Nafarroa Garaiko pagadiak: poluzioaren atzaparretatik ihes egin ezin duen altxorra

strong>Laurogeiko hamarkadan, une hartaraino ezagunak ziren faktoreei egozterik ez zegoen okerragotze orokorra antzeman zen Mendebaldeko eta Erdialdeko Europako zein Ipar Amerikako basoen osasun-egoeran. Orduz geroztik, aditu asko aritu dira eztabaidan gertakari berri horren konplexutasunaz, eta hainbat estres-faktoreren araberakoa izan litekeela ondorioztatu dute.

Horien artean, tradizionalki ikertutakoez gain (lehortea, tenperatura, elikagaien erabilgarritasuna, patogenoak, etab.), zientzialariek aire-poluitzaileak dituzte arretagune, geroz eta gehiago.

Nafarroa Garaiko pagadien garrantzia

Nafarroa Garaiko basoen artean, pagadiek hartzen dute hedadura gehien. Azken azterketek pagoa zabaltzen ari dela adierazten digute. Gaur egun, 143.280 hektareako eremua betetzen du pagoak Nafarroa Garaian; hots, Iberiar Penintsula osoko pagadien % 25 inguru Nafarroa Garaian daude.

Kantauri aldeko eta Pirinioen aldeko Nafarroako paisaiaren osagai bereizgarriak dira pagadiak, baita Erdialdeko Nafarroako eta Lizarra merindadeko ipar-ertzetakoak ere. Basook usadio eta ohiturei tradizionalki uztarturik aurki ditzakegu aipatutako eskualdeetan, euren baliagarritasun ekonomikoaz gain balio kultural erantsiak dituztelarik.

Garrantzi orokor horretaz bestalde, Nafarroa Garaian balio ikaragarrizko pagadi bereziak ere badaude. Horietako bat Iratikoa da, Europa osoko basorik garrantzitsuenetarikoa. Beste adibide bat Belagua ibarrean topa dezakegu: Aztaparretako basoa, pagadi-izeidi birjinaren eredutzat hartu ohi dena.

Arestian aipaturiko arrazoiak direla eta, Nafarroako Unibertsitateko Kimika eta Edafologiako Sailean Nafarroa Garaiko pagadien egoera aztertzeari ekin genion. Bereziki, elikadura eta poluzio aldetik gaur egun duten egoera aztertu nahi izan genuen. Horretarako, 30 pagadi-sail aukeratu genituen Mendialdea deritzon eskualdearen barruan, Nafarroa Garaiko pagadiak ahalik eta hobekien ordezkatzeko asmoz (1. irudia). Laginketa-puntu bakoitzeko 6 zuhaitz hautatu genituen, eta hostoen makroelikagai- zein mikroelikagai-edukiak aztertu eta Baso-kalteen Inbentarioa delakoa burutu genuen. Halaber, pagoen enbor inguruko lurzoruaren gainazaleko laginak jaso genituen, metal astunen eduki osoak nahiz frakzio erauzgarriak zehazteko, baita pH-a eta materia organikoaren edukia aztertzeko ere.

Lorturiko emaitzetatik ateratako ondorio azpimarragarrienak azaltzen dira jarraian.

Pagoen hostailaren egoera (defoliazioa)
Pago-hostoak.
G. Amores

Baso-kalteen Inbentarioari dagokionez, aztertutako zuhaitzak Europako eskualde askotako pagoak baino osasuntsuago daudela dirudi; behinik behin, 1997. urtean kaltetutako pago-kopurua Europako batezbestekoaren azpitik dago nabarmen. Hala, Auritz, Larra eta Orbaitzetan kokatutako pago-sailak dira kaltetutzat jo litezkeen bakarrak.

Nolanahi ere, emaitzen analisiak adierazi duenez, pagoen hostailaren egoerak aztertutako beste aldagai batzuekin (zuhaitzen adina, sailen malda, tenperatura, euri-kantitatea, hostoen elikagai-edukia, etab.) lotura-mailaren bat erakutsi arren, ez da horietariko bakar baten ondorio zuzena. Emaitzok bat datoz egun onartutako hipotesiarekin, baso bateko zuhaitzen hostailaren egoera aldagai askoren arteko konbinazioaren ondorioa dela dioenarekin alegia (aldagai klimatologikoak, lurzoruari dagozkionak, genetikoak, poluzioa, izurrien erasoak, etab.).

Pagadien elikadura-egoera

Pago-hostoen makroelikagai-edukiei buruz lortutako emaitzek honako hau ondorioztatzera garamatzate:

Jatorri nagusia lurzorupeko harkaitza da, kaltzio, potasio, fosforo eta sufre elementuei dagokienez batez ere. Hala, lurzoruaren ezaugarriek baldintzatzen dute lau elikagai horien edukien banaketa geografikoa. Edonola ere, potasioaren kasuan bada hostoetako edukia mugatzen duen beste aldagai nagusi bat: euri-kantitatea. Euriak, lurzoruko potasioa geruza sakonetaraino garraiatzeaz bestalde, elikagai horren galera zuzena eragiten du hostoak eta urak elkar ukitzean.

Nafarroa Garaiko Mendialdean abeltzaintzak hostoen nitrogeno-edukian eragina du.

Magnesioari gagozkiolarik, aipatzekoa da lurzoru azpiko haitzaz gain Kantauri Itsasoa dela bere edukiaren jatorria. Nitrogenoari dagokionez, berriz, bere ziklo biogeokimikoaren konplexutasunak ia ezinezkoa egiten du hostoetako elikagai honen edukia baldintzatzen duten aldagai zehatzak aurkitzea. Hala eta guztiz ere, aztertutako eremutik iparralderantz zein ipar-mendebalderantz kokaturik dauden eskualdeetatik iristen den mugaz bestaldeko poluzioak islarik izatea oso litekeena da (sufrearen kasuan ere ezin dezakegu aukera hori baztertu). Bestalde, Nafarroa Garaiko Mendialdean abeltzaintzak duen garrantzia kontuan hartzen badugu, jarduera horren ondorioz aireratutako NH3/NH4+ kantitateak hostoen nitrogeno-edukian eragina duela ziurtzat jo daiteke.

Orain arte elikagaien edukiei buruz aritu bagara ere, beraien arteko erlazioak zuhaitz baten elikadura-egoeraren adierazle askoz ere hobeak dira. Guztien artean egokiena N/P erlazioa da, bai nitrogenoa bai fosforoa bereziki fisiologia-funtzioetan nahasturik daudelako. Bada, parametro hori aintzakotzat hartuz gero, aztertutako pagadi-sailen oso gehiengo nabarmena egoera onean dagoela baiezta dezakegu, elikadura aldetik begiratuta.

Elikagaien arteko erlazioen analisitik ateratzen den beste ondorio nagusia honako hau da: Europa eta Ipar Amerikako baso epel asko ez bezala, Nafarroa Garaiko pagadiak oraindik ez daude N-aseak, eta nitrogenoa da pagoen hazkuntza mugatzen jarraitzen duen elikagaia, gainontzekoen eduki altuek lagunduta. Datu horrekin bat dator beste hau ere: gaur egun, aztertutako eremuan, nitrogeno-jalkinen mailek ez dituzte gainditzen baso-ekosistementzat kalkulaturiko balio kritikoak.

Pagadien poluzio-egoera

1. irudia. Azterturiko pagadi-sailen banaketa geografikoa Nafarroa Garaiko Mendialdean.

Lur- eta hosto-laginen eduki metalikoen analisiari esker, ondorengo ondorioetara irits gaitezke:

Lurrei dagokienez, berun eta kobre bidezko poluzioa aztertutako pagadi-sail guztietako lurretan aurkitu dugu, eta zink bidezkoa erdietan edo egiaztatua geratu da ziurtasun osoz. Hala ere, berun bidezko poluzioa da guztietan handiena. Aurkikuntza horren aparteko garrantzia berunak eguratseko poluzioaren adierazle gisa duen balioan datza; hau da, berun bidezko poluzioa antzeman izanak poluzio orokorraren zantzua erakusten digu, iturri poluitzaileek ez baitute espezie kaltegarri bat modu isolatuan aireratzen.

Hain zuzen ere, aztertutako lur-laginen berun-eduki osoa poluzio bidez iritsitako berunak baldintzatzen du guztiz. Gauza berdintsua esan liteke zinkari eta kobreari buruz, baina neurri batean soilik. Hiru elementuon edukien frakzio erauzgarriak ere arrazoi berberak guztiz baldintzatuta daude. Analizaturiko gainerako metalen (Cd, Cr eta Ni) eduki osoak nahiz frakzio erauzgarriak, berriz, lurzoru azpiko harkaitzaren edo lurzoruaren berezko ezaugarriren baten araberakoak dira. Nolanahi ere, ezin dezakegu zeharo baztertu Nafarroa Garaiko pagadiek mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik iritsitako kadmio- eta kromo-ekarpen txikiren batzuk jasotzen dituztela.

Berun- eta zink-ekarpen antropikoek aztertutako eremutik mendebalderantz eta ipar-mendebalderantz kokatuta dauden gune industrializatuetan dute jatorria. Dena den, eta lan honetan jarraitutako prozedurak frogatzerik ahalbidetzen ez duen arren, ezin liteke aipatu gabe utzi aurkituriko berun bidezko poluzioan zirkulazioak derrigorrean izan behar duen eragin garrantzitsua, mundu mailan berun-iturri nagusia dela jakinik. Kobrearen kasuan, ordea, litekeena da iturburu nagusia iparralderantz dauden Europako eskualde industrializatu urrunagoetan aurkitzea.

Haatik, Nafarroa Garaiko pagadi-lurren berun-, zink- eta kobre-edukiak oraingoz ez dira lurzoruan bizi den mikrofauna eta mesofaunaren garapena kaltetzeko moduko mailetara iritsi, salbuespenak salbuespen (ipar-mendebaldeko koadrantean kokaturik dauden baso batzuetako lurren berun-edukiak kasu); bai ordea, nahiz eta jatorri naturala izan, aurkitutako kadmio- eta kromo-edukiak. Kontuan hartu beharrekoa da aipatutako bizidunak ekosistemako sentikorrenak direla metal astunei dagokienez.

2. irudia. Fitotoxikotasun-arrisku potentziala aztertutako pagadi-sailetan (Orbaitzetako sailari dagokionez, lorturiko emaitzen aldakortasuna dela eta, ezin liteke ondorio orokorrik atera). (Argazkia: G. Amores).

Lur-laginen azterketak uzten digun azken ondorio garrantzitsua gure pagadiek azidotze-fenomenorik jasan ez dutela da.

Hosto-laginen analisietatik lorturiko emaitzek lurzoruaren azterketa bidez ondorioztatutakoa egiaztatzen dute, oro har, eta Kantauri itsasertzetik gertu dauden industriguneen eragina agerian utzi.

Poluzio egoera larriagotzearen ondorioz zein ekosistemaren bat-bateko aldaketa baten aurrean pagadi-sail bakoitzeko metal edukiek landarediarentzako ekar dezaketen arriskua ikuspegi orokor batetik aztertzen badugu, ipar-mendebalderantz handitzeko joera antzeman dezakegu (2. irudia).

Pagadi-sail baten azterketa iraunkorra

Nafarroa Garaiko pagadi adierazgarri baten azterketa trinkoa ere burutu genuen, ikerketa osatzearren. Zehazki, ia hiru urtetan, 15 egunetik behin euri-laginak analizatu genituen Auritzen kokatutako pagadi-sail baten barruan zein kanpoaldean (3. irudia), eta ondoko ondorio hauetara iritsi ginen:

Nafarroa Garaiko pagadiek poluzioaren eragina jasaten dute.

Ekosistemak epe luzera jasan lezakeen azidotzeari dagokionez, lortutako emaitzak kezkagarriak dira; izan ere, nola katioi basikoen jalkiera osoa hala zelai irekikoa Europako handienetarikoak badira ere, konposatu azidotzaileenak (nitrogeno eta sufrearenak) gaina hartzen die, kontinente osoan gertatzen den antzera. Horiei dagokielarik, nabarmentzekoa da nitrogenoaren jalkiera-tasak sufrearenak baino dezentez handiagoak direla, azken bi hamarkadetan Europa aldean sumatutako joerarekin bat.

Hala ere, euriaren eraginez landaredian gertatzen den katioi basikoen galerak (potasio eta kaltzioarenak bereziki) botatako uraren azidotze-ahalmena zein azidotasuna bera indargabetzen ditu baso barruan.

Bestalde, urteko zenbait sasoitan landareek euriak dakarren nitratoa xurgatzen dutela iradoki dute emaitzek, eta hori aztertutako pagadia N-asea ez dagoen adierazgarri izan liteke.

Aztertutako espezie kimikoen jatorriari dagokionez, zelai irekian jasotako sodio, kloruro, magnesio eta potasiorik gehiena Kantauri Itsasotik dator, ipar-mendebaldeko haize nagusiek garraiatuta. Baso barruan jasotako sodio, kloruro eta magnesioaren kantitatea, berriz, jalkiera hezeak baldintzatzen du bereziki, eta landarediarekin izandako truke-prozesuek ez dute ia bat ere garrantzirik, potasioaren kasuan ez bezala.

Jasotako protoi- eta nitrato-kantitaterik gehiena, ibilgailuek aireraturiko nitrogeno oxidoen oxidazio bidez sortutakoa, iparraldeko haizeekin iristen den euriak garraiatzen du Auritzeko pagadi-sailera. Nolanahi ere, azterketak iraun duen denboran, poluzio lokalarekin lotutako zenbait gertaera jazo dira, aipatutako ioien jalkiera lehorrak garrantzi handia hartu du eta euriaren pH-a 4’3ko balioetaraino jaitsi da.

Urteko zenbait sasoitan landareek euriak dakarren nitratoa xurgatzen dutela iradoki dute emaitzek, eta hori aztertutako pagadia N-asea ez dagoen adierazgarri izan liteke.

Kaltzioari eta sulfatoari dagokienez, bereziki Iruñerriko lantegien isurietan dute jatorria, Nafarroa Garaiko hegoaldean kokaturik dauden eta igeltsutan aberatsak diren lurretatik irits litezkeen aerosolen ekarpena ahaztu gabe.

Etorkizunari begira

Egia da Nafarroa Garaiko Mendialdetik mendebalderantz eta ipar-mendebalderantz kokaturik dauden eskualdeetako industria astunaren gainbeheraz geroztik metal astunen isuriak gutxitu bide direla; baita berunik gabeko gasolina ezarri zenetik ibilgailuek aireratutako berun-kantitatea apalagoa dela ere. Hala eta guztiz ere, komenigarria litzateke gure pagadietako lurren metal astunen edukiak aldizka aztertzen jarraitzea, lan honen bitartez ezin zehatz baitezakegu aurkitutako poluzioa aspaldikoa ala duela gutxi iritsitakoa den.

Konposatu nitrogenatuen isurien areagotze orokorraren aurrean, pagadien elikadura-egoeraren kontrolak eta euriaren analisiak ere ez lukete etenik izan behar, areagotze horrek, ekosistemen N-asetzeaz gain, lurzoruko metal astunetako batzuk mugikor bihurtuko lituzkeen azidotzea ere eragin baitezake.

3. irudia. Auritzeko pagadi-sailaren kokapenaren irudikapena.

BIBLIOGRAFIA

  • Amores Olazagirre, G.
    Evaluación del estado fitosanitario y de contaminación de los hayedos de la Comunidad Foral de Navarra mediante el empleo de indicadores.
    Doktoretza- tesia. 332 orr. 2002.
  • De Vries, W., Reinds, G.J., Klap, J.M., Van Leeuwen, E.P., Erisman, J.W.
    ‘Effects of environmental stress on forest crown condition in Europe. Part III: estimation of critical deposition and concentration levels and their exceedances’.
    Water, Air and Soil Pollution. 119: 363-386. 2000.
  • Duquesnay, A., Dupouey, J.L., Clement, A., Ulrich, E., Le Tacon, F.
    ‘Spatial and temporal variability of foliar mineral concentration in beech (Fagus sylvatica) stands in northeastern France’.
    Tree Physiology. 20: 13-22. 2000.
  • EC-UN/ECE (De Vries, W., Reinds, G.J., van der Salm, C., Draaijers, G.P.J., Bleeker, A., Erisman, J.W., Auée, J., Gundersen, P., Kristensen, H.L., van Dobben, H., de Zwart, D., Derome, J., Voogd, J.C.H., Vel, E.M.).
    Intensive Monitoring of Forest Ecosystems in Europe, 2001 Technical Report
    (EC, UN/ECE 2001, Brussels, Geneva). 177 orr. 2001.
  • Rademacher, P.
    ‘Atmospheric Heavy Metals and Forest Ecosystems’.
    EC-UN/ECE. CLRTAP. 2001.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila