Kokaina koka-hostoetatik erauzitako alkaloidea da. Anestesiko lokal bezala erabiltzen da eta drogamenpekotasuna eta ondorio toxiko larriak sortzen ditu. Alkaloide hitzak “alkali edo baseen antzeko” esan nahi du eta landare-jatorriko ehun bat konposatu nitrogenatu natural baino gehiagori aplikatzen zaie. Herri-medikuntzak horietako gehienak, mendeetan zehar erabili izan ditu. Piperina (piperrautsa), nikotina (tabakoa), kinina (kina), morfina (opioa) edota meskalina (meskala) alkaloide ezagunak dira. Konplexutasun eta egitura-aniztasunagatik, aurkitu ziren landareen izenei -ina atzizkia erantsiz izendatu izan dira. Azal, hosto, hazi edo sustraietan egoten dira eta batzuetan landare berean kideko egitura duten alkaloide batzuk aurki daitezke.
Kimikaren ikuspuntutik, kokaina bentzilmetil-ekgonina da (C17 H21NO4) eta egitura aldetik, atropinarekin erlazionaturik dago. Gaedake-k aurreko mendean kaltzio karbonatoan disolbaturiko koka-hostoetatik azido diluitua erabiliz isolatu zuen. Alkaloide guztiak, baseak direnez, gatzak eratzean landarearen osagai neutroetatik bereizten dira, azido diluituetan disolbagarriak baitira.
Alkaloide-nahaste gordina behin eta berriz disolbatu eta bestelako tekniken bidez azkenean osagai puruak kristalizatzea lortzen da. Horrenbestez, kolore bereko edo kolore gabeko kristalez osatutako hauts zuria lortzen da: kokaina. Ekgonina alkaloidetik abiatuta sintesi bidez ere era daiteke kokaina.
Oso toxikoa denez, azaleko anestesiko lokal gisa soilik erabil daiteke. Toxikotasun horrek ez du anestesiko orokor bezala erabiltzen uzten. Muki-mintzetik oso erraz zurgatzen da; baina ez horrenbeste larruazala osotik. Koller 1884. urtean hasi zen begi-anestesiko bezala erabiltzen. Konjuntiboa kokainaz igurtziz, begi-ninia zabalarazi egiten zuen eta odol-hodiak itxi. Egun ez da anestesiko lokal gisa erabiltzen, toxikotasun txikiagoko beste konposatu batzuek txanda hartu diotelako.
Liserituta edo gorputzean barneratuta, garun-kortexa kitzikatu, gogo-iharduera erraztu eta nekea gutxiagotzen du. Nerbio-sistema zentralari eragiten dio eta muskuluak adrenalinaren eta noradrenalinaren eraginarekiko sentsibilizatzen ditu. Bestetik, bihotz-taupadak bizkortu eta gorputz-tenperatura igoarazten du. Dosi handiak hartuz gero, nerbio-gune nagusien eta bizkar-muinaren estimulazioak, hasiera batean, artegatasuna eta kitzikapena sortzen ditu eta, aldi berean, lanerako gaitasuna handiagotzen du; segituan, ordea, dardarak agertzen dira. Geroxeago, bigarren aldian, depresioa dator.
Kokainak menpekotasun handia sortzen duen estupefaziente bat da. Gaindosiak gogo-asaldurak eta dardarizoak sortarazten ditu. Morfinarekin gertatzen ez den bezala, kokaina-hartzaileak kanporakoi edo irekiak bihurtzen dira. Luze erabiliz gero, menpekotasunean erortzen da eta gero eta zailago egiten da drogari uztea. Kokainomanoak indibiduo arraro bihurtzen dira, haluzinazioak izaten dituzte eta maiz pertsekuzio-mania nozitzen dute.