Koipua, azken indianoa

FITXA TEKNIKOA Koipua

Zoritxarrez, azken urte hauetan Europako hainbat eta hainbat ugaztun-espezieren atzerakada izan dela entzun dugu sarri askotan. Halaxe gertatu da, bai, hartza, katamotza, eta igaraba izeneko espezieen kasuan. Horregatik, harrigarri gerta lekiguke gaur egun Europan, mende hasieran baino ugaztun-espezie gehiago dagoela jakitea. Nola liteke bada hori?

Bertako animali espezie batzuek bizitzeko zailtasun itzelak dituzten aldi berean, batez ere haiek bizi diren habitata galtzearen ondorioz, kanpotik ekarritako beste espezie batzuek kolonizatu gabeko nitxo ekologiko egokiak topa ditzakete eta ingurune berrian zabaldu. Azken hauetako bat dugu, hain zuzen ere, koipua (Myocastor coypus).

Itxuraz ederregia ez den arren, larrurik gozo eta preziatuenetakoa du koipuak. Gainera oso trebe egiten dute igeri.

Jatorriz hegoamerikarra den arratoi itxurako karraskari handi honen gorputzak 38-65 cm ko luzera du eta honi buztanaren beste 30-45 cm gehitu behar zaizkio. Pisua, berriz, 5-8 kg-koa izan ohi da, halajaina!

Burua akuriaren antzekoa da eta karraskari onaren legez, koipuak betortz handi eta nabarmenak ditu. Hortz hauek, laranja-kolorekoak dira kanpotik, eta elikatzeaz gain, etsaiengandik babesteko erabil ditzake.

Animalia honen larru baliotsuak, ilaje latza eta luzea du gainetik, baina ile trinko hauen azpitik, kontu handiz zaindutako ile artiletsua eta txit fina du. Ile hau txukun-txukun eskuz garbitu eta orraztu ondoren, guruin batek ekoiztutako koipearekin igurtzitzen du iragazkaitz bihurtzeko.

Kolorazioari dagokionez, ilajea arre eta gris bitartekoa izaten da normalean, azpitik argiagoa delarik. Ohizko kolore hauez gain, badira zuria eta beltza diren beste barietate batzuk.

Atzealdean isats lodi eta ezkatatsu luze batez dago jantzia, baina antzekoa izan litekeen kastoreak ez bezala, zilindriko-konikoa da berau, eta ez zapala.

Atzeko hanketako behatzak, mintzez lotuta ditu, igeriketarako oso egoki gertatzen zaizkiolarik. Horrek, bere bizimodua nolakoa den adierazten digu: urtarra dela, alegia. Koipua, hezegune, zingira, ur geldiko ibai eta kanaletan bizi da, uretatik gutxitan eta nekez urruntzen delarik. Igerilari trebea da oso, atzeko hankak alternatiboki mugitu eta buztanaz lagunduz joaten delarik. Lur lehorrean ordea, baldar xamarra da.

Koipua Kaprikornio Tropikotik hegoaldeko lurraldeetan bizi da berez (Brasilgo hegoaldean, Argentinan, Txilen, Paraguayn eta Uruguayn), landaretza trinkoko ibaietan batez ere. Larruak ikaragarrizko balioa zuela eta, 1910. arte urtero 10 milioi larru esportatu ziren, kopuru hau gerora 200.000 larrutara murriztu bazen ere. Hau dela eta, jatorrizko bizilekuetan ia desagertu egin zen eta oraindik ere urria da, furtibismoa dagoen lekutan batez ere.

20.eko hamarkadan granjatan ugaltzea lortu ondoren, Hegoamerikako lurraldeetatik munduko leku ugaritara eraman zen, ekonomikoki esplotatzeko asmoz. Honela, Iparrameriketan, Europan, Errusian, Ekialde Hurbilean, Afrikan eta Japonian ugaldu zen. Europaren kasuan, Holanda, Belgika, Alemania, Frantzia eta Italian ezarri ziren koipu haztegiak.

Koipuak ibai inguruko belarrez elikatzen dira, baina noizean behin alorretara hurbiltzen dira, barazkiekiko zaletasun handia dutelarik.

Haztegi hauetako ekoizpena itzela zen eta, adibidez, Alemanian 1930-40.eko hamarkadan mila haztegi zeuden, urtero guztien artean 100.000 larru produzitzen zutelarik. Azken urte hauetan eta modaren aldaketak eraginda, koipu-larruen produkzioak behera egin duela dirudi.

Haztegi hauetatik ihes egindako animaliek kolonia basatiak eratu zituzten bazter askotan, Euskal Herriraino ere heldu direlarik. Bidasoa-Baztan aldean, eta Ipar Euskal Herrian ikusi ahal izan dira.

Gure eskualdean, landaretan aberats diren ibai moteletan bizi dira karraskari hauek. Hemen, ibai bazterreko lezka eta belar ezberdinez elikatzen dira, molusku eta sustrairen batekin dieta osatuz.

Habitat hauetan bikoteka edo ar bat eta 2-4 emez osaturiko kolonia txikietan bizi ohi dira, eta 20 cm-ko galeriak eraikitzen dituzte mugitzeko eta gordeleku gisa. Egunean zehar galeria hauetan gordeta egoten dira eta normalean ez dira ilundu arte irteten. Negu aldean, aldiz, tenperaturek behera egiten dutenean, ez da giro izaten leku beroagokoa den indianoarentzat eta egunean zehar gehiago ibiltzen da.

Araldia urte guztian zehar izan dezake eta emea 4-6 umez erdituko da zulo batean urtean behin edo bitan. Kumeak nahikoa aurreratuak jaiotzen dira, begiak irekita eta ilez jantzita, eta edoskitzaroak 8-14 astez iraungo du. Emearen titiak saihetsaren goialdean kokatuta daudenez, zenbait autoreek igeri doazela kumeak elikatzeko moldapentzat hartu dute, normalki habian elikatzen badira ere.

Dirudienez, koipuak ez du klima hotzik jasaten eta negu gogorretan ale asko hiltzen da iparraldera eta mendi aldera zabaltzea mugatu egin delarik.

Dena den, klima hilkortasun-faktore garrantzitsua bada ere, koipuak, gazteak batez ere, harrapakari ezberdinen jaki ere izan daitezke. Izan ere, zakurrek, azeriek, mustelidoek, mirotz eta arranoek harrapa ditzakete. Koipua, hala ere, tente jarrita azkazalak eta betortzak erakutsiz etsaiak etsiarazten saiatzen da, horzkada izugarriak botaz. Beste batzuetan, urperatu egiten da arriskuren bat somatuz gero, eta bost minutu arte ezkutatuta egon.

Azkenik, gizakiak ere tranpak erabiliz maiz harrapatzen ditu koipuak, baratzetan aza, azenario eta beste barazki batzuekiko zaletasun handia dutenean batipat. Hurrengo batean inork katua adinako arratoia ikusi duela esaten badigu... sinestu egin beharko diogu. Nork daki?

Espeziea: Myocastor coypus
Familia: miokastoridoak
Ordena: karraskariak
Klasea: ugaztunak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila