AEB da munduan landare transgeniko gehien ekoizten duen herrialdea. Han izan dute, gainera, hazkunde handiena azken urtean: guztira 54,6 milioi hektarea landatu dituzte, aurreko urtean baino 4,8 milioi hektarea gehiago. Batez ere, arto transgenikoa landatu dute.
Hego Amerikan, Brasil da hazkundearen liderra. Aurreko urtean baino % 22 azalera handiagoa hartu dute transgenikoek 2006an, gehienbat soja eta kotoi transgenikoek.
Asian, berriz, India nabarmentzen da. Hain juxtu, herrialde horretan izan da hazkunderik handiena aurreko urtearekin alderatuta; % 192 azalera handiagoa landatu dute, nagusiki kotoi transgenikoarekin. Guztira 3,8 milioi hektarea kotoi transgeniko landatu dituzte, eta, hala, munduko bosgarren ekoizle handiena da orain India.
Afrikan ere izugarri hazi da nekazaritza transgenikoa. Hegoafrikar Errepublikan izan da hazkunde handiena, eta, kontinente osoa aintzat hartuta, transgenikoekin landatutako azalera hirukoiztu egin da urte batetik bestera. Batik bat, bi arto-barietateri esker gertatu da hazkunde hori: abereak bazkatzeko erabiltzen den Bt arto horia, eta jendeak elikatzeko erabiltzen duen Bt arto zuria.
Bt artoa da landare transgenikoen izarra, baita Europan ere. Arto transgeniko horrek Bacillus thuringensis izeneko bakterioaren gene bat dauka. Gene horrek artoari kalte egiten dioten intsektuetako baten aurkako proteina bat sortzen du, eta, beraz, uztak hondatzen dituzten intsektuekiko erresistente bilakatzen du artoa. Bada, arto horrekin, aurreko urtean baino % 0,8 hektarea gehiago landatu dituzte Espainian.
Hain zuzen, Espainia dago transgenikoen ekoizle europarren buruan. Transgenikoak landatzen hasi zirenetik, bederatzigarren urtea da, eta ia dena Katalunian eta Aragoin egiten da. Izan ere, bi erkidego horietan oso zabalduta dago artoa hondatzen duen zulakaria. Barietate transgenikoari esker, artoagatik nekazariek izan dituzten irabazi gordinak % 12 handitu dira, Europako Batasuneko Ikerketa Zentroaren parte den IPTS institutuaren datuen arabera (Prospektiba eta Ikerketa Teknologikoen Institutua).
Dena dela, orain arte Errumania izan da transgeniko gehien landatu dituen herrialdea Europan. 2006an 115.000 hektarea landatu zituzten han (Espainian baino bi aldiz gehiago, gutxi gorabehera). Zehazki, herbizidekiko erresistente diren hainbat soja-barietate landatu zituzten. Alabaina, aurten, Europako Batasunean sartzearekin bat, soja transgenikoa ekoizteari utzi dio. ISAAA elkartearentzat, erabakia tamalgarria izan da.
Hala ere, beste aldetik badituzte pozik egoteko arrazoiak. Esaterako, Frantzian lau urte egon ziren transgenikoak landatu gabe, eta orain bigarren urtea dute transgenikoak ekoizten. Espainiatik urruti dago (5.000 hektarea guztira), baina hazkunde handia izaten ari da.
Are gutxiago landatzen dute gainerako ekoizle europarrek: 1.290 hektarea Txekiar Errepublikan, ia beste hainbeste Portugalen, 950 hektarea Alemanian, eta 30 besterik ez Eslovakian. Lehen aldiz landatu dituzte transgenikoak Eslovakian, eta, gutxi bada ere, aurrerantzean gehiago landatuko dutela uste dute.
Errumanian ez ezik, beste leku batzuetan ere atzera egin dute transgenikoek, erabat ez bada ere. Adibidez, nekazaritza transgenikoaren aitzindarietako bat da Australia, baina 2006an kotoi transgenikoaren uzta aurreko urteetan baino eskasagoa izan da, lehorte handiaren erruz. Edonola ere, herrialde hartan ekoitzitako landareen % 90 barietate transgenikoak izan dira.
Mexikon ere heren bat gutxitu da kotoi transgenikoaren uzta, baina araudiarekin lotutako arazoengatik izan da. Gainera, soja transgenikoaren azalera hazi egin da; hortaz, azkenean atzerakada ez da hain handia izan.
ISAAA erakundearen arabera, nekazaritzako beste edozein teknologia baino azkarrago hazi da nekazaritza transgenikoa. Haien esanean, 1996-2006 epean, 60 aldiz handiagoa egin da transgenikoek hartutako eremua. Horrez gain, lehen aldiz 10 milioi nekazarik baino gehiagok landatu dituzte transgenikoak; hain juxtu, 2005ean 8,5 milioi nekazarik ekoitzi zituzten transgenikoak, eta 2006an, berriz, 10,3 milioik.
ISAAAkoek aurreikuspenak ere egin dituzte, eta kalkulatu dute, 2015erako, 20 milioi nekazarik baino gehiagok 200 milioi hektarea landatuko dituztela. Horiek guztiak landare transgenikoekin, noski. Hazkundea batez ere nekazari txikien eskutik eta garabidean dauden herrialdeetan gertatuko dela uste dute, eta horixe izan da joera, hain juxtu, azken urteotan. Hala, iaz % 21 hazi zen transgenikoen ekoizpena garabidean dauden herrialdeetan, eta % 9 herrialde garatuetan.
Ikusteko dago aurreikuspenekin asmatuko duten ala ez, baina onartu beharra dago, begiratu batean, datuak eta joera aintzat hartuta, transgenikoen hedapenak geldiezina dirudiela.