Kartzinogenoak detektatzeko, hau da, faktore minbizi-sortzaileak atzemateko, bide desberdinak erabiltzen dira. Hona hemen horietako batzuk:
Orain arte egindako azterketek erakusten digutenez, neoplasia gehienek, hau da, izaera tumorala duten ehun berriaren formazioek, neurri batean behintzat, faktore ez-heredagarrietan dute jatorria. Beraz, esfortzu bateratua egin beharko da arrisku-faktore horiek identifikatzeko eta eliminatu edo ahultzeko bideak garatzeko. Helburu horrekin egindako giza talde desberdinen arteko minbizi-tasen aldaketei buruzko azterketek, tresna eraginkorrenetariko bat eskaintzen digute. Izan ere, beste bide batzuk, ezin dira beti erabili; hala nola, animaliekin egindako azterketetan ondorioztatutako efektu kartzinogenoen eragina ezin da beti gizakietara estrapolatu.
Substantzia kimiko jakin batek izan dezakeen kartzinogenotasunak korrelazio handia du espezie desberdinetan. Horregatik substantzia kimikoak animalietan frogatzen dira, substantzia horiek gizakiengan izan dezaketen kartzinogenotasuna ezagutzeko. Era egokian egindako frogek animalietan neoplasiak sortzen badituzte, normalean kartzinogenotzat joko dira gizakientzat ere, eta horiei dagokien moduan tratatuko dira.
Animaliekin egindako frogen emaitzek eskaintzen dituzten ondorioei kasu eginez gero, posible izango da gizakia kartzinogeno horien eraginpean ez suertatzeko neurriak hartzea; izan ere, gizakiarengan minbizia eratu aurretik indukzio-denboraldi luzea igarotzen bait da. Ondorioz, minbizi-iharduera susmagarria duten substantzia kimikoen biosaioek minbizi-.prebentzioaren estrategiarako oinarrizko atala osatzen dute; berriki sintetizatutako konposatu kimikoek gizakiarengan duten eragina prebenitzeko aurretiazko esperientziarik ez dagoenean bereziki.
Baina animaliekin egindako biosaio hauek kostu handia dute eta oso motel egiten dira. Horregatik, froga azkarragoak eta ekonomikoagoak garatzeko esfortzuek lehentasun osoa izan behar lukete. Froga honen fidagarritasuna finkatzeko badago ere, konposatu kimikoen aurremiaketa selektiboan guztiz hedatuta daude eta saio anizkoitzeko sisteman edo in vitro froga-sailean guztiz gomendatuta daude.
Dagoeneko ezagutzen dira minbiziaren garapenari laguntzen dioten lesio batzuk. Adibidez, umetoki-lepoko displasia edo garapen-anomaliaren bat duten emakumeek, umetoki-lepoko kartzinomaren bat garatzeko arriskua emakume normaletan baino 1600 aldiz handiagoa dutela kalkulatzen da. Baina ikusi ahal izan denez, in situ kartzinoma kenduz gero lepoko kartzinoma erasotzailea prebeni daiteke.
Detekzioak eta lesio hauen tratamenduak minbiziak jo gabeko pertsonen arriskua murriz dezaketenez gero, lesio hauek identifikatu eta tratatzeko ahaleginak edozein minbiziren prebentzio-estrategian egon beharko luke.
Askotan egoera heredagarri batzuk sentiberatasun gehituarekin elkartzen dira. Honen adibide argienetako bat xeroderma pigmentatua da. Eritasun autosomiko azpirakorra den gaixotasun honek ondorengo ezaugarriak ditu: DNAaren osaketa akastuna, eguzki-izpiekiko sentikortasun areagotua eta bizitzaren lehen faseetan larruazaleko minbizia jasateko arrisku dezentez handiagoa.
Minbiziarekiko sentiberatasun handiarekin elkartutako gaixotasun hereditarioen beste kategoria bat, tumore gainartzailearen sintomak deiturikoak dira. Eritasun hau, familia batzuetan tumore berezi batzuk ateratzen direlako, bizitzan zehar goiz somatzen direlako eta anizkoitzak izan daitezkeelako ezagutzen da. Teoria batek dioenez, etapa desberdinetan (gutxienez bi etapatan) gertatzen diren mutazio-prozesuen bidez sortzen dira gaixotasun hauek.
Lehenengo fasea, gorputzeko zelula bakoitzean presente dagoen aldaketa hereditarioan datza. Bigarrenak, enbrioi-garapenean edo horren ondoren lortzen den aldaketa inplikatzen du. Lehenengo urrats hori heredatu duten pertsonek, bigarrena burutzeko gai diren agente mutagenoengatik minbizia jasateko arrisku handia dute.
Minbiziarekiko sentiberatasunik handiena dutenen artean entzima-sistemen iharduera dago. Hauek, kartzinogenoen aitzindariak azken forma erradioaktibo bilakatzearen arduradun dira.
Sentiberatasun hereditarioa duten pertsonak identifikatzea posible den neurrian, kartzinogenoekiko esposizioa murrizteko eta lesio aurreneoplasikoei ekiditeko asmoz berrikuskapenak egiteko neurriak hartu behar dira.
Arrisku handiko pertsonak identifikatzeko, aldaketa aurreneoplasiko eta neoplasikoei ekiditeko ikuskapenak burutzeko eta neurri egokiz horiek tratatzeko, beharrezkoa da biztanle-taldeen behaketa sistematikoa. Gaur egun ordea, diagnostiko klinikoaren printzipioez gain, pertsona asintomatikoetan minbiziaren etapa goiztiarrak detektatzeko screening aren metodologia erabiltzea oso mugatua da. Helburu horretarako onartzen diren tekniken artean bi dira azpimarragarrienak: Papanicolau-ren testa umetoki-lepoaren azterketarako eta X izpien bidezko mamografia, screening ean erabilitako bularreko minbizi goiztiarra detektatzeko.
Arrisku kartzinogenoa duten faktoreen banaketa zabalak eta minbizi-garapenaren lehenengo etapak detektatzeak duen garrantziaren ondorioz, minbiziari aurrea hartzeko guztiz beharrezkoa da publikoaren heziketa eta baita profesional sanitarioena ere. Tragikoa da orain arte gure gizarteak tabakoarekiko izan duen jarrera, hainbat frogatan tabakoa minbizi-sortzaile nagusi gisa agertu den arren. Egoerahonek arreta gabeziaz gain, balore-sistemen arteko gatazkak, ikuspegi filosofiko, politiko,psikologiko eta sozioekonomikoak barne hartzen ditu.
Baliteke etorkizunean arazo berdin samarrekin aurkitzea, beste arrisku-faktore batzuk identifikatzen diren neurrian, zeren eta posible bait da minbiziaren pisua, era bateratuan iharduten duten kartzinogeno ahul askoren eraginpean egotearen ondorio izatea, eta ez hainbeste, kartzinogeno indartsu isolatuen ondorio. Gainera, arrisku-faktoreak salatzen dituzten frogak, bere lehenengo agerpenean ez dira ia inoiz erabatekoak izango, gehienbat animali azterketetan oinarritzen diren neurrian. Horregatik nahitaezkoa izango da biztanleriak arazoa modu egokian ulertzea, gizarte-erantzun eraginkorra eman ahal izateko.
Arriskuei ekiditea segurtasun-arau eta –kode praktikoak garatuz ziurtatuko da. Gizartea, ohituraz, arau hauetaz fidatzen da pertsona edo azpitalde arriskutsuen ekintzetatik babesteko. Langileak, kontsumitzaileak eta beste zenbait biztanle kartzinogenoetatik babesteko zenbait arau badago lege-mailan. Dena den, argi dago arau horien garapena askotan kartzinogenotasun-frogaren ondoren joan dela eta baita arau horiek ez direla egoki bete ere.
Hala ere, iraganaldian arazoa konplikatua zen, agente zehatz baten kartzinogenotasuna finkatzeko zalantza eta eztabaidak zirela medio, eta giza biztanleriarentzat edozein arriskuk suposa zezakeena ebaluatzerakoan. Arazo hauek ebazpenik gabe segitzen dute, baina egon badaude proiektu
baliagarriak.