Washington Estatuaren ekialdeko Palouse herrialdean badira bi basetxe. Badituzte ezaugarri amankomun batzuk bi basetxe hauek, baina badute diferentzia nabarmen bat ere beren artean. Batean, 1909. urteaz geroztik, ongarri berdetarako sailak eta txandakako uzta erein eta lurra ongarri naturalen bidez lantzen dute.
Ondoan dagoen basetxean, 1948. urteaz geroztik ongarriz elikatu dute lurra eta 1950. urteaz geroztik pestizidez “babestu”.
Oraintsu arte, nekazaritza biologikoa ez da emankor eta eraginkortzat jo izan. Hau honela izanik ere, nekazaritza-mota honekiko interesa gorantz doa, zeren nekazari asko ongarri eta pestizida garestien kopurua jaisteko neurri bila bait dabil. Beste jarraitzaile batzuk ere ari da irabazten nekazaritza honek: nekazaritza biologikoa nekazaritza modernoak lurzoruari eta gizaki eta animalien osasunari egiten dion kaltea erremediatzeko edo behintzat arintzeko bide gisa ikusten dutenak, alegia.
Ohizko nekazaritza gisa ezagutzen duguna gauza berria da. Bigarren Mundu-Gerraren bukaeran ongarri merkeak agertzean, eta 1950.eko hamarkadan pestizidak agertzean, herrialde aurreratuek berehala utzi zituzten nekazaritzako metodo tradizional edo biologikoak eta substantzia kimiko eta makineriaren menpe jarri ziren. Nekazariek ez zituzten metodo biologikoak balio ez zutelako baztertu; nekazaritza-mota berriarekin lehian sartu ezin zirelako baizik. Baina nekazaritza biologikoaren kontzeptu modernoa ez da iraganera itzultzea; aurrerapen zientifikoak praktika tradizionalekin ezkontzea du helburutzat nekazaritza horrek.
Aipatu basetxetan lurzoruaren ezaugarri kimiko eta biologiko batzuk aztertu dira jadanik. Lurraren ezaugarri fisikoak eta higadura-tasak aztertzen ere saiatu dira.
Basetxe biologikoa, ongarri biologikoak eta pestizidak era mugatuan erabiliz antolatu da. Neguko garia, udaberri-ilarra eta ongarri berdetarako sailak hazten dira hiruzpalau urteko errotazioan. Ohizko basetxeak bi urteko errotazio-sistema zeukan, neguko garia eta udaberri-ilarra pestizidekin tratatuz hazten zirelarik. Basetxe biologikoko nekazariak ongarri berdetarako neguko ilar austriarra urtebetez (hiru urteko zikloan) edo alpapa eta belar-nahasketa bi urtez (lau urteko zikloan) laboratzen zituen. Ongarri berdetarako deiturikoari buelta ematen zitzaion, erabat lurrera itzuliz. Berdetarako ongarria normalean lekaduna izaten zen; alpapa, hirusta gozoa edo neguko ilar austriarra, esate baterako. Barazkiek nitrogeno-osagaiekin eta materia organikoarekin lurra aberastu egiten dute.
Ikerketa honen balidezia baieztapen honetan oinarritzen da: inguruneko baldintza guztiak eta bertako lurraren ezaugarriak antzekoak ziren 1948. urterarte. Gaur egun bi basetxeen artean egon litezkeen diferentziak, 1948. urteaz geroztik bata biologikoki eta bestea ohizko eran tratatu izan direlako da.
Lurreko mikroorganismoek lurrean bizi eta akabatzean lurra aberastu egiten dute eta uztaren produkzioan bere eragina beharrezkoa da. Oinarrizko onura askotxo ematen duten ezkutuko indar moduko zerbait dira. Onura garrantzitsuena hauxe da: lurrean dagoen materia organikoa humusera deskonposatu eta konbinazio organikoetan jasotako elikatzaileak askatzea, honela landareek erabili ahal izateko. Mikrobioek lurraren osagaiak egonkortzen, nitrogenoa finkatzen eta pestizida batzuk deskonposatzen ere laguntzen dute. 1983. urtean egindako azterketa batean aurkitu zenez, basetxe biologikoko lurrak mikrobio-masa handiagoa eta entzima-aktibitate gehiago zuen ohizko basetxeko lurrak baino. Lurreko entzimak neurri handi batean lurreko mikroorganismotatik datoz. Azterketa horretako emaitzen arabera, basetxe biologikoko lurrean mikrobio-populazio handiago eta aktiboagoak agertzen dira.
Geroago egindako azterketa batean, basetxe biologikoko lurrean bestean baino ia %60 materia organiko gehiago aurkitu zen. Beste ikerlari batzuek lortutako emaitzak ere bultzatzen du: nekazari biologikoek ohizko nekazariek baino materia organikoaren kontzentrazio altuagoak lor ditzakete eta normalean halaxe lortu ere lortzen dituzte. Biologikoki laboratutako lurrean mikrobio-aktibitate handiagoa dago: materia organikoa zenbat eta ustelduago egon, are eta mikrobio gehiago elikatuko ditu.
Materia organikoak lurzoruaren kalitatean eragin sakona du; mineral-partikulak bikorrak osatzeko elkarlotzen ditu, horrela lurraren egitura hobetuz; lurrak daraman ur-kantitatea eta elikagaien kopurua gehitzen du eta lurreko organismoak aktiboago dira. Materia organikoak lurra emankorrago eta produktiboago bihurtzen du. Aipatu lursail esperimentaletan, basetxe biologikoko lurra ongi bikortua zegoen; ohizko uzta-landare gehienentzat egiturarik onena. Bestea, aldiz, ez zegoen horrela. Biologikoki laboratutako lurrak hezetasun handiagoa du; katioi-trukaketarako (elikagaiak almazenatzeko lurrak duen gaitasuna neurtzeko erabilia da) gaitasun handiagoa du; nitrogeno-kopurua eta potasio eskuragarriaren kantitatea ere askoz handiagoak dira. Materia organiko gehientsuena berdetarako ongarritik dator.
Mikrobioen presentziak beste mesede batzuk ere badakartza. Materia organikoa deskonposatzean, polisakaridoak produzitzen dituzte, polisakarido horiek partikulak osagaiei lotuz lurra estabiliza dezaketen substantzia gomatsuak izanik. Osagaiak deskonposizio eta higaduraren aurrean ez dira hain zaurgarriak. Lurreko organismoek polisakaridoak ere deskonposatzen dituzte. Nekazariek, beraz, lurrari materia organikoa eransten segitu behar dute, substantzia egonkortzaile hauen kopuru jakin bat mantentzeko.
Ur-higadura: errekastoak zimurdura gisa agertzen dira galsoro batean. Beheko argazkian buztina kolore zuriskakoa agertzen da gainazala desagertu den lekuetan.Lur biologikoak “hausketa-neurri” baxuagoa du; neurri honek lurrazalaren gogortasunarekin du zerikusia. Neurri hau zenbat eta baxuago den, are eta errazago kanporatzen dira landareak.
Aztertutako area Naff sedimentu-marga motako lurzoruaz osatua zegoen. Naff lurzorua bi geruza desberdinez osatua dago. Batetik kolore iluneko azaleko geruzak, “A horizonte” deiturikoak (10-70 zentimetrokoa eta sedimentu-marga motako ehundura du), gaineko geruza osatzen du; geruza aberatsena eta lantzen errazena da. Bestetik azpiko geruza gogorrak, buztinezko sedimentu-margak, “Bt horizonte” deiturikoak, 150 zentimetroko sakonera du. Geruza honetan pilatzen den buztinak geruza hori trinko bihurtzen du, batzuetan sustraiei traba egiten dielarik. Azpiko geruza ez da azalekoa bezain emankorra.
Basetxe biologikoan uzta elikatzen duen azaleko geruza, ohizko basetxean baino 16 cm inguru lodiagoa da. Higadurak ohizko basetxean eragin handiagoa izanik, gainazala mehetzeaz gain azpiko geruza gainazalera gerturatzen du. Aztertutako arean urak eragindako higadura zenbatekoa zen ikusi zen. Errile higadura deiturikoa, bi basetxetan neguko garia hazten ziharduenean neurtu zen. Higadura-mota hau kanal txiki asko osatzen direneko higadura da. Emaitzak harrigarriak izan ziren: ur-higadurak ohizko eran landutako lurrean hektareako 32,4 tona aldatu zituen lekuz eta biologikoki landutako lurrean hektareako 8,3 tona besterik ez.
Lur-higaduraren eskala hektareako zenbat tona izan diren deskribatuz zenbaterainokoa den jakitea zaila da. Hektarea batean tona bat lur edo gehixeago banatzen bada, paper-orriaren lodierako geruza osatuko du. Higadura arazo maltzurra da, zeren sarritan ez bait da ia nabarmendu ere egiten. Hektareako 20 tona galduz gero ia ez da ikusten, baina urtetan zehar ondorio metagarria dramatikoa izan daiteke. Lurrak denbora asko behar du osatzeko eta oso denbora gutxi desegiteko.
Estatu Batuetako Nekazaritza-Saileko Lurraren Kontserbaziorako Zerbitzuak “lur galeraren tolerantzia” kontzeptua garatu du. “T” balioa deiturikoa, epe luzera uztaren produktibitatea edo lurzoru espezifiko baten ingurune-kalitatea murriztu gabe, gerta daitekeen higadura-tasa handiena da. Normalean T balio hauek hektareako 4,5 eta 11,2 tona artean dabiltza.
Lurraren Kontserbaziorako Zerbitzuaren arabera, nekazariek higadura-tasa T balioaren azpitik mantentzen duten neurrian, beren lursailek produkzio altuak emango lituzkete inolako mugarik gabe. Baina T balioen oinarri zientifikoa eztabaidagarria da, zeren ikertzaileak ez daude ados gaineko geruzak eta geruza osoak eratzeko zenbat denbora behar den finkatzeko garaian. Ohizko eran landutako basetxean egindako bi higadura-neurketak T balio maximoa (Naff lurzoruan hektareako 11,2 tona) baino bizpahiru aldiz altuago dira. Biologikoki landutako basetxean ur-higaduraren bi neurketak T balio maximoaren hiru laurdenera ez dira iristen. Emaitza hauen arabera, basetxe biologikoan Naff lurrak epe luzera produzitzen jarraituko du. Ohizko eran landutako basetxeko lurrak, aldiz, ez du, higaduraren ondorioz, hainbeste produzituko.
Palouse herrialdea munduan dagoen lurrik emankorrena da ureztatu beharrik gabe garia eta ilarra hazteko. Baina Estatu Batuetako lur-eremutan azkarren higatzen dena da, zeren landutako lursailen artean mendiskak tartekatzen bait dira. Lehen aldiz orain dela mende bat baino gehiago laboratu zenez, laborantza-lurraren %10ak jatorrian zuen gainazala galdu egin du. Herrialdeko lur laboragarriaren %60aren jatorrizko gainazalaren laurden batetik hiru laurdenera desagertu egin da. Gainazala desagertzeak Palouseko nekazariei beren laborantza-lanetarako arazoak ekarri dizkiete; hala nola, mintegiak prestatzeko, hazitarako landareak hazteko eta lurraren emankortasunerako.
Higadura da amerikar eskualde askotako nekazariek aurre egin behar dioten mehatxurik garrantzitsuenetakoa.
Laboragarri den lurraren %44 Lurraren Kontserbaziorako Zerbitzuak onargarri kontsideratzen duen tasa baino azkarrago higatzen da.
Azterketa honetako bi lursail hauetan ohizko eran landutako lursailean gaineko geruza askoz azkarrago ari da higatzen. Proportzio honetan jarraituz, Naff lurzoruko eta antzekoetako gainazalak ohizko nekazaritza-sistemarekin beste 50-100 urtean desagertu egingo dira. Lurra biologikoki tratatzen duen nekazaria gainazala belaunalditan zehar mantentzeko gai izango da eta lurzorua kontserbatzeko beste praktika batzuk onartuz higadura-tasa makaldu ere makal lezake. Aurrerapen teknologikoek (ongarri berri, pestizida eta landare-bariazioen eran) higaduraren ondorioz gertatutako produktibitatearen murriztea mozorrotzen dute. Nekazaritza intentsiboak urtez urte izugarrizko produkzioak eman ditu, baina datozen hamarkadetan produkzioa asko jaitsi daiteke. Higadurak oraingo proportzioan jarraitzen badu, gainazala mehetu egingo da eta ongarriek ez dute produkzioa haz eraziko; alderantziz, murrizten hasiko da.
Bi basetxetan dagoen higadura-tasaren aldea gehienbat uzta-errotazioaren sistema desberdinei dagokie. Biologikoki lurra tratatzen duen nekazariak ongarri berdetarako lekadun bat erabiltzen du eta ohizko eran tratatzen duenak ez. Ongarri berdetarako goldatuz nekazariak lurreko materia organikoaren kopurua handiagotu egiten du, honek lurreko ur-iragazpena hobetu eta lurra eramatea ebitatzen duelarik. Ongarri berdetarakoak hazten diharduenean lurra euri-tanten indarrak kalte ez dezan babesten du. Leguminosoen errotazio-sistemek belar txarrak eta intsektuak kontrolatzen lagun dezakete eta ganaduarentzat bazka eta basabizitzarentzat babesa emateko ere balio dezakete.
Basetxe batean eta bestean Lurra prestatzeko tresna desberdinak erabiltzeak, ur higadura bietan desberdina izatera eraman dezake.
Ongarri berdetarako kultiboa: goldatuz gero, lekadun-uztak lurrari elikagaiak eta egonkortasuna ematen dizkio.Egindako ikerketan bi sistemen produkzio-kostuak konparatu eta bien uzta-kopuruarekin alderatu dira. Lehendik, ez zegoen datu ekonomikorik; baina ziur esan daiteke basetxe biologikoa antolatzea merkeago dela, zeren nekazariak ez bait du ongarririk erosi beharrik eta pestizida-kantitate txikiagoak behar ditu. Bestalde, badira jadanik zentzu honetan egindako estudio batzuk.
1974etik 1978rako urteetan egindako estudio batean biologikoki tratatutako basetxetan ohizko eran tratatutakoan baino uzta-kopurua txikiagoa zen, baina kostua ere neurri berean txikiagoa zen. Uzta-hektarea bakoitzeko diru-sarrera berdintsua zen bi basetxeetan. Honez gain, uzta produzitzeko gastatutako energi kantitatea bi basetxeetan desberdina zen: balio bereko uztak produzitzeko lurra ohizko eran tratatzen zuen basetxeak erabiltzen zuen erregai fosiletatik, lurra biologikoki tratatzen zuen basetxeak %40 inguru erabiltzen zuen.
Orain dela 40 urte bi nekazarik hartu zuten erabakia dela eta, Palouseko bi landetxe hauek zera jartzen dute begibistan: nekazaritza-metodo desberdinek herrialde horretako baliabide natural preziatuenetako bati —gainazalari, alegia— nola eragiten dion. 1940. eta 1950.eko hamarkadetan lurra ohizko eran tratatzen zuen nekazariak nekazaritzarako metodo tradizionalak alde batera utzi zituen, goi-mailako teknologia erabiliz burutzen zen nekazaritza intentsiboaren alde. Nekazari biologikoak tradizioari eutsi zion.
Baleez eta itsas igarabez kezkatzen gara eta oso ondo egina, gainera. Baina oro har, ez gara lurzoruaz arduratzen, zeren gutako gehienok hirietan bizi bait gara eta ez gara lurrak berez duen baloreaz konturatzen. Sarritan, lurra berrantolatu eta berregituratu egiten dugu, substantzia kimikoz betetzen, eta batzuetan lurraz abusatu egiten dugu. Gure egitekoa nekazari gisa eta gizarte honetako partaide gisa, lurra probetxuen aurretik jartzea da. Baina alderantziz jokatzen dugu. Nekazari askok badaki higadura nola kontrolatu, baina lurzoruaren kontserbazioa ekonomiak gidatzen du. Lurzoruaren kontserbazioak nekazariak lurra salbatzeko gastatu behar izan duena ez dio nekazariari epe laburrera itzultzen. Baina nekazari askok bere teknikak aldatzen ez badituzte eta, beharrezko den kasuetan, gobernuaren plangintzek lagundurik ez badaude, etorkizuneko gure janari-zuzkidura arriskuan egon liteke.