Minbizia kontrolatzeko aurrerapen berriak

Orive Arroyo, Gorka

Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzailea

Farmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz

Zenbakiek ez dute gezurrik esaten; azken datuen arabera, gizonezkoen % 45ek eta emakumezkoen % 38k minbizia izango dute beren bizitzako uneren batean. Zenbaki horiek ez dute jendea ikaratu behar, ordea; bakarrik adierazten digute gaixotasuna hor dagoela eta aurre egin behar diogula. Etorkizunari baikortasunez begiratu behar diogu, batez ere azken urte hauetan garatutako tratamendu berriak gero eta eraginkorragoak direla frogatzen ari direlako.

Zoritxarrez, oraindik ez daude minbizi-mota guztiak sendatzeko farmako egokiak, eta, gainera, gaixo guztiek ez diete berdin erantzuten farmakoei. Baina, behintzat, gaurko botikek espezifikotasun handia dute; hau da, zelula gaixoak bakarrik hiltzen dituzte eta ez osasuntsuak. Hala, albo-ondorioak ez dira hain larriak.

Baikorrak izateko arrazoiak badaude. Alde batetik, minbizia duten gaixoak gero eta luzeago bizi dira oro har. Esate baterako, Espainian minbizia dutenen % 50 ez da horregatik hiltzen, eta Frantzian are handiagoa da ehuneko hori. Biak ere Europako altuenetakoak dira. Era berean, azken hamar urte hauetan minbiziaren intzidentzia globala % 0,5 murriztu da, eta minbiziak eragindako heriotza-tasa, aldiz, % 1,1.

Garaiz diagnostikatzeak berebiziko garrantzia du.

Gainera, zenbait minbizi-mota tratatzeko eta sendatzeko tratamenduak gero eta eraginkorragoak dira. Esate baterako, linfomen, barrabileko minbiziaren edo bularreko minbiziaren kasuan, gaixoen % 90 ez da horregatik hiltzen. Hori guztia posible izan da prebentzioan eta diagnostikoan aurrerapauso handiak eman direlako eta gero eta tratamendu eraginkorragoak eta espezifikoagoak lortu direlako.

Hala ere, baikortasunak neurrikoa izan behar du; izan ere, ez dugu ahaztu behar gaixotasunari ez bazaio garaiz antzematen tratamenduen arrakasta-maila asko murrizten dela eta zenbait minbizirekin jende asko hiltzen dela oraindik. Adibidez, areako eta biriketako minbizia duten gaixoen % 10 baino ez dira sendatzen.

Azken datuak eta itxaropena

American Society of Clinical Cardiology-ren (ASCO) biltzarrean bildu ziren 25.000 zientzialariek emaitza interesgarriak aurkeztu zituzten, eta tratamendu itxaropentsuei buruzko berriak eman zituzten. Besteak beste, zehaztu zuten zenbateko arriskua duen sexu bakoitzak minbizi-mota bat edo beste bat izateko. Esaterako, gizonek prostatako minbizia jasaten dute maizen, baina heriotza gehien biriketakoak eragiten ditu. Emakumeen kasuan, aldiz, zabalduena eta heriotza gehien eragiten dituena bularreko minbizia da.

Era berean, erretzaileak izanda, biriketako minbizia izateko arriskua nahiko handia da gizonezko nahiz emakumezkoetan. Azken datuen arabera, hain kaltegarria den minbizi mota hori ohikoena bilaka daiteke hurrengo urteetan emakumeen artean, gero eta gazteago hasten baitira erretzen.

Minbizi-mota bakoitzarekin gaixoa batez beste zenbat bizi den jakitea oso interesgarria da bai gaixoentzat eta bai adituentzat. Hori dela eta, tratamendua hasi eta bost urtera bizirik dagoen gaixo-kopurua zenbatekoa den azaltzeko taula aurkeztu zen ASCO-ren biltzarrean. Datu horien arabera, erraz ikusten da minbizi-mota batzuen pronostikoa beste batzuena baino askoz ere hobea dela.

Tratamenduan asko aurreratu den arren, minbizi-mota batzuk oso hilgarriak dira oraindik.

Horren zergatiak asko izan daitezke: batetik, gaixotasunaren beraren azkartasuna eta oldarkortasuna ezberdina da gorputzeko organo eta ehunetan, eta, bestetik, diagnostikoek eta tratamenduek aurrerapen- eta eraginkortasun-maila ezberdinak dituzte minbizi-azpitalde bakoitzean. Hala ere, taula honek datu baikor bat uzten digu: minbizia dutenen % 60k baino gehiagok lortzen dute gaitza sendatzea.

Tratamendu itxaropentsuei dagokienez, entsegu klinikoetan farmako berri asko probatzen ari dira, gaixotasunari aurre egiteko edo behintzat gaixoak luzeago bizitzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko. Adibidez, biriketako minbiziaren kasuan, erlotinib farmakoa probatzen ari dira hartzaile-mota espezifiko batzuk inhibitzeko, eta, hala, gaixoak gehiago bizitzeko. Norbaitek pentsa dezake hilabete batzuk gehiago bizitzea ez dela oso garaipen handia, baina gaixo gehien hiltzen dituen minbizi-motarekin horrelako pauso bat ematea garrantzi handikoa da, dudarik gabe.

Medikamentu berri asko ari dira probatzen hainbat minbizi-motaren aurka.
G. Orive

Prostatako minbizian egindako aurrerapenak ere oso garrantzitsuak izan dira. Izan ere, gehien azaltzen den minbizia da eta heriotza-eragileen artean bigarren tokian dago. Nahiz eta oso bilakaera motela izan, metastasiak sortzen ditu, eta, urte batzuk igaro ondoren, hormonetan oinarritutako tratamenduak ez dira eraginkorrak eta gutxik irauten dute bizirik. Docetaxel farmakoa erabiliz, gutxienez urtebete bizitzea lortu da gaixotasunaren fase larrienetara iritsita.

Buruko eta lepoko minbizietan emaitza are hobeak lortu dira cetuximab antigorputzak erabiliz. Medikamentu berri horrekin asko murriztu dira hain ohikoak diren albo-ondorioak, eta gaixoak 28-54 hilabete gehiago bizi daitezke.

Koloneko minbizian eta bularrekoan lortu diren aurrerapenak ere aipagarriak dira. Alde batetik, zientzialariak ohartu dira kolesterolaren aurka erabilitako estatina farmakoek funtzio prebentiboa izan dezaketela koloneko minbizian. Nahiz eta oraindik ez diren erabiltzen horretarako, azken datuen arabera, koloneko minbizia % 51 gutxiago agertzen da farmako horiek hartuz gero.

Tratamenduei esker, luze eta ondo bizitzeko aukerak asko handitu dira.

Bestalde, genetikan eta biologian izandako aurrerapenei esker, pauso garrantzitsuak ematen ari dira bularreko minbiziaren efektu mingarriak saihesteko. Adibidez, Cancer Cell aldizkari ospetsuan orain dela gutxi argitaratu denez, giza gorputzak bularreko minbiziak garatzeko erabiltzen duen Beta-1-integrin genea inhibitzea lortu da. Gene hori blokeatuz, ikertzaileak ohartu dira minbiziak garatzeko ahalmena galtzen duela, eta, ondorioz, gaixotasuna ezin dela zabaldu.

Bukaera

Minbizia gaixotasun heterogeneo eta konplexua da. Aditu askoren ustez, gaixotasun asko biltzen dira izendapen horren azpian, eta, ondo begiratuta, ez zaie arrazoirik falta. Izan ere, ehun eta organo askotara zabal daiteke eta minbizi-mota bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu. Mundu osoan milaka lagunek bideratzen dituzte beren ezagutza eta ahalegin guztiak gaixotasun horren aurka, eta, nahiz eta poliki-poliki egiten den aurrera, asko pentsatzen hasiak dira ari garela iristen gaixotasun honen bukaerara.

Tratamendua hasi eta bost urtera bizirik dagoen gaixo-kopurua minbiziaren arabera.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila