Aspalditik ezagutzen da kortxoa. Antzinatik erabili da arrantzan, oinetakoak egiteko, eta, nola ez, ontziak eta botilak zigilatzeko. Ardoaren eta kortxoaren ezkontza oso aspaldikoa da; horren froga da Efeson aurkitutako K. a. lehenengo mendeko anfora bat: kortxoz itxita zegoen, eta, ireki zutenean, oraindik ere ardoa zeukala ikusi zuten.
Dena dela, ardo-botilak ez dira beti kortxoz itxi. Hasiera batean, egurrezko tapoiak erabiltzen ziren besteak beste, zirrikituak argizariz edo koipez itxita. Baina kortxoa askoz material egokiagoa zen; beraz, denbora kontua baino ez zen ardoaren eta kortxoaren arteko ezkontza behin betiko gauzatzea.
Bada, ezkontza horren atzean izen aipagarri bat dago, kondairak behintzat hala dio: Dom Pierre Perignon. Perignon fraileak ardo aparduna egiten zuen Champaigne-n, eta ardoaren gasaren presioari eusteko kortxoa erabili omen zuen. Baita erdi-erditik asmatu ere. Ordutik, xanpaina eta kortxoa elkarren eskutik joan dira.
Hasieran xanpain-botilak ixteko kortxoa Kataluniatik eramaten zuten Frantziara, baina, eskaria handitu ahala (xanpainerako ez ezik ardorako ere erabiltzen hasi ziren), Andaluzian ere hasi ziren kortxoa biltzen. Hala, pixkanaka Mediterraneoko herrialde askotara zabaldu zen jarduera hori: Portugal, Italia, Maroko...
Kortxoa Mediterraneoko herrialdeetan biltzea ez da kasualitatea, noski. Kortxoa artelatzetik ( Quercus suber ) ateratzen da, eta artelatza inguru horretan hasten da gehienbat. Kortxo-ekoizpena hazi aurretik, basoan, beste espezie batzuen artean hazten ziren artelatzak soiltzen ziren, baina, denborarekin, artelatzak landatu eta kortxoaren ekoizpenari zuzendutako lur-eremu zabalak osatu ziren.
Gaur egun, Portugal da kortxo-ekoizle handiena, eta 730.000 hektarea artelatz-baso ditu. Espainian 500.000 hektarea daude landatuta eta Aljerian 410.000 hektarea. Ekonomiaren ikuspegitik, gainerakoan bizirauteko baliabide gutxi dituzten herrien diru-iturri nagusia dira.
Izatez, artelatz-basoak ekosistema aberatsak dira, eta landare- eta animalia-espezie asko hartzen dituzte, desagertzeko arriskuan dauden batzuk ere bai. Bestalde, kortxoa era tradizionalean ustiatzen da; artelatza ondo zaintzen da, urtez urte kortxoa ematen jarrai dezan. Beraz, jardueraren eta ekosistemaren jasangarritasuna bermatzen da.
Ondo zaintzen bada, mende eta erdiz ustia daiteke artelatza. Lehenengoz artelatzak 25 bat urte dituenean kentzen zaio azala. Artelatzak neurri jakin bat izan behar du: gutxienez 63 cm-ko perimetroa izan behar du 1,30 m-ko garaieran, baina, normalean, 80 cm-koa duenean kentzen zaio kortxoa.
Lehenengo kortxo hori ez da egokia botilak ixteko, oso irregularra baita; horregatik, bestela erabiltzen da: zorua estaltzeko edo isolatzaile gisa gehienbat.
Hurrengo, bederatzi urteren ondoren kenduko zaio berriz kortxoa artelatzari (Katalunia aldean hamabi urte behar dira). Aurrekoa baino erregularragoa da, baina oraindik ere ez da tapoi-lana egiteko egokia. Tapoiak egiteko erabiliko dena hirugarren kortxoa da, hirugarrena eta ondotik etorriko direnak. Izan ere, bederatzi urtetik behin kenduko zaio kortxoa artelatzari, hala, hamabost-hamasei aldiz guztira.
Kortxoa eskuz kentzen zaio artelatzari, erreminta berezi batzuk erabiliz, eta oso teknika bereziarekin. Horri esker, artelatzari ahalik eta kalte txikiena egiten zaio. Basoan jasotako kortxoak pilan-pilan jartzen dira ontzen, basoan bertan edo fabrikaren kanpoan. Sei hilabete egingo dute horrela, eta kortxoa egonkortuz joango da. Ondoren fabrikako ekoizpen-katean sartzen da: uretan irakin, lisatu, moztu, arteztu, kalitate-probak pasatu... eta botilaren muturrera!
Prozesu horretan sobratzen diren kortxo-zatiak berrerabili egiten dira; aglomeratu eta tapoiak egiten dira, besteak beste. Kortxozko beste tapoi horiekin urteko ardoak ixten dira, txakolina, esate baterako.
Kortxoa ekoizteko garaian, oso neurri zorrotzak betetzen dituzte ekoizleek. Izan ere, kode bat dute. Kode hori 1996an idatzi zuten, eta etengabe berritzen dute. Jardunbide egokietarako kode bat da, eta helburua da kortxoaren kalitatea ahalik eta onena izatea.
Kortxozaleen elkarteek botere handia dute, eta ez da harritzekoa botere hori galdu nahi ez izatea. Azken urteotan lehiakide asko atera zaizkie, tapoi sintetikoak egiten dituzten enpresak, eta horien erasotik gordetzeko diru asko inbertitu dute ikerketan. Ikerketa gehienak arazo bat konpontzeko helburuarekin egiten dira: kortxo-zaporea.
Kortxo-zaporeak milaka botila ardo hondatzen ditu urtero (datu zehatzik ez dago, baina, zantzu bat izateko, bateko eta besteko ikerketek diote mundu osoko produkzioaren % 0,5 eta % 7 artean hondatzen dela). Alde horretatik, tapoi sintetikoen ekoizleek aldarrikatzen dute sintetikoa kortxo naturala baino seguruagoa dela, eta ez dute arrazoirik falta.
Dena dela, tentuz ibili behar da, eta ez bota kortxoari kortxo-zaporearen erru guztia. Egia da kortxo-zaporearen atzean gehienetan kortxoa dagoela, baina beste tapoiekin ere izan dezake kortxo-zaporea ardoak, eta botilaratu gabeko ardoetan ere aurkitu izan da zapore hori. Izan ere, kortxo-zaporea esaten zaion arren, berez, lizun-zaporea da, onddo batzuek eragindako zaporea.
Lizun-zaporeak eragindako kezka ez da makala, eta aspaldi dabiltza errudunaren atzetik. Bada, hamaika ikerketa egin ondoren, adituak bat datoz esateko ardoaren zaporea erabat hondatzen duten molekulak organokloratuak direla, trikloroanisola (TCA) eta tetrakloroanisola (TeCA) gehienbat.
Molekula horiek mikroorganismoek sortzen dituzte. Beraz, mikroorganismoak dira lizun-zaporearen sortzaileak, Aspergillus eta Penicillium generoetako onddoak gehienbat. Mikroorganismo horiek kortxoan egon litezke, baina, batzuetan, upeltegia bera egon liteke kutsatuta. Hala ere, mikroorganismoak ez dira erabateko errudunak. Izan ere, konposatu organokloratuak ez dituzte ezerezetik sortzen, kloro-iturri bat behar dute, eta iturri hori pestizida bat da; hori da uste zabalduena behintzat.
Triklorofenol (TCF) izeneko pestizida aspalditik debekatua dago Europan, minbizia sor dezakeelako susmoa dagoelako. Pestizida hori nekez degradatzen da, eta, ondorioz, gaur egun ez erabili arren, garai batean zabaldutakoa oraindik ere ia ekosistema guztietan dago. TCFa kortxora edo upeltegiko egurrezko egituretara iristen bada, mikroorganismoek eraldatu egiten dute eta TCA bihurtu. TCA ardora iristen bada, lizun-zaporea hartzen du.
Konposatu organokloratuak, TCA barne, lurrunkorrak dira, eta ondorioz, oso erraz antzematen zaie usaimenarekin. Ondorioz, oso kantitate txikia nahikoa da ardoaren gainerako usain atseginei gailendu eta edaria hondatzeko.
Beraz, ardoak lizun-zaporerik izan ez dezan, prozesu osoa zaindu behar da. Kortxo-ekoizleen esanean, hartu beharreko neurriak hartu dituzte: jardunbide egokietarako kodeari jarraituz gero, kortxoak ez dio lizun-zaporerik ematen ardoari.
Hala ere, tapoi sintetikoek aukera paregabea dute merkatuaren zati handiago bat eskuratzeko. Izan ere, sintetikoek ez dute halako arazorik ematen, eta geroz eta upeltegi gehiago dira ardo gazteekin (zuriekin, esaterako) tapoi sintetikoak erabiltzen dituztenak. Batez ere Europatik kanpo ari dira indarra hartzen; Ameriketan, esaterako, plastikozko tapoiak asko zabaldu dira, eta Australian, berriz, metalezko tapoi haridunak.
Europan, tapoi sintetikoek ez dute arrakasta handirik oraingoz; tradizioak pisu handia omen du. Baina, tapoi sintetikoak bultzaka datoz. Hori bai, kortxoari lekua kentzeko muga handi bat gainditu behar dute: ingurumenaren muga. Izan ere, ez dira biodegradagarriak. Kortxoak naturala izatea du bere alde. Gainera, ardo onduak ixteko ez du parekorik; kortxoarekin itxitako botilako ardoak eboluzionatzen jarraitzen du. Beraz, ardo onak kortxoaren konpainian jarraituko duela dirudi.