Neke kronikoaren sindromea

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Ostiral arratsaldea da lerro hauek idazten ari naizenean, eta bost eguneko “akueduktu” luzea daukagu aurrean, bost egun lanik egin gabe alegia. A zer lasaitua hartu behar duen nire gorputz nekatuak!

Seguruenik urte-sasoi batzuetan denok egongo gara nekatuak, eta morala lurrean edukiko dugu: bizimodu monotono eta aspergarri samarra, estres fisiko eta emozionala, aldarte-egoera ere baxu egoten da, eta zer esanik ez gure defentsa inmunologikoak ere behera antzean badabiltza; horrek guztiak ekar dezake nekealdi edo atonia bat, iragankorra izan ohi dena, eta atseden aldi baten ondotik desagertuko dena. Baina neke hori iraunkorra bihurtzen bada, eta tamainaz ere justifikaziorik bilatzea zaila gertatzen bada, azken urteotan medikuen artean gero eta gehiago aipatzen den egoera baten aurrean egon gaitezke: neke kronikoaren sindromearen aurrean, hain zuzen ere.

Orain urte batzuk oso gutxi izango ziren gisa horretako sindromerik posible zela baieztatuko zuten medikuak. Gaur egun, ordea, eta kontrako iritziak oraindik ere badauden arren, beste mediku askok diote badela horrela dei genezakeen egoera bat, zehazten hasiz gero zalantzak eta duda-mudak ugariak eta era askotarikoak izaten jarraitzen duten arren.

Zalantzak hortxe daude oraindik ere

Neke-sindromea, edo neke kronikoaren sindromea zer den definitzen hasten bagara, dio Juan Martinez de Letona, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedraduna eta Puerta de Hierro erietxe ospetsuan Barne-Medikuntzako Zerbitzuburu denak, gauzak ez daude hain argi. Koadro orokor honetan badira ondoeza, nekea, buruko mina, sukar-sentsazioa, muskuluetako minak, loezina edo insomnioa eta baita arazo psikikoak ere.

Aipatutako sintoma horiek nahiko lausoak dira, eta ez dira batere espezifikoak; edozein gaixotasunen adierazgarri izateraino iritsiz. Horrexegatik diagnostiko batera iristea oso zaila da. Kasu askotan medikuak atsedena gomendatuko dio gaixoari, bestelako garrantzi berezirik eman gabe. Baina gaixoak oso bestela bizi du egoera: bere jarduerak pixkanaka mugatuz joango da, azkenerako depresio handi batean jausiz, erruduntasun, segurtasunik eza eta autoestimu baxuarekin nahasian (koktel arriskutsu samarra osatzen da sarritan, kontuz beraz).Gaitzaren eboluzioa aldatu egiten da gaixo batetik bestera. Horrela, batzuetan lehen aipatutako sintomak besterik ez dira agertzen, eta pazienteak nola edo hala aurrera egiten du, tirriki-tarraka. Beste paziente batzuetan, ordea, aurrekoez gain eta hilabeteak aurrera egin ahala, sintoma berriak ere azaltzen dira: sabeleko mina, memoria edo kontzentrazioaren galera, alkoholaren jasanezintasuna, bularreko mina, beherakoak, eztul kronikoa, bertigoa, eta begi nahiz aho lehorrak eta lanean edo edozein jarduera sozialetan errenditzeko zailtasun handiak eduki ohi dituzte.

Gaixo guztiak, hala ere, bat datoz xehetasun batean: nekea oso sakona da, ez da hobetzen atsedenarekin, eta esfortzu fisiko edo mentalen bat egin ondoren okerragotu egiten da. Adituek diotenez, egiazki neke-sindrome kronikoaren aurrean gaudela baieztatzeko, egoera sei hilabete baino luzaroagoan mantendu behar da.

Beste gaitz batzuekin ere gertatzen den bezala (artritis erreumatoidea, esaterako), emakumeetan gehiago ikusten da egoera hau, 30-40 urtekoen artean batez ere. Martinez de Letona medikuak erasandakoen profil posible bat adierazten du: “normalean gaixotzat onartuak izan nahi duten pertsonak izango lirateke". Manifestazioak, askotan, hipokondriakoak dira, eta behin edo berriz beren gaitzean arrazoi organikoren baten bila dabiltzan arren, medikua nahastu eta ia erotzeraino, gaitzaren arrazoi nagusia psikosomatikoa da, alegia oinarri psikologiko baten gainean sintoma fisikoak agertzen dira.

Gaitz psikosomatiko gehienetan bezala, azken arrazoia ez da ezagutzen. Sarritan birusen batekin lotu nahi izan da, baina oraingoz ez dago lotura hori egiaztatuko duen frogarik. Jan-neurri desegokia, bitamina-eskasia edota ingurugiroaren poluzioa aipatu izan diraasaldura oraindik bitxi bezain ezezagun horren arrazoi posibleetako batzuk bezala.

Eta gaixo askok medikuaren kontsultan taxuzko soluziorik aurkitzen ez dutenez, bizimodu gutxi-asko normala eramateko modua emango dieten erremedioak bilatzen saiatzen dira, han-hemen. Edari estimulatzaileen kontsumoa gehitzen dute (kafea edo tea), edo antidepresiboak hartzen dituzte, ongieza kenduko dien botikaren bat edo baita konplexu bitaminikoak ere. Hala ere, erremedio horiek ez dute funtzionatzen, behin ahoratutako produktuaren efektua pasatu ondoren (eta hori oso ordu gutxiren buruan gertatzen da), hasierako egoera berean aurkitzen baita, baina substantzia horiekiko menpekotasun edo zaletasunean erortzeko arriskuarekin

.Antidotorik ez, oraingoz

Zalantzarik ez, datozen hamarkadetan asko hobetuko dela gaixotasun psikosomatikoen inguruko ezagutza, gero eta gehiago baitira gisa horretako gaitzek jota daudenen kopurua. Agian orduan jakin ahal izango da zergatik agertzen den neke kronikoaren sindromea, eta askoren harridurarako gaixotasun horrek nolabaiteko arrazoi organikoa eduki dezake, ez soilik psikologikoa.

Bien bitartean, gaitz horren pean daudenek bizimodu normalagoa eramateko aukera emango dien “neurrirako soluzioren batekin” konformatu beharko dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila