Galdera horiek guztiak alferrik dira. Hurrengo berrogeita hamar urteetan zer gertatuko den iragartzea ere ia ezinezkoa zaigu. Zientzialari ospetsuen aholkua lanean jarraitzea besterik ez da, berriztapenak ikaragarrizko ezustekoak ekartzen baititu. Adibidez, Pedro Etxenikek hitzaldi batean azken ehun urteetako kronika eskaini zigun labur-labur. Ilargirako bidaiari, bonba atomikoari, ingeniaritza genetikoari edo telefono mugikorrari ezin zitzaien usairik hartu ere egin XIX. mendearen bukaeran. Baina ez gaitezen harrotu. Guri berdin-berdin gertatuko zaigu.
Mila urte atzera begiratuta, aldaketa oraindik harrigarriagoa da. Izan ere, zientziaren kontzeptua bukatzear dagoen milurteko honetan garatu baita. Ezin da ukatu antzinateko grekoek asmatutako esparrua dela, baina duela bost bat mende arte filosofiaren eskutik ibili zen. Metodo zientifikoa XVII. mendera arte ez zen zehaztu. Gainera, gaur egun ohikotzat jotzen dugun zientziaren eta teknologiaren arteko ezinbesteko loturak ehun urte besterik ez ditu. Bakoitzak bere bideari jarraitzen zion eta tarteka elkartu egiten ziren, baina ez zegoen erabateko mendekotasunik.
Duela mila urte, zientzian aurreratuenak herri musulmanak ziren eta pare bat mendez hala izan zen. Esate baterako, Abdulla Ibn Sina (980-1037) persiarraren lana aipagarria da (Mendebaldean Avizena deitu zitzaion). Europa Erdi Aro ilunean murgilduta zegoen eta, horregatik, Ekialdeko ekarpenak arrotzak egiten zaizkigu.
Errenazimentuak argitasun berria ekarri zuen. Teknologian berrikuntza garrantzitsuak egin ziren orduan. Aipagarriena, beharbada, Johannes Gutenberg-en (1398-1468) inprenta da. Asmakari horrek Historia modernoa bideratu zuen. Galileo Galilei (1564-1642) eta Isaac Newton (1642-1727) fisikariek Aristotelesen filosofia eta zientzia banatzea lortu zuten eta pentsamolde zientifikoaren oinarriak finkatu zituzten.
Milurtekoaren azken hiru mendeotan izenen eta zientziaren adarren zerrendak izugarri handitu dira. Gaur egun ikerketa lehen mundutzat jotzen ditugun lurraldeen monopolioa da. Baina hurrengo mila urteek egoera asko alda dezakete. Agian zientziaren kontzeptua ere erabat zaharkituta geldituko da, baina, zeinek daki.
Oraingoz lanari ekin beharko zaio dataren aldaketari ia begiratu gabe. Begira iezaiogun bakarrik irakurleari urte berria opa izateko.