Noiz gertatu zen?

etidanik, bere inguruko gauzen jatorriak kezkatu du gizakia. Noiz eta nola sortu zen lehenengo gizakia? Eta Lurra? Eta izarrak?

Sarrera

1. koadroa.

Betidanik, bere inguruko gauzen jatorriak kezkatu du gizakia. Noiz eta nola sortu zen lehenengo gizakia? Eta Lurra? Eta izarrak?

XVIII. mendean Valentziako Unibertsitateko katedradun zen Joan Bautista Bernik munduak 6.000 urte baino gutxiago zituela ondorioztatu zuen Biblian oinarritutako arrazonamenduari jarraituz (ikus 1. koadroa).

Ordudanik munduaren adina izugarri hazi da, gaur egun 15.000 eta 20.000... milioi! urte bitartekoa dela estimatzen delarik. Zientziak naturan irakurtzen duena ez da Biblian irakur dezakeguna bezain argi eta zehatza. Beraz, oraindik bada hamaika arazo eztabaidagai eta inkognita.

Dena dela, artikulu honetan egia zuzena jakingo bagenu bezala arituko gara, inolako zalantzarik aipatu gabe. Gure helburua ez bait da galdera guztiei erantzutea; normalean gure buruan sustraitu beharrean zorabiatu egiten gaituzten zifra erraldoi horiek esku bakar batean sartzea baizik.

Kokapena

Orain dela 15.000 milioi urte ez zegoen ezer; ez materia, ez espazioa eta ezta denbora ere, dentsitate infinituko puntu bat salbu. Orduan puntu horrek eztanda egin zuen (Big Bang ospetsua), zabaltze-prozesu bati hasiera emanez. Zabaltze horren ondorioz dentsitatea eta tenperatura jaitsi egin ziren, munduari hasiera emanez eta Fisikaren legeak finkatuz.

Izan ere gure munduan ikusten dugun guztia, hurbiltzen garenean zati txikiagoz osatuta dagoela nabaritzen dugu. Zati horiek, era berean, are zati txikiagoz osaturik daude. Alabaina, badaude zati ezin daitezkeen oinarrizko zatikiak: quark eta leptoiak eta baita horiek lotzeko lau indar ere.

Sei leptoi daude, ezagunena elektroia delarik. Sei dira quark-ak ere, berorien konbinazioz protoia sortzen delarik. Hortik aurrera, errusiar panpinen antzera objektu oro eratzen da 2. koadroan ikus daitekeenez. Halaber, badago materia ez den zerbait gehiago ere: energia, bere zatirik txikiena fotoia delarik.

2. koadroa.

Guzti hau jakinez gero, has gaitezen munduaren bilakaera azaltzen.

Bilakera

Esana dugunez, dena orain dela 15.000 milioi urte hasi zen dentsitate infinituko puntu hark eztanda egin zuenean. Une hartan lau indarrak indar bakarrean batzen ziren, eta materia eta energiaren artean ez zegoen ezberdintasunik. Hala ere, eztanda ondoren segundo bat bete baino lehen, oraingo lau indarrak jaio ziren, materia eta fotoiak banandu egin ziren, materia leptoi eta quark-etan erdibitu zen, eta quark-ek protoi eta neutroiak sortu zituzten. Gertakizun-andana itzela hain denbora laburrean!

Laster (3 minututan) protoi eta neutroi batzuk elkartu egin ziren nukleoak sortuz. Eta horrela iraun zuen munduak 500.000 urtetan. Orduan nukleoek, aske ibiltzen ziren elektroiak atxeki zituzten atomoak eratuz.

Momentu horretan, Unibertsoa zabaltzen ari zen hidrogeno- eta helio-hodei bat zela esan dezakegu. Baina hodeia ez zen kotoizkoak bezalakoa; belaki antzekoa baizik. Horregatik, hasieratik 1.000 milioi (109) urte geroago, materia gehien zegoen lekuetan pisuaren eraginez uzkurketak gauzatu ziren, galaxiak sorteraziz (ikus 1. irudia). Gure galaxia (Esne-Bidea) orain dela 13.000 milioi urte jaio zela onartzen da.

1. irudia.

Baina horietako galaxia bakoitzaren barnean prozesu bera errepikatzen zen biraka ari ziren hodei txikiagoekin, zeintzuk lehenengo izarrak izango bait ziren. Izar erraldoi haiek nahikoa bizitza laburra zuten, eta beren barnean ordurarte ezezagunak ziren karbono, nikel, burdina eta abar fabrikatzen zituzten. Izarren erregaia amaitzen zenean eztanda egiten zuten, eratutako elementu berriak espazioan zehar barreiatuz. Horregatik, espazioko hautsean elementu guztiak aurki zitezkeen.

Orain dela 4.800 milioi urte izar batek eztanda egin zuen. Uhinaren ondorioz alboko gas eta hautsezko hodei bat uzkurtzen hasi zen, bere barnean gure Eguzkia den nukleoa eratu zelarik. Nukleoaren inguruan biraka ari zen hautsa planetetan batu zen. Lurrean, grabitazioak sumendiek botatzen zituzten gasei (CO2, CO, N2, NH3, CH4 eta H2O) ihes egiten ez zien utzi. Beraz, atmosfera agertu zen. Eta ura kondentsatu ostean, itsasoak bete egin ziren.

Eguzkitiko energiak (orduan ez zegoen ozono-babesik) molekula organikoak sorterazi zituen: proteinak, entzimak, etab... egunen batean, bere itxurako kopiak egiteko gai zen molekula bat ere bai. Hortik, orain dela 3.000 milioi urte, zelula prokariotoak (bakterioak eta alga berdeurdinak) agertu ziren, zeinak oxigenorik gabe bizi bait dira. Bigarrenek, ostera, oxigenoa sortzen dute. Horrela 1.000 milioi urte geroago nabarmendu egin zen oxigenoaren presentzia eguratsean, eta orain dela 1.500 milioi urte oxigenoa arnasten zuten algak agertu ziren.

Geroago eskeleto gogorreko zenbait animalia agertu zen eta haiengandik arrainak. Itsasotik lehorrera zabaldu zen bizitza, anfibioak, narrastiak, ugaztunak, hegaztiak eta gizakia batabestearen ondoren sortuz.

Bidaia luze honen kronologia zehatza 3-A koadroan ikusten da.


Esku batean

Ipuina bailitzan adierazi dugu munduaren historia. Gainera taula batean idatzi ditugu data guztiak. Haatik, benetan konturatzen al gara proportzioaz? Ez dut uste; ez bait gaude zifra horiek erabiltzera ohiturik. Baina badago milioi guzti horiek menperatzeko erabidea.

Unibertsoaren historia osoa urte bakar batera laburbilduko dugu, hots, Big Bang-a urtarrilaren 1ean gertatu zen, gu abenduaren 31n bizi garen bitartean. Emaitza 3-B koadroan ikusten da. Zoragarria, ezta?

Hilabete barru bazeuden galaxiak eta, beraz, nolabait esateko, ezagutzen dugun unibertsoa. Baina 8 hilabete behar izan ziren Eguzkia eta Lurra agertzeko, eta ia hamar hilabete bizitza agertzeko. Bizitza garatuak hamabostaldi bat besterik ez du. Euskal Herria atzo bertan agertu zen, eta gizakiak, ordubetez garatu ostean, Urte Berriko kanpai-hotsak entzuteko 30 segundo soilik falta zirenean artean kobazulotan zirauen.


Azken galdera

Zer zegoen zero unea baino lehen? Zientziak ematen digun erantzuna ez da batere erosoa. Izan ere, galdera horrek zentzurik ez duela diosku. Baina zergatik? Tabu debekaturen bat al da? Ahalegin txiki bat egin behar dugu ondo ulertzeko.

Eskuarki, Unibertsoaren garapenaz pentsatzen dugunean, gu gaudeneko gela huts eta ilunean zabaltzen ari den puxika bezalakoa imajinatzen dugu. Horregatik galde dezakegu puxikatik kanpo edota zabaltzen hasi baino lehen zer zegoen. Baina irudi hori ez da zuzena, gelarik ez dagoelako. Gu, izan ere, puxikaren barruan gaude. Gure denbora- eta espazio-kontzeptuak ez dira existitzen Unibertsotik kanpo. Mundu honetako ezaugarriak dira eta eztandarekin batera “asmatu” ziren. Beraz, ez dago lehenagorik denbora bera ez dagoenean. Ezta kanporik ere espaziorik ez dagoen lekuan.

Ez da hain zaila, ulertzen saiatzen bada. Dena dela, nahi izanez gero badaude askoz azalpen errazagoak edozein erlijioren oinarrian.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila