Elektrokardiogramaren bidez urrunera diagonostikatzen duen eskualde-zentruan gaude. Bertan, Mosku inguruan kokaturik dagoen Oziori hirixkatik dei larria jaso da. Sabelaldeko mina duen gaixoa heldu da Eskualde-Ospitalera. Baina, sabelaldeko barrunbea arakatzerakoan, ez da inolako anomaliarik aurkitu; dena ongi dago. Zer gertatzen da? Aurreko analisiak aldiz, bihotzeko gaixotasuna duela adierazten du.
Duela hamar urte, gutxi gorabehera, bihotzeko erasoa jasan zuen. "Bigarren deia" ote? Mina bularraldean agertu beharrean sabelaldean agertzeak, ez du sendagilea nahasi behar. Zeren jakina denez, bihotzeko mina edonon eta gutxien espero den lekuan agertzen bait da. Elektrokardiogramak, sendagileen diagnostikoa baieztatuko ote du?
Erregistragailu automatikoak, gailur eta ibarren aztarnak utzi ditu paperezko zintan. Hala ere, ez du bihotzeko erasoaren ohizko koadroa agertzen. Beraz, hasierako diagnostikoa ukatu egin behar al da? Dena dela, kardiologoa ez da erabat ziurtatzera ausartzen. Bihotzaren martxa aztertuko duten espezialisten laguntza guztiz beharrezkoa da, jakina denez.
Duela urte batzuk, Eskualde-Ospitaleko sendagileek kasu horretan zein bide hartu beharko litzatekeen aztertuko zuketen: Moskuko kontsultatzaile bati hots egin, dokumentazio mediko guztiarekin ospitaletik hirira jo edo gaixoa hirira eraman. Hartutako erabakia edozein izanik ere, lehenbailehen egin beharreko gauza litzateke; ez bait dago denbora alferrik galtzerik. Bihotzeko erasoa, berehalako neurriak hartzera behartzen duen egoera bait da.
Gaur egun aldiz, zer egin behar duten erabakitzen ez dute denbora asko igarotzen. Elektrokardiografi saileko erizainak zientzi ikerketarako Mosku eskualdeko M. Bladimirski institutu klinikoko (laburbilduz eta errusieraz: MONIKI telefono-zenbakia markatzen du. Kontsultarako eskakizuna zuzenduko da, gaixoa prestatuko eta ondoren, MONIKIra berriro hots egingo.
Gaixoaren bihotzeko martxaren biopotentzialak erregistratzen dituzten eloktrodoak, transformadore elektriko txiki bati konektaturik daude. Soinu-egokitzailetik, erritmoa mantenduz oszilatzen duen ziztu baxuak irteten du. Erizainak, egokitzailea entzungailuaren beheko aldearekin elkartzen du; mikrofonoarekin alegia. Horrela eginez gero beste muturretik entzuterik bai bait dago. Hasiera batean, telefono-aretoan soinu hau entzuterakoan, linea eteten zuten; lineako akatsen bat ote zelakoan. Baina gaur egun badute soinu honen berri: laguntza eske dagoen giza bihotza dugu.
Diagnostiko eta kontsultarako ekipoaren taulan, kardiograma duen zinta desplazatzen da. Aldamenean, operadorearen bidez erregistratutako gaixoaren datuekin eta gaixotasunaren izenarekin batera formulazioa aurkitzen da. Bihotzaren funtzionamendua ere, pantailan ikusten da. Zentruko buru dagoenak ere, arazoaren larritasunaz jabetzeko erregistroari gainbegirada bat zuzentzea aski du. Beharrezkoa balitz, beste zenbait datu eskatuko lioke kontsultatuak Ozioriko elektrokardiologoari. Apurka-apurka koadroa argitzen ari da.
"Oziori! Oraingoz, behar den guztia badugu. Zu libre geratzen zara!"
Operadoreak, Demitrov-etik igorri den diagrama jaso ahal izateko taula ordezkatzen du. Mosku eskualdeko beste hiri bat dago linean. Bitarte horretan, Ozioritik jasotako informazioa aztertzen ari da kontsultatua.
Zenbaitetan, arazoa uste baino korapilotsuagoa izaten da pertsona bakar batentzat, eta kasu hauetan, mediku-bilerak burutzen dira; medikuntz zentru honetan lanean diharduten eta itzal handia duten espezialistez osatutako mediku-bilerak. Zentru hau, Sovietar Batasuneko zaharrenetakoa da. Kasu honetan kontsultatuak, luze baino lehen analisia burutzea ahal izan du. Oziorira informazioa azkar bidali da, ondorioak baieztatuz.
Horrela jokatuz, bihotz zerbitzuaren segurtasuna nabarmenki handiagotu da; zeren diagnostikatzeko unean sortzen diren eragozpenak eta egiten diren hankasartzeak direla medio, tratamendu egokia atzeratu egiten bait da, zenbait kasutan egoera tamalgarriak sortuz. Urrunera diagnostikatzen duen elektrokardiogramari esker, Mosku eskualdean berehala ingresatu behar duten gaixoak 15-30 minutu barru ospitaliza daitezke.
Gero eta hedapen handiagoa du sistema honek Sovietar Batasunean. Edozein lekutik igortzen dira gaur egun seinaleak.
Zenbait kasutan, inguruan telefonorik ez dagoenean (ur handitan dagoen arrantzuntzitik, eriautotik etab.etik) irratiz bidaltzen dira seinaleak eta ondoren, telfono-sarearen bidez igortzen.
Urrunera diagnostikatzen duen elektrokardiogramaren barrutiko zentru edo barrutien arteko zentrua, kardiogramen iturri nagusia dezifratzeaz arduratzen da, eta ondoren, dagozkien ondorioak ateratzen dituzte. Beste zenbait gailuren artean, memoria magnetikoa du harrera-gelak. Laguntza behar izanez gero, berehala igortzen da kardiograma eskualde-zentrura. Gaixoaren bihotz-taupada entzutea guztiz beharrezkoa denean, eskualde-zentruan entzunerazten dira. Aparteko kasua baldin bada, eskualde-zentruan taldean aztertzen eta lantzen da kasua. Beraz gaur egun, Kamtxatka-n lanean ari den kardiologoak, Moskun dagoen espizialistaren laguntza lor dezake.
Saratov-eko kardiologiek eta injineruek elkarlanean, "Volná" diagnostiko eta kontsultarako taula eta berarekin konektatzeko igortzaileak sortu dituzte. Sendagileen eritziz, gailuak arrakasta izan du, ongi funtzionatzen du eta ondorioz gailua seriez fabrikatzea burutu da.
Giza organismoan kokatzen diren bulkada elektrikozko sorgailu txikiek, bihotz-giharreari eragiten diote erritmo normalean uzkurreraziz. Hala ere bihotz elektriko eragileak miokardioari epe luzeko eraginkortasunez laguntzea, ez da uste den bezain erraz lortzen.
Kaunas-ko Medikuntz Insitutuko lankideek, gailu hauen elektrodoak hobetu dituzte; gailu hauek, bizia duten ehunak etengabe ukitzen dituzte. Hauen hobakuntza, ukipen-azaleran oinarritzen da batipat; azalera txikiagotzean. Honen ondorioz, gailuak eta bulkadek ekoizten dituzten erasoaldiak murrizten dira bihotz-ehunetan. Elikadura-iturriko kontsumo energetikoa aurreztea lortu da, bihotz eragilearen funtzionamendu-denbora luzatuz.
Baina zenbait kasutan bihotza, funtzionatzeko ahalmena galtzeraino honda daiteke. Horrelakoetan, eragileak nahi adina eraginagatik ere, ez du ezertarako balio. Bihotzak ez du inolako laguntza onartzeko ahalmenik. Bestalde, organismoak oro har, bizirik iraun dezake. Hemen ondoriozta daitekeen emaitza, bakarra da: hondatutako "bizidun motorea" ordezkatzea.
Kopetean izar-erako zurigunea duen txahala, Neptuno izenez bataiatu zuten. Berau esnatzerakoan, zutitu, ura edan eta eskainitako saralea gosez irentsi zuen... Dirudienez, ez du arrunta ez den ezertxo ere egin. Baina ikerktzaileek ilusioz behatzen diote. Honen arrazoia, 1984ko Martxoaren 13an bere bihotza bihotz artifizial batetaz ordezkatzean datza. Aldaketa egin ondoren txahalak ohizko modura jokatzeak, organismoak ez duela gailu mekanikoa zapuztu eta organo eta ehun guztietara odola behar bezala iritsi dela aiderazten du.
Hala ere, zuhurtasunez jokatu behar zen. Gailuak ongi funtzionatzen zuenaz ziurtatzea oso gutxi zen. Denbora luzez erabil ote daiteke bihotz artifiziala? Ikerktzaileek jadanik burutua zuten eguneroko leloa: ongi ote dago gure Neptuno?
Egunero eta atzerapenik gabe bizierazteko odola ponpatzen duen gailuak, kontraesanean dauden zenbait eskakizunei erantzun behar die: zaurgarri diren odol-zelularekiko sendotasuna eta aldakortasuna konbinatu, potentzia eta fidagarritasuna... odol-jarioarentzat behar bezalako baldintza fisikoak ziurtatuko dituen bihotz artifizialaren barrunbea lortzean datza zailtasun nagusia.
Transplantologi eta Organo Artifizialentzako Institutuko espezialistek "Póisk" (Bilakaera) izeneko eredua burutzea lortu zuten; eta itxura denez, oinarrizko eskakizunei sobera erantzuten die. Neptunori ezarritako bihotz artifiziala honelako eredua izan zen.
Dirudienez, bide onari heldu zioten. Neptunok bi hilabetez iraun zuen bizirik. V. Shumakov-en ustetan, ikerketa-lanetarako eta eguneroko kirurgiarako hilabeteko epea gainditzea, hasiera batean, garrantzitsua da. Egoera hau, bitarteko egoeratzat hartzen bait da; hots, giza bihotza transplantatu arteko egoeratzat eta ez behin-betikotzat. Gaixoaren bihotza hondatu denean eta eskuratzeko moduan beste giza bihotzik ez dagoenean aplikatuko den irtenbidea izango denez, larritasunean baliabide egokia litzateke bihotz artifiziala.
Beste giza bihotza lortzeko adina denbora eskaintzen du; hilabeteko epea aski bait da, eta are gehiago kasu honetan, bi hilabeteko epea denez. Behin-betiko ezarpenari dagokionez, ohizko bizimodua egitea ezinezkoa izango da. Gizakia bolumen handiko kanpo-bateria eramatera behartuta egongo bait da.
Egia esan, horrelako gainkarga eramanez ibiltzea ezinezkoa da. Txahalaren bularraldean ezarritako plastikozko bihotz-protesiak ezin du bere kabuz funtzionatu. Kanpoan kokatutako konpresorearen tutuen bidez sartzen den aire konprimatuari esker uzkurtzen da bihotz artifiziala. Aginte elektronikozko blokeak, bihotz mekanikoaren erritmoa erregulatzen du.
Bihotz artifizialaren erabilpen iraunkorra burutu ahal izateko, bihotz artifiziala eta komandoa bularraldean kokatu beharko dira, edo gutxienez, komandoa gorputzari lotu beharko zaio; motxila-erara adibidez. Honela gertatuko balitz, gaixoak ez luke ohizko bizimodua egiteko eragozpen handirik izango.
Jadanik SESBen ari dira bihotz artifizial autonomoa burutzeko bideak urratzen. Berau burutzea, bi arazo konpontzean datza: elikadura-iturria sortzean, eta komando eta kontrol autonomoko sistema erabilgarriak sortzean hain zuzen ere. Ekipoak trinkoa izan behar du eta 700 edo 800 gramo baino gutxiago pisatu behar du. Ezarritako bihotz artifizialaren 5-10 urteko iraupena ziurtatzeko, araztutako plutonio edo tritio biomedikoz osaturiko aldagaia da energi iturri nagusia.
Zenbait eredu trinko desberdinek funtzionatzen du normalki institutuko saiakuntz bankutan. Horietariko bat, motxila-erako "Guertz-02" eredua da. Motxilan kokaturiko motore termikoak, ezarritako bihotz-protesia pultsarazten du. Berari dagokion energi iturriak, plutonio-isotopoa eskaintzen du.
Bestalde, motore elektrikoaz osaturiko bihotz-protesia burutzen ari dira; bihotzari dagokion barrunbean biak txertatzeko eran gainera. Kanpoan geratzen den atal bakarra, pilaz osaturiko elikadura-iturria da.
Institutuko espezialisten eriztiz, ordezko lurrin-makina erabiltzen duen sistema da etorkizunerako itxaropenik handienak eskaintzen dituen bihotz artifiziala. A. Osipov injinerua buru izanik, ikertzaile-talde batek bihotz mekaniko berezia diseinatu du: "Mikron" deritzon bihotz mekanikoa. Honek, dauzkan lan-ezaugarriak direla medio, bihotz naturalaren antza du.
Erabileraren printzipioa berriz, oso erraza da. Isotopo-iturriak, gas edo lurrinaren berokuntza kitzikatzen du. Berau hedatzerakoan, zilindroaren pistoiari bultzatzen dio higidura-transformadorea higieraziz, eta honek, bentrikulu artifizialaren mintzak uzkurterazten ditu.
Gasen hozketa berriz, gasen beroa zurgatzerakoan egiten da, eta ondorioz, pistoia jaisten. Ondoren ziklo osoa errepikatzen da. Horrela jokatuz, bentrikuluen uzkurdura erritmikoa ziurtatzen da. "Mikron-02" eta "Guertz-02" ereduak erabat desberdinak dira. Lehenengoa oso txikia denez, bihotzaren barrunbean sar daiteke; bestea berriz ez. Hau da bien arteko desberdintasunik garrantzitsuena gizakiaren menpekotasunari dagokionez behintzat.
Medikuntzan bihotz artifizial autonomoaren posibilitatea arakatzea, gai kilikagarria da. Makinaren bidez gaixoek ohizko bizimodua dastatu eta gozatuko bait lukete.
V. Shumakovek 1984.go urtearen amaiera aldera ebaki zuen Olimp txahalak, 100 egun baino gehiagoz iraun zuen bizirik kanpo-komandoz hornitutako bihotz artifizilari esker. Beraz ikus daitekeenez, bihotz naturala aurkitzeko behar den denboraren hirukoitza lortu da jadanik. Oso pauso garrantzitsua da hau; tartean jokoan dagoena, gizakiaren organismoa bait da.
Bihotz artifizial autonomoaren diseinua ere aurrera doa. Jakintsuen ustetan, esperimentu-tauletatik aparte animalien gorputzetan ere ongi funtzionatuko bait luke. Horretaz guztiz konbentzituta daude. Horrela balitz, nahiz eta giza gorputza bizirik mantentzen duena bihotz artifiziala izan, gizakiak ohizko bizimodua egiteko aukera izango luke.