Sinatzaileek onartzen dute Nobel sariek izugarrizko garrantzia eta eragina dutela gaur egun ere. Alabaina, haien iritziz, gaur egun indar berezia duten zientzia-arloak ez dira aintzat hartzen Nobel sarietan. Horrenbestez, sariak berritzea proposatzen dute.
Zehazki, bi eskakizun egin dizkiote Solhmani: batetik, Ingurumenaren eta Osasun Publikoaren sariak sortzea, eta, bestetik, Fisiologia edo Medikuntzaren saria zabaltzea, bizitza-zientzien beste arlo batzuek ere lekua izan dezaten, hala nola oinarrizko biologiak eta jokabidearen zientziak.
Edozein modutara, aurten behintzat, egunero erabiltzen ditugun teknologia batzuen aitzindariek jasoko dute Fisikako Nobel saria; eta Kimikakoa, berriz, biokimika-alorrekoa da. Eta ez da epaimahaiak kategoriekin malgu jokatzen duen lehen aldia; 2007ko Bakearen Nobel saria adibide garbia da: IPCCk eta Al Gorek jaso zuten, klima-aldaketaren aurka egindako lanarengatik.
Hori bai, beti bezala, urriko lehen egunetan jakinarazi zituzten Nobel saria jasoko dutenen izenak, eta, beti bezala, sari-banaketa abenduaren 10ean izango da.
Elizabeth H. Blackburn, Carol W. Greider eta Jack W. Szostak
"telomeroek eta telomerasa entzimak kromosomak nola babesten dituzten aurkitzeagatik"
Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria jasoko dutenen aurkikuntzak elkarlanaren emaitza dira. Hain juxtu, bere ibilbidearen aurreneko urteetan, Blackburnek ikusi zuen Tetrahymena organismo zelulabakarraren kromosomen bukaeran sekuentzia bat zenbait aldiz errepikatuta zegoela. Ikerketa argitaratu zuenean, Szostak harremanetan jarri zen Blackburnekin, bera legamiekin egiten ari zen esperimentuekin zerikusia izan zezakeelakoan.
Hala, esperimentu bat egin zuten elkarrekin, eta ikusi zuten Tetrahymena ren telomeroak legamiaren kromosoma babesten zuela. Biak oso desberdinak izanagatik, oinarrian mekanismo bera zutela ondorioztatu zuten. 1982an argitaratu zuten ikerketa, eta gerora frogatu dute telomeroen sekuentzia bereizgarria dela organismo gehienetan, hasi amebetatik eta gizakietaraino.
Nobel Akademiaren prentsa-oharrean azaldu dutenez, aurkikuntza horiek berebiziko garrantzia dute, telomeroen luzera zelularen bizi-luzerarekin erlazionatuta baitago. Horrenbestez, ikertzaileek uste dute telomeroek garrantzi handia dutela organismoen zahartzean, baita minbizian ere. Izan ere, minbizi-zelulak hilezkorrak dira, eta zenbait ikertzailek ikusi dute zelula horietan telomerasak jarduera handia duela. Areago, minbiziari aurre egiteko, telomerasa suntsitzean oinarritzen diren tratamenduak probatzen ari dira gaur egun.
Horrez gain, gaixotasun heredagarri batzuk telomerasaren akatsen ondorio dira, hala nola sortzetiko anemia aplastikoa. Beraz, zelulen bizialdia eta hainbat gaixotasunen sorrera hobeto ulertzeko aukera eman dute Blackburnen, Greiderren eta Szostaken aurkikuntzek. Halaber, terapia berriak garatzeko bidea ireki dute.
Charles K. Kao, eta Willard S. Boyle eta George E. Smith
Lehenengoari "komunikazio optikoetarako zuntzetan argia transmititzearen inguruko lorpen iraultzaileengatik", eta beste biei "CCD irudi-sentsorea sortzeagatik"
Munduan bilioi bat kilometro zuntz optiko dago. Zuntz horietan zehar, irudiak, testuak, bideoak, audioak eta hainbat eta hainbat datu garraiatzen dira, abiadura bizian, argiaren bidez. Izan ere, zuntz optikoek gaur egungo komunikazio-sareen zati handi bat osatzen dute.
1960ko hamarkadaren hasieran laserra asmatu izana pauso garrantzitsua izan zen zuntz optikoen garapenean, informazioa argiaren bidez kodetzeko aukera eman baitzuen. Baina argi hura garraiatzea beste kontu bat zen. Zuntz optikoak bazeuden, baina, garai hartakoekin, 20 metro egin orduko argiaren % 1 baino ez zen gelditzen.
Hain juxtu, arazo hori nola hobetu ikertzen ari zen Charles Kuen Kao, helburu garbi bat jarrita: kilometro batera zuntzean sartutako argiaren % 1 gutxienez iristea. 1966an aurkeztu zuen bere ikerketaren emaitza: zuntzak ahalik eta beira puruenarekin egitean zegoen gakoa.
Handik urte gutxira lortu zuten Estatu Batuetako Corning Glass Works beira-fabrikako ikertzaileek purutasun handiko zuntz ultrafinak egitea.
Kamera digitalek izan duten garapena ez da zuntz optikoena baino txikiagoa. Eta Willard Boyle eta George Smith ikertzaileek asmatutako CCD sentsorea (Charged Coupled Device) ezinbestekoa izan da garapen horretan. Izan ere, kamera digitalen begia da CCDa.
CCDa zelula fotosentikorrez betetako silikonazko plaka bat da. Objektibotik sartzen den argiak plaka horretan jotzean, zelula bakoitzak jasotzen duen argi-intentsitatea karga elektriko bihurtzen du CCDak. Aldaketa elektrikoa dago, beraz, eta aldaketa hori zenbaki bitar bihur daiteke, hau da, digitalizatu egin daiteke. Horrela, zelula bakoitzak irudiaren puntu baten informazioa hartzen du, eta, informazio horrekin, argazki digitalaren pixel bat osa daiteke.
CCDari esker, aro berri bat hasi zen argazkilaritzarentzat, eta, oro har, irudigintzarentzat. Eta zientziaren hainbat arlotan ere eragin handia izan du horrek, aldi berean. Hubble teleskopioak, esaterako, teknologia horri esker ateratzen ditu unibertsoko irudi ikusgarri horiek.
Venkatraman Ramkrishnan, Thomas A. Steitz eta Ada E. Youth
"maila atomikoan erribosomen egitura eta funtzionamendua ikertzeagatik"
Erribosomek proteinen sintesian parte hartzen dute. Proteinak sintetizatzeko behar duten kode genetikoa RNA-mezulari baten bidez jasotzen dute, eta informazio horrekin eta transferentziazko RNA-molekulek ekarritako aminoazidoekin proteina-kateak osatzen dituzte. Bizitzeko ezinbesteko ditugun proteinak, alegia.
Aurtengo hiru saridunek atomoz atomo erribosomen egitura eta funtzionamendua ikertu dute; horretarako, X izpiko kristalografia erabili dute. Teknika horretan, kristalizatutako erribosomen aurka igortzen dira X izpiak. X izpi horiek, erribosoman talka egitean, dispertsatu egiten dira, eta, ondorioz, milioika puntu irudikatzen dituzte kamera digitalen begian edo CCD detektagailuan. Milioika puntuz osatutako irudi hori aztertuta, atomo bakoitza erribosoman non kokatzen den jakin dezakete ikertzaileek. Alegia, erribosomen egitura atomikoa ezagut dezakete. Gainera, egitura atomikoa zehatz-mehatz ezagutzea ezinbestekoa da erribosomen funtzionamendua ezagutzeko.
Thomas Steitz-ek Haloarcula marismortui arkeoaren erribosomaren azpiunitate handiaren egitura atomikoa zehaztea lortu zuen. Ada E. Yonath eta Venkatraman Ramakrishan ikertzaileek, berriz, Thermus thermophilus bakterioaren erribosomaren azpiunitate txikiaren egitura lortu zuten.
Bestalde, erribosomaren egitura eta funtzionamendua zehazki ezagutzeak bide berriak zabaltzen ditu. Suediako Akademiak nabarmendu duenez, aurkikuntza oso inportantea da antibiotiko berriak garatu ahal izateko. Izan ere, antibiotiko asko bakterioen erribosomari lotzen zaizkio, eta haren proteina-ekoizpena eragozten dute. Gainera, bakterio horietako askok botika horiekiko erresistentzia garatu dute. Beraz, ezinbestekoa da bide berriak aurkitzea.
Etorkizunean, eta hiru ikertzaile horiek egindako urratsen atzetik, bakterioen aurkako borrokan antibiotiko hobeak diseinatu ahal izango dira. Izan ere, hirurek antibiotikoak erribosomei nola lotzen zaizkien ikertzen jardun dute buru-belarri, eta dagoeneko zenbait erakundek erribosomen egiturak erabiltzen dituzte gaur egun antibiotiko berriak garatzeko orduan.