Laborategian erabiltzen diren animalia-ereduetako bat da zebra-arraina. Ez da laborategiko sagua eta arratoia bezain ezaguna, baina geroz eta gehiago erabiltzen da. Ez da laborategian sartu zaharra, 70eko hamarkadan hasi ziren ikerketarako erabiltzen, Oregongo Unibertsitatean, eta azken hamarkada honetan oso azkar ari da zabaltzen mundu osoko laborategietara.
Laborategi askok arazo etiko gutxi ekartzen dituelako aukeratzen dute zebra-arraina; batez ere, enbrioiak erabiltzen direlako, ale helduen ordez. Horretaz gain, arrain honekin lan egitea oso erraza omen da, eta, erraztasun horrek erakarrita, Euskal Herriko eta inguruko laborategi asko ari dira zebra-arrainarekin lanean.
Animalia-eredu berri samar bat izaki, arrain honekin, laborategian lan egiteko metodologia bateratzeko beharra omen dago. Izan ere, laborategi bakoitzak lan egiteko bere modua dauka (anestesia- eta eutanasia-protokoloak, esate baterako). Bada, lan-metodoa bateratzeko asmoarekin, plataforma bat osatu dute hainbat enpresa eta ikerketa-zentrok. DAREnet du izena, zebra-arrainaren izen zientifikoaren ( Danio rerio ) akronimotik hartua.
DAREnet AZTI-Tecnaliak koordinatzen du, eta kideak dira, besteak beste, Andaluziako Garapenaren Biologiaren Zentroa (CABD-CSIC) eta Bartzelonako Ikerketa Biomedikorako Parkea (PRBB). Plataformaren koordinatzailearen, AZTI-Tecnaliako Miguel Angel Pardoren esanean --plataformaren koordinatzailea--, "plataformaren helburu nagusia da zebra-arrainarekin lan egiten dugun guztiok harremana izatea, metodologiak bateratzeko eta plataformaren erabilera estatu osora zabaltzeko".
Pardoren taldeak elikadurarekin zerikusia duten osagai eta molekula berriak testatzeko erabiltzen du zebra-arraina. Esate baterako, tentsioa edo kolesterol-maila jaisten edo argaltzen lagun dezaketen molekulen eragina ikertzen dute. Baina, elikagaien sailera baino lehen, akuikulturakora iritsi zen zebra-arraina AZTI-Tecnalian. Logikoa zen; gizakiarentzat eredu egokia bazen, hainbat eta hobea izango zen beste arrain batzuentzat. Beraz, haztegiko arrainen gaixotasunen gene erresistenteak ikertzeko erabiltzen hasi ziren, hala nola erreboiloarenak edo amuarrainarenak.
Zebra-arraina animalia-eredu bikaina da arrainentzat, noski, eta baita gizakiarentzat ere. Izan ere, ondo ezagutzen den espezie bat da, genoma ia osoa ezagutzen da, eta gizakiarekin duen parekotasuna % 85 ingurukoa da. Horretaz gain, azkar hazten da, eta ez du zaintza berezirik behar; hori dela eta, aldi berean ale askorekin egin daiteke lan, eta emaitzak azkar lortzen dira.
Baina arrain honen bereizgarri handiena gardentasuna da: enbrioia gardena da, eta, hortaz, barrua agerian du. Horregatik, ezin hobea da organoen hazkuntza ikertzeko. Izatez, gainera, enbriogenesia ikertzeko hasi ziren laborategietan zebra-arraina erabiltzen, hau da, enbrioiaren sorrera eta hazkuntza-prozesua ezagutzeko.
Bide horretatik, azken hilabete hauetan bi gertaera gogoangarri izan dira zebra-arrainaren ikerketari dagokionez, eta biak animalia honen gardentasunarekin lotuta daude. Bata da enbrioi baten sorrera eta hazkuntza-ziklo osoa grabatu dutela ( in toto , zientzialariek esaten dioten moduan, alegia, bere osotasunean). Europako Biologia Molekularreko Laborategian (Alemanian) egindako ikerketa horren berri lau haizeetara zabaldu da.
Zebra-arrainarekin lotutako beste albistea da Bostongo Haurren Ospitalean helduaroan ere gardena den zebra-arraina lortu dutela; horrela, ale helduetan ere egin ahal izango zaio jarraipena enbrioiarekin ekindako ikerketari. Besteak beste, minbiziaren garapena eta zabalkundea ikertzeko erabiltzen dute zebra-arrain garden edo albino hori.
Ikusten denez, zebra-arrainaren gardentasuna aparteko ezaugarria da ikerketarako. Hazkuntzari dagokionez, organoek berebiziko interesa dute. Bada, organo baten hazkuntzaren jarraipena egiteko ohikoena izaten da zebra-arrainaren enbrioiaren organoa markatzaile fluoreszente batekin nabarmentzea. Horrela, organoa zuzenean beha daiteke, lupa egoki baten laguntzarekin, eta animalia sakrifikatu beharrik gabe, bizirik dagoela, hazten doan heinean.
Donostiako Biobide enpresan horrela egiten dute lan, gutxi gorabehera. Farmakoak testatzeko erabiltzen dute zebra-arraina. Biobiden, farmako bakoitzari egokitutako zebra-arrain transgenikoak hazten dituzte. Farmako batek bihotzean albo-ondoriorik eragiten duen ikusi nahi dutela, bada, bihotza gai fluoreszente batekin nabarmenduta duten enbrioiak hazten dituzte. Beste farmako batek odol-hodietan eraginik baduen ikusi nahi dutela, bada, hodiak nabarmenduta dituen transgenikoak hazten dituzte.
Zebra-arraina erabiltzea merkea eta erraza da, saguekin edo arratoiekin probatu aurretik, farmako batek merkaturako bidean aurrera egin behar duen erabakitzeko. Biobideko Arantza Murianaren esanean, "dagokien agentziek zebra-arraina animalia-eredu gisa onar dezaten nahi da, enpresa farmazeutiko eta bioteknologikoek medikamentu berriak probatzeko erabil dezaten", eta, hain zuzen ere, hori da DAREnet plataformaren bidez, indarrak batuta, eskatzen dutena.