Kopetazuria, lezkadietako aprobetxategia

Kopetazuriak Euskal Herrian duen banaketa-mapa.

Gure inguruan aintzira, zingira eta padurak ditugu, beste batzuekin batera, ekoizpen maila handieneko ekosistemak, eta ondorioz, bertako bizidunen dentsitatea eta dibertsitatea ere nabarmenak dira oso. Hegaztiek bestalde, sekulako arrakasta lortu dute ingurune hauetan; bertan, jakia ugari izateaz gain, bizirik irauteko eta habia egiteko ezkutaleku eta babes aproposak aurki bait ditzakete. Gainera, eta ornodun hauek duten hegarako gaitasuna dela eta, ez dute arazorik ureztaturiko eremuetan batera eta bestera mugitzeko, eta beste ornodun lehortarren parean abantaila handia ematen die horrek.

Kopetazuria erralidoen familian sailkaturiko oilo itxurako hegazti xelebrea eta ezaguterraza dugu.

Guzti honen ondorioz, zingira, aintzira eta urmaelak benetako paradisu dira hegaztientzat, eta beren dentsitatea eta espezie-dibertsitatea oso handiak izan daitezke bertan. Elkarren arteko lehia ekiditearren ordea, espezieak ikaragarri espezializatu dira, beren txoko ekologikoak nabarmen finkatuz. Ur libreetan bizitzeko moldatu den hainbat espezie bada. Beste makina batek berriz, landaretza urtarrean ibiltzen da. Bakar batzuk ordea, bi mundu hauen arteko mugetan bizitzeko egokitu dira, eta kopetazuria honexen adibide dugu. Eta bai adibide bitxia gainera!

Kopetazuria (Fulica atra) erralidoen familian sailkaturiko oilo itxurako hegazti xelebrea eta ezaguterraza dugu. Bere lumajea ia erabat beltza da eta kopetagaineko ezkutu eta moko zuri nabarmenak ditu. Bestalde, itxura biribiltsua eta sendoa du ur gainean dabilela; hegalak laburrak bait ditu oso bere tamainari dagokionerako. Horregatik kopetazuriak 35-40 cm-ko luzera eta 500-900 g bitarteko pisua izan baditzake ere, bere hegalzabalera 70-75 cm-koa bakarrik izaten da. Hau dela eta, izugarri zaila gertatzen zaio uretatik aireratzea, eta sekulako lasterketak egin behar izaten ditu urazalean korrika, aireratzeko behar duen abiadura lortu aurretik.

Habia, lezkadiaren baitan edota bertako zuhaitz edo zuhamuskei lotuta eraikitako egitura flotatzailea izaten da.

Jadanik aipatu denez, kopetazuria lezkadi eta ur-libreen arteko mugako biztanlea dugu, eta izaera hau bere bizimoduan nahiz berezitasun anatomikoetan ere antzeman daiteke. Izan ere, bere hegalen laburtasuna, eta ondorioz aireratzeko zailtasuna, urpera murgiltzeko gai diren hegazti gehienen ezaugarria dugu. Eta kopetazuria batez ere ur libreen inguruan kokatutako urpeko larreetan murgilduz bazkatzen denez, lan horretarako hegal luzeak enbarazorako lituzke. Bestalde, kopetazuriak mintzezko tolesdurez hornitutako hatzak ditu, igeritan hobeki moldatzeko lagungarri gisara.

Baina arriskurik somatuz gero, kopetazuriak lezkadian ezkutatuz bilatzen du babesa, eta bertako landaretza trinkoaren baitan aurkitzen ditu lasaitasuna eta atsedena. Beraz, igeritan aritzeko moldatuak izateaz gainera, kopetazuriaren hatzak luzeak izaten dira; lezken artean eta inguruko zuhamusketako adarren artean eutsiz egoki mugitzeko aproposak. Eta horrela, kopetazuriak ur libreetako hegazti murgilarien eta landare artean bizitzeko espezializatutakoen ezaugarriak biltzen ditu, bi mundu horietako mugetan bapo bizi daitekeelarik.

Taldetan bizitzeko joera izan arren, kopetazuriak lurraldekoitasun handia du.

Bestalde, kopetazuria animalia taldezalea izaten da, baina joera hau neguan nabarmentzen da bereziki. Izan ere sasoi horretan Europako iparraldetik negutiar gisara datozkigun aleak batzen bait zaizkie Euskal Herriko biztanleei. Taldetan bizitzeko joera izan arren ordea, kopetazuria lurraldekoia da, eta elkarren arteko borrokak maiz ikus daitezke. Zenbait autoreren ustetan, hegazti hauen arteko hierarkia besteak beste animaliaren kopetagaineko ezkutuaren tamainak zehaztu bide du, nolabait egitura hau hegaztiaren sasoiaren adierazle litzatekeelarik.

Nolanahi ere, maiz ikus daitezke kopetazuriak urpeko landareak elkarri ahotik ohosten, eta sarritan horrek bi kopetazuriren arteko borroka pizten du. Udaberria iristen denean, eta gainerako hegazti gehienetan gertatzen den legez, kopetazuriaren lurraldekoitasuna ere areagotu egiten da, eta habia inguruko eremuaren defentsa ar eta emearen lana izaten da, bikoteen arteko borrokak ere ikus daitezkeelarik.

Txita nidifugo guztiak jaiotzeko bi edo hiru egun behar izaten dira. Jaio eta bizpahiru egunetara txikiak habia uzteko gai izaten dira.

Ugaltzeko sasoia apiriletik aurrera hasten zaio hegazti xelebre honi, eta bi txitaldi burutuko ditu urteko. Habia lezkadiaren baitan edota bertako zuhaitz edo zuhamuskei lotuta eraikitako egitura flotatzailea izaten da (lezka, anea eta gainerako landare urtarretatik lortutako materialez osatua) eta berau prestatzea ar eta emearen lana da. Habia prest dagoenean emeak 6-9 arrautza erruten ditu bertan astebete inguruko epean -egunean bat-. Arrautza hauek subeliptikoak izaten dira, 50-55 mm-ko luzera eta 35-38 mm-ko zabalerakoak, gris arreska argiak eta arre ilunez edo beltzez pintarratuak. Nolanahi ere, kopetazuriak espeziekideekiko bizkarroi izan daiteke habi sasoian, eta hegazti lotsagabe honek bere kideen habiatan arrautzarik errun dezake bere habia bukatu aurretik.

Txitaketa 22-25 egunez luzatzen da, eta lan hau ere bikoteko bi kideek egiten dute. Epe horren ostean txita nidifugoak jaiotzen dira, noski, baina guztiak jaiotzeko bi edo hiru eguneko epea behar izaten da. Edozelan ere, jaio eta bizpahiru egunera txitak habia uzteko gai izaten dira, berehala helduen atzetik igeri hasten direlarik. Ikuskizun izugarria eskain diezagukete, oraindik ia burusoil, eta lepo eta aurpegiko lumaxka gorri eta hori deigarriaz jantzirik, beren gurasoen atzetik ahal duten moduan saiatzen diren txita barregarri horien ahaleginek. Habia utzi eta gero ordea, kopetazuri gaztetxoek bi hilabete beharko dituzte erabateko independentzia lortu aurretik, eta epe horretan aita edo amarekin ibiliko dira. Hasieran gurasoak izango dira janaria mokora eramango dietenak, baina txitek berehala ikasiko dute zer jan eta bazka non bilatu. Bestalde, gurasoek beste txitaldi bati ere ekin diezaiokete gaztetxoak inguruan ibili arren.

Kopetazuria lezkadi eta ur-libreen arteko mugetako biztanlea dugu.

Elikadurari dagokionean, kopetazuria batez ere hegazti fitofagoa dugu, eta normalean urpeko larretako landareez (Poligonium amphibium, Groenlandia... ), lezkadi-ertzetako kimu berriez edota ur-ertzetako landareez elikatzen da. Baina begetalez elikatzen diren espezie gehienak bezala, udaberria iristen denean kopetazuriak ere hainbat animalia jaten du sasoi horretan dituen kaltzio eta proteinekiko beharrak asetzeko. Horregatik, bere dietan makina bat ornogabe, anfibio, arrain txiki eta abar sartzen dira landareez aparte. Gainera, eta joandako udaberrian ikusi ahal izan dugunez, beste hegazti urtarren arrautzak ere ustira ditzake, oskola apurtu eta barrukoa janez. Hain zuzen, kopetazuriak murgil handiaren (Podiceps cristatus) hiru habia ustiatu zituela ikusterik izan genuen, harrigarria izanagatik.

Esandakoaren arabera, kopetazuria ingurune hezeetako espezie tipikoa dugu bizirik irauteko, landaretza urtarra eta lezkadia beharrezko dituelarik. Bestalde ordea, bere beharrak ez dira zorrotzegiak, eta Euskal Herrian behintzat gure lurraldeko aintzira eta urtegi gehienetan ageri den hegaztia dugu, nahiz eta ingurune hauek oso ugari ez diren. Bestalde, Muskizko paduretan ere bada hainbat bikote, eta Zadorra eta Ebro ibaietako hainbat gune gelditan ere bizi dira. Euskal Herrian ugaltzen diren bikoteak bestalde, sedentarioak ditugu, baina aipatu den legez, udazkenetik aurrera Europako iparraldeko lurraldeetatik datorkigun makina bat ale ere iristen da negua bertan igarotzera.

FITXA TEKNIKOA KOPETAZURI ARRUNTA

ESPEZIEA: Fulica atra

FAMILIA: ERRALIDOAK

ORDENA: GRUIFORMEAK

KLASEA: HEGAZTIAK

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila