Ingurune hezeetako hegaztiez aritzean, lertxun, lertxuntxo eta abarrek osatzen duten ardeidoen familia aipatzea ezinbestekoa zaigu; hauek baitira ziurrenik, anatido eta limikoloekin batera, gure eskualdeko ekosistema urtarrekiko moldapen nabarienak ageri dituzten hegaztiak.
Lertxun gorria (Ardea purpurea) lertxun tipikoa dela esan daiteke, eta ondorioz, espezie honen ezaugarririk begi-bistakoenak familia definitzen duten berberak ditugu. Lertxun gorria ere, soin-zati luze eta meheak dituelako bereizten den liraintasun handiko hegazti dotorea dugu: azkon-itxurako moko zorrotza, eta lepo luze malgua ehizarako tresna egokiak ditu, zango luze eta argalei esker urazaletan ibai ertzetako landaretzaren artean, edota aintzira nahiz paduretako lezkadietan barrena batera eta bestera dabilela.
Bestalde, lertxun gorriaren kasuan, eta izenak ederki adierazten duenez, kolore arrea da nagusi. Lepoan, bere bizileku diren lezkadietan marra kriptiko longitudinal luzez osaturiko apaindura ageri du, hornidura hau bularrean zehar eta sabelalderaino luzatzen zaiolarik. Alde dortsala berriz, grisa izaten du nahiz eta hemendik ere saihetsetan behera lumaska luze eta arre batzuk zintzilikatzen zaizkion. Oro har lertxun hauskararen (Ardea cinerea) antza duen arren, lertxun gorria txikixeagoa izan ohi da: guztira 75-80 cm-ko luzera eta 150 cm inguruko hegal-zabalera izaten ditu, bere pisua 800 eta 1.250 g bitartekoa izaten delarik.
Bizilekuari dagokionez, lertxun gorria gainerako hainbat ardeido baino urtarragoa izaten da, guztiak ere ingurune hezeetako biztanleak izaten diren arren. Lertxun gorriak padurak, aintzirak eta ibai-bazterrak izaten ditu bizileku, nahiz eta guzti hauetan landaretza urtar ugaria izatea derrigorrezko baldintzatzat hartzen duen. Nolanahi ere, landaretzaren aldetik ezartzen duen eskari zorrotza lezkadiari lotzen zaio batez ere. Izan ere, lertxun gorriak ez baitu beste zenbait ardeidok duen zuhaitzekiko lotura esturik ageri.
Gainerako lertxunak bezala, lertxun gorria ere harrapakaritzatik bizi den hegaztia dugu, eta egunez eta ilunabarretan aritzen da, lezkadiaren ertzetako urazaletan, astiro mugituz, lepoa atzera botata, uretara so, bere moko zorrotzaz ehizaki goxoren bat harrapatzeko asmoz. Bere dieta batez ere anfibio, narrasti, mikrougaztun eta intsektuz osatzen da. Arrainik ere harrapatzen du, noski, baina alde horretatik ez da bere lehengusu den lertxun hauskara bezain arrainzalea. Bestalde, lertxun gorria hegazti mesfidati eta iheskorra da, eta hegalari bikaina izanik, etsaia izan daitekeen inor inguruan somatuz gero, berehala aireratzen da badaezpada ere.
Hegazti honek ez du klima hotza inola ere maite, eta ondorioz, Europako populazioak Afrika subsahariarrean botatzen du negua. Maiatz alderako, ordea, eta eguraldiaren epeltzeari jarraikiz, lertxun gorriek iparralderantz jotzen dute habia egitera, eta orduantxe ageri dira Euskal Herrian ere. Kumeak egitean lertxun gorriak kolonialak izaten dira, baldin eta lan garrantzitsu honetarako aukeratutako lekuak behar adinako tamaina, arrantza ugaria eta segurtasuna eskaintzen baditu. Horretarako lezkadi eta aneadi trinkoenak bilatzen dituzte bertan, eta urazaletik 1 m-ko altuera inguruan, plataforma bikaina eraikitzen dute landare urtarrak erabiliz. Habian errundako 4-6 arrautza urdinskek 25-26 eguneko txitaketa behar izaten dute gaztetxoak jaio aurretik, eta lan hau arraren eta emearen artean burutzen da. Lertxun gorriaren kasuan, lumaska grisez jantzitako txitoak nidikolak izan ohi dira, eta beraz, habian mantentzen dira, lumaia berria garatu eta hegan egiteko gai diren artean, bitarte luze horretan gurasoen lana gaztetxo aseezinak bazkatzeko janaria lortzea izaten delarik. Eta lan hau ardura handiz burutu behar izaten dute, abuztua iristen denean gaztetxoek, beren gurasoekin batera, Afrikako epeltasunaren bila hegoalderanzko bide luzeari ekin beharko baitiote.
Lertxun gorria hegazti epelzalea dela aipatua dugu jadanik, eta ondorioz, gure eskualdean Mediterranio aldeko hegaztia dugu. Horregatik, Euskal Herrian hegoaldeko eskualde hezeetan baino ez zaigu ageri habiagile gisara, nahiz eta migrazio-sasoia iristen denean hainbat lekutan pasean doala ikus daitekeen. Gure herrian Nafarroako hegoaldeko aintziretan, Ebro ibaiaren bazterretan, eta urak utzitako ibai-bide zaharretan egiten du habia, kolonia nagusiak Bianako Las Cañas-en eta Pitillas-ko aintziran kokatzen direlarik. 1985. urtean egindako ikerketan, Nafarroako populazioa bi dozena inguru bikotez osaturik zegoela ondorioztatu zen, eta populazio hau urria da oso bere iraupena bermatzekotan.
Nolanahi ere, lertxun gorriaren kontserbazio-egoera ez da kezkagarria, mundu-mailan aztertzen badugu. Espezie hau hedatua eta ugaria ere bada ia Afrika osoan, Madagaskar barne delarik, eta ekialdeko paleoarktikoari dagokionez ere, hegazti arrunta eta ugaria da Txinan, Indian, eta Asiako hegoalde osoan. Europan berriz, kontua bestelakoa da. Azken mendeotan ingurune hezeek jasan duten eraso bortitzaren ondorioz, lertxun gorria espezie urri izatera iritsi zen gure kontinentean, bertan bere banaketa-eremua ere oso zatikatua geratu zelarik.
Habitat-galera, eta uraren kalitateak pestiziden eta bestelako poluitzaileen ondorioz jasandako kalteak, eragin zuzena izan zuen lertxun gorriaren biziraupenerako ahalmenean. 1940.etik aurrera nolabaiteko hedapena izan badu ere, Europako erdialdean, Frantziako estatuan eta Iberiar penintsulan beherantz egin du azken urteotan. Guzti honen ondorioz, Europako populazioa 6.500 bikote ugaltzailekoa dela ikusi da, eta kopuru hau eskasa da oso betetzen duen eremu zabala kontutan hartzen badugu.
Fitxa teknikoa LERTXUN GORRIA