Hegalari dotoreenetarikoa da; aire-zurrunbiloekin batera dantzan egiten duen horietakoa. Horrexegatik ezagutzen dute miru gorria ingelesek “red kite” edo “kometa gorria” izenarekin. Euskaldunon artean ere betidanik aski ezaguna izan da animalia hau. Honela deskribatu zuten Dassance eta Elissaldek 1923an Gure Herria aldizkarian, miru zuria izenarekin ezagutzen zutena: “Mirua ezagut-errecha da airean: noiz nahi hegalak batere mugitu gabe ibiliko da. Zuria deithurik ere ez da batere hala: herdoil kolore litake hobeki. Buztana aski luzea du bi bazterretan, erdian laburrago”.
Iparraldeko idazle horiek ederki deskribatu zutenez, hegazti honen gorputza herdoil kolorekoa edo arre gorrizta da. Aurrealdea marra ilunez apaindua du eta grisa den buruan, begi argi-argiak nabarmentzen zaizkio. Ezko eta hankak halaber, horiak ditu. Bi sexuek antzeko kolorazioa dute eta gazteak, helduak baino arreagoak izateagatik bereiz daitezke.
Tamaina ertaineko harrapari hau hegan ezagutzea ez da zaila. Zapelatza baino luzeagoa eta lirainagoa da. Guztien gainetik buztan luze gorria nabarmentzen da, oso urkilatua. Bestalde, hegalak guztiz luzatu gabe eramaten ditu eta lumen punta beltza den arren, azpian orbain zuri handiak ageri ditu, luma batzuk falta zaizkionaren itxura emanez. 60-66 cm-ko gorputza badu ere, hegal-zabalera handia da oso, metro t’erditik gorakoa. Pisua ordea, kilo ingurukoa besterik ez. Azalera handia eta arintasunaren ondorioz, energia-gastu txikia du eta zeruan flotatzen duela dirudi. Honela, buztana lema modura erabiliz, hegan maixua dugu miru gorria.
Nahiz eta kumatzeko zuhaitzak erabili, miru gorriak zabaluneak erabiltzen ditu ehizarako. Beraz, baso hertzak, larre eta nekazaritzarako lurrak, sastrakadiak, edota herri inguruak bezalako lekuak maite ditu.
Eztei hegaldi ederraren ondoren, zuhaitza aukeratzen du 6-20 metro bitarteko altueran habia egiteko. Berria eraikitzeko gai bada ere, bele edo zapelatzen habi zaharrak konpondu ohi ditu maiz. Bi miru-espezieen habian, material ugari eta oso bereziak topa daitezke eta honek beste harrapari batzuen habietatik bereizten lagun gaitzake. Honela, ohizko adarrez gain, eramaten dituen paper, ohial, plastiko, zabor eta abarrek, habiari itxura zikin xamarra ematen diote. Errutaldi bakarra goiz hasten du, martxo aldera. 3 eguneko tartearekin, 45x57 mm-ko 2-3 arrautza jartzen ditu.
Hauen kolorea zuria da eta pintta gorriska batzuk apaintzen dute. Emeak hilabetez berotu ondoren, lumatxa grisez jantzitako txitoen jaiotza ematen da. 7 aste beteta, habia uzten badute ere, beste 4 aste inguru pasako dute gurasoen babesean. 10-12 hilabete beranduago lumajea aldatuko dute eta 2 urterekin kumatzen hasiko dira.
Neguko hilkortasuna ez da handia, helduen %82k urtea pasatzea lortzen baitu eta aleren bat 20 urte betetzera hel baitaiteke. Horren arrazoietariko bat, jan eskuragarritasun altuko lekuetan elikatzea da, abeletxe eta zabortegien zalea baita oso. Gainera, hegazti eta ugaztun txikiak jaten dituen arren, ez du hauen ehizan abilezi handiegia erakusten eta erdipurdiko ehiztaria dela esan daiteke. Beraz, zauritu edo gaixotutako animaliak, sarraskiak, hildako arrainak, intsektuak eta abar, edota beste harrapari batzuei lapurtutakoak dira bere ohizko ehizakiak. Askotan, saiak, korbidoak eta gainerako sarraskijaleekin batera ikusiko dugu hildako abereak garbitzeko prest.
Miru gorriaren banaketari dagokionez, Europan kontinenteko leku epel eta mediterraniarrean eta Afrikan, iparraldean topa daiteke. Populazio handienak Iberiar Penintsulan daude. Euskal Herrian, berriz, banaketa ezberdina du eskualde bakoitzean. Nafarroan habiagile arrunta da eta estimazio batzuren arabera 200 bikote inguru daudela esan daiteke. Komunitate Autonomoan, Arabako hego mendebaldean aurki daiteke, Entzia eta Trebiño inguruetan. Iparraldean, azkenik, ia nonahi aurkituko dugu.
Planeatzaile bikain hau migratzaile partziala dugu. Europa erdialdeko populazioa migratzailea da eta kumatu ondoren hegoalderantz abiatzen da negu gorria heldu aurretik. Miru-pasak gure eskualdean abuztuan hasi eta azaro hasieraraino ematen dira, maximoak iraila bukaeran direlarik. Itzuli, berriz, otsaila alderako. Urtean zehar miru beltza ugariago bada ere, neguan kontinentetik etorritako miru gorria nagusitzen da eta zenbait lekutan sail handietan elkar daiteke lotarako, 100 eta gehiagoko taldeak osatuz. Negua pasatzeko eskualde garrantzitsuenak, Iberiar Penintsula eta Italia dira.
Iadanik aipatu denez, miru gorria erraz ezagutzeko modukoa da baina ezin ahaztuko dugu antza handiena duen espeziea: miru beltza ( Milvus migrans ) alegia. Azken hau, itxura ilunagoa eta buztana hain urkilatua ez edukitzeagatik ezagut daiteke. Baina besteak beste, miru beltzaren banaketa zabala da munduan, eta gorriarena askoz txikiagoa. Lehena distantzia luzeko migratzailea da, gorria migratzaile partziala den bitartean. Antza duten arren, espezie ezberdinak dira. Baina... nola sor zitezkeen bi espezie hauek?
Miru beltza eta gorria, azken glaziazioan bereiztu ziren. Hotzaren ondorioz, miruek hegoalderantz joko zuten eta han, bi taldetan isolatu milaka urtez. Gerora, eguraldia berotuz joan ahala, bi populazio hauek zabaldu egingo ziren berauen banaketak gainezarriz, baina iadanik ezingo zuten elkarrekin gurutzatu, isolatutako denboran espezie ezberdin bihurtu baitziren. Edonola ere, miru gorria zein den jakitea, espeziearen sorrera ulertzea baino errazagoa izan daiteke. Eta hegazti bat bakarra ere ezagutzen ez dutela dioten horiek, aukera paregabea dute bat behintzat bereizteko. Buztanean erreparatu behar...
Espeziea: Milvus milvus |