Zetiaz-Elhuyar: Noiztik ari da Mikel Aizpuru Udako Euskal Unibertsitatean lanean?
(Egunkaria)
Z.-E.: Sortu zenez geroztik, Udako Euskal Unibertsitateak euskara eta unibertsitatea uztartzea izan du, eta du, helburu nagusi. 25 urte igaro eta gero, gero eta jende gehiagok hartzen du parte udako ikastaroetan; helburu hori lortze-bidean zein urratsetan dago UEU?
M. A.: Ez dut uste harreman zuzena dagoenik gaur egun UEUk duen ikasle-kopuruaren eta gizartean duen lekuaren artean. Ene aburuz, leku hori euskara eta unibertsitatearen egoeraren arabera finkatuko da. Udako ikastaroek oraindik sendotze-lana eskatzen duten arren, saiatu beharko genuke urtean zehar ere burutuko diren ekintzak prestatzen, jendeak ezagut ditzan.
Z.-E.: Erabat euskaraz funtzionatuko duen unibertsitaterako bidea lantzea da UEUren helburu nagusietarikoa; Euskal Herrian, alabaina, badira euskarari nola edo halako lekua ematen dioten unibertsitateak. Zein harreman duzue gainerako unibertsitateekin?
M. A.: Egoera normalizatzen ari da, bakoitzak bere oinarriak mantenduz, noski. EHU eta NUParekin gero eta harreman hobeak ditugu eta Nafarroako Unibertsitatearekin ere kontaktuak ditugu. Deustutik irakasle eta ikasle dezente hurbildu izan zaizkigu, baina erakunde modura hartuta ez dugu harreman askorik. Agerian dago UEUk antolatzen dituen ikastaroak unibertsitateen onespen osoa dutela; ikasleen hautaketa libreko kreditu moduan onartu izana, adibidez, esandakoaren adibide garbia dela iruditzen zait.
M. A.: Hala iruditzen zaigu, EHUk ez ezik, NUPak ere homologatuko dituelako udako ikastaroak. Nolanahi ere, ikasle horietarik asko tituluaren bila etorriko dira soilik-soilik eta ez, beste askok bezala, beren “jakinmina” asetzeko. Ikusteke dago; ez dakigu horrek zertan eragingo dion ikastaroen funtzionamenduari.
M. A.: Sortu zenetik gaur egunera asko aldatu da egoera Udako Euskal Unibertsitatearen barruan ere. Nolanahi ere, sorrera bultzatu zuten oinarrizko arrazoiek hortxe diraute: euskararen erabilera ez dago erabat normalizatuta unibertsitatean, bistakoa den bezala. Baldintza horiek, hala ere, aldatuz joan dira urteen joan-etorrian eta bilakaera horrek UEUren lanean norabide berriak bilatzera behartzen gaitu.
Z.-E.: Eta inoiz egoera hori ikusterik izango bagenu, hots, euskara erabat normalizatuko balitz unibertsitatean, desagertzera joko al luke UEUk?
M. A.: Ez, UEUren funtzioa ez delako bakarrik euskararen normalizazioa unibertsitatean; erakunde horretatik kanpo zientzia alorrean ari diren euskaldun askoren topagune ere bada UEU. Zein da bere lekua? UEUk ezin ditu errepikatu bere ikastaroetan urtean zehar eskola normaletan ikusi diren gaiak, are gutxiago, gai horiek zenbait kasutan euskaraz ere ematen direla jakinda. Gai berriak jorratu edota urtean zehar egin daitezkeen gradu-ondoko ikastaroak antolatzera jo beharko genuke.
Z.-E.: Bilakaera horretan, aurrerako urratsak egiteko unean dagoelarik, UEUren ibilbidea ezagutu duten askok pentsatuko ote luke erabat aldatu dela hasierako giro hori?
M. A.: Kontuan izan datu hau: 1973an ikastaro bakarra egin zen, filosofia, historia, fisika edota linguistika zeharo nahasturik. Aurten Iruñea eta Baiona artean 30en bat ikastaro izango ditugu, gehienak zientziaren arlo jakin baten inguruan. Horrek zera ekarri du, ikastaroak antolatzeko orduan burokrazia asko hazi dela eta, beraz, gero eta jende eta diru gehiago behar dugula hori guztia prestatzeko. Bestetik, hasierako urteetako lankidetza, disziplinarteko nahasketa eta anaitasun-giroa, hein batean, galdu egin da, nahiz eta bestelako udako ikastaroekin konparatuz gero askoz ere handiagoa izan.
Z.-E.: Nola gustatuko litzaizuke 50. urteurrena ospatzea?
M. A.: Azken Batzar Nagusian bazkide batek aipatu zuen seinale txarra izango litzatekeela 50. urteurrena ospatu behar izatea, horrek UEUren helburuak oraindik bete gabe zeudela adieraziko lukeelakoan. Ospakizunik ederrena erabat euskaraz funtzionatuko lukeen unibertsitatearen baitan burutuko litzateke, horren sorrera azkartzen laguntzea baita UEUren helburu nagusia.