Murumendiko erregea: Basurdea

Aitzina-aitzinatik, Murumendiko gizakia bere ingurune fisikoari arras loturik bizi izan da. Denborak aurrera egin ahala bestalde, gizakia bere ingurunearekin zituen harremanak eta menpekotasuna aldatuz, moldatuz eta finkatuz joan da: zenbaitetan abeltzain modura, askotan nekazari gisa eta besteetan basoko langintzan. Basurdeak aspalditik dira maizterrak Murumendin. Animalia honek eskualde hori oso gustukoa du bizitzeko; izan ere, baso hauetan, bere berezko etsaiengandik urrun, lasai asko bizi da, ezkutaleku erosoetan babestuz.

Murumendi izenaz ezagutzen den eskualdea Gipuzkoako erdigunean dago. Inguru honi dagozkion mugak eta eremuak lau udalerritan barna hedatzen dira eta lur horien jabegoa eta kudeaketa Beasain, Itsasondo, Bidegoian eta Beitzamako udalen esku dago. Halaber, Murumendiko mugen barruan lau udalerriotako mugak gune batean elkartzen dira eta bertan, mugarri batek banatzen ditu. Gune horri Domiko deritzo eta bertan, harri landuzko mugarri harro eta dotorea zutitzen da.

Murumendiko gaina bere 887 metroko altueraz harro gailentzen zaie inguruko mendi eta muinoei: Maramendi (708 m), Basagain (652 m), Zarate (651 m) eta Oterre (680 m) mendiei, batzuk aipatzearren.

Murumendiko tontorrean bestalde, Urola eta Oria ibaien eta bere ur-sareen arteko bereizketa eta banaketa gertatzen da. Kantauri itsasora bi puntu desberdinetatik barneratzen dira: Urola, Zumaitik eta Oria, Oriotik.

Ingurune honek klima ozeanikoa du eta Eurosiberiar eskualdean, zona atlantikoan kokatzen da. Hori dela eta, euriteak maiz gertatzen dira urte osoan zehar eta hezetasuna da bere ezaugarririk azpimarragarriena. Tenperaturak aski apalak izanda ere, neguko eta udako tenperaturen arteko aldea oso bestelakoa da.

Zona honetako mendien altuera 600 eta 800 metro artekoa da kasu gehienetan. Hori horrela izanik, eta arestian aipatu ditugun klima-baldintzak kontutan hartzen baditugu, lurraldea hosto zabaleko zuhaitzetan oso aproposa dela ohartuko gara berehala. Lur hauetan jatorrizkoak diren baso-mota desberdinak nagusitzen dira, hala nola, pagadiak, baso mistoak edota hariztiak. Baso mistoetako zuhaitzen artean bestalde, gaztainondoa ( Castanea sativa ), urritza ( Corylus avellana ), haritza ( Quercus robur ) eta pagoa ( Fagus sylvatica ) ditugu jaun eta jabe.

Hasieran esan bezala, aitzinatik paraje hauetan bizi izan den gizakia lurraz baliatu izan da bere bizimodua aurrera ateratzeko. Batetik, nekazaria izan da, nekazaritza-guneak baserrien inguruetan kokatuz eta zabalduz. Bestetik, abeltzain modura ere ihardun du eta abeltzantzaren eraginaren aztarnak eta arrastoak oso nabarmenak dira ingurune osoan; esate baterako, zenbait gunetan zelaiek ordezkatzen dituzte jatorrizko basoak.

Domikoko mugarria.

Denborak aurrera egin ahala ordea, gizakiak baserriak utzi egin ditu eta kalera jaitsi da bertan lan egitera. Eta poliki-poliki baserriak hustu egin dira, abandonatu. Husten zihoazen neurri berean noski, lur horien erabilpena ere erabat aldatu egin da eta nekazariak zuhaitz aloktonoz landatu ditu bertako basoak. Baso-mota horri ez klimaziko esaten zaio, bertako zuhaitzak ez direnak atera eta kanpokoak landatuz sortzen baita. Ez da oso urrun joan behar horren adibide garbia aurkitzeko, Intsinis pinuaren ( Pinus radiataren ) kasua oso ezaguna baita gure artean.

Geologiari dagokionez, zona honetako sustratua kretazikoa da. Kaliza biostromatikoa, margokaliza, garau fineko kaliza eta argilita kalkareoak ageri dira, harearria eta argilitekin batera.

Murumendiko erregea

Arestian aipatu eta zerrendatu ditugun baldintza horiek guztiek ondorio jakin batera eraman gaitzakete: Murumendi bizileku ezin egokiagoa da txerriaren aitzindaria den basurdearentzat, Sus scrofa castilanus suidoen familiako Murumendiko basurdearentzat, alegia. Eta berau da bertako basa ugaztunen artean handiena. Bertakoa da, ikusgarria eta handia eta horrek guztiak inguruko baserri eta auzoetako biztanleen artean halako lilura berezia sortzea ahalbidetu du.

Zalantzarik gabe, bitxia da oso Murumendiko basurdearen eta gizakiaren arteko erlazioa. Batetik, gizakia ehiztaria den neurrian, basurdearen etsai “naturala” dela esan dezakegu: ehizaleku bikaina bide da Murumendi eta basurdea harrapakin preziatua; horrelaxe egin izan da aitzinatik eta gaur egun ere, horrelaxe egiten da. Bestalde, basurdeak txerriak bailiren hazten dira zenbait baserritan; halaber, kasu batzuetan txerriekin nahastuz edo hibridatuz sartu izan dira inguruko baserrietara.

Murumendi, ezkerreko tontorra. Bere atzean Aizkorri mendizerra ikus dezakezue.
J.J. Sarasua

Animalia honetan dimorfismo sexuala oso nabarmena da, esan nahi baita arrak eta emeak ez direla guztiz berdinak. Latitude hauetan ikusgarriagoa da aipatu fenomenoa: arra 150 kilo izatera iritsi daitekeen bitartean, emea nekez iristen da 90 kilora. Latitudea elementu erabakiorra da: gora egin ahala, basurdeak handiagotzen doaz eta esate baterako, Karpatoetan 350 kiloko aleak ere ikustatu izan dira.

Itxura fisikoari dagokionez ere, nabarmena da sexuen arteko bereizketa; emearen muturra luzeagoa da eta letaginak desagertzen zaizkio. Arrak aldiz, letagin itzelak aurkezten ditu, bere muturra txikiagoa bada ere. Hazten diren neurrian, letaginak ere handiagotzen zaizkie.

Basurdeak kamuflajerako izugarrizko erraztasuna eta gaitasuna du.
J.J. Sarasua

Basurdea onmiboroa da eta basoan aurkitzen duen ia edozer jan dezake. Aukeran ordea, gaztainak eta ezkurrak ditu gustukoen. Zortea lagun beraz, udazken aldeko gauetan mendiotako gaztainondo eta haritz inguruetan otordu goxoak egiten ikusi ahal izango duzu irakurle, talde txikitan edo bakarka. Halaber, ez die muzin egingo landare batzuen sustraiei, tuberkuluei edota trufei.

Arraroa dirudien arren, haragia ere jaten du tarteka. Esan bezala, dieta oso zabala du eta ugaztun txikiak, anfibioak edo narraztiak ere agertzen dira bere eguneroko menuan. Sugegorriak ere gutizi preziatuak dira basurdeentzat eta horiek harrapatzeko oso trebatuta daude, horretarako teknika bereziak erabiltzen dituztelarik. Zenbaitzuren iritziz, sugegorriaren populazioaren gain presio demografiko handia sortzen du horrek. Alderantzizko proportzionalak dira beraz, sugegorrien eta basurdeen populazioak eta Murumendiko erregea ugaria den eskualdeetan nekez biziko dira sugegorriak.

Basurdeak gaztainadi eta pinudietan bizi dira eta halaber, bere probetxurako erabiltzen ditu.
J.J. Sarasua

Basurdeari buruz gauza asko esan izan da, horietarik asko uste ustelak izanik. Ezjakintasunak eraginda, basurdea animalia narratsa eta zikina dela pentsatu ohi dugu. Aldiz, zenbait ikerketek frogatu dute basurdeak berebiziko arreta eskaintzen diola bere itxurari: larruazala garbia eta ilea disdiratsua izateko ahaleginak egiten ditu, horretarako oso onuragarriak zaizkion lohietako bainuak hartzen dituelarik. Bainu horiek izan ere, larruazalean itsasten zaizkion bizkarroiak kanporatzeko sistema egokia da eta horrez gain, azala eta ilearen itxurari eusteko modu erraza eskaintzen dute. Animalia pinpirina alajaina! Ez du edozein putzu edo lohigune aukeratuko bere bainurako eta egokien iruditzen zaiona hautatuz gero, hamaika kilometro ere egingo ditu putzu egokira iristeko.Harrigarria egiten zaigu bada, ohitura hori eta narrats-itxura hartzen diogu basurdeari lohi-bainuak hartzen dituelako; gure gizartean halaber, bainu horiek gero eta usuagoak dira eta azala leun eta eder mantentzen laguntzen dutela onartzen dugu.

Araldiaren garaian, abenduan edo, emea lortzeko borroka egiten dute arrek eta ez edonolako saioak, gainera! Ohi bezala, indartsuena garaituko zaie etsaiei eta emea estaltzeaz arduratuko da. Maiatza edo apirila aldera jaioko dira kumeak. Eme gazteek basurdekume gutxiago izan ohi dute, 2 edo 4, eta zahartu ahala, kumaldia ugariagoa izango da.

Basurdeak eta txerriak elkarrekin ugaltzean, bien ezaugarriak dituzten hibridoak sortzen dira.
J.J. Sarasua

Basurdea animalia erasokorra eta arriskutsua dela ere, maiz entzun izan dugu. Horra hor beraz, funtsik gabeko beste topiko bat. Izatez, izutia eta iheskorra baita Murumendiko erregea eta arriskuren bat sumatu bezain laster, ezkutatzeko joera izaten du. Baina ez da koldartuko: ihesbiderik aurkitzen ez badu, ez du berehalakoan amore emango, ezta geldirik egongo ere. Borrokari ez dio ezetzik esango eta orduan bai, arriskutsua dela oso gure laguna.

Zorionez, basurdea ez dago desagertzeko zorian. Ugaltzeko duen erraztasunari, erosotasunari eta bere ingurura egokitzeko duen abildadeari esker, basurde-populazioa orekatua dela esan dezakegu, nahiz eta ehiza-presioa handia izan. Murumendin ale askotxo ikusi da azken urte hauetan; izan ere, ezkutatzeko, elikatzeko eta ugaltzeko leku aparta da eskualde hori eta ongi baliatzen da horretaz basurdea. Gainera, ez da bertan eraso egiten dion harrapakaririk eta horrela, aise eta eroso bizi da inguru honetan. Murumendiko erregearen bizimodua arriskuan jar dezakeen bakarra gizakia da eta norbaiten beldur izatekotan horren beldur izan beharko du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila