Nola liteke, orduan, duela bost mende herri batek Kolonbiatik Argentinaraino —Andeetako mendikatean bertan— doan lur-eremu zabaleko biztanleen errolda zehatza eduki ahal izatea?
Hasieran, inkak Titikaka aintziraren ertzean bizi ziren talde txikietako bat ziren. Antza denez, herri haien arteko etengabeko borrokak zirela-eta, inkak Cuzco-ko ibar emankorrera joan ziren, eta han, elezaharren arabera, izen hori hartu zuen hiria eraiki zuten 1100ean. Garai hartan, inken kultura Andeetako beste herriek zutenaren antzekoa bide zen —aitzurraren bidezko nekazaritza, ureztatzea eta ongarriak erabiltzen zituzten eta bazuten buztingintza, ehungintza eta metal preziatuen urtze-tekniken berri—, baina ez ziren, inondik ere, Motxika edo Nazka herrien mailaren parera iritsi. Hala ere, inkek, auzoko herriek ez bezala, ezaugarri berezi bat garatu zuten: antolatzeko ahalmen mugagabea; horri esker, ezagutu den inperio handienetako bat sortu eta egituratu ahal izan zuten. Inperioaren barnean zeuden lurralde ugarien antolaketa ekonomiko, politiko eta soziala gauzatu zuten.
Inkak gauzak antolatzen iaioak zirela ederki ikus daiteke eraiki zuten errepide-sareari begiratuz gero. Sarearen bidez, inperioko lekurik urrunenak ere hiriburuari lotuta zeuden. Bi errepide nagusi zituzten: bata, barnealdetik zihoan iparraldeko mugatik Argentinaraino, Andeetako goi-lautada eta ibarretan barrena, eta bestea, itsasbazterrean eraikita zegoen Tumbestik Txileko Atakama basamorturaino. Bien artean, bigarren mailako hainbat errepide zeuden, nagusiekiko perpendikularki eraikitakoak, eta haiek lotzeko erabiltzen ziren. Errepide horiei guztiei esker, inperioa oso denbora laburrean zeharka zitekeen. Orobat, txandaka aritzen ziren lasterkari batzuek —chasqui-ek— egiten zuten "postarien" lana; gainera, azkar eta hutsik gabe egiten zuten lan hori. Ibarretan, errepideak lau metro zabal ziren, oro har, eta oso ondo lauzatuta zeuden. Andeetako pasabideetan estuagoak izaten ziren, eta zenbait kasutan, haitzean egindako mailen bidez gainditzen zituzten desnibel handiak. Errepideetan seinaleak jartzen zituzten, topo izenekoak hain zuzen ere; errepide bateko topoak tarte berberaz zeuden bananduta beti. Bestalde, errepideen puntu estrategikoetan tambo-ak paratzen zituzten, harrizko babesdorreak ziren horiek, eta bertan, bidaiarientzat jana, edana eta burusiak uzten ziren; halaber, postari lanetan jarduten zuten lasterkariek bertan egiten zituzten txanda-aldaketak. Ibaien zintzur handiei aurre egiteko zubiak erabiltzen zituzten; gainditu beharreko tartea txikia zenean, zubia harlauza bakarra izan ohi zen, eta tartea handiagoa zenean, berriz, zubi esekiak eraikitzen zituzten.
Distantziak ahalik eta denbora laburrenean egiteko asmotan, errepideen marrazketa, ahal zenean behintzat, lerro zuzenen bidez egin ohi zen. Beraz, ez da batere harritzekoa ibilbideek gora eta behera egitea muino, tontor, mendi-mazela, haran eta abarretan barrena. Halaber, ibilbideak hautatzerakoan, drenaje errazeko guneen bila ibiltzen ziren, errepideen narriadura saihesteko. Arestian esan dugunez, errepide nagusiak luzetarakoak ziren, eta ondorioz, mendikateen norabideekin bat zetozen; aipatzekoa da hainbat gailur garai zeharkatzen dituztela errepide horiek.
Errepideen zabalera 2,5 eta 6 metro bitartekoa zen. Aldatsei aurre egin behar zietenean —sarritan gertatzen zen hori—, arrapalez baliatzen ziren aldapa oso handia ez bazen, eta bestelako kasuetan, eskailerak eraikitzen zituzten; eskaileren mailak, 30 cm-ko tarteaz banatzen zituztenak, beti beherantz okertzen zituzten. Zingirak harriz eta hareaz estaltzen zituzten, galtzada itxurako bidea eginez. Itsasaldeko basamortuetan, zurezko eta pezozko seinaleak ipintzen zituzten bidaiariak gal ez zitezen. Ibarretan, horma garaiak eraikitzen ziren bideak ez narriatzeko. Inguru euritsu eta zingiratsuetan, drenaje-sistemak asmatzen zituzten, eta harlauzez baliatzen ziren potxingo eta lokatzak saihesteko. Gainera, bazituzten errepideen mantenimenduaz arduratzen ziren bidezainak ere, mitayo zeritzenak hain zuzen. Luzetarako eta zeharkako errepide guztiak aintzat hartuz, 30.000 km baino gehiagoko luzera hartzen zuten.
Chasquiak eta tamboak
Lasterkari edo chasquiei esker, albisteak agudo heltzen ziren inperioko hiri eta herrietara. Chasquia txanda aldatzen zen toki batera heltzen zenean, ez zen bertan gelditzen, baizik eta lasterka jarraitzen zuen txanda hartu behar zuen beste chasquiarekin batera. Txanda behar bezala aldatzeko, iristen ari zen chasquiak bere etorreraren berri pututo-en (itsas kurkuiluez egindako adarren) bidez ematen zuen. Txanda hartu behar zuena beti prest zegoen tamboan, sandaliak jantzita, poltsatxoa bizkarrean eta gorputza burusian bilduta. Soinua entzundakoan, bestearen bila abiatzen zen; eta, elkarren parean, lasterka egiteari utzi gabe, aurrera egiten zuten batak emandako mezua besteak jasoz. Bazuten deia egiteko beste modu bat ere, baina larrialdietarako soilik —matxinadetarako batez ere— erabiltzen zuten metodo hau: egunez ke-seinaleak egiten zituzten eta gauez suak pizten zituzten. Chasquiek beti zeramatzaten aldean sua pizteko egur berezi batzuk.
Lasterkariek egin behar zituzten distantzia finkoen luzera aldatu egiten zen lur-motaren arabera; lautadetan luzeagoak ziren inguru aldapatsu edo zailetan baino. Lortzen zuten abiadura benetan azpimarratzekoa da. Hainbat adibide daude hori adierazteko: esate baterako, Gutierrez de Santa Clara eta Pedro Pizarroren kroniketan ageri denez, Cuzcotik Quitora (2.000 km-ko tartea gutxi gorabehera) bidalitako gutun batzuek bost egun baino ez zituzten behar helmugara iristeko.
Lur-sailek eta biztanleek ordaindu behar zituzten zergak kontrolatu ahal izateko, beharrezkoa zen pertsona bakoitzaren ondasunen hedadura zehaztuko zuen neurri-sistema bat edukitzea; orobat, nekazaritza-kontuak eta jai eta ospakizunak finkatuko zituen egutegia ere behar-beharrezkoa zuten. Azkenik, nahitaezkoa zuten kalkulu-sistema bat zenbatu, gehitu, kendu, biderkatu eta zatitu ahal izateko.
Inkek erabiltzen zituzten neurriek giza gorputzaren atalak zituzten oinarri. Haien luzera-unitateetako bi, arra eta braza ziren; lehena 20 bat cm-ren baliokidea zen, eta bigarrena 160 cm-ren parekoa. Braza zen, hain zuzen ere, lur-sailak neurtzeko unitatea, eta braza beteko haga bat erabiltzen zen neurketak egiteko tresna ofizial modura. Bidaiei zegozkien distantziak neurtzeko urratsa izeneko unitatea zuten —13 bat metrokoa zen—. Bazegoen beste unitate bat ere, handiagoa zena, errepideetan-eta erabili ohi zutena; topoa dugu hori, eta 6.000 urratsen baliokidea zen (78 km).
Azalerak neurtzeko, topo izen bereko beste unitate batera jotzen zuten. Halere, ez dago batere argi zein zen halako lur-topo baten baliokidetza. Baliteke 50 braza x 20 brazako azalera izatea (2.560 m2).
Bolumenari dagokionez, aleak phoqca izeneko unitatetan neurtzen zituzten inkek —29 litro gutxi gorabehera—. Baina, likidoak neurtzeko ez omen zuten neurririk.
Denboraren neurketaren kasuan, aipa dezagun inken egutegia urtero zuzentzen zela. Abenduko solstizioan zuen hasiera egutegiak, eta Cuzco-ko eki eta mendebaldean zeuden lau dorreren eguzki-itzalen kokaguneei behatzen zieten egutegi hori finkatzeko. Behaketak Cuzco-ko enparantza nagusian paraturiko oholtzatik egiten zituzten. Hego hemisferioan, abenduko solstizioa urteko egunik luzeena denez, erraza zen egun hori noiz heltzen zen zehaztea; egun horretan, egunsentian eta eguzkia sartzean dorreen itzalak enparantzako muturreko seinaleetaraino iristen ziren. Urtea 30 eguneko 12 hilabetetan banatzen zuten, eta gainerako bost egunak inken bi ospakizun garrantzitsuenetarako gordetzen zituzten: abenduko eta ekaineko solstizioak. Egutegiak lurra noiz landu, hazia noiz erein eta uztak noiz bildu finkatzen zuen. Halaber, errito-gurtzak eta bestelako jaiak ospatzeko egunak ere ondo zehaztuta zituzten.
Quipuak, kalkuluak egiteko lanabes paregabeak ezezik, gertaera nagusiei buruzko berriak gordetzeko modua ere baziren. Inkek idazkerarik landu ez zutenez, jarraian azalduko ditugun tresna hauetaz baliatu ziren.
Quipua, soka nagusi batez eta bertatik esekita zeuden koloretako beste soka batzuez osatuta zegoen. Zenbait quipu zenbakiak gordetzeko eta sistema hamartarrean batuketak egiteko erabili ohi ziren. Soka nagusitik esekitako beste soka horietan adierazten ziren kopuruak, honako modu honetan: horrelako soka bat harturik, soka nagusitik urrunen egindako korapilo-multzoa banakoen adierazlea zen, ondoko multzoa, hamarrekoena, eta horrela, soka nagusirantz joanez, beste guztiak. Behar zen tokian korapilorik ez bazegoen, zeroa adierazi nahi zen. Aipatzekoa da, gaur egun ere, Andeetako hainbat tokitan quipua erabiltzen dela zenbatzeko edota lurraldeen zabalerak adierazteko.
Soketako korapiloak distantziakideak zirenez beti, batuketak erraz egin zitezkeen, eta horregatik, kalkulagailutzat jotzen dira tresna horiek. Garaiko kronisten arabera, kalkulu korapilatsuagoak egin nahi zituztenean, taula laukidun batzuk erabiltzen zituzten, bertan harritxoak ipiniz. Sistema hori abakoaren antzekoa zen.
Quipua, orobat, istorioak, genealogiak edota liturgi gaiak kontatzeko metodo mnemotekniko gisa ere baliatzen zuten inkek. Bazituzten quipuak irakurtzen trebeak ziren pertsona batzuk —quipucamayac izena zutenak—. Eurek ikasten zuten gobernuak jasotako informazio estatistikoa, historikoa eta liturgikoa, eta agintariek deitzen zietenean, buruz esaten zuten.
Inkei eta inken aurreko herriei buruz gaur egun dakigun guztia, arkeologi ikerketei, espainiar konkistatzaileen idazkiei eta bertakoen idazkiei zor zaie. Idazkiok, gaztelaniaz nahiz haien hizkuntza —kitxua— espainiar alfabetora itzulita egiten ziren. Kitxuari buruzko lehen gramatika 1595ean argitaratu zen, espainiarrak inguru haietara heldu ondoren, hizkuntza ikasteko ahalegina egin baitzuten zenbaitek. Espainiarrak inken lurraldeetan finkatu ondoren, mestizajea agertzen hasi zen, eta horrekin batera, kronista choloak azaldu ziren. Choloak erdi inkak erdi espainiarrak ziren. Cholo aipagarrienetako bat Garcilaso de la Vega delakoa izan zen, "Inka" izena hartu zuena. Garcilaso de la Vega printzesa inka baten eta espainiar soldadu noble baten semea zen. Oso ondo zekien, beraz, kitxuaz, eta geroago, gaztelania, italiera eta latina ikasi zituen; italieraz idatzitako lanak itzultzen lagundu zion aitari. Garcilasok idatzitako Comentarios Reales liburuan, inken hainbat ohitura eta istorio irakur daitezke. Aipatzekoak dira neurri-sistemen eta quipuaren erabileraren gainean jarduten duten atalak. Idazleak dioenez, bera gai zen quipuak irakurri eta bertan zegoena argitzeko, baina, zoritxarrez, metodoa jendeak ulertzeko zailegia zela uste zuen, eta ondorioz, ez zuen horri buruzko inolako azalpenik eman liburuan.
Garcilaso de la Vegak Pachacutec izeneko Inkaren esaerak ere jaso zituen; haien artetik, honako hau nabarmendu zuen: "Zeruko izarrak zenbatzen ahalegintzen denak, quipuetako korapilo eta bihiak zenbatzen jakin gabe, barregura baino ez du ematen".
Hala ere, ez Garcilasok ezta Pachacutecek ere, ez zekiten quipuen ordez kalkulagailu eta ordenadore eraginkorrak etorriko zirela, eta errepide inken zeregina informazio-autobideek betetzen dutela gaur egun. Ez zekiten, izarrak zenbatzen ere hasiak garela...