. Adibide gisa, bertako hiriburuaren izena Saint Johns dela aipatu, Euskal Herriko arrantzaleak bertaratu zirenean Donibaneko portuaren (San Juan gaztelaniaz) sarrera gogora ekarri zielako. Adibide-zerrenda mardul honetan Portutxo edo Port Basque herrien eta Aingura charra (zaharra) izenak ere aurki ditzakegu.

Ternuako bakailaoaren ugaritasun-hotsak ziztu bizian zabaldu ziren Euskal Herriko eta Europako arrantzaleen artean eta konturatu orduko arrantzale gehienak bertara joateko planak egiten ari ziren. Ordutik, Ternuako inguruetan bakailao-arrantza arras garrantzitsua izan zen geure arrantzaleentzat. Hasiera batean, XVI eta XVII. mendeetan, arrantza itsasontzi handien itzalpean ziren txalupa txikiek burutzen zuten, amuak eta tretzak erabiliz. Itsasontzi handia kostaldean ainguratuta geratzen zen bitartean, txalupa txikiak bakailaoa arrantzatzera abiatzen ziren eta harrapaketa lehorrean gazitu ondoren, arrantzontzi handian pilatzen zuten. Gerora, XVIII. mendean, arraste-ontzi handiak izan ziren hondoko arraste-sareak erabiliz bakailaoaren arrantza burutu zutenak. XX. mendetik aurrera, berriz, bakailao-arrantza bi ontziren artean burutzen zen arraste-arrantzara aldatu zen, bikoteko arraste-arrantza , eta gaur egun oraindik horrela egiten da.

XX. mendean, 1950-85 artean hain zuzen ere, Pasaiako portuak bere urrezko garaia ezagutu zuen eta horren eragilea, batik bat, bakailaoaren arrantza izan zen. Garai haietan bikote anitz ziren Pasaiako portuan kabitu ezinik eta orduko bakailao-enpresa handiek, PYSBE esaterako, kontrolatzen zuten bakailao-merkatua. Zoritxarrez, garai haiek urrun geratu dira eta ordutik hona bakailao-harrapaketak eta, bide batez bakailao-ontzien kopuruak, nabarmen egin du behera.

Ternuako bakailaoaren eta bakailao-arrantzaren gainbehera


Ternuako arrantza-lekuak.

Egun Ternuako bakailao-harrapaketak hutsaren hurrengo dira. Lehen arruntak ziren bakailao-ontzien bikoteen joan-etorriak ez ohizko bihurtu dira eta egunotan garai bateko George Kala, Kala Handia, Saint Pierre Kalari buruzko kapitain eta marinelen istorioak entzutea ez da arrunta. Normalean bi bidaia egiten ziren, bat urte-hasieratik uda arte eta bestea uda-partetik gabonak arte. Betiere lur horietako eguzki gabeko negua euren baitan pairatzen zuten: gau amaigabeak, hotz jasan ezina, izotz eta elur bukaezinak... Sufrimendu hori gainditzeko amets bakarra zuten lagun: ehundaka tonako arrantza, Pasaiara itzultzean familiarekin poza banatzeko.

Baina zein izan dira aldaketa horien arrazoiak? Zergatik murriztu da euskal ontzien presentzia Ternuan? Zergatik eman da bakailao-populazioaren gainbehera? Sorburu desberdina duten hainbat arrazoi dira arrantza-leku, harrapaketa eta arrantzontzi kopuruaren beherakada eragin dutenak.

Alde batetik arrazoi politikoak ditugu; horien artean erabakigarria 1977. urtean 200 itsas miliako Kanadako Arrantza Eskualdearen legea ezartzean eman zen. Ordura arte denen arrantza-leku zena, kanadar bihurtu zen eta bakailao-ontzientzat ehunka urtetan zehar arrantzan ibili ziren kalak itxirik geratu ziren egun batetik bestera. Ordura arte Kanadan (Kala Handian batik bat) ziharduen flotak egoera berriari aurre egiteko Kala Handia baino askoz eskualde murritzagoan aurkitu zuen irtenbide bakarra. Eremu txikiagoan arrantzatzearen begi-bistako emaitza arrantza-baliabideen murrizketa izan zen eta, ondorioz, hainbat eta hainbat bikoterentzat Ternuako haizeak eraman zuen ordura arte arrantzak eskaintzen zuen errentagarritasuna. Nahiz eta arrazoi horregatik ontzi asko desagertu, oraindik 200 miliatik kanpo arrantzatzen zuten zenbait bikote mantendu ziren.

200 miliako legea ezarri ondoren, eta harrigarria badirudi ere, hamabost urteren buruan, Ternuako bakailao-arrantzaren baliabide guztien gainbehera ikusgarria gertatu zen: 600.000 tona arrantzatzetik harrapaketak hutsaren hurrengo izatera pasatu ziren. Hasiera batean ez bezala, egun aho batez onartua dago hainbat faktoreren elkarrekintzak eragin zuela gainbehera. Zenbait ikertzailek aurkeztutako arrazoiak nabarmenduko ditugu ondorengo lerroetan.

Gehiegizko arrantzaren eragina

Zenbaiten aburuz, arrazoi nagusia gehiegizko ustiaketa izan zen. Nahiz eta kanadarrek behin eta berriz euskal, espainiar eta portugaldar flotari egotzi izan errua, hobena bertan arrantzatzen zuten (kanadarrak barne) ontzi guztiei dagokie. Halaber, kanadako iritzi publikoak errua beren zientzialariek bakailao-populazioaren ebaluaketan egindako paperari ere leporatu zion. Bi gertaera horiek mamitu zuten altxor preziatuaren gainbehera.

Garai haietan, Ternuako-bakailao populazioak osasun ona zuela eta, harrapaketek populazioarengan ez zutela efektu negatiborik izanen pentsatzen zen; gainera, urte haietan ez zuten kontuan izan arrantzaleek deklaratutakoa baino askoz ere arrain gehiago lehorreratzen zenik eta izugarrizko TAC-ak ( Total Allowable Catch: Baimendutako Harrapaketak Guztira) ezarri ziren bakailao-populazioaren gainbehera susmatu gabe. Honela, adituen txostenetan bakailaoaren egoera kezkagarri bihurtu zenean, beranduegi zen eta jada ez zegoen atzera pausorik.

Hala ere azken urteotan, eta zientzialarien lasaitasunerako, bakailaoaren beherakadaren arrazoien inguruan zenbait argibide aurkitzen ari dira. Batetik, aipaturiko zientzialarien gehiegizko baikortasuna, populazioaren goitik egindako zenbatezpena eta neurriz kanpoko ustiaketa ageri dira, baina ingurugiro-faktoreen eragina ere kontuan hartzekoa da. Izan ere, eragin horrek gero eta garrantzi handiago du eta geldiune batek zenbait azalpen erraztuko dizkigu.

Ingugiro-faktoreen eragina



Bikoteetako bat bakailaoz betetako sarea jasotzen.

Ternua inguruko uren etengabeko hoztea dela medio, bertako ura arrantza-leku oparoa zenean baino zenbait zentigradu hotzagoa da gaur egun. Uraren hozte horrek bakailao eta antzeko espezien beherakada eragin du (tenperatura epelagoak dituzte gustuko) eta beste espezie artiko-borealen gorakada. Baina, zergatik gertatu da hori? Batetik, bakailaoa errute-garaian ez da elikatzen eta aurreko urtean bildutako erreserbetatik hornitzen da; horrela errute-sasoia amaitzean oso egoera ahulean, une kritikoan, egoten da. Errute-garaia pasatu eta berehala, galdutako erreserbak berreskuratzeko etengabe jaten hasten da. Hainbat ikerketek garai kritiko horretan uren tenperatura hotzak hilkortasun handia eragin dezakeela ondorioztatu dute.

Halaber, tenperatura hotzen eraginez bakailaoaren errute-garaia laburtzeaz gain, arrainek arrautza gutxiago erruten dute eta, ondorioz, hurrengo belaunaldiak arrakastatsuak izateko aukera txikiagoa da. Era berean, bakailao-populazioak neurriz kanpoko ustiaketaren aurrean emandako erantzun bat heldutasunera adin gazteagoan iristea izan da. Horrela, efektu hori populazioa berreskuratzeko baliagarri izan zitekeela uste izan bazen ere, guztiz frogatua dago ale gazteek ekoitzitako belaunaldien biziraupena txikiagoa dela, lehen aldiz errutean uretara botatako arrautza-kopurua eta berauen kalitatea askoz kaskarragoa baita.

Beste ikerketa batzuek fokek kontsumitzen duten bakailao-kopurua ikusgarria dela frogatu dute; horien menpe urtero 250 mila tona inguru bakailao hiltzen dira. Azken urteotan, gainera, bakailao osoak jateaz gain, zenbaitetan, fokek bakailao handiak erasotzen dituzte beren gibela bakarrik janaz; horrek bakailao-kopuru handiagoaren heriotza dakar.

Bakailao-populazioaren beherakada ikusgarri hori ikusirik, Ipar-mendebaldeko Atlantikoko Arrantza Elkarteak (NAFO: Northwest Atlantic Fisheries Organization) 1992an bakailaoaren arrantza debekatu zuen eta ordutik debekuak bere horretan segitzen du. Oraindik bertako populazioen indarberritzea ez da sumatu eta etorkizun hurbilean Ternuako bakailaoa gure plateretan ikusteko garaiak urruti dira.

Eta Norvegian

Orduan, nondik datorkigu orain hain gustuko dugun bakailaoa? Non arrantzatzen da plazan ikusi eta erosten dugun arrain preziatu hori? Historikoki Ternuako bakailaoaren arrantzan jarduten zuten ontziak, noizean behin, arrantza eskasak zirenean batik bat, Atlantikoko sortalderantz abiatzen ziren arrantza oparoagoen bila. Horrela, euskal bakailao-ontziek eskubide historikoak lortu zituzten Norvegia iparraldean dagoen Svalbard bakailaoa arrantzatzeko lekuan.

Norvegia eta Svalbard-eko arrantza-lekuak.

Nahiz eta Svalbard Norvegiaren 200 miliatatik kanpo izan, bertako kontrola Norvegiak eta Errusiak dute. Ternuan ez bezala Svalbard-eko bakailao-populazioak osasun ona du eta azken urteotako harrapaketak maximo historikoaren pareko dira (95-98 artean 800.000 tona inguru harrapatu ziren). Bertan egiten den arrantzaren zati txiki bat euskal ontziek burutzen dute eta urtero uda-partean Svalbard aldera abiatzen dira beraiei dagokien arrain-kopurua harrapatzera. Normalean itsasoratzeak dagokien kupoa arrantzatu arte luzatzen dira eta gutxi gorabehera, nahiz eta urtetik urtera aldatu, hiruzpalau hilabetetan bueltatzen dira.

Hala ere, euskal ontzien kuota Ternuan harrapatzen zutenarekin alderatuz hutsala da, eta nahiz eta euskal bakailao-harrapaketak gutxitu diren, bakailaoa jateko gure gogoa ez da gutxitu. Beraz, nola asetzen ditugu gure bakailao-nahiak? Merkatuan dakusagun bakailao gehiena atzerritik inportatutakoa da, hau da, beste herrialde batzuetako ontziek harrapatutakoa.

Euskal bakailao-arrantzaren etorkizuna

Jada bakailaoaren bidaiak Atlantikoaren alde batetik bestera eraman gaitu, baina urteetan zehar euskaldunen bakailaoa arrantza-lekuak izan direnak zer etorkizun dute? Nahiz eta munduko arrantza eta arrantza-leku gehienek laino beltz bat izan estalpe, baikor izan nahi genuke.

Ternua aldera so eginez gero egoera gogorra bada ere, ez dugu esperantza galdu behar epe luzean gauzak aldatu baitaitezke. Azken urteotan itxaropena areagotzen duten zenbait aldaketa gertatu dira ingurugiroan. Dirudienez, uraren tenperatura igotzen ari da eta, horrek, ezbairik gabe, bakailao-populazioa leheneratzen lagunduko du.

Svalbard aldean, berriz, argi gorria piztu da jadanik. Zientzialariek azken urteotako harrapaketak jasangaitzak direla salatu dute eta bertako bakailao-populazioak 350-400 mila tonako ustiaketa jasan dezakeela uste dute. Espero dezagun kasu honetan “usteak ez dezala erdia ustela izan”.

Kontatutako bidaia zuen gustukoa izan bada edo ez bada ere, ezin bukatu Mark Kurlansky-k bere Cod (bakailaoa) liburuan euskal ipuin bati buruz eginiko aipua zuei adierazi gabe: “... bakailaoa hitz egiteko gai izatea ez zen guztiz harrigarria, bai ordea hizkuntza ezezagun batean hitz egiten zuela ohartzea. Euskaraz hitz egiten zuen”. Bai bataz zein besteaz luzaroan gozatuko garen itxaropena izan dezagun. On egin.

Bakailaoa

(Gadus morhua)

Bakailaoa (Gadus morhua) oso arrunta da Ipar Atlantikoaren bi aldetan, Kanadako hegoaldetik hasi eta San Lorentzo eta Ternuatik gora Groenlandiaraino, eta hortik ekialderantz Islandia, Ipar Itsasoa, Norvegia eta Svalbard uharteraino. Bakailaoa 0-400 metroko sakonean bizi den arraina da eta ur hotza du gustuko (2-5 ºC). Bakailaoa dadidae familia ugariko kidea da, beste hauek bezalaxe: Groenlandiako bakailaoa (Gadus ogac) eta Pazifikoko bakailaoa (Gadus macrocephalus) .

Bakailaoa gehienez 20 urte bizi den azal marroi-berde leuneko arraina da. Aurpegia bete aho du, begi handi biziak eta bizarra kokotsean. 160 cm-ko luzera eta 40 kilogramoko pisua har dezake. Urtero 10 bat zentimetro hazten da eta emeen eta arren artean ez da berdintasun nabarmenik antzematen hazkuntzan. Ale gehienek 6-8 urte bitartean lortzen dute heldutasuna. Ugalketa-garaia, Ipar Atlantikoaren bi aldetan desberdina izanik ere negu-udaberri garaian izaten da eta uda-partean, errute-garaian egindako esfortzua dela eta, bere burua indarberritzeko elikatzen jarduten da.

Bakailaoa itsasoan ezagutzen den arrain-espezie ugalkorrenetakoa da, urtero eme bakoitzak 1.000.000-18.000.000 arrautza errun ditzake. Nahiko milika dugu jate-kontuetan; espezie selektiboa da eta, beraz, ez du denetarik jaten. Bai Ternuan bai Svalbad-en kapelina (Mallotus villosus) du elikagai preziatu, bigarren jaki bezala anfipoloa eta beste zenbait arrain nahikoa ditu. Haatik, kapelina-eskasia dagoen urteetan ez du inolako arazorik izaten espeziekide txikiagoak jateko. Urte horietan kanibalismo-tasa handia ematen da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group