Arazoak odoleko kolesterol-maila oso altua denean agertzen dira eta horrek buruhauste ugari sortzen dio bati baino gehiagori. Odoleko kolesterol-maila igotzen bada, kolesterola arterien paretetan pilatzen da, horien diametroa txikitzen du eta, ondorioz, odol-zirkulazioa eragozten du; hori dela eta, zirkulazioko eta bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua handitu egiten da.
Hala ere, ez da gomendatzen dietako kolesterola erabat ezabatzea, gibelak, errebote modura, kolesterol-kantitate handiak sortzen dituelako.
Odoleko kolesterola bi motatakoa izan daiteke:
Endogenoa
Kolesterolik ez duten jatorrizko beste gantz batzuen bitartez gure gorputzean bertan sortzen den kolesterola. Gibelak sortzen du kolesterol endogenoa.
Exogenoa
Janariek berez duten kolesterola, hesteetatik odolera igarotzen dena. Ondorengo taula honetan, kolesterol gehien duten janariak aipatzen dira.
Muinak
Arrautzaren gorringoa
Kabiarra
Poteko maionesa
Foie-gras eta patea
Zigalak, ganbak eta otarrainxkak
Kolesterolaren gakoa neurrian dago: egunean gehienez 300 mg hartzea gomendatzen da odoleko kolesterol-maila egokia izateko. Hainbat ikerketatik ondorioztatu denez, odoleko kolesterol-maila behar baino gehiago igotzeko, derrigorrezkoa da aste batzuetan gutxi gorabehera eguneko 1.500 mg kolesterol duen dieta bat egitea.
Hala ere, odoleko kolesterol-maila ez du igoarazten janarietatik barneratzen den kolesterolak soilik; zeresan handia dute janarietako koipe aseek eta trans motako koipeek (prozesu kimiko baten bidez eraldatutakoak). Ondorioz, kolesterola izateaz gain koipe ase asko duten janariak dira odoleko kolesterol-maila igotzen dutenak: erraiak, gurina, esnegaina, hestekiak, haragia, esne eta esneki osoak, arrautzaren gorringoa eta arrainen arrautzak. Bestalde, era industrialean egindako opil, gaileta eta modu horretako janari guztiek ere (donutsa…), kolesterol asko izateaz gain, trans motako koipeak dituzte eta asko kontsumitzen badira kaltegarriak dira bihotzerako eta odol-zirkulaziorako.
Zorionez, koipe poliasegabeek kontrako zentzuan lan egiten dute, odoleko kolesterol-maila jaitsi egiten dutelako; mota horretako koipea dute intxaurrek eta arrainak, bereziki arrain urdinak, omega-3 motako koipe ugari duelako.
Horiez gain, kolesterol-maila jaisteko lagungarriak dira lezitina eta zuntza ere. Lezitina aski erabilia izan da osagarri modura, zenbait janariri gehitzeko, baina, azken ikerketen arabera, gehigarri modura hartuz gero, ez omen da oso eraginkorra; beraz, hobe da osagai hori berez duten janariak hartzea. Esate baterako, lezitina dute sojak, arrautzaren gorringoak, egoskariek, galorratzak eta intxaurrak. Zuntza ere oso ona da, hesteetatik igarotzen den kolesterola eta koipeak xurgatzea zaildu egiten baitu; hain zuzen ere, xurgapena % 40-60ra jaisten laguntzen du.
Janarietan aurkitzen diren osagai ez-nutritibo batzuk ere, fitoesterolak, hain zuzen ere, oso eraginkorrak dira odoleko kolesterol-maila jaisteko eta, horregatik, zenbait margarina eta maionesari fitoesterolak gehitzen hasi dira marka komertzial batzuk. Ikerketa batzuen arabera, kolesterola % 10-15 jaisten laguntzen dute: alde batetik, kolesterola xurgatzea zaildu egiten dute eta, bestetik, gorputzetik kanporatzen laguntzen dute, behazun-gatzen bidetik. Berez, barazki-olioek, zerealek eta fruitu lehorrek dituzte fitoesterolak.
Aurreko artikuluan aipatu dugu odoleko kolesterol-mailak eragin zuzena duela bihotzeko eta odol-zirkulazioko gaixotasun guztiekin, arrisku-faktore garrantzitsua dela. Faktore horrez gain, tentsio altuak, estresak, erretzeak eta ariketa fisikorik ez egiteak nabarmen igotzen dituzte gaixotasun horiek izateko aukerak.
Zoritxarrez, haur eta nerabe askoren odoleko kolesterol-maila oso altua da, eta, ondorioz, horien osasuna kinka larrian jartzen da. Izan ere, litxarkeria ugari jaten dituzte: gusanitoak, krispetak, patata frijituak eta abar. Horiek trans motako koipeak dituzte, barazki-jatorriko koipeak hidrogenatu ondoren sortzen direnak, eta, dirudienez, nahiz eta janari horiek berez ez duten kolesterolik, nabarmen igotzen dute odoleko kolesterol-maila. Beraz, haurtzarotik saiatu behar dugu bihotza
eta odol-zirkulazioa zaintzen, elikatzeko ohitura osasuntsuak hartuz, eta, bereziki, dieta mediterraneoari jarraituz. Eguneroko otorduetan ezinbestekoak izan behar dute zerealek, barazkiek, frutak, lekek eta fruitu lehorrek, eta horien lagungarri izan behar dute haragiak, arrainak, esne eta esnekiek eta arrautzak.Hogeita hamar eta berrogeita hamar urte bitartean, bihotzeko gaixotasunak izateko aukera gehiago dituzte gizonezkoek emakumezkoek baino. Baina adin horretatik aurrera parekatu egiten dira aukerak. Emakumeak hilerokoa duen bitartean, odoleko kolesterol-kantitate handia hormonak sortzen erabiltzen da, baina menopausiaren ondoren hormonen ekoizpena gutxitu egiten denez, kolesterol-maila altua izateko arriskua handitu egiten da, janarien bidez barneratzen den kolesterola eta koipe aseen kantitatea gutxitzen ez bada.
Gure eguneroko dietan antioxidante ugari sartzen baditugu (A, E eta C bitaminak eta selenioa), koipeek hartzen ditugun kalorien % 30 baino gutxiago osatzen badute (% 10 koipe aseak, % 10 koipe monoasegabeak eta beste % 10 koipe poliasegabeak) eta kaltzio asko hartzen badugu, bihotza eta odol-zirkulazioa osasuntsu izaten lagunduko dugu.