Melatonina: egia ala gezurra?

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Hamaika gaitz sendatzen omen ditu, gauza onak eta bertuteak besterik ez omen dauzka, zahartze-prozesua modu ikusgarrian atzeratzen omen du. Omen, omen, ... Baina, zer da benetan melatonina eta nola funtzionatzen du -diotenez- denetarako balio duen hormona horrek?

Mundu osoan ezagunak diren William Regelson amerikarrak (onkologoa eta mikrobiologoa berau) eta Walter Pierpaoli italiarrak (inmunologoa eta endokrinologoa lanbidez) idatzi eta hainbat herrialdetan agertu berri den liburuak izugarrizko saltsa sortu du eta bazter guztiak aztoratu ditu. Zer kontatzen dute, bada, bi zientifiko serio horiek, jendearegan horrelako eragina sortzeko? Batetik, saguekin egindako ikerketen berri ematen da liburuan. Honaino ez dago arazorik: esperimentu horiek kontrola daitezke eta behar bezala egiaztatuak izan dira. Baina, ondoren, estrapolazioak egiten hasi dira eta hemendik denbora gutxira gizakiak 100 edo 120 urte bete artean bizi ahal izango dugula agintzen digute, osasun-egoera bikainean gainera. Nola? Melatonina ditxosoarekin, noski.

Zer da melatonina?

Gure garunean kokatua dagoen guruin txiki batean, epifisia edo guruin pineala izenekoan hain zuzen, gauez sortzen den hormona bat; horregatik "loaldiko edo gaueko hormona" ere esan izan zaio. Gorputzak kopuru handiagoan jariatzen du haurtzaroan, eta kopuru hori gutxituz doa urteak aurrera egin ahala.

1958. urtean aurkitua eta 1963an hormona bezala ezagutua, dirudienez bere eginkizunik garrantzitsuenak gure gorputzeko erritmo biologikoak kontrolatzea da, alegia loa/begira alternantzia. Eta bide batez, oreka hori kontrolatzeaz batera nerbio-sistema, sistema endokrinoa eta inmunitate-sistema sintonia ezin hobean mantentzen dituela esan daiteke, loa, atsedena, hazkundea, energia eta beste hainbat funtzio erregulatuz.

Urteak aurrera doazen heinean gure sistema inmunologikoa ahulduz doa, masa muskularra gutxitu eta malgutasuna galtzen dugu, gutxiago lo egiten dugu, irrika edo desira sexuala ere itzalduz doa, hezurrak ahuldu egiten dira, zirkulazio-sistema motelago dabil eta odolak ez du gure gorputza behar bezala gorastatzen. Guzti horren ondorioz agertzen dira arteriosklerosia, zahartzaroko gaitzak, hezurretako edo bihotzeko gaixotasunak, etab.

Argazkiko liburuan "gaztetasunaren elixirra" edo "gaitz oro sendatzen duen erremedioa" bezala aurkezten da melatonina.

Badira arazo horiei aurre egiteko eta beren kontra aritzeko substantziak (bitaminak eta botikak), eta bestalde badakigu elikadura egoki batek eta bizimodu osasuntsuak gaitz horiek guztiak atzeratu egiten dituztela, salbuespenak salbuespen. Gaur egun, ordea, zerrenda horretan melatonina gailendu egin da, eta aipatu liburuan "gaztetasunaren elixirra" edo "gaitz oro sendatzen duen erremedioa" bezala aurkezten da.

Melatonina, sendagarri bezala

Gaur egun, melatonina lorik hartu ezin duten pertsonetan erabiltzen da, bigarren mailako ondoriorik ez duen lasaigarri naturala delako. Abioian hegaldi luzeak egiten dituztenentzat ere oso mesedegarria da, erritmo biologikoak kontrolatzean ordutegi aldaketak eragindako arazo fisikoak ebitatzen baititu (eta horrelakoak oso usuak dira kontinente-arteko hegaldietan, adibidez). Baina hortik gaztetasuna berreskuratzera eta gaitz guztien erremedioa izatera alde handia dago. Nondik edo nola sortu dira, bada, ilusio horiek?

Regelson eta Pierpaoli doktoreak aspalditik ari dira hormona honek saguengan eragiten dituen ondoriotik ikertzen. 1985. urtean ekin zioten melatoninak sagu zaharrengan zuen eragina aztertzeko burututako esperimentu-sail bati. Horrela, 19 hilabete zituzten saguak hartu zituzten, inolako gaixotasunik gabekoak (19 hilabete sagu batentzat, gizakiarentzat 65 urte bezala dira, beren kalkuluen arabera) eta bi taldetan banatu zituzten. Lehen taldeko saguei melatonina erantsi zioten gauean ematen zieten urean, eta bigarren taldekoei, berriz, ura soilik eman zieten.

Hasiera batean, bi taldeen arteko diferentziak oso txikiak ziren, baina bost hilabeteren buruan harriturik geratu ziren. Ura besterik edan ez zuten saguetan zahartze prozesuaren zeinuak agertzen hasi ziren: galera muskularra, ile-erorketa, kataratak, digestio zailak... Alegia, zahartzeak dakartzan zeinu normalak. Urarekin nahastuta melatonina hartu zuten saguetan, ordea, larruazala lodiagoa eta distiratsuagoa zen, ongi ikusten zuten, ez ziren nekatzen,... hitz batean esateko sasoi betean zeuden. Erakusten zuten indar eta azkartasunagatik ziren baino askoz ere gazteagoak ziruditen eta, gainera, besteak baino sei hilabete gehiagoz bizi ziren (eta horrek 25 bat urte esan nahiko luke guretzat, gizakiontzat).

Ikerketa horiekin jarraituz, saguen iharduera sexuala ere asko gehitzen zela ikusi zuten, eta tratamenduarekin, sagu eme zaharrak ere umeak egiteko gai izan zirela aurkitu zen. Beste hainbat esperimentu eta aurkikuntzatan oinarrituz gure bi zientifikoek guruin pineal, eta horrek jariatzen duen hormona, melatonina alegia, adinaren erlojua zirela, eta beraz erloju hori kontrolatzea lortuz gero, gizakietan ere ondorio bikainak lor zitezkeela pentsatu zuten.

Arazoa neurriz kanpo atera ondoren...

Hemendik aurrerako "teoriak" oso eztabaidatuak dira, eta zer esanik ez aurreko esperimentuetan oinarrituz, gizakietara egindako estrapolazioak eta ateratako ondorioak ere. Baina, behin kontu horiekin hasiz gero, jarrai dezagun aurrera.

Regelson eta Pierpaoliren iritziz, pubertaroa amaitu ondoren epifisiak gero eta melatonina gutxiago jariatzen du eta horrek dakar zahartzea. Bestalde, 45-50 urtetik aurrera guruin pinealak bere sentikortasuna ia erabat galtzen du eta horrela 60 urte betetzen ditugunean jariatzen dugun melatonina-kopurua 20 urterekin jariatzen dugunaren erdia da. Bi ikertzaile horientzat, gorputzak behar adina melatonina jasotzea lortuz gero (eta horretarako biderik onena ahotik hartzea da), zahartze-prozesua geratu eta gure gaztaroko egoera fisikora itzultzeko modua edukiko genuke. Ideia oso liluragarria da, baina oraingoz saguetan bakarrik frogatu da, eta ez dakigu ondorio sekundariorik badagoen ala ez.

Arazoan, beste askotan bezala, propagandak eta publizitateak edukitako garrantzia ere kontutan hartu behar da. Aldeko sutsuak dituen bezala, hainbat ahots altxa da esanez ez dela serioa, ez dela batere ikerketarik egin gizakiekin, eta liburuan esaten direnak ez direla aurretik frogatu. Liburuak ikaragarrizko arrakasta eduki du Estatu Batuetan, eta produktua supermerkatuetan saltzen da, ez botiketan. Oraingoz, osagarri bitaminiko moduan erabiltzen da gehienbat (eta ez ahaztu amerikarrak horrelakoen oso zaleak direla) eta baits errezetarik gabe eros daitekeen lasaigarria bezala ere. Alde egon nahiz kontra egon, egia izan edo erdi-gezurra, ... eztabaida hortxe dago.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila