Egun horretan bertan sortu zen NASA (National Space and Aeronautics Administration). Ez zen ezerezetik sortu, orduarte espazioaren arazoetan haren aitzindari zen NACA (National Advisory Committee for Aeronautics) irentsi zuen; haren 8.000 langile, 100 milioi dolarreko aurrekontua eta hiru ikerketa-laborategi nagusiak barne.Honi beste laborategi eta erakunde batzuk erantsi zitzaizkion: Naval Researchs Laboratory, Jet Propulsion Laboratory eta Army Ballistic Missile Agency izenekoak. Azken honetan Wernher von Braun eta bere laguntzaileak ari ziren lanean kohete handien diseinuan.
Wernher von Braun alemaniarra zen jatorriz. Bigarren Mundu Gerran Peemündeko basean izan zen lanean V-1 eta V-2 koheteak diseinatzen. Gerra bukatu zenean, EEBBek zein SESBk Peemündeko zientzialari eta injineruak fitxatu zituzten beren kohete-propultsiozko sistemak martxan jartzeko eta horien artean von Braun egon zen, gero, Apolo programaren garapenean berebiziko pisua izan zuena.
Ez zen giro EEBBetan, sobietarrak nagusi baitziren espazioaren esplorazioan. Urte bete lehenago, 1957ko urriaren 4an, Sputnik1 satelitea jaurtia zuten eta gertaera hark guztiz jokoz kanpo harrapatu zituen EEBBak. Pearl Harbour moduko bat izan zen. Garai hartako fisikari ezagun bati Ilargira iritsiz gero bertan zer espero zuen aurkitzea galdetu ziotenean, 'sobietarrak' erantzun zuen. Etsipena zen nagusi eta etsipen horri aurre egiteko sortu zen NASA.
EEBBetako makina ekonomikoa, teknologikoa eta zientifikoa ziztu bizian jarri zen martxan. Horrela, baliabide guztiak prest izan zituen NASAk bere lana garatzeko, baita erronka zehatzak ere: 1960ko hamarkadaren bukaera baino lehen gizakia ilargian jartzea. Hasieran, sobietarrak lortutako abantailari eusteko gai izan ziren: lehen izaki biziduna espazioan, lehen gizakia espazioan eta lehen espazio-ibilaldia, esaterako. Alabaina, erronka nagusian huts egin zuen. Izan ere, Apolo XI.aren bidez EEBBk iritsi ziren lehenak Ilargira 1969an.
Arrakastak, nolabait, NASA irentsi zuen. Askoren ustez, Ilargira iristearekin NASAk bere eginbeharra betea zeukan, sobietarrak garaitzea, eta, orduz gero, etengabeko borrokan ari da NASA baliabide egokiak eskuratzeko. Datu bat nahikoa izan daiteke: 1991an 14.000 milioi dolarreko aurrekontua zuen eta 1998an 13.500 milioi dolarrekoa du.
Ilargira iristeak ere lehiakide bakoitzak bere bidea hartzea ekarri zuen. Sobietarrek, gizakia ilargiratzeko lehia galduta, iraupen luzeko misioak egiteari eta espazio-estazioak garatzeari ekin zioten bereziki. NASAk, bestetik, laster ahaztu zuen Ilargia, 1972an ilargiratu baitzen atzen Apolo ontzia, 17. zenbakia zuena. Bi bide nagusi hartu zituen NASAren jardunbideak: batetik, misio robotikoen bidez Eguzki-sistema esploratzea eta, bestetik, behin baino gehiagotan erabiltzeko ontzien diseinua.
Lehen bidearen kume ditugu Pioneer edo Voyager zundak, kanpo-planeta erraldoiak esploratuz gure planeta-sistemaren ikuspegia zeharo aldatu digutenak. Columbia eta bere klaseko transbordadore espazialak behin eta berriz erabiltzeko diseinatutako ontziak dira. Ez dira gertatu uste bezain merke eta eraginkorrak, Challenger-en istripuak eragindako segurtasunaren mamua alde batera utzita ere, eta NASAk alor honetan egindako aukera estrategikoa jaurtitzaile arrunten alorrean ordaindu du. Izan ere, egun, ESA (Europako Espazio Agentzia) eta Errusia nagusi dira jaurtigailu edo kohete arruntetan fidagarritasunean zein espazioan jar dezaketen masa-kantitatean.
1990eko hamarkadak filosofia berria ekarri du espazioaren esplorazioan. Gerra hotza bukaturik, lehia amaitu da eta, egun, nazioarteko lankidetzaren aroa da, Nazioarteko Espazio Estazioa lekuko. Bestetik, kostuak merketu eta misioen eraginkortasuna emendatzeko asmoz, beste filosofia bat aplikatzen ari da NASA egun: txikia, merkea eta eraginkorra. Helburu zehatzagoak aukeratuz eta teknologiaren aurrerakada profitatuz, misioen kostuak asko murriztea lortzen ari da NASA, lortzen dituen datu zientifikoen kalitatean galera nabarmenik izan gabe. Horren adibide paradigmatikoa, Mars Pathfinder (Marteren Esploratzailea) misioa izan da.
Dena den, ez ditu garai errazak NASAk, espazioaren esplorazioak ez baitu garai bateko lehentasunik eta erakargarritasunik. Beraz, NASAk etengabeko borrokan aritu behar du giza zein diru-baliabide egokiak lortzeko eta horrela azal daiteke NASAk azken aldian jorratzen ari den komunikazio-politika erasotzailea, azken Discoveryn John Glenn espazioratzea, esaterako.
Urtea | Izena | Misioa edo gertaera |
1958 | Explorer 1 | Lurra orbitatzea |
1959 | Pioneer 3 | Ilargi ondotik pasatzea |
1961 | Merkurio 7 | Alan B. Shepard-en hegaldi orbitala |
1962 | Friendship 7 | John Glenn-en hegaldi orbitala |
1962 | Mariner 2 | Artizar ondotik pasatzea |
1964 | Ranger 6 | Ilargiaren gertuko argazkiak egitea |
1964 | Mariner 4 | Marte ondotik pasatzea |
1966 | Surveyor 1 | Ilargiratzea |
1969 | Apolo XI.a | Lehen gizakia Ilargian |
1971 | Mariner 9 | Marte orbitatzea |
1972 | Pioneer 10 | Jupiter ondotik pasatzea |
1972 | Apolo 17 | Gizakiaren azken ilargiratzea |
1973 | Skylab | Espazio-estazioa |
1973 | Pioneer 11 | Jupiter eta Saturno ondotik pasatzea |
1975 | Viking 1 eta 2 | Marten lurreratzea |
1975 | Apolo Soiuz | Lehen nazioarteko misioa |
1977 | Voyager 1 | Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno ondotik pasatzea |
1977 | Voyager 2 | Jupiter eta Saturno ondotik pasatzea |
1981 | Columbia | Lehen transbordadore espaziala |
1986 | Challenger | Transbordadorearen leherketa |
1989 | Galileo | Jupiter orbitatzea eta zunda atmosferan sartzea |
1990 | Discovery (STS-31) | Hubble espazio-teleskopioa |
1994 | Discovery (STS-60) | Lehen kosmonauta errusiarra ontzi estatubatuar batean |
1996 | Mars Explorer | Marten lurreratzea eta ibilgailu automatiko |
1997 | Cassini | Saturno orbitatzea |